Zalantzarik gabe, aldaketa urteak izan dira azkenekoak Euskal Herriko gazte panorama politikoan. Espazio zabal horren baitako zati bat izan da ikasle mugimendua, zurrunbiloaren bihotzean egon dena uneoro, zetorrenaren aieru sarri. Artikuluan aldaketa-garai honen kronika bat egiten saiatuko gara, gertaera zehatzetara hurbildu bai, baina mahai-gainean izan diren eztabaida eta joeren erreskari erreparatuta, egungo tesi politikoetara ekarriko gaituen hari bat argitu nahian.
Kronika bat izango da ondorengoa. Gertakarien kontaketa eta praktika politikoen analisia izan nahi du, biak elkar-harremanean. Kontakizuna egituratzeko, eskema bati jarraituko diogu: azkeneko hamarkada, Euskal Herriko ikasle mugimenduaren baitan, hiru epetan bereizi dugu Ikasle Abertzaleak (IA) eta ikasle mugimenduari dagokionez. Ondorengoak dira:
· Lehenengo epea, ikasle mugimendua, zetorrenari jarraika, Ezker Abertzaleari eskutik emanda zihoan garaia da, Hamarkadaren lehen urteak hartu zituen eta IAren politika aipatutako mugimenduaren koordenatuetan kokatzen zen.
· Bada bigarren epe bat, bere berezitasunengatik hamarkada hasiera eta bukaerakoetatik bereizi daitekeena eta batetik besterako trantsizioa egiten duena. Ezker Abertzaletik urrundu eta klase independentziaren aldeko tesietara hurbiltzen hasteko garaia da.
· Azkena, hamarkada amaierakoa, IA eta ikasle mugimenduaren gehiengo handiak jaioberria den (eta hein batean erditu duen) Mugimendu Sozialistaren baitan antolakuntza komunistaren zeregina bere egiten duen garaia da.
Gertaerak horren eskema laburretan kokatzeak, nola ez, kontakizunak sinplekeriaz herren egiteko arriskua du. Datozen lerroak, beraz, horren jakitun irakurri ditzala aldizkaria esku artean duenak.
TESTUINGURUA HAMARKADA HASIERAN
Ezin da campus eta institutuetako egoera politikoa azaldu gutxienez testuinguru orokorra, koiuntura ekonomikoa eta hamarkada hasierako ikasle mugimenduaren egoera aipatu gabe. Motzean:
· Koiuntura ekonomikoari dagokionez, krisi kapitalista betean zen mundua. Horrek, mendebaldeko beste hainbat herrialdetan bezalaxe Euskal Herrian ere, langile aristokraziaren esparru zabal baten proletarizazioa eta belaunaldien arteko haustura ekonomikoaren forma hartu zuen. Esan daiteke lehen urte hauetan proletarizazio prozesua hastapenean zela.
· Euskal Herrian, Ezker Abertzalea instituzionalizatu zen eta egitura militanteak desegin ziren urteak izan ziren. 2011n ETAk behin betiko su-etena iragarri zuen, EH Bilduk udal- eta foru-hauteskundeetan emaitza onak lortu zituen (Gipuzkoako Foru Aldundian eta Donostiako Udalean irabazi zuen, adibidez) eta presoek etxeratzera bidean ziruditen. Antza, errepresioak kolpatutako hamarkaden ondoren, arantzarik gabeko arrosa topatu zuela sentitu zuen batek baino gehiagok: legalitatean eta demokrazia burgesaren arauen baitan egingo zen independentzia eta sozialismorako bidea.
· Bukatzeko, eta campusetara etorrita, Bolonia planaren aurkako borroken porrotaren biharamuna izan zen 2010eko hamarkada hasiera. Izan ere, 2008 inguruan ikasle mugimenduaren protestak gorabehera, EHUk plana onartu eta aplikatu zuenetik beherakada eta ahulezia urteak izan ziren. Are gehiago, campus batzuetan militantzia sareak ia guztiz desagertu ziren.
