Zaldibarko zabortegian hondakin eta lur toxikoek irentsitako bi langileak. Dozenaka metroko altueratik amilduta, bizia galdu duten beharginak. Iaz, bi egunez atsedenik gabe lanean jardun ostean, Bilboko Portuan zendu zen langilea. Beherapen garaian eta luzatutako lanaldian, Gasteizko Corte Inglesen hildako behargina. Pandemiaren erdian, zabor poltsek soilik babestuta, gau eta egun aritu diren osasun-langileak... Guztiok eraman ditugu eskuak burura sona handia izan duten kasu horien berri izatean. Azpian hartzen gaituen soldatapeko lanak, baina, etengabe jartzen gaitu parez pare hamaika modutara azaleratzen diren ezbeharrekin. Egituraz. Soldatapeko lanari darion hats eriak, batzuetan, leun egiten digu putz lepondoan. Sarri, ez dugu herioaren putzaldi hilkorra ia-ia sumatzen. Bestetan, begietara zuzen begiratuta zigortzen gaitu. Bat-batean, edo hainbat hamarkadaz luzatzen diren lanaldi geldoetan.
Ez da erraza ogibidetzat dugun mekanismoak jariatzen duen hilkortasuna zenbakitan jasotzea, errealitate ugari geratzen baitira foku arautuetatik kanpo, itzalpean. Dena den, gure begiradaren helmena mugatua izan arren, lanpostuetan jazotzen diren askotariko ezbeharren hainbat zertzelada aurkezten ahaleginduko gara erreportaje honen bidez.
Mundu mailako datuak arakatzeari ekiten badiogu, beldurgarria da argazkia. Iluna. 2017. urteko datu absolutuak aztertzen baditugu, ILOren (International Labour Organization) arabera, 2,8 milioi langile erailtzen dituzte urtero lanpostuan (3.2 bilioi edo 3.200 mila milioi soldatapeko langiletik). Bestela esanda: eguneko, 7.200 langilek galtzen dute bizia soldatapeko lanaren diktadura pean. Hala, mota guztietako heriotza guztien %5-7 dira ILOk zuzenean lanarekin lotutakoak, aitortutako gaixotasunek edota bestelako «lan istripuek» eragindakoak, alegia. Bestetik, 374 milioi beharginek lesioak edo gaixotasunak jasaten dituzte urtero, zuzenean lanarekin lotuta.
Lau urteko bilakaera ikusten badugu, gainera, azkar ikusiko dugu hazten doala lan ezbeharren eta erailketen kopurua. ILOk dio 2,34 milioi hilketa izan zirela 2013an (444.000 substantzia kutsakorren ondorioz, tartean, 100.000 amiantoagatik), eta 2,78 milioi 2017an. Atzerago eginda, azken hamarkadan, lanpostuan gutxienez 15 milioi behargin hil dituztela zenbatetsi du ILOk.
Begi bistakoa denez, ziur aski, erreportaje honetan jasotako kopuruetatik urrun daude datu errealak. Izan ere, informazioa eskuratu ezina da, mundu osoan, lan ezbeharren inguruan dagoen lehenengo traba. Herrialde gehienetan, zaila da oraindik zifra errealetara gerturatzea; are gehiago, industria eta manufaktura handiak ezarri diren lekuetan (Asiako herrialde askotan, adibidez). Hämäläinen ikerlariaren arabera (2010ean plazaratu zuen Global Estimates of Occupational Accidents and Fatal Work-Related Diseases lana), estimatutakoen %4 bakarrik dira, mundu mailan, ILOk erregistratutako ezbeharrak.
Azken hamarkadan, lanpostuan gutxienez 15 milioi behargin hil dituztela zenbatetsi du ILOk [...] estimatutakoen %4 bakarrik dira, mundu mailan, ILOk erregistratutako ezbeharrak
Manufakturaren sektorean (oihalgintza, besteak beste) izaten da erailketa gehien, eta ondoren, eraikuntzan, garraioan eta biltegietan (storage).
