Unai Ibarra
2024/01/04

Artikulu honek palestinarren erresistentzia osatzen duten fakzioei buruzko azalpen labur bat eman eta irakurlea haren antolaketara hurbiltzeko asmoa du.

Lehenik eta behin, adierazi behar dut lerro hauek idaztean oso zaila izan dela ordena jakin bat zehaztea azalpena ahalik eta errazena izan dadin; izan ere, Palestinako politika elkarren artean konektatuta dauden hainbat fakzioren sarea da.

Era berean, gertaera historikoak militante palestinarren pentsamendua moldatzen joan dira eta, beraz, halabeharrezko eraldaketan dagoen prozesu historiko bat da, eta gatazkaren amaiera urrun dago.

Aipatu bezala, artikulu honen helburua palestinarren erresistentziaren eta haren fakzioen egungo egoeraren analisi bat egitea da. Hori dela eta, irakurketa koherente bat egiteko, artikulua zertzelada historiko labur batzuekin hasiko dugu. Dena den, kontuan izan behar da 80 urte inguru daraman gatazka batez dihardugula, eta laburtasuna erlatiboa izango dela.

Geroago, gaur egungo erresistentzia palestinarraz, haien kulturaz eta antolakuntza-forma militanteaz hitz egingo dugu.

Halaber, azpimarratu nahi dut artikulu honen zati handi bat fakzio ezberdinen alde organizatiboei eskainiko zaiela, baita horiek Palestina inguruko estatuetan duten kokapenari ere. Libanoz jardungo dut batez ere, fakzio palestinarren eta Iranen arteko harreman estua ahalbidetzen duen heinean.

PALESTINARREN ERRESISTENTZIA MODERNOAREN HISTORIA

Palestinarren lehen fakzio modernoa, antolakuntza politiko modura ulertuta, Al-Fatah da, 1958an sortua. Hurrengoa, 1967ko Palestina Askatzeko Herri Frontea (aurrerantzean, PAHF). Bi horiek dira Palestina Askatzeko Erakundea (aurrerantzean, PAE) osatuko duten kide nagusiak. Lehenak, posizio nazionalistetatik jaioa eta arabiar sozialismotik gertukoak, posizio sozialdemokrata bat dauka; bigarrenak, aldiz, bloke sobietarretik eta marxismotik gertu dauden posizioak dauzka.

PAE Jordanian sortu zen 1967an. Fakzioen arteko koalizio baten moduan antolatu zen, zeintzuek Israelgo Estatuak okupatutako lurraldea berreskuratzea hartu baitzuten helburu nagusi. Batasun printzipio hori palestinar erresistentziaren gaitasun politiko-militarrak Israelgo Estatuarenarekin kuantitatiboki zein kualitatiboki berdintzeko modu bezala ulertzen zuten, eta fakzio gehienek bere egindako oinarrizko printzipioa izango zen. Ondorioz, erresistentziaren historian zehar ikusiko da ideologia kontraesankorreko fakzioak PAEren baitan batu eta jardun dutela, eta, gaur-gaurkoz, PAEk utzitako hutsunea betetzeko sortu diren beste antolakunde batzuetan.

Batasun printzipio hori palestinar erresistentziaren gaitasun politiko-militarrak Israelgo Estatuarenarekin kuantitatiboki zein kualitatiboki berdintzeko modu bezala ulertzen zuten, eta fakzio gehienek bere egindako oinarrizko printzipioa izango zen

Horren adibide bat jartze aldera, 1969an, sekzio maoistek eta PAHFren sekzio ezkertiarragoek Palestina Askatzeko Fronte Demokratikoa sortu zuten. Nolanahi ere, berehala batu ziren PAEra, eta PAHFrekin batera antolatu ziren bertan.

Nabarmendu beharra dago egungo erresistentzia palestinarrak zerikusi handia duela 1970ean Libanon kokatu izanarekin: talka egiten du kristau maronitekin eta haien fakzio militarrarekin, Falange Libanoarrarekin [2], zeinak Israel aliatu modura ikusten duten arerio politikoen aurka: Libanoko sekta musulmanak, musulman sunniak eta musulman xiiak.

