2022/11/01

Azken urteetan Mugimendu Sozialistak hezkuntzaren esparruan konkistatutako lorpen guztien artean bat azpimarratu behar bagenu, hori ‘Ikasle Mugimendu’ subjektuari egindako kritika da, eta kritika hori autokritikaren forman gauzatu izana. Ikasle-langile subjektuaren aldarrikapen eta eraikuntza, eta indarrean den hezkuntza kapitalista gisa kategorizatzea, izan dira kritika horren bi aspektu ezagunenak, biak ala biak eztabaida eta konfrontazio politikorako aukera ireki dutenak.

Askok ebatzi du, berrikuntza horietan sostengatuta, Ikasle Abertzaleak egun dena eta orain dela hamar urte zena ez direla gauza bera. Eta egia da, gauza asko aldatu dira. Baina beste zerbait izateko egindako bidea ez da, aurka daudenen zoritxarrerako, ahanzturarako ibilbidea edo gertatu dena atzean utzi eta horrekiko inongo konpromisorik ez hartzeko bitartekoa. Kontrara, errealitateari egindako kritikak inplizitua du beti, eta esplizitu egin da askotan, ordura arte egindakoari kritika egitea eta, horrek, norbere buruari egindako kritikaz gain, marko estrategiko oso baten kritika dakar, hau da, oraindik ere askok anakronikoki eutsi nahi dioten horren kritika.

Ikasle-langilearen aldarrikapena eta unibertsitate kapitalistaren kritikak ordura arte hezkuntzaren instituzio kapitalistan indarrean egon diren harremanen kritika sakona dakar, eta horiekin batera nagusi izan den hegemoniaren pitzadura ideologikoa. Euskal nazionalismoak hezkuntzaren esparruan bere hegemonia (euskal) Ikasle Mugimendua, (euskal) eskola, (euskal) unibertsitatea edota (euskal) hezkuntza sistema bezalako kontzeptu-sare positiboetan sostengatu du. Horien bidez konfrontazioa, sortzekotan, kanpora begira sortu du, ‘komunitate’ nazionalistaren barnean oreka eta bakea mantenduz.

Ikasle-langilearen aldarrikapena eta unibertsitate kapitalistaren kritikak ordura arte hezkuntzaren instituzio kapitalistan indarrean egon diren harremanen kritika sakona dakar, eta horiekin batera nagusi izan den hegemoniaren pitzadura ideologikoa

‘Herria’ definitzen duenean prozedura berdina erabiltzen du nazionalismoak: ‘herria’ instituzio positiboa da, barne-kontraesanik gabea, eta klase kontraesanak kontraesan nazionalaren arabera desitxuratzen dituena ‘herria vs oligarkia’ eskema sinple eta faltsua baliatuta. Hala, ‘herriak’ ‘euskal’ du aurrezki, nahiz eta bere baitan kapitalistak diren instituzioak eta botere harremanak jaso edo, hobeto esanda, nahiz eta ‘herria’ sortzen dutenak horiek izan.

Aipatutakoaren adibide asko ditugu nazionalismoaren historian, eta bere garrantzia agerikoa da teoria politiko nazionalistan: Estatua ‘herria’ sortzen duen errealitate politikoa da, eta hezkuntzak kontzientzia (nazionala) sortzen du. Oinarrian, bi prozesuen gaineko kontrolari deitzen diote nazio-­eraikuntza. Izan ere, botere politikoak nazioa eta naziotasuna definitzeko gaitasuna ematen badu –­hau da, nazio-kideak ez direnetatik defendatzeko gaitasuna–, hezkuntzaren gaineko kontrolak nazio-­kideak sortzeko boterea ematen du, nazionalisten idurirako.

Gauzak horrela, ez da harritzekoa ‘hezkuntza komunitatea’ komuniston jardunarekin konfrontazioan sartzea. Izan ere, komuniston jardunak eta ikuspegiak ‘komunitate’ horren oinarriak ezbaian jartzen ditu. Esparru horretan, komuniston jarduna estatu kapitalistaren (eskola, unibertsitatea) eta hezkuntza kapitalistaren aurka bideratzen da; horien defendatzaile sutsuenak, berriz, euskal nazionalistak dira. Azken horiek han aurkitzen dituzte beren estatu-helburua gauzatzeko bitarteko eta indar nagusienak, klase ertainaren eta bere intelektualen feudo diren hezkuntza-instituzioetan, alegia (ikus 2021eko abenduko Arteka ulertzeko zein funtzio garrantzitsu betetzen duen hizkuntza instituzionalizazio burgesak honetan guztian).

