ARGAZKIA / Victoria Costa @zeronegativodesing
Mikel Bartolome
2024/11/02

Europa iparraldean, Norvegiako itsasoaren alde bietan dauden herrialde eskandinaviarretako ekonomiek (Danimarka, Finlandia, Islandia, Suedia eta Norvegia [1]) bi ezaugarri nagusi dituzte beren gizarte ereduaren bereizgarri: Estatuaren parte hartze handia jarduera ekonomiko orokorrean eta soldataren negoziazio kolektiborako sistema korporatibistak.

Izan ere, herrialde eskandinaviarrak, merkatuaren mekanismo kapitalisten bitartez, ongizate estatuaren garapen maila handiena lortu duten ekonomiatzat hartu izan dira hamarkadetan zehar. Horrela, izan xalotasunez edo egiaz, ekonomia eskandinaviarrak eredutzat hartu dituzte Mendebaldeko lider politiko sozialdemokratek. Izan ere, osasun laguntza, hezkuntza edo antzeko oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko Estatuak duen erantzukizun maila handiagoa da planetako beste zona batzuetan baino. Hori herrialde hauen aberastasun maila altuari esker da posible. Garapen sailkapenetako lehen postuak hartzen dituzten herrialde hauek munduko aberastasun maila handienetarikoa duten lurraldeak dira; baina zein dira bertako ekonomiaren ezaugarri zehatzak? Zertan oinarritzen dira herrialde eskandinaviarretako elementu ekonomikoak? 

Herrialde eskandinaviarrak, merkatuaren mekanismo kapitalisten bitartez, ongizate estatuaren garapen maila handiena lortu duten ekonomiatzat hartu izan dira hamarkadetan zehar

Testu honek galdera horiei erantzutea du helburu. Horretarako, ekonomia horien ikuspegi orokorra eta lau kategoriatan bildutako adierazleen analisi aseptikoa egingo da bertan.

BIZI BALDINTZAK

Herrialde hauen tamaina esanguratsua ez bada ere (Europar Batasuneko BPGaren %9,2 osatzen dute soilik), herrialde eskandinaviarretako ekonomiek Giza Garapenaren Indizean (GGI) maila oso altuak dituzte [2]. Finlandiak hamabigarren puntuazio onena du gizarteko bizi itxaropena, hezkuntza maila eta per capita errenta neurtzen dituen adierazlean. Bestalde, Norvegia, Islandia, Danimarka eta Suedia, hurrenkera horretan, munduko sei onenen artean daude.

Herrialde hauen tamaina esanguratsua ez bada ere (Europar Batasuneko BPGaren %9,2 osatzen dute soilik), herrialde eskandinaviarretako ekonomiek Giza Garapenaren Indizean (GGI) maila oso altuak dituzte

Herrialde hauetan jaioz gero, bizi itxaropena 82-83,5 urte ingurukoa da; aldiz, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko (ELGA) kide diren herrialdeetako batez bestekoak ez ditu gainditzen 80 urteak. Aldi berean, mundu mailako bizi itxaropena 72 urtekoa da. Gainera, batez besteko eskolatze maila 19 urte ingurukoa da herrialde hauetan, munduko altuenetariko bat.

Per capita errentari erreparatuz gero, bizi itxaropenean eta hezkuntzan adina nabarmentzen ez diren arren, ekonomia hauek aberastasun maila oso handia dutela ikus dezakegu. Norvegia da bost herrialdeetan aberatsena, alde handiarekin. Erosahalmenaren parekidetasunari dagokionez, hau da, herrialdeen artean egon litezkeen bizi kostuaren aldaketak alde batera utziz, batez besteko biztanle norvegiarrak 69.000 dolar baino gehiagoko errenta dauka. Herrialde hauetako errenta baxuena, bestalde, Finlandian kokatzen da: 49.500 dolar per capita. Beste herrialde batzuekin alderatzeko, esan dezakegu Alemaniako eta Espainiako per capita errenta 55.000 eta 40.000 dolarrekoa dela, hurrenez hurren.  

