Naiale Garin
2022/03/03

Azken hamarkadetan, krisi kapitalistaren azeleratzearekin batera, langile klasearen bizi baldintzak okerragotu dira. Burgesiak, bere Kapitalaren metaketa geldotzen doala ikusirik, esplotazioa are gehiago gogortu du galdutako irabaziak berreskuratu nahian. Zentzu horretan, Kapitalaren metaketarako ezintasunak horretarako neurrien gogortzea ekarri du. Ofentsiba kapitalista horren adierazle dira gaur egun nagusi diren prekaritatea, langabezia eta murrizketak. Era berean, Ongizate Estatuaren desagerpena da, besteak beste, ondorioetako bat.

Krisi garaian sektore publikoak jasaten dituen murrizketa bortitzak medio, sektore horien errentagarritasuna sartzen da jokoan. Nola egin genezake ahalik eta kostu txikienarekin orduan eta etekin handiagoa lortzeko?

Ziklo ekonomikoaren edo kapital-metaketaren behar tekniko-produktiboen metamorfosia dugu erantzuna. Etorkizuna izango den horren aurrekariak martxan jartzen. Horren aurrean, gizartean motore funtzioa betetzen duen hezkuntza burgesa ere etengabeko aldaketa estrukturalak bizitzen ari da, Kapitalaren beharretara egokitzeko moldatzen, erreformatzen. Elite ekonomikoek gidatuko duten eta politikari profesionalek egikarituko duten prozesuan sakontzen.

Gizartean motore funtzioa betetzen duen hezkuntza burgesa ere etengabeko aldaketa estrukturalak bizitzen ari da, Kapitalaren beharretara egokitzeko moldatzen, erreformatzen

Zeintzuk dira, ordea, transformazio prozesu horren ondorioz ditugun txanponaren bi aurpegiak?

Bada, hezkuntzaren elitizazio prozesua, eta horretatik bereizi ezin den ikasle langilearen hezkuntzarako sarbidearen ukazioa.

Beste hitz batzuetan esanda, hezkuntza gizarteko geruza geroz eta txikiago baten esku gelditzera bidean doa eta bere modernizazioaren atzean ezkutatzen den egia elitizazio prozesuan ardazten da. Langile klasearen kanporaketan.

Hezkuntza gizarteko geruza geroz eta txikiago baten esku gelditzera bidean doa eta bere modernizazioaren atzean ezkutatzen den egia elitizazio prozesuan ardazten da. Langile klasearen kanporaketan

Finean, hezkuntzaren elitizazio prozesua gizartearen pobretze orokortuaren aurpegi bat gehiago da. Soldataren jaitsiera eta bizitzaren garestitzea lerroburu diren garaiotan langile klasearen bizi baldintzak geroz eta kaskarragoak dira, hezkuntza prozesua bere beharretara egokitzen ez delarik. Geroz eta gutxiago duen ikasle horrek, geroz eta gehiago ordaindu behar du bere ikasketa prozesua aurrera ateratzeko, bien bitartean, langabezia edo lan prekarioz jositako etorkizun iluna esperoan izanik.

Aipatutako kanporaketa, beraz, ezin dugu tasen edo matrikulazioaren kostuek betetzen duten iragazki paperean zentratu, baizik eta hezkuntzak proletariotzaren bizirauteko berehalako interesei aurre egiteko duen ezgaitasunean.

Unibertsitatea dugu esandakoaren lagin ageriena. Izan ere, urtez urte matrikulatzen diren ikasle berrien kopurua aztertzea besterik ez dago aipatzen ari garen kanporaketa zifrak ikusteko. Ikasturte hasierako albisteek aurreko ikasturtearekin alderatutako matrikulazioaren gorakadaz hitz egiten digute. Zer ezkutatzen da, ordea, zifra horien atzean?

Urtetik urtera igotzen den matrikulazio kopurua aurreko ikasturtean izandako igoerarekin alderatuz baxuagoa da. Hau da, urtez urte matrikulazioa hazten doan arren, urtetik urtera hazkuntza txikituz doa. Joera horrek jarraituz gero, hazkuntzaren malda negatibo bilakatuko da, urtez urteko matrikulazio tasa zuzenean baxuagoa izatera pasatu arte.

Zergatik da, baina, Unibertsitatea esandako horren guztiaren lagin argia?