Bolonia planaren aurkako borroken porrotaren biharamuna izan zen 2010eko hamarkada hasiera. Izan ere, 2008 inguruan ikasle mugimenduaren protestak gorabehera, EHUk plana onartu eta aplikatu zuenetik beherakada eta ahulezia urteak izan ziren. Are gehiago, campus batzuetan militantzia sareak ia guztiz desagertu ziren
IKASLE ABERTZALEAK, EZKER ABERTZALEAREN ADARRA
Artikulu honen helburua ikasle mugimendua non egon den eta zertan aritu den ezagutzen saiatzea da, egun non dagoen eta zertan ari den argitzeko. Alegia, garaian garaiko dinamika politikoari eta honen bilakaerari erreparatzea. Dinamika hori ulertzeko lagungarria da praktika politikoa aztertzea, militanteek beraiek egindako kritika eta gaindipena baitira aurrera egiteko motorretako bat. Beraz, ondorengo garai oro ulertzeko baliagarria da aurreko garaian topatutako muga eta ezintasunetan paratzea, horiek gainditu asmoz egindakoa izaten baita askotan batetik besterako bidea.
Hasteko eta batez ere, ikasle antolakundeak betetzen zuen funtzio politikoa aipatuko dugu: asmoak asmo eta usteak uste, praktika batek ondorio bat dakar. Elkar-eraginean, eta ahalik eta gardenen ikusten saiatu behar gara bien arteko lotura. Bada, urte horietan Ikasle Abertzaleaken zeregina, ezbairik gabe, campus eta institutuetan Ezker Abertzalearen adarra izatea zen. Gazte antolakundeko militantzia desdoblatua eta antolakundeen arteko loturak zirela medio, baina baita inertzia eta giro politikoak eraginda ere, esan daiteke Ezker Abertzalea elikatzea zela IAren funtzioa.
Gazte antolakundeko militantzia desdoblatua eta antolakundeen arteko loturak zirela medio, baina baita inertzia eta giro politikoak eraginda ere, esan daiteke Ezker Abertzalea elikatzea zela IAren funtzioa
Zeregin hori, gure ustez, hiru eratara betetzen zuen nagusiki:
1.- Ezker Abertzalearen agenda campus eta institutuetara eramaten zituen. Hemen aipatu daitezke propaganda orokorra, kanpo ekimenen gizarteratzea eta orokorrean hezkuntzatik kanpoko edozein auzi heziguneen espazio fisikora eramateko ekimenak.
2.- Hezkuntzan Ezker Abertzaleak hartutako posizioak babesten eta indartzen zituen. Adibidez, gobernuaren hezkuntza erreformen kontrako dinamikekin parlamentuko arerio politikoak higatu eta Ezker Abertzaleak bultzatutako alderdi instituzionalaren posizioak indartuz. Greba, propaganda kanpaina eta mobilizazio ugari koka ditzakegu lerro honetan sarri.
3.- Ikasleen sektore euskaldunetan Ezker Abertzalearen hegemonia sozial eta politikoa indartzen zuen, aisialdiaren bueltan eta ikasleen sozializazioa bere espazioetan izan zedin bultzatuz (jaialdiak, trikipoteoak, Eskola Ibiltariak...) eta horietan Ezker Abertzalearen aldeko iritzia sortuz, batez ere.
Helburu hauek ez dira soilik IAren siglapean eta parlamentuko neurriak aldarrikatuz betetzen. Hezkuntzaren inguruko irakurketa eta diskurtso bat kontzeptu zehaztugabe eta termino oro-barne-hartzaileetan egituratua, kutsu kritikoa izanik ere, baliagarri gerta daiteke zentzu komunaren posizioak indartzeko. Hala, «pedagogia askea», «hezkuntzaren kritikotasuna» eta antzekoen bueltan egituratutako diskurtso eta praktika batek Ezker Abertzalearen indar metaketa ereduan tokia zuten ikasle masa euskaldun eta ezkertiarra erakartzeko gaitasuna zuelako. Besteak beste, zuzenean Ezker Abertzaleari subordinatu gabeko ikasle asanblada, euskara talde, talde ekologista eta abarrek ere bere tokia dute amaraunean.