JARDUERA SEKTORE NAGUSIAK

Desberdintasun handiak daude ekonomia mota hauetako lan merkatu nahiz lan munduko ezaugarri konkretuetan [3]. Suediako eta Finlandiako langabezia tasa %8 baino apur bat altuagoa da, eta, beraz, euroguneko batez bestekoa baino altuagoa. Testu hau idatzi bitartean, hain zuzen, euroguneko batez bestekoa %6,5 ingurukoa da. Danimarkako langabezia tasa %5,8koa da, eta Islandia eta Norvegiakoa munduko baxuenetarikoak dira: %3,1 eta %4, hurrenez hurren.

Aurreko atalean ikusi bezala, herrialde eskandinaviarretako ekonomiek garapen maila oso altua dute; hala ere, ekoizpen baldintza konkretuek ahalbidetzen dute hori, besteak beste, lanaren nazioarteko distribuzioan duten posizioak eta lehiakortasun teknikoak. Izan ere, bi dira ekonomia eskandinaviarrek partekatzen dituzten ezaugarriak; lehenik eta behin, herrialde guztiek dute puntako teknologiako eta balio erantsi handiko sektore intentsibo indartsua, eta, bigarrenik, eta horren ondorioz, lanaren produktibitate handia dute. Haien industria sektorea ez bada ere Europako batez besteko herrialdeetakoa baino askoz handiagoa, sektoreko teknologiaren gaitasuna oso handia da. Horren eraginez, bertako ekonomiak posizio onean daude balio erantsi altua duten ondasun espezializatuak esportatzeari dagokionez. 

Herrialde eskandinaviarretako ekonomiek garapen maila oso altua dute; hala ere, ekoizpen baldintza konkretuek ahalbidetzen dute hori, besteak beste, lanaren nazioarteko distribuzioan duten posizioak eta lehiakortasun teknikoak

Suedian automobilgintzak indar handia du (Volvo eta Scania enpresak gailentzen dira), baita industria farmazeutiko nahiz kimikoak ere. Hala ere, gehien gailentzen diren industria suediarrak zerbitzuen eta telekomunikazioen arlokoak dira (Spotify edo Ericsson enpresak nabarmentzen dira; bigarren hori 5G komunikazioen azpiegituretarako munduko hornitzaile handienetariko bat da).

Finlandia industria teknologikoari esker ere ezaguna da; makinen ekoizpenak eta aparatu elektronikoen manufakturak indar handia du. Manufaktura industria finlandiarrak, zeinak teknologia gaitasun altua duen, herrialdeko lan indarraren %30 du soldatapean eta esportazioen erdia osatzen du [4]. Bestetik, egurrarekin zerikusia duten jarduerek ere garrantzi handia dute, eta esportazioen proportzio handia osatzen dute.

Danimarkari dagokionez, bertako industria sektorea dibertsifikatuta dago. Herrialde honetan garrantzi handia dute sektore hauek: farmazia, abeltzaintza, elikagaien prozesamendua eta ekoizpen mekanikoa eta metalurgia. Izan ere, medikamentuek eta esnekiek nahiz haragi produktuek herrialdeko esportazioen ehuneko handia hartzen dute. Dena den, Danimarkako jarduera nagusia ontzigintzan oinarritzen da. Zehazki, ontzi handien diseinuan, ekoizpenean eta ontzioletan egiten diren konponketetan. Horrez gain, munduko potentzia handienetariko bat da itsas garraioari dagokionez, Kopenhageko portua baitago bertan, zeina Europa iparraldeko portu handienetarikoa den. Gainera, energia eolikoaren sorkuntza nahiz haize sorgailuen ekoizpena indar handia ari da hartzen azken urteetan.

Turismoa ekonomia finlandiarraren zutabeetako bat da, eta herrialdeko BPGaren %10 baino gehiago osatzen du. Bertako industriak lotura handia du baliabide naturalekin, eta arrantzan oinarritutako jarduerek hartzen dute pisua (arrainaren esportazioak), aluminioaren ekoizpenarekin batera. Horrez gain, energia berriztagarriek (geotermikoak eta hidroelektrikoak) eta finantza sektoreak garrantzi handia dute.

