GEDAR LANGILE KAZETA ez da ezerezetik sortu, are gutxiago ezerezean garatu. Ez da bidezkoa lehen egun bat aipatzea, askoren eta orotariko lan nekaezinaren emaitza baita hau guztia. Aurretik egon izan dira bidea egin dutenak; gu geu ere bide horretan gabiltza. Euskal Herriko mugimendu sozialistak, gaztea izanagatik ere, sustrai sendoak errotu ditu proletalgoaren belaunaldi berrian; sakonak dira haren miseriak ere. Prozesu historiko baten emaitza, kasik porrotaren seme-alabak; halakorik gabe, saiakerarik, porrotik eta porrotari aurre egiteko determinaziorik gabe, ez litzateke aterik gaur pasabide zabala den honetan. Guk ere dena diogu anitzen lan horri zor.
Aurkezpenekin hasi ginen herri eta unibertsitate desberdinetan ezagutzera ematen. Jakin-mina handi eta ekarpen oparoa proiektua aurrera ateratzeko bono-laguntza kanpainan. Lehenengo albisteak behin-behineko blog batean argitaratu genituen, baita horren bidez Gazte Koordinadora Sozialistaren jaiotzaren berri eman ere.
Webgunea aurkeztu genuen ondoren, Gazte Sozialisten Topagunea ortzi-mugan genuelarik, baita azken hilabeteotan bi bertsiotan aurkeztu ere. Txiki hasi zen, eta egun hamarnaka lagun dira proiektua gogoz elikatzen dutenak, mugimendu sozialistaren garapen handiaren isla dena.
Lehenengo Editoriala, esanguratsua: jarraikortasunak eta hausturak. Horretan da mugimendu sozialista, haustura politikoa, langile klasearen independentzia, askapen prozesuaren jarraikortasunaren ezinbesteko premisa dela frogatzen. Hamaika zenbatzen dira bide horren testigantzak diren Ikuspuntuak eta koiuntura politikoaren analisiak, langile mugimenduko eta mugimendu sozialistako kide desberdinek partekatuak. Baina hamaika dira, zoritxarrez, bide horri egindako erasoen testigantzak ere. Hasieratik bertatik saiatu dira GEDAR eta mugimendu sozialistaren jarduna oztopatzen, eskura zituzten baliabideak erabilita: sare sozialetan nortasun faltsuak sortzen, mugimendu sozialistako gazteak infantilizatzen, ustezko umorearen bidez kultura antikomunista sortzen, GEDAReko kideei mezu pribatu anonimoak idazten… ez denean zuzenean biolentzia fisikoaren baliabidea erabili. Ertz asko ditu proletalgoaren independentzia politikoaren aurka abian jarritako makinariak, gu ere jopuntuan jarri gaituen berdinak.
Hilabeteotan jardun komunikatiboa izan dugu erdigunean, baina ez nolanahikoa. Errealitatea kontatzearekin batera, errealitatea bera eraikitzen aritu gara, informazioarekin batera errealitateari ekiten eta, garrantzitsuena dena, errealitatea egitera deituta dagoen subjektu sozialistaren eraikuntzaren lekuko izaten. Bera izan da GEDARen bidez mintzo izan dena eta bera posizioa hartu duena, prozesu horretan bere burua eratu duena. Komunikazio politikoaren bidez sozializatu da subjektu sozialista, eta hor langile kazeta horrek funtzio pribilegiatua betetzeko aukera izan du. Kontzeptu berriak jarri ditugu mahai gainean, gertakari bakoitza aztertzeko eta sailkatzeko bitartekoak; azken finean, gertakaria gertakari egin dugu, posizio politikoa hartuta soilik izan daitekeen gertakaria. Langile klasearen ikuspegitik aritu gara inguratzen gaituen horri forma ematen, dena haren mesedera marrazten. Argi izan baitugu hasieratik bertatik informazioa ez dela jasotzen, eraiki baizik; eta nola idatzi, hala eraiki, eta alderantziz.
Ez gaitu harrotasunez betetzen ezta pozten langile klasearen porrotaren kontakizuna egin beharrak, kolpatzen gaituzten une horiek guztiak jasotzeak. Ez da porrotaren kronika egitea gure xedea, baizik eta inoiz porrotetik hasi ginela oroitzea. Langile klasearen kronika kontatzea dugu helburu, uneko mendekotasunetik etorkizuneko askatasunera. Eta ahal den neurrian, ibilbide horretan gure alea jartzea.
Hilabete hauetan ikusi izan ditugu, baita kontatu ere, proletalgoaren independentzia prozesuaren adierazpen berriak, zaharretatik gabetuak. Biolentzia estrukturalaren kolpe baten testigantza zena, kolpeei aurre egiteko gaitasunen metaketan bilakatu da langile mugimenduarekin batera. Ikusi ditugu ezinak eta porrotak Autodefentsa Sareen gaitasunen bidez desagertzen, baita langile klasea borroka zehatzak irabazten ere. Eta pozgarria da, hasiera baino ez bada ere. Honek guztiak zentzua izango badu proletalgoaren autoantolakuntzaz izango baitu, menderatzen duen bitartekaritzaren deuseztapenez.
Eta orain hemen gaude, orri ukigarri hauen bidez zuregana zuzentzen. Urtebete baino gutxiagoan, ezerezetik hasita, honaino heldu gara, ezerezik ez zela eta berriz egongo ez dela ziurtatzeko. Etorkizun oparoa aurreikusten dugu, oraina itxaropentsu bizi dugulako. Azken hilabeteetan GEDARen geroa definitzen aritu gara. Lan horren lehenengo emaitza da azaroan aurkeztu genuen webgune berria, etorriko den jauzi handiago baten aurrekaria baino ez dena. Harpidetza jarri genuen martxan ondoren, eta horren bidez ARTEKAren berri eman ere bai, mugimendu sozialistaren jarduna beste bide batzuetatik jasoko duen hilabetekaria. Harrera ezin hobea izan du, gure aurreikuspenak gaindituz, erabat. Esker hitzak baino ez ditugu zuen onenarekin hau posible egin duzuen guztientzat. Esker hitzak eta gure jardunean gogo betez jarraitzeko eta GEDAR LANGILE KAZETA eskakizunen mailara egongo denaren promesa.
Ikusiko dugu elkar, bide horretan.
HEMEN ARGITARATUA