Bistaratzen ari garen errealitatearen aurpegirik gogorrenetakoa dira, esaterako, azken hamarkadan munduan zehar erregistratu diren ezbehar handiak, zeintzuek hilketa masiboak eragin dituzten. Gogoan izatekoak dira, adibidez, 2012an Karachin (Pakistan) oihal fabrika batek su hartu eta 255 langile erailak izan zirenekoa, 2013an Rana Plazan (Dacca, Bangladesh) oihal fabrika bat behera etorri eta 1.300 beharginek bizia galdu zutenekoa, 2019an Brumadinhoko (Brasil) meatzeetan dike bat erori eta 300 langile inguru (ez dago zifra zehatzik oraindik) hil zituztenekoa, edota, atzerago eginda, 1984an, Bophalgo (India) pestizida fabrika batean gas isuri bat izan zenekoa. Sarraskia izan zen azkeneko hori: isuriaren eraginez, 6.000-8.000 pertsona hil ziren lehenengo astean, eta beste 12.000 inguru, geroago. 150.000k izan zituzten zauri larriak. Union Carbide Corporation (UCC) AEBetako konpainiarena zen enpresaren %51, eta Indiako Gobernuarena gainerakoa.
ILOren arabera, erdiak baino gehiago dira, 100.000 langileko, 890 lan istripu inguru dituzten herrialdeak. Esan dugun bezala, askotariko gobernuen datu ofizialak eta errealitatea, ordea, ez datoz bat. Indiak, adibidez, soldatapeko lanean 222 heriotza izan zirela esan zuen 2005ean, Txekiar Errepulikak, Indiako biztanleria aktiboaren %1 soilik edukita, 231 erregistratu zituenean. ILOk estimatzen du 40.000 langiletik gora erailtzen dituztela Indian urtero (gutxienez laurdena, eraikuntzan).
Indiak, adibidez, soldatapeko lanean 222 heriotza izan zirela esan zuen 2005ean, Txekiar Errepulikak, Indiako biztanleria aktiboaren %1 soilik edukita, 231 erregistratu zituenea
1.300 milioi biztanle ditu Indiak, eta horien artean, 470 milioi pertsona sailkatzen dituzte «biztanleria aktibo» gisa. Biztanleen erdiak 25 urte baino gutxiago ditu, eta 6-12 milioi langile sartzen dira urtero lan merkatura. Mundu mailan, erailketen intzidentzia tasa altuenetakoa du (100.000 langileko 117 erailketa: 117, 2017an); Pakistanek (100.000 langileko 44 erailketa: 44, 2002an) eta Zisjordaniak (Palestina) (idem: 38, 2015) jarraitzen diote atzetik. Oihalgintzak pisu handia du Indian, eta 500 fabrikako, lan ikuskatzaile bakarra dago. Dena den, jakin badakigu ez dela kasu bakarra. Oihalgintza industriari lotutako miseriak, esaterako, Pakistanen, Bangladeshen nahiz Camboyan hartu du leku. Herrialde horietan ere bereziki itzalpean daude ezbeharren inguruko estimazio errealak.
EUROPA, ARGITSUA OTE?
Interesgarria da, nola ez, Europan argitara atera diren datuei ere kontu egitea. Eurostaten arabera, 2019. urtean, 3.344.474 izan ziren soldatapeko lanaren testuinguruan jazotako istripuak, eta 3.552 behargin erail zituzten. Datuak herrialdeka bereiziz gero, Alemanian (878.525), Frantzian (753.156), Espainian (453.437), Italian (294.161), Erresuma Batuan (225.658) eta Portugalen (135.488) zenbatu dira ezbehar gehien. Hilketei dagokienez, Frantziak (585), Italiak (484), Alemaniak (430) eta Espainiak (317) utzi dituzte daturik beltzenak. Bestalde, intzidentzia indizerik handienak Errumanian (4,5), Bulgarian, Portugalen eta Lituanian (3 inguru) jaso dira.
Europan, hilketei dagokienez, Frantziak (585), Italiak (484), Alemaniak (430) eta Espainiak (317) utzi dituzte daturik beltzenak
Manufakturan (%18), handizkako eta txikikazko komertzioan (%12,5), osasun- eta gizarte-langintzan (%11,5), eraikuntzan (%11), garraioan eta biltegiratzean (%9) izan da ezbehar gehien. Hilketa gehien, ordea, eraikuntzan (%21), garraioan eta biltegiratzean (%18), manufakturan (%14) eta nekazaritza, basogintza eta arrantzan (%12,5) gertatu da.