Norvegiaren kasua apur bat berezia da, bertako industriak aurretik aipatutako herrialdeetako ekonomietan baino indar handiagoa baitu. Aurretik aipatutakoetan, industriak BPGaren %20-24 inguru osatzen zuen (hori ohiko ehunekoa da garapen maila altua duten herrialdeekin alderatuta), eta Norvegiaren kasuan, bigarren sektoreak BPGaren %40 hartzen du. Hori horrela da petrolioaren eta gasen erauzketak pisu handia duelako. Aipatutako hori ezinbesteko sektorea da Norvegiako ekonomian, eta haren esportazioei esker sarrera ekonomiko handiak ditu herrialdeak. Hain zuzen, Norvegia munduko zortzigarren petrolio esportatzaile handiena da, eta hidrokarburoen salmentek kanpoko herrialdeei egindako salmenten diru sarreren erdia dakarte.

Hidrokarburoak, gainera, norvegiar Estatuaren irabazien iturri oso handia dira. 2022an zergabilketari dagozkion marka guztiak hautsi zirenean, hidrokarburoen erauzketa industriak 123 mila milioi euroko sarrerak izan zituen (petrolio konpainia pribatuei ezarritako zergen eta jabetza publikoko enpresen irabaziei esker), BPGaren %27,4ren baliokidea dena [5].

Petroliotik eratorritako diru sarrerak kudeatzeko eta inbertitzeko, Norvegiako Estatuak Norvegiako Gobernuaren Pentsio Funtsa jarri zuen martxan (Petrolio Funtsa izenez ezagunagoa) 1990ean. Funts horretan 71 herrialdetako errenta finkoan (zorren erosketa) inbertitzen da, batez ere. Egun, 1,76 bilioi (sic) dolarreko aktiboak kudeatzen ditu [6], edo beste modu batera esanda, Norvegiako BPGa halako hiru baino gehixeago. Horrek, kudeatutako aktibo guztiei dagokienez, munduko funts subirano handiena bilakatzen du.

Norvegiako Gobernuaren Pentsio Funtsak, egun, edo beste modu batera esanda, Norvegiako BPGa halako hiru baino gehixeago

Aipatu moduan, ekonomia eskandinaviarrek lanaren produktibitate handia dute. 2021. urtean, Norvegia, Danimarka eta Suedia izan ziren ELGAko produktibitate handieneko hirugarren, laugarren eta seigarren herrialdeak: lan egindako ordu bakoitzeko 106,2 euro, 91,5 euro eta 85,6 euro ekoitzi zituzten, hurrenez hurren. Islandiak eta Finlandiak, berriz, 75,7 eta 73,6 euroko ekoizpeneko lan-produktibitatea izan zuten lan egindako ordu bakoitzeko, ELGAko herrialdeen batez besteko produktibitatea baino askoz handiagoa (60,8 euro) [7]. 

POBREZIA ETA DESBERDINTASUN TASAK

Ekonomia eskandinaviarrek desberdintasun handiak dituzte beren mugen barruko pobrezia mailari dagokionez: egunean 6,85 euro baino gutxiagorekin bizi diren biztanleak Europako herrialde garatuetako batez bestekoak baino dezente baxuagoak badira ere Norvegian (%0,52), Danimarkan (%0,26) eta Finlandian (%0,14), Suediak gainditu egiten du batez besteko hori, biztanleriaren %1,43rekin [8]. Antzerako banaketa gertatzen da egunean 30 dolar baino gutxiagorekin bizi diren pertsonen kopuruaren kasuan: %6,29 dira Norvegian, %11,32 Finlandian, %8,31 Danimarkan eta %15,18 Suedian [9].