TESTUINGURUAREN GARAPENA
Hiru ardatz erabili ditugu testuingurua kokatzeko, eta ardatz berberei jarraika, hamarkadaren erdialderako egoera nola aldatu zen azalduko dugu ondoren:
· Belaunaldien arteko haustura ekonomikoak sakontzen jarraitzen zuen eta proletarizazioak gordinagotzen. 2008ko krisia zeharo gainditzea lortu ez eta krisi sistemikoan geunden ideia errotzen hasi zen. Etorkizunari gero eta ezkorrago erreparatzen zion langile klaseak, eta ongizate estatuaren atzerakada gero eta nabarmenagoa zen. Ertain klaseko seme-alaba gero eta gehiagok sentitzen zuen proletarizazioaren hatsa garondoan.
· Ezker Abertzalearen instituzionalizazioari dagokionez, hasierako baikortasun eta esperantzak zabaltzen ari zen ezinegon eta noraez sentsazioari eman zieten bide. Hauteskundeetako emaitzen okertzeak eta presoen auzia kateatuta ikusteak eragina izan zuten, baita Espainiako Estatuan Podemos agertu izanak ere. Politika instituzionalera eta hark zekarren guztira egokitzea irensteko zapo gogorra izaten ari zen, eta behin hauteskundeetako zaputzaren ostean, inor gutxik ikusten zuen, gazteen artean behinik behin, bidea garbi. Ezker Abertzalea ez bazen zeharo desegituratu eta hala moduzko kohesio bat mantentzeko gai izan bazen, orduan bezala hurrengo urteetan ere, komunitatearen indarragatik eta urtetan jasandako errepresioaren ondorioek eragindako loturagatik izan zen. Horri gehitu behar zaio militantzia eredu bat, gehiago diziplina eta leialtasunean oinarritua ideia trukean eta kritikotasunean baino, urtetako borrokan hezur muineraino sartua. Proiektu politikoari atxikimendu falta zen kohesio gabeziarako arrazoia.
· Campusetan Ikasle Abertzaleaken militantzia berriz hazten hasi bazen ere, ahulezia garaiek eta hasia zen polarizazioak eten bat eragin zuen ikasle mugimenduaren transmisioan. Hala, belaunaldi berriek bere egin zuten bidea egiteko zeregina, izan nahita edo halabeharrez.
2016/17 IKASTURTEA, ALDAKETARAKO IKASTURTEA
Abian prozesua, Borroka Garaia Da! webgunea eta Kantauri ponentziaren garaia ere bazen, eta ez litzateke zuzena horiek eta beste hainbat aipatu gabeko kronika. Baina gagozkion oraingoan hezkuntza esparruari. Testuingurua aldatzen ari zen eta Ikasle Abertzaleak ere bai. Aldaketa horretan, 2016/17 ikasturtea inflexio puntu bat izan zen, Ikasle Abertzaleaken izaera politikoaren bilakaeran ikasturte esanguratsua.
2016ko azaroaren 24a Iñaki Goirizelaiak utzi eta Nekane Balluerkak hartu zuen errektoretzaren hauteskunde eguna izan zen EHUn. Kanpaina sonatua egin zuen ikasle mugimenduak hauteskunde horien aurka, Ezker Abertzalearen zein EAJren oniritzia izan arren hautagaiak. Unibertsitatearen izaera bera eta unibertsitateak sistema kapitalistan zuen tokia ziren salaketaren muina. Ikasturte hasieratik ekin zioten kanpainak indarra hartu zuen. Azken asteetan asko mediatizatutako propaganda ekintzen kontura giroa berotu zen eta hauteskunde egunean bertan egindako manifestazio jendetsurako Leioako campusa poliziaz josi zuten. Ikusgarria izan zen operatiboa, eta liskarrak eta atxilotuak izan ziren manifestazioaren ostean.