Eta eusten gaituen munduaren mapan gu bizi garen txokoari erreparatzen diogunean, datuak ez dira pozgarriak, inola ere. Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren datu ofizialen arabera, Hego Euskal Herrian, 2019. urtean, gutxienez 97.840 ezbehar izan ziren orotara. Horietatik 45.112 kasutan hartu zuten baja langileek. Urte berdinean, eta sindikatuen datuen arabera, Euskal Herrian 46 behargin izan ziren erailak haien lanpostuetan (gobernuen datu ofizialen esanetan, 31 izan ziren), eta bat desagertu zen. Bestalde, soldatapeko laneko gaixotasunei lotuta emandako parteei dagokienez, gutxienez 4.306 izan ziren iaz (datu ofizialen arabera, bederen).
Eta atzera eginez gero, gainera, are nabarmenagoa da odolez zikindutako kontagailuaren erritmo eroa. 2009-2019 hamarkadan, gutxienez 650 langile hil zituzten haien lanpostuetan Euskal Herrian. Bestalde, baja eragin zuten ezbeharrak 408.494 izan ziren.
Erailketen artean, industriako sektorean izan ziren gehienak (%41), eta zerbitzuen sektorean ondoren (%28). Kasu guztien artean, %28 izan ziren «ez-traumatikotzat» jotakoak, beste hainbeste in-itinere (%28) gertatutakoak, %20 kolpe edo harrapaketen ondoriozkoak, eta erorketak, %10.
Datu ofizialetatik harago, dena den, zaila da lan istripuen eta ezbeharren argazki eta datu zehatzak izatea. Batetik, iturri ofizialek ez dituzte biltzen sindikatuen datuen artean lan ezbeharretan sartutako kasu guztiak; esaterako, erregulatu gabekoen ezbeharrak ez dira zenbatzen. Gainera, Euskal Herriari dagokionez, Iparraldeko kasuistiken inguruan opakotasun handia dago.
Ezbeharrekin gertatzen den bezala, gaixotasunen inguruko datuek ez dute errealitate osoa islatzen, noski. Parte emandako kasu asko ukatu egiten dira edo atzera botatzen dira (erdiak baino gehiago, adibidez, iaz EAEn), eta mutualitateek sarri ukatzen dute gaitzaren jatorria (lanpostua bera), kasuak osasun-sistema publikora bideratzeko. Hala ere, azken urteetan gora egin du ofizialki lanpostuei lotutako gaixotasunen kopuruak.
Gaixotasunen inguruko datuek ez dute errealitate osoa islatzen. Parte emandako kasu asko ukatu egiten dira edo atzera botatzen dira, eta mutualitateek sarri ukatzen dute gaitzaren jatorria (lanpostua bera), kasuak osasun-sistema publikora bideratzeko
GAITZAREN ESKUTIK
Ogibideari lotutako gaitzen artean, azpimarratzekoa da amiantoaren kasua, XX. mendean zehar gehien erabilitako minerala. Urtero, 100.000 bat langile hiltzen dira munduan amiantoarekin lanean aritu izanaren ondorioz, eta lanaren ondorio gisa aitortutako minbizi guztien %56 eragiten ditu amiantoak.
Substantzia horrek sortutako patologiak urteetara hasten dira nabaritzen (10 eta 50 urte artean izan daitezke), eta gehien 1960ko, 70eko eta 80ko hamarkadetan erabili zela aintzat hartuta, ondoriorik latzenak urteotan azaleratzen ari direla esan liteke. Estimazio batzuen arabera, Europar Batasunean 500.000 langile hilko dira amiantoaren ondorioz 2010 eta 2040 artean, eta Euskal Herrian, 6.000 eta 10.000 artean. Adibidez, EAEko Asviame elkarteak, 30 heriotzaren berri eman zuen 2019an, baina kalkulatzen dute kasu guztien %10 baino ez direla horiek.