Proletarizazio prozesu baten erdian muga sozioekonomiko agerikoak ezartzen dituen tresna delako. Graduen matrikulazioaren prezioek irisgarritasuna galdu dute gehiengoaren artean. Berau aurrera ateratzeko zailtasun handienak dituztenak (ikasketak aurrera ateratzeko lan prekarioak egitera behartuta dauden horiek) bigarren matrikulazioen prezioekin itoak dira. Hori gutxi ez eta ohiko gradu batek, jarraipena emango dion masterrik gabe, geroz eta pisu gutxiago dauka biharko egunean lan mundura txertatua izateko aukeren balantzan. Masterren prezioak (gradukoenen bikoitza edo altuagoak) geruza are finago baten esku daude. Horri guztiari beste hainbat elementu gehitu behar zaizkio. Izan ere, errealitate hori guztia, urte luzetako inbertsio handi bat da egunean bizi den horrentzat, inbertsiotik baino apustutik gehiago duen auzi bat. Etorkizunak emandakoa jasotzeko geroz eta zailtasun handiagoak erakusten ditu. Eta horra hor tamaina txikieneko poroen iragazpapera. Unibertsitateak ez ditu geroz eta zabalagoa den gizarteko geruzaren beharrak asetzen. Geroz eta gutxiagoren eskura egon bakarrik ez eta geroz eta gutxiagok zabaltzen baitizkio eskuak. Eliteengandik eliteentzako unibertsitate eredu batera bidean, Unibertsitateak eta horrek ezartzen dituen baldintza sozioekonomikoek, galbidera darama haren masa izaera. Proletalgoa Unibertsitatetik kanporatua izaten ari da.

Eliteengandik eliteentzako unibertsitate eredu batera bidean, Unibertsitateak eta horrek ezartzen dituen baldintza sozioekonomikoek, galbidera darama haren masa izaera

Hala ere, auzi horren guztiaren atzean bada zukutu beharreko hezkuntzaren beste aspektu bat; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza. Ziklo horretan kanporatzea eta horrek hartzen dituen formak ez dira hain agerikoak izaten. Horren adierazpen argiena ikasleen % 16k eskola uztea da, baina bestelako formak ere baditu.

Ziklo horretan hezkuntza prozesuaren eta ikasleriaren artean gertatzen den urruntasun eta deskonexio maila geroz eta handiagoa da. Ikasleak bere etorkizuna ezin irudikatu eta motibazioa handitzeko zeri eutsi ez dakiela egiten du aurrera. Horri aurre egiteko hezkuntza sistemak mekanismo koertzitiboen bitartez inposizioz eta bortxaz «mantentzen» du ordena. Hau da, hezkuntza sistemak ikasleriaren interesa pizteko duen ezgaitasuna zigor forman konpentsatzen du. Desatxikimendua atxikimendu bilakatzetik urrun inposizio bitartez eusten da.

Eskolek eta horietan aplikatzen den eredu pedagogikoak lan merkatuaren beharrei erantzuten diete, diziplinamendu laboraletik hasita ikasleak jasotzen duen edukiraino. Ikasleek duten lan kargak eta presioak antsietate maila altuak eragiten dituzte, eduki guztia ulertu gabe irenstera behartuta daude. Bien bitartean ezarritako ordena urratzen duen ekintza oro ikaslearen borondatean (edo borondate faltan), utzikerian eta arduragabekerian oinarritzen dute.

Ordenaren ezarpenerako mekanismo adierazgarriak dira kontrola eta autoritarismoa. Honakoek ideologia burgesa transmititu eta gizarte kapitalista betikotzeko aukera ematen dute. Hortaz, harreman sozial kapitalistaren erreprodukziorako funtsezko mekanismoa dela esan dezakegu, urtez urte eta belaunaldiz belaunaldi betikotzea helburu duena.

Neurri horiek bikaintasuna lortzeko beharrarekin justifikatzen diren arren, arazo estrukturalari erroko erantzuna ez emateak arazoa epe luzean areagotzea ekartzen du. Horra hor zigor legeen eta diziplina mekanismoen atzeko paradoxa. Horien bitartez ikasleen jarreraren eta erabakien gaineko kontrola lortu badute ere, ez dago urrunegi joan beharrik ikasleen oinarrizko askatasunen bortxak, hezkuntza prozesuaren eta ikasleriaren artean are handiagoa den distantzia sortzen duela ikusteko. Finean, arazoa betikotu eta inposatutako eredu horren baitan sartzen ez den ikasle oro ikasketa prozesutik baztertua izatea eragiten duena.

Errealitate berdinaren beste adierazpen bat da klase partikularrena. Testuinguru honetan klase partikularrek aukera bat izateari utzi diote. Ez dira zailtasunak dituzten ikasleen errefortzu klaseak, ikasleriak ikasketa prozesuarekin aurrera egiteko oinarrizko bitartekoa baizik. Esanguratsuak dira oso gai horren bueltan Ikasle Abertzaleakek egindako inkesten bitartez lortutako datuak, kasu konkretu eta isolatuak izatetik urrun joera orokortua dela adierazten dutelako. Izan ere, ikasleen % 67,15ek noizbait klase partikularretara joan behar izan dute, hau da, ikasleen ia hiru laurdenek. Eta ikasturte honetako datuei erreparatuta % 47,88k klase partikularrak jasotzen dituzte, ikasleriaren erdiak, alegia. Datu horiei jarraiki Euteri.com hezkuntza plataformak argitara eman zuen Espainiako Estatuan ikasleen % 44ek jasotzen zituztela.