Ziur aski, lehen aldiz egin zen horren era argian Ezker Abertzalearen interesekin talka egiten zuen kanpaina indartsu bat, eta esanguratsua izan zen Ezker Abertzalea bera publikoki desmarkatu izana ere; ikasle mugimendua horren nabarmen seinalatu zuen lehen aldia izan zen. Beraz, aldentze baten lehen urratsa izan zela esan daiteke azaroaren 24an gertatutakoa. Bestalde, aipatzekoa da salaketaren edukia ere. Lehenago esan bezala, unibertsitatearen izaerari berari bere osotasunean egindako arbuioa izan zen; sistema kapitalistan betetzen zuen funtzioari erreferentzia egiten zion salaketak, eta ez estatu honen edo haren kontrolean egoteari soilik, ez errektorea hura edo bestea izateari ere.
Ikasturte hartan, soka berari tiraka, San Mameseko teilatuan babestutako Herri Unibertsitatearen desalojoa eta martxoaren 11n Iruñean Errepresioari Autodefentsa lemapean egindako manifestazioa aipatzekoak dira. Herri Unibertsitate hartan, nazionalki zentralizatuta egin zen lehenengoan, eduki teorikoa serioski lantzeko saiakera egin zen, eta, hala, aurreko Herri Unibertsitatetik aurrerapauso bat eman. Bertan, adibidez, feminismoari kritika teoriko eta politikorako edo «Langile Boterearen eraikuntzaz» hausnartzeko saioak izan ziren, tematikan ere bilakaera bat izan zelako lekuko. Martxoko manifestazioa, berriz, ikasle mugimendutik haratagoko dimentsioa izanik, panorama politikoan Ezker Abertzaletik aldentzen hasitako askoren elkargune bilakatu zen.
Zergatik dira gertaera horiek mugarri? Gure ustez, etapa berri baten ezaugarriak era garbian azaltzen dituztelako:
· Ezker Abertzaletik urruntze politiko eta sozial/afektibo bat abiatu zen. Era berean, ikasle mugimenduaren praktika politikoaz Ezker Abertzalea elikatzeari uko egin zitzaion aurrerantzean. Baina oraindik, oro har, haren ukapena soilik zuen amalgama hark izendatzaile komun.
Ezker Abertzaletik urruntze politiko eta sozial/afektibo bat abiatu zen. Era berean, ikasle mugimenduaren praktika politikoaz Ezker Abertzalea elikatzeari uko egin zitzaion aurrerantzean. Baina oraindik, oro har, haren ukapena soilik zuen amalgama hark izendatzaile komun
· Erreformismoaren adierazpen ugarien kritika politikoa orokortu zen ikasle mugimenduan, eta, hura, marko teoriko egoki baten bilaketan, marxismora gerturatu zen. Teoriaren lanketak ordura artekoa baino garrantzia handiagoa hartu zuen.
· Integrazio politikoaren ukazioa eta haustura politikoaren aldeko posizioa sustatu zen esparru ugaritan: okupazioa eta auzi errepresiboa dira bi adibide.
MUGIMENDU SOZIALISTAREN ERDITZEA
Aldaketa garaia zela sumatzen bazen ere, ondo antolatutako mugimendu baten faltan, ez zen guztiz garbi ikusten aldaketa zertan zetzan. Eguneroko praktika politikoak muturren aurrean jarritako galderei erantzunak eman nahian eta ordura arte Ezker Abertzaleak emandako zoru seguruaren faltan, marko teoriko zein taktika eta estrategia baten faltan, eztabaida, formakuntza eta esperimentaziorako urteak izango ziren zetozenak ikasle mugimenduan. Gazte esparru militantea politikoki eta sozialki polarizatzen ari zen: Ezker Abertzalearekin bat egiten zutenak alde batean, kritikoak bestean. Adinarekin korrelazioa nabarmena zen, eskualde/lurraldeen eragina ere bai. Haustura gauzatu zen, xeheago kontatzen ez gara paratuko. Ondorioetara jota, gazte eta ikasle sektore zabal bat zegoen zer ez zuen izan nahi gero eta garbiago zuena. Ordea, orduan urgentzia hartu zuena zer izan nahi zuen galderari erantzuna ematea zen.