Europar Batasunean 500.000 langile hilko dira amiantoaren ondorioz 2010 eta 2040 artean, eta Euskal Herrian, 6.000 eta 10.000 artean
«Ez-traumatikotzat» hartzen diren lan-heriotzen artean daude bihotzekoek edo isuriek eragindakoak ere. UGTk iaz salatu zuenez, urtarriletik abuztura bitartean, Espainiako Estatuan 132 langile zendu ziren lan-orduetan bihotzekoak jota edo buruko isuria izanda.
Bestalde, zuzenean soldatapeko lanari lotutako datuak eskuratzea zaila bada ere, merezi du beste gaitz batzuei aipamena egitea, estresa edo depresioa, kasu. 2015eko Espainiako Lan Baldintzen Inkesta Nazionalaren arabera, langileen %30 inguruk jasaten dute estresa. Munduko Osasun Erakundearen arabera, urtero, 800.000 pertsona inguruk egiten dute beren buruaz beste, eta munduan, 300 milioi pertsona baino gehiago bizi dira depresioarekin. 2005etik 2015era bitartean, %18,4 hazi zen gaixotasun hori jasaten zuten lagunen kopurua.
Noski, asko izan dira depresioaren edo suizidioaren eta soldatapeko lanaren lokarria erakutsi duten gertakariak. Horren adibide da France Telecomen (Orange 2013tik) gertatutakoa. 2009 inguruan «suizidio olatua» izan zen enpresako langileen artean: 19k beren buruaz beste egin zuten, hamabi beren buruaz beste egiten saiatu ziren, eta zortzi depresioan sartu ziren. Frantziako konpainia berregituraketa sakon batean murgilduta zegoenean jazo zen hori, eta langileei «moralki jazartzea» leporatu zieten enpresako exekutibo ohiei.
2009 inguruan «suizidio olatua» izan zen France Telecomeko langileen artean: 19k beren buruaz beste egin zuten, hamabi beren buruaz beste egiten saiatu ziren, eta zortzi depresioan sartu ziren
Eta, suizidioa eta lanpostua erlazionatu ditugun modura, inolako zalantzarik gabe lotu ditzakegu suizidioa eta lanpostu horren gabezia; alegia, langabezia. Hori baita soldatapeko lanaren bortizkeriaren beste aurpegi bat. Asko izan dira, 2007ko krisiaz geroztik, suizidioen gorakada ikertu duten lanak. 2009an The Lancet aldizkariak argitaratu zuen azterketaren arabera (datuetan 26 herrialde barne hartu zituzten), langabeziaren %1eko igoera bakoitzak, suizidio-tasen %0,79ko igoera zekarren 65 urtetik beherako pertsonen artean. Hong Kongo Unibertsitatearen ikerketa batek dio, 2009an, esperotakoak baino ia 5.000 suizidio gehiago izan zirela 2000tik 2007rako joerarekin alderatuta (ikerketak 54 herrialde hartzen zituen kontuan, batez ere, Europakoak eta Amerikakoak).
Azterketaren arabera (datuetan 26 herrialde barne hartu zituzten), langabeziaren %1eko igoera bakoitzak, suizidio-tasen %0,79ko igoera zekarren
ERANTZUKIZUNA
Jakina da, erakusten dutena adina ezkutatu dezaketela datu ofizialek. Eta badira, tartean, hainbat eta hainbat zorigaitz estaltzeko baliabide hutsezinak; protokolo eta lege bihurtuak. Argia da emaitza: istripuak jakinarazteko eta parte emateko oztopoak, irizpide ofizialetatik kanpo geratzen diren ezbeharrak (langilea ezbeharra jazo eta denbora batera zendu delako, edota istripua legez kanpoko testuinguru batean gertatu delako, adibidez), eta abar.
Azpikeria horren guztiaren erdian, erantzukizunaz mintzatu ohi dira asko. Eta erantzuleez. Eta erantzule horiek euskarritzen dituen sistemaz. Puntu honetaraino iritsita, interesgarria da, Europan, enpresa-erantzukizunaren kontzeptuak izan duen bilakaera aztertzea. Europako estatuetan, lan-istripuetatik eratorritako kalteei dagokienez, lau etapa bereizten dituzte enpresa-erantzukizunaren konfigurazioan:
1. Lehenengo etapa (1880-1900): Industria-Iraultzarekin batera, «lan baldintza berriak» agertu ziren, eta lanpostuarekin lotutako arriskuak langileen gain erortzen ziren. Enpresaburuen ardura, ardura zibilera mugatzen zen, «erruaren» kontzeptuarekin eta ulerkerarekin lotuta.