Ikasle Mugimendu Sozialistaren jaiotzarekin batera, hezkuntzaren esparruan nazionalismoaren oinarriak eta bere sostengu politikoa kolokan jarri dira. Horretan garrantzitsuak izan dira lehenago aipatutako hezkuntzaren kritika eta ikasle-langilearen artikulazioa. Hezkuntzaren kritikak agerian utzi du zein den hezkuntza sistemaren funtzioa –­lan indar merke eta sumisoa sortzea, Kapitalaren etekinak handitzeko– eta zeintzuk diren funtzio horiek gauzatzen dituzten figura autoritarioak –klase ertain pribilegiatuaren hezkuntza-lobbya–.

Hezkuntzaren kritikak agerian utzi du zein den hezkuntza sistemaren funtzioa –lan indar merke eta sumisoa sortzea, Kapitalaren etekinak handitzeko– eta zeintzuk diren funtzio horiek gauzatzen dituzten figura autoritarioak –klase ertain pribilegiatuaren hezkuntza-lobbya–

Ikasle-langilea, berriz, ez da hamarkada luzez elikatu den ikasle-subjektua izendatzeko modu bat, askok erredundante gisa hartu dutena eta beste askok antzu gisa, haientzat agerikoa baita ikaslea eta langilea ez direla gauza bera. Ikasle-langilea hezkuntza sistema kapitalistaren analisia eta kritika posible egin duen subjektua da eta kritika horri izaera politikoa ematen diona. Izan ere, izendapen bat izan baino, estrategia bat dakar berekin ikasle-langileak; baina, are gehiago, gatazka bat azaleratzen du ikasle-langileak –sortzen dituen erreakzioak froga moduan–. Orain arte azpiratua izan den proletalgoaren emergentzia politikoa da hezkuntzaren esparruan.

Emergentzia hori haustura moduan gertatzen da: nazionalismoaren komunitate harmoniatsua kolpatzen du zuzenean. Eta hori posible da, hain zuzen ere, komunitate hori ez delako iradokitzen den bezain harmoniatsua eta bere batasuna proletalgoaren –ikasle eta langile aktiboak– zapalkuntza ekonomikoan, politikoan eta sinboliko-materialean oinarritzen delako.

Horregatik, ikasle-langilea ez da figura erretoriko bat gehiago; edo figura erretorikoa eta gehiago da. Figura erretorikoa da, erreakzioak sortzeko gaitasuna duelako, errealitate bati izena emanez. Baina, horretaz gain, errealitatea argitzen eta kontraesanak azaleratzen dituen figura bat da; bere existentzia eta aipamen hutsa jasangaitza da ‘zapalkuntza anitzen’ teoria posmodernoarekin ahoa betetzen zaion horrentzat eta horrekin bere burua puzten duenarentzat, ikasle-langileak zapalkuntza horien izaera kapitalista agerian uzten duelako eta, horrekin batera, hezkuntzaren esparruan erantzuleak seinalatzen dituelako. Eta asko ez dago prest bere funtzio objektiboa onartzeko, ezta kritikaren funtzioa ulertzeko ere, non eta ikuspegi kritikoa sustatzen duen zentroa izan beharko lukeen horretan.

Horiek jakin beharko lukete: kritika ez da kanpora begirako ariketa egitea. Ez da beste bati kritika egitea eta norberaren akatsei ez erreparatzea. Militantzia komunista eta konprometituarentzat, kritika ez da hori, inondik inora ere. Kritikak jarrera jakin bat dakar; hau da, kritika ez da norbere ardurei uko egitea, ardura horiek zehaztea eta norbera horien aurrean kokatzea baizik. Kritika egiten duenak sarri kritika egin ohi dio aurretik izan den horri edo baden baina izateari utzi nahi dion horri, hau da, bere buruari; baina, bereziki, kritika egiten duenak norbere buruari ardura zehatzak ezartzen dizkio, konpromiso bat hartzen du eta bere praktikaren mugak zehazten ditu, ondoren haiekiko kontsekuente izateko.

Ikasle-langilea hori ere bada: ibilbide baten kritika da, estrategia baten aukerak ixten ditu estrategia berri bati ekiteko.

EZ DAGO IRUZKINIK