Ikasle mugimendua masa mobilizaziotik aldi baterako aldendu eta esperimentaziora hurbildu zen, esan dugunez. Eskola Kolektiboak indartu ziren, Herri Unibertsitateak abiatutako hezkuntzaren ikuspegi kritikoari helduta, diziplinatan banatutako jakintza kritiko batera hurbildu nahian. Hezkuntzaren eta gizartearen irakurketa kritiko batean kokatzen ziren horiek, baina gero eta gehiago zituzten jo-puntuan formazio sozial kapitalista eta bertako instituzioak, gero eta gehiago ziren irakurketa sistemikoak eta gero eta urrunago zeuden nazio askapen mugimenduen oinarri teoriko eta ideologikoak. Campusetan okupazioak entseatu ziren eta espazioen izaeraren inguruan hausnartu, edo horien babeserako eta kontrolerako mugak ikusi. Ikas-baldintzen aldeko borrokak erreformismoan ez erortzeko eta eraginkortasunean irabazteko probak ere egin ziren: Arrasateko Arizmendin (Arrasate), Orixen (Tolosa) eta Eunaten (Iruña) kasu sonatuenak. Barnera begirako lana ere erruz egin zen: militantzia eredua indartu zen eta areagotu egin zen konpromisoa, eta ikasle mugimenduko egiturak findu eta eraginkortu egin ziren.
Zenbaitetan asmatuta, eta askotan hanka sartuta, urte horiek proletalgoaren klase independentziaren aldeko tesia garatzeko eta gizarteratzeko balio izan zuten.
MUGARRI BERRI BAT: ZER EZ EGITETIK ZER EGITERAKOA
Ziklo honen itxiera Ikasle Abertzaleak antolakundearen VII. Kongresuak markatu zuela esan daiteke, 2018ko irailean hasi eta 2019ko apirilean amaitu zena. IA eta ikasle mugimenduaren baitan aldaketak gertatzen ari ziren jakitun, ikusmin handia zegoen jarria IAren jardunean, eta ez beti asmo onekoa. Hala, soilik amaitutakoan eman zen ikasturte osora luzatu zen kongresuaren berri, apirilean Berriozarren (Iruñerria) egindako ekitaldian. Prozesu parte-hartzailea izan zen, bai aktiboki jardun zuen militante kopuruagatik, baita ponentzia osatu eta eztabaidatzeko metodologiagatik ere. Horren ondorioa izan zen antolakundearen kohesioan eta motibazioan izan zuen eragin positiboa, zeinak garrantzia hartu zuen bolada nahasian.
Itaia udazkenean sortu zen blog bat zen oraindik, artean antolakunde gisa osatu gabea, eta Gazte Koordinadora Sozialista otsailean aurkeztu zen. Testuinguru horretan, IAren kongresuan osatutako Errainu ponentzia lehen urratsak ematen ari zen Mugimendu Sozialistaren testu definitorio gisa hartu zen, hezkuntza esparruan kokatzen bazen ere.
Langileek jasaten dituen zapalkuntza guztien oinarrian klase dominazioa dagoen ideiatik abiatuta, hezkuntza dominazio estrukturaren baitan burgesiaren tresnatzat hartzen zen ponentzian. Beraz, hezkuntza kapitalista gainditzea dominazio burgesaren adierazpen konkretu guztien aurkako borrokarekin lotuta zegoen ezinbestean.
Ordura arteko sei kongresuetan bezalaxe, Euskal Eskola Nazionala (EEN) IAren helburu estrategiko gisa onartu zen, baina honen konkrezioan urrats bat emanda: estatu sozialistaren hezkuntza instituzioa izango zen EEN. Hezkuntza esparruko helburu estrategikoaren aldeko borrokak helburu estrategiko orokor baten baitan artikulatua behar zuen: Euskal Estatu Sozialista zen hori. Sozialismoaren definizioa zen, hain zuzen ere, EENri konkrezioa ematen ziona, eta hezkuntza esparruak honekin izan beharreko lotura ere argia zen. Sozialismoaren eraikuntza prozesuala izan behar zela argitu eta boterea instituzio proletarioen garapenaren ondorioz sortu behar zela bildu zuen ponentziak. Gero eta eskala handiagoan erreproduzituko diren instituzioak, langile antolatuei gero eta eremu eta esparru gehiago kontrolatzea ahalbidetuko dietenak. IAren zeregina, beraz, zera zen:
'Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzak duen gaurkotasuna botere konkretuak barnebiltzen dituzten eta hedatzeko gaitasuna duten instituzio proletarioak eraikitzean datza, hau da, esparru ezberdinetan burgesiari eta bere boterearen modalitate guztiei aurre egiteko gaitasun konkretuen eraikuntzan.'