2. Bigarren etapa (1900-1920): enplegu-emailearen erantzukizun indibidualaren nahitaezko asegurua agertu zen. Nahitaezko kalte-ordaina eta erantzukizun objektiboa ezarri ziren. Belgikak (1903), Portugalek (1919) eta Herbehereek (1921) jo zuten enplegatzailearen erantzukizun indibidualaren nahitaezko asegurura. Alemaniak 1884tik zuen lan istripuen asegurua.
3. Hirugarren etapa (1920-1950): arrisku profesionalaren teoria sortu zen (enpresaburuek erantzukizuna dute, ez eragindako kaltearen erruduntzat jotzen direlako, arriskuaren jatorrizko eragileak direlako baizik). Arriskuaren aurreko erantzukizun kolektiboa aldatu egiten da: jada ez da «erruaren» ondoriozko erantzukizun bat, enpresaburuaren erantzukizun objektibo bat baizik. Hala, gaixotasun profesionalak eta in itinere istripuak barne biltzen dira. Aseguru profesionalak eta Derrigorrezko Istripuen Gizarte Asegurua ezarri ziren Norvegian (1915), Suedian (1916), Islandian (1917), Danimarkan (1920), Luxenburgon (1925) edota Frantzian (1946).
Arriskuaren aurreko erantzukizun kolektiboa aldatu egiten da: jada ez da «erruaren» ondoriozko erantzukizun bat, enpresaburuaren erantzukizun objektibo bat baizik
4. Laugarren etapa (1950-Gaur egun): laneko segurtasun- eta osasun-
politikak,
funtsezko printzipio gisa ezartzen den arriskua prebenitzeko kudeatzen
dira. Izatez, aseguratzaileen erantzukizuna da prebentzio-funtzioak
betetzea.
ERREFERENTZIAK
[1] https://www.gaindegia.eus/eu/node/2788
[2] https://www.argia.eus/argia-astekaria/1706/lan-istripuak-gora-baldintza-txarrak-direla-medio
[3] https://www.ikasbil.eus/eu/dokutekako-fitxa?articleId=16517524
[4] Lan osasunerako Nafarroako plana 2015-2020: Diagnostico de la situacion actual (10. orritik aurrera): Laneko Osasunaren Nafarroako III. Plana 2015-2020
[5] Comunicaciones de sospecha de enfermedad profesional en la Comunidad Autónoma de Euskadi en 2017 y Evolución 2008-2017. Informe de Osalan de julio de 2018.
[6] Informe de accidentes de trabajo y enfermedades en la C.A.E. en 2017. Informe de Osalan de julio de 2018.
[7] Accidentes laborales de tráfico en la C.A.E. 2000-2015. Informe de Osalan de octubre de 2016.
[8] Accidentes laborales bajo la perspectiva de género en la C.A.E. 2004-2013. Informe de Osalan de octubre de 2014.
[9] Accidentes laborales de tráfico en la C.A.E. 2009-2013. Informe de Osalan de marzo de 2014.
[11] http://www.mites.gob.es/es/estadisticas/monograficas_anuales/EAT/2019/index.htm
[12] http://www.mites.gob.es/estadisticas/eat/welcome.htm (2020ko aurrerapena, ekaina arte).
[14] https://ec.europa.eu/eurostat/statistics-explained/index.php?title=Accidents_at_work_statistics
[15] https://www.ilo.org/shinyapps/bulkexplorer38/?lang=en&segment=indicator&id=INJ_FATL_ECO_NB_A
[16] El suicidio en el trabajo como riesgo a prevenir. Jose Antonio Fernandez Aviles eta Silvia Martinez Ortiz (2019)
[17] Suicidio y desempleo: Barakaldo 2003-2014. Jon Garcia Ormaza (2016)HEMEN ARGITARATUA