Bestalde, gizarte eskandinaviarretan errenta-desberdintasunak oso baxuak direla ikus dezakegu [10]. Gini indizeak 26,1 inguruko balioak ditu Islandian (herrialde eskandinaviarren artean errenta desberdintasun maila baxuena) eta 28,9 ingurukoak Suedian (errenta desberdintasun mailarik handiena talde horren barruan). Horrela, ekonomia hauek desberdintasun gutxien duten munduko herrialdeak dira, aurretik Belgika, Herbehereak, Eslovenia, Eskovakia eta Bielorrusia dituztelarik soilik. 

Gainera, biztanleen %10 aberatsenak jasotzen duen errenta biztanleen %40 pobreenak jasotzen duenarekin alderatuz gero, ikus daiteke bi taldeen diru sarrerak oso antzekoak direla. Horrek esan nahi duena da banaketa hori, zeinetan diru gehien irabazten duen %10ak biztanleriaren %40 pobreenak halako lau irabazten duen batez beste, nahiko banaketa berdinzalea dela ekonomia aurreratuetako errenta desberdinkeriaren parametroekin konparatuta.

SOLDATAK, ZERGAK ETA FINANTZA PUBLIKOAK

Eskandinaviako batez besteko soldatak Europar Batasuneko soldaten batez bestekoa (2023an 35.000 euro inguru) baino altuagoak dira, zehazki %24,9 (43.690 euro Suedian) eta %62,3 (56.810 euro Norvegian) artean altuagoak. Aldi berean, medianadun soldata (hau da, banaketaren 50. pertzentilean kokatzen den soldata) mendebaldeko ekonomietakoa baino altuagoa da [11].

Gainera, herrialde hauek antzekotasunak dituzte lan merkatuan: alde batetik, soldata negoziatzeko eredu korporatibista dute (batik bat Suedian eta Norvegian), non sindikatu eta enpresek estatu mailan eta sektoreka negoziatzen duten. Bestalde, lan merkatu malguak dituzte, eta enpresek erraztasunak dituzte langileak kaleratzeko.

Asko esan izan da estatu eskandinaviarrek zerga-bilketarako gaitasun handia dutela. Termino erlatiboetan neurtuz gero, adibidez, BPGaren ehunekoaren baitan, biltzen dituzten zergen kopurua zertxobait handiagoa da Europako batez bestekoarekin alderaturik. Mendebaldeko gainerako ekonomien batez bestekoa baino altuagoak dituzte zerga-tipoak (ordaintzen den ehunekoa), izan kontsumoaren gainekoak (BEZaren kasua) izan errentaren gainekoak ere (PFEZaren kasua), baita eta horien bilketa ere.

Azkenik, esan beharra dago ekonomia eskandinaviarrek, orokorrean, superabit publiko arinak mantendu dituztela, eta, horrenbestez, gastuak sarrerak baino baxuagoak izan direla. Horregatik mantendu dituzte, Europako beste herrialdeen aldean, zor publiko maila baxuagoak (BPGaren %30 eta %55 artean, Finlandian izan ezik, zeinaren zor publikoa BPGaren %73 den). 

Amaitzeko, herrialde eskandinaviarrek aberastasun handia eta desberdintasun maila txikia badute (sektore publikoak eragile ekonomiko gisa duen pisua kontuan izanda), hori ekoizpen espezializazioari eta lan banaketa internazionalean duten posizioari esker da posible..

ERREFERENTZIAK

[1] Aipatzekoa da Islandia eta Norvegia ez direla EBko kide, baina bai Europako Esparru Ekonomikokoak (EEE)

[2] Nazio Batuen Erakundea. Human Development Insights

[3] Munduko Bankua

[4] Observatory of Economic Complexity

[5] Statistics Norway

[6] Sovereign Wealth Fund Institute

[7] OECD Compendium of Productivity Indicators 2023

[8] Datu falta dela eta, Islandia analisitik kanpo utzi dugu 

[9] Our World in Data

[10] Nazio Batuen Erakundea. (Desberdintasunaren araberako Giza Garapenaren Indizea) 

[11] Europako Batzordea. AMECO

EZ DAGO IRUZKINIK