Testuinguru honetan klase partikularrek aukera bat izateari utzi diote. Ez dira zailtasunak dituzten ikasleen errefortzu klaseak, ikasleriak ikasketa prozesuarekin aurrera egiteko oinarrizko bitartekoa baizik

Baina familia guztien gaitasun ekonomikoa ez da berdina eta sektore batek ez du klase partikularrak ordaintzeko adina baliabide. Izan ere, batez beste 700 euroko gastu bat dakarte. Beraz, klase partikularrak segregazio tresna gisa funtzionatzen dute. Aipatutako errealitatearen baitan, gaitasun ekonomikoa duten familien seme-alabek bakarrik egin ahal baitiete aurre aipatutako oztopo horiei. Egun ikasketa prozesuarekin aurrera egiteko familien egoera ekonomikoa oinarrizko bermea da, eta proletalgoaren erosteko ahalmenaren galerak ondorio zuzenak ditu hezkuntza prozesuaren baldintza materialetan, horiek erabat baldintzatzen dituelako.

Egun ikasketa prozesuarekin aurrera egiteko familien egoera ekonomikoa oinarrizko bermea da, eta proletalgoaren erosteko ahalmenaren galerak ondorio zuzenak ditu hezkuntza prozesuaren baldintza materialetan, horiek erabat baldintzatzen dituelako

Auzi ekonomikoa, ordea, ez da klase partikularren ordainketara mugatzen, bere testuinguru orokorrari erreparatu behar diogu. Egun badirudi seme-alabak hezkuntza publikoan matrikulatzea lan erraza dela. Publiko izenak, ordea, ez du inondik inora ikasle sektore guztien hezkuntzarako sarbidea ahalbidetzen. INEk (Instituto Nacional de Estadística) aurkeztutako datuei erreparatuta hezkuntza publikoan ikasle batek batez beste 664 euroko gastuak ditu. Hau da, kuotak ordaindu behar ez izateak ez du esan nahi eskuliburuak, garraioa, chromebookak, ikas-materiala, txangoak eta bestelakoak ordaindu behar ez direnik. Familiek beren seme-alaben hezkuntza gastuan egin beharreko inbertsioak joera gorakorra izan du. 2004. urtetik ia % 50 igo da familiek inbertitu beharreko kantitatea, eta honakoa hezkuntzaren finantziazio publikoa murrizten ari den testuinguru batean kokatu behar dugu. Espainiako Gobernuak adierazten duenaren arabera 2010. urtean Espainiak hezkuntzan 53.099 euro inbertitu zituen eta 2019an, berriz, 53.053 euro. Europar Batasuneko beste herrialdeekin konparatuta, Espainia da funts publikoetatik derrigorrezko hezkuntzari diru gutxien bideratzen diona.

Finean, hezkuntza prozesua kostu ekonomiko handia da familientzat eta askok ez du nahikoa gaitasun horri aurre egiteko. Ikastetxeetako ikasleen parte-hartzea nabarmen baldintzatua dago bakoitzaren ezaugarri eta irizpideen bitartez. Horrela ikasleak familien egoera sozioekonomikoaren arabera sailkatzen dira. Horrek langile klasearen hezkuntzarako sarbidea mugatzen du, baita sektore bat kanporatu ere. Izan ere, maila sozioekonomiko baxuko ikasleak kalitate baxuko ikasketetara bideratuak izaten dira, ikastetxe konkretu batzuetan batuz eta horiek ghetto bihurtuz. Ikasketen emaitzak errealitate hori argi islatzen dute: goi mailako ikasketak dituzten gurasoen seme-alaben artean % 3,6koa da eskola uztea. Lehen mailako ikasketak dituztenen edo ikasketarik ez dutenen kasuan, ordea, % 39,2koa da, Hezkuntza Adierazleen Estatuko Sistema (Sistema Estatal de Indicadores de la Educación) delakoaren arabera. Errepikapen tasekin egoera berdina erreproduzitzen da. Evolución sociodemográfica del alumnado en Euskadi ikerketak biltzen dituen datuen arabera A eta B eredu publikoetan ia % 50era iristen da, pribatuan % 16an kokatzen den bitartean. D eredu publikoan % 19koa da, pribatuan % 7an kokatzen den bitartean. Formakuntza maila ezberdinek iragazki sozialerako funtzioa dute. Ikasle proletarizatuenak formakuntza maila ez kualifikatu batera kondenatzen dira eta, ondorioz, bizitza proletario batera.

Ikasle proletarizatuenak formakuntza maila ez kualifikatu batera kondenatzen dira eta, ondorioz, bizitza proletario batera

Auziaren izaera estrukturala identifikatzeak eta seinalatzeak berebiziko garrantzia hartzen du erreformisten zirkuan. Geroz eta gutxiagoren eskutan gelditzen ari den hezkuntza sistemaren gaineko eztabaida erreala ez dago hitzarmen eta lege proposamenen ñabarduran, egungo ereduaren gaindipenean baizik.

Esandako guztiak norabide bat elikatzen du, hezkuntza elitizazioarena, zeinaren ondorioz proletalgoa hezkuntza prozesutik kanporatua izaten ari den. Erreformen bitartez blindatutako norabidea, legeen inposizioz egikarituta. Horren aurrean, arazoen betikotzea ahalbidetuko duten adierazpen oro borrokatu eta egungo ereduaren gaindipena ahalbidetuko duen hezkuntza sistema sozialistaren eraikuntzari ekin behar diogu.

EZ DAGO IRUZKINIK