Interes talka horren ondorioz, Libanoko Gerra Zibila piztu zen 1975ean. Israelek esku hartu zuen: Beirut setiatu eta bereganatu zuen eta Libanoko hiriburuko errefuxiatu-esparru palestinarrak hartu zituen, eta bertan bizi ziren palestinarrak sarraskitu.

Hori dela eta, PAEren zuzendaritza Tunisiara kanporatua izan zen 1982 eta 1985 bitartean, nahiz eta kontuan hartzeko moduko zati bat Libanon borrokatzen gelditu zen, gainerako erakunde musulmanekin batera. Denbora tarte horretan PAEren zuzendaritzaren aurkako matxinada bat egin zuten Siriagandik gertuago kokatzen ziren sektoreek, baina porrot egin zuen. 1985an Israelen beste erasoaldi batek behin betiko kanporatu zuen PAE osoa Libanoko lurretatik.

Aldiz, gerra zibilak 1990era arte iraun zuen; Israelek Libano hegoaldea okupatu zuen eta Siriak herrialdearen beste zati handi bat, eta, gerra bukatu ostean, PAEk berriro kokatu zuen bere operazio-zentroa Libanon. Gerraren bukaerak herrialdeko milizia guztien armagabetzea ekarri zuen.

Hala ere, Hezbollah izan zen armagabetze akordioan sartu ez zen bakarra, zeina Israelgo Estatua Libano hegoaldetik kanporatzeko helburuarekin 1985ean sortutako erakundea baita. Iranen babes osoarekin, musulman xiien interesak ordezkatuko zituen [3].

1988an PAEk, Al-Fatah-k gidaturik, Israelgo Estatua aitortu zuen inplizituki, eta “terrorismoaren” erabilerari uko egin zion bere helburu politikoak lortzeko. Osloko Itunerako baldintzak ezartzeko lehen pausoa izan zen hori.

Gauzak horrela, 1933an Estatu Palestinarraren sorkuntza ekarriko zuten akordio horiek sinatu ziren: (i) Palestinar Aginte Nazionalak (aurrerantzean, PAN) Gaza eta Zisjordania kontrolatuko zituen, hau da, 67ko mugak, Sei Eguneko Gerraren aurretiazkoak; (ii) PAEk ofizialki aintzatetsiko zuen Israelgo Estatua eta gainerako lurralde-zatiaren zilegitasuna aitortuko zion. Akordio hori irmoki arbuiatu zuten zenbait fakziok, horien artean PAHFek.

Gertakari horiek tarteko, PAE berriro ezarri zen PANen kontrolpean jarritako lurraldeetan. Azpimarratzekoa da momentu horretan palestinar errefuxiatu asko itzuli zirela Libanoko Estatuko errefuxiatu-esparruetara, palestinar militante askoren jatorria Osloko Akordioetan PANek ofizialki Israeli emandako lurretan baitzegoen.

Dena den, eta gatazkaren amaiera bazirudien ere, Israelgo Estatuak palestinar proletarioen aurkako genozidio sistematikoa gauzatzen jarraitu zuen: euren etxeetatik kanporatzen zituen kolonoak sar zitezen, eta militante palestinarren atxiloketak eta palestinarren aurkako eraso indiskriminatuak gauzatzen jarraitu zuen. Izan ere, Israelgo Estatuaren izateko arrazoia Mendebaldeak lurralde horretan dituen interes inperialistak inposatzea da, eta, ondorioz, interes horientzat mehatxua izan daitekeen edonor deuseztatzea.

Israelgo Estatuaren izateko arrazoia Mendebaldeak lurralde horretan dituen interes inperialistak inposatzea da

Kontrara, eta urte batzuk beranduago, Hezbollah-k 2000. urtera arte jarraitu zuen Libano hegoaldeko okupazioaren aurkako operazioekin. Azkenean, Israelek atzera egin zuen lurralde hori okupatuta mantentzeak zekarkion kostu politiko eta militar altuagatik.