Bestalde, eguneroko eztabaida politikoen zentroan zeuden auzi batzuen inguruko argipenak ere eman ziren, eta horrela zapalkuntzen gaindipenari dagokionez intersekzionalismotik aldendu zen: sozialdemokrazian nagusi diren tesi ekonomizisten aurka, sozialismoa borroka ekonomikotik haratago osotasun berri gisa aurkezten zuen testuak. Sozialismoaren eraikuntzaren baitan kokatzen zituen genero askapenaren aldeko borroka eta nazio zapalkuntzaren gaindipenerako borroka ere, funtsean, zapalkuntza bakoitzaren eta guztien aurkako borroka artikulatzen duen forma politiko baten eraikuntzan jarrita itua.
Errainu ponentziak, azkenik, taktikaren definizioa ere ekarri zuen: hezkuntza funtzioak neutralizatzea eta prozesu sozialista orokorra elikatzea jotzen zituen antolakundearen epe luzeko helburu taktiko gisa. Hirugarren lerro bat ere zehaztu zuen, EENren bueltan, sozialismoaren eraikuntzari subordinatutako eduki teorikoa ekoizteko ikusmiran eta hertsiki lotuta garatzen ari ziren Herri Unibertsitatearen eta Eskola Kolektiboen ekimenei.
Errainu ponentziak, azkenik, taktikaren definizioa ere ekarri zuen: hezkuntza funtzioak neutralizatzea eta prozesu sozialista orokorra elikatzea jotzen zituen antolakundearen epe luzeko helburu taktiko gisa
Eztabaida eta esperimentazioko urte batzuen ostean, ikusten denez, izaera politiko eta taktikaren definizioa eta ikasle mugimenduaren baitako homogeneizazioa eta kohesioa ekarri zituen kongresuak. Hala, ikasle mugimenduaren berregituraketa abiatu eta masa lerro deritzenak indartzeari ekin zioten. Antolakuntza forma inoperatiboak moldatu eta funtzional egitea zen erronka handietako bat. Horren adibide izan zen Unibertsitateko Indar Batasunaren (UIB) sorrera. Ordura arteko ikasle asanbladen antolatzeko modua agortu zela iritzita, unibertsitateko langileriaren bizi-baldintzen aldeko borroka haratago eramateko anbizioz jaio zen UIB. Izan ere, hutsune bat nabari zen esparru horretan eta ordura arte ikasle asanbladetan antolatzeko ereduan muga batzuk ikusten ziren. Hauek dira horietako batzuk:
· Arazoak modu isolatu batean ulertuta, horiei aurre egiteko modua ere era atomizatuan planteatzeko joera zen nagusi. Fakultatez fakultate antolatutako asanbladetan maiz abiatzen ziren problematika propioen (asanbladaren edo are asanbladan pisua zuten militante partikularren problematika propioen) inguruko borrokak. Ez zuten lortzen ikasleen atxikimendua fakultatetik harago, eta fakultateko lau hormen barruan itotzen ziren. Horrela, ikasleen arteko batasunaren baitan antolatzeko printzipioa gauzatu ezina egiten zen.
· Soilik ikasleek eta ikasleentzako egindako espazioak izanda, unibertsitateko gainontzeko sektoreekin (izan garbitzaile, ikertzaile edo bestelako langileekin) elkarlana ez zen lortzen.
Nabaria zen sektore horiek borroka prozesuetan integratzeko ezintasuna eta elkartasun sinbolikotik haratago klase batasuna ezinezkoa zen.
· Azkenik, borrokak era partzialean ulertuta, norabide zehatz baten falta agerikoa zen behin eta berriz. Asanbladak noraezean aritzen ziren; pisua zuten militanteen momentuko motibazioaren menpe batzuetan, zereginik gabe besteetan, ikasturte hasiera bakoitzean egoera berria zein izango zen jakin gabe edo zuzenean noraezak blokeatuta. Planteamendu politiko bat elikatzetik urrun, onenean momentuko haserrea antolatzera mugatzen ziren asanblada tradizionalak.
Muga horiek gainditzera begira sortu zen UIB 2019ko martxoan. UIBk ikasle mugimendua garatzeko planteamendu bat jarri zuen martxan. Hark ordura arteko forma hartu zuen abiapuntu eta borroka prozesuen zentzuan aurrerapauso nabarmenak lortu zituen.
Antolamenduari dagokionez, asanblada guztien arteko lotura ekarri zuen. Unibertsitatearen analisi bateratu bat egin zen, eta itxuraz desberdinak eta arrotzak ziren problematikek erro komun bat zutela onartu zen: unibertsitate eredu burgesaren mugak. Hori horrela, asanbladek programaren gauzapenera bideratu zituzten borroka prozesuak, eta asko izan dira ordutik abiatu diren gisa horretako borrokak.
Indar metaketa da hamarkada osoan zehar eztabaida politikoak ardaztu zituen kontzeptuetako bat: nola, baina batez ere, zertarako metatu indarrak? UIBren helburua programa politiko baten inguruko indar metaketa egitea da, eta programa hori unibertsitate esparruko langile klaseak jasaten dituen zapalkuntzen dekalogo bat da. Horrela, helburua ez da izaten borroka espontaneoaren kudeaketa, programa taktiko-politiko bat elikatzea baizik, borroka prozesu konkretuetan oinarrituta eta horiek hartuta sostengu gisa. Gainera, ikasleengandik haratago joan eta borroka horiek ikerlari eta garbitzaileen esparruetara ere iristen dira. Era berean, ikerlari eta garbitzaile horiek beste borroketan parte hartzen dute. Langile sektore ezberdinak integratu eta klase batasunaren printzipioa bere egiten du UIBk, programan eta borroketan ere islatzen dena. Eskalan planteatutako helburuekin, alegia, indarren araberako borroka prozesuak abiatuz, UIBren helburua da bere eskakizunak exijitu eta gauzatu daitezen lortzeko gero eta gaitasun handiagoa izatea, hori baita azken finean unibertsitate eredu burgesa konfrontatzeko bidea: antolatutako langile klaseak bere aldarrikapenak inposatzeko gaitasunak izatea.
UIBren helburua da bere eskakizunak exijitu eta gauzatu daitezen lortzeko gero eta gaitasun handiagoa izatea, hori baita azken finean unibertsitate eredu burgesa konfrontatzeko bidea: antolatutako langile klaseak bere aldarrikapenak inposatzeko gaitasunak izatea
HAMARKADA BAT HEZIGUNEETAN
Hala bada, hamarkada bukaerarako aldatua zegoen zeharo hezkuntza esparruko testuinguru politikoa. Alde batetik IA, sozialista iraultzaile gisa definitutako antolakunde gorakor bat, eta, bestetik, UIB, unibertsitateko langileen bizi-baldintzen alde egiteko antolakunde zabal bat; Ezker Abertzalea ia desagertuta (urte batzuen buruan berriz errekuperatzen hasi bada ere) eta urte mordoxka bat bien artean.
Horixe izan da hamarkadarekin hasi eta 2019/20 ikasturtera artekoaren kronika bat. Testuaren mugak begi-bistakoak dira, bai luzerari, bai sakontasunari dagokionez, eta mahai-gainean jarritako hipotesi eta uste batzuk zalantzan jartzekoak, ziur. Bizkor aldatzen eta garatzen ari den testuinguru politikoan, eztabaidarako oinarri gisa balio dezake. Era berean, ondoren kontakizun osatuagoak eta analisi finagoak egiteko oinarri izan daiteke.
Besterik gabe, Ikasle Abertzaleak eta ikasle mugimendua gaur egun direna izateko lan egin dutenei aitortza eta datorren hamarkada amaierako kronikan beste hainbeste aurrerapauso konta daitezen egungoei indarra eta anbizioa.
HEMEN ARGITARATUA