Baina, 2006an egungo egoera ulertzeko ezinbestekoa den gertakari bat gertatu zen. Hezbollah-k, Israelgo armadarekin liskar batzuk izan ondoren, zenbait soldadu bahitu zituen, eta Israelek Libano hegoaldea berriro ere inbaditzea erabaki zuen. Israelen hegazkinek hondakin bihurtu zituzten Beiruteko aldiri xiiak, baina, lurrean, Libanoko erakundeak irabazi zuen, tankeen aurkako misilez baliatuz.

Gertakari horrek palestinar erresistentziako talde askoren pentsaera aldarazi zuen. Israelek ez zuen lortu Hezbollah indargabetzeko helburua, eta, gainera, gerra ulertzeko zuen modua kolokan jar zezakeen gerra-doktrina asimetriko bat topatu zuen parez pare [4].

Gatazka horretan zehar fakzio palestinarrak Hezbollah-ren banderapean borrokatzen zirela ulertu behar dugu; izan ere, aliantza militar bat osatzen zuten, aurretik aipatutako batasun printzipioan oinarritzen zena, hau da, aliantza oro zen ongi etorria palestinar fakzioentzat, baldin eta horren bidez etsaiaren gaitasunak berdindu bazitzakeen. Hala izanik, aliantza hori tarteko, palestinar erresistentziaren eta Iranen arteko loturak estutzen hasi ziren.

Gerra honetan, fakzioak Estatu Sionistaren anatomia politikoa ulertzen laguntzen dieten hainbat gauzataz konturatu ziren: (i) Israelgo herritarrak jada ez zeuden beren mugen barruan gatazka beliko bat edukitzera ohituta; (ii) israeldar ugarik bigarren etxebizitza bat zuen Mendebaldeko herrialderen batean, eta, gerra bat piztekotan, Israelgo Estatutik ihes egingo zuen; eta, (iii) israeldarrak prest zeuden bahituak eta, are, hildakoak, prezio altuan trukatzeko [5].

Garaipen hura ikusirik, Hamas (1985ean sortua) hegemonia lortzen joan zen Gazan 2006 eta 2007 bitartean, eta une hartan PANen, eta, ondorioz, Fatah-ren, esku zeuden instituzioen kontrola bereganatzeko gerra zibil bat hasteko gai ikusi zuen bere burua. Azkenean, bere helburuak lortu zituen; instituzioak bereganatu zituen eta Israelgo Estatuari laguntzen zioten elementuak purgatu zituen, eta fakzio hartako zuzendaritza osoa berritu.

Gertakari historiko horiei jarraikiz, 2011ra joan behar dugu. Udaberri Arabiarra Siriako Gerra Zibilarekin batera bukatu zen [6], eta, bertan, palestinarrek zein alde babestu eztabaidatu zuten: ea Bashar Al Assad babestu behar ote zuten, Siriako presidente eta Iranekiko gertukoa, edo besteak beste Al Qaeda fakzio islamista erradikaletatik gertuko erreboltariak.

Libanoko Gerra Zibila eta 33 Eguneko Gerra direla eta, fakzio palestinarrak Hezbollah-tik eta Iranen interesetatik gertu kokatu ziren. Hala, fakzio gehienak Damaskoko gobernuaren eta Bashar Al Assad Iranen aliatuaren alde jarri ziren berehala, Hamas izan ezik.

Arrazoi nagusia momentu hartan Al Qaedaren ideologiarekiko zuten gertutasuna izan zen, eta horregatik jarri ziren erreboltarien alde. Hori ikusirik, Iranek eta Hezbollah-k esku hartu zuten, eta erreboltariekin harremanak etetera behartu zuten Hamas. Hala, 2012aren ondoren, fakzio palestinar guztiak ikusi ditugu Estatu Islamikoaren eta erreboltarien aurka borrokatzen, batez ere gatazkaren lehen urteetan eta Libanoko mugatik gertu dauden herrietan. Ordainean, Hezbollah eta Iranen laguntza etengabea izan da. Bien bitartean, Hamasek gero eta posizio moderatuagoak hartu ditu islamari dagokionez.

FAKZIO PALESTINARRAK

Testuinguru historikoa ikusirik, uste dut garrantzitsua dela egungo fakzio palestinarren artean nagusitzen diren ideologiak aztertzen hastea.

Batetik, islametik gertuago kokatzen diren fakzioak daude, Palestinako Jihad Islamikoa (aurrerantzean, PJI), Brigada Muyahidinak eta Hamas, aipatu bezala: posizio nabarmen moderatuagoak dituzte, beste erlijio batzuekin bizikidetza eta 67ko mugak onartzen baitituzte, Israelgo Estatua bitartekari moduan aitortzen baitute, eta ez baitute lege islamikoa inposatzen, besteak beste.

Beste alde batetik, ideologia palestinar nazionalistak daude, ezkerrekoak zein eskuinekoak. Horien artean Fatah eta PAFD; herrialde palestinar laiko bat defendatzen dute, Fatahk 67ko mugen barruan, eta PAFDk, aldiz, itsasotik ibairainoko Estatu Palestinar baten sorrera galdegiten du, hau da, Nakba aurreko lurraldea.

Azkenik, PAHF dago, gatazkaren ikuspegi panarabiarra duena [7]; hau da, Palestinaren gatazka nazioarteko arazo moduan ulertzen dute, eta lotu egiten dituzte Palestinaren auzia eta Israelekin kolaboratzen duten burgesiek eta gobernuek zapaltzen dituzten milioika arabiarrek dituzten arazoak. Hortaz, ulertzen dute Palestinaren auzia konpontzeko beharrezkoa dela burgesia arabiarrak garaitzea, haien etsaiarekin kolaboratzen eta hura elikatzen baitute.

Auzi organizatiboari dagokionez, fakzio bakoitza antolatzen den lurraldearen araberakoa da. Hau da, guztiak daude antolatuta PANi 1993an emandako mugen barruan zein Libanoko errefuxiatu-esparruetan, baina haien pentsatzeko era desberdina da kokatzen diren lekuaren arabera.

Horretan sartu aurretik, aipatu nahi nuke fakzio guztiek dutela beren egitura edo adar militarra, hau da, guztiek ulertzen dute gerra modu politiko batean: “egiazko tresna politiko bat harreman politikoen luzapen bat eta harreman horien kudeaketa, beste bitarteko batzuekin egiten dena” [8]. Are gehiago, badaude adar militarra baino ez duten fakzioak, beste fakzio batzuen adar politikoek betetzen dutelako leku hori.

Horren harira, eta segurtasun arrazoiengatik, hainbat fakziotan baina bereziki Hamasen, adar politikoak eta militarrak organikoki bereizitako egitura izaten dute, hau da, bi aldeen arteko kontaktua minimoa da. Horrek lider militarrei babes handiagoa eman die, baina erakundearen benetako kontrolagatiko gatazka ere ekarri du.

Aurreko guztiari gehitu behar zaio politika palestinarrean heriotza eta terrorea balio eta eragin kultural handiko bi erreminta direla, biak ala biak elkarri lotuak. Hilerriek toki zentrala hartzen dute errefuxiatu-esparruetan eta leku guztietan daude ehunka martiriren argazkiak. Hala, Israelgo Estatuaren aurkako borrokako martirioa tresna politiko bilakatzen dute, borrokatu ala ez berdin-berdin akabatuko dituen munstroaren aurka borrokatzera bultzatzeko hurrengo belaunaldiak.

Zentzu horretan, borrokalari palestinarren militantzian premisa da borroka azken muturreraino eramatea, azken ondorioraino: arerioa garaitu ala hil.

Horrekin lotuta, garrantzitsua da aipatzea 2006ko Libanoko Gerran ikusi bezala, terrorea arma politiko bat dela, azaldutakoarekin lotura estua duena. Izan ere, palestinarrek ez bezala, israeldar askok Mendebaldeko Estatuetan dute beren lehen edo bigarren etxebizitza, eta, ondorioz, terrorea haiek kanporatzeko, Estatu Sionistaren barne-politika ezegonkortzeko eta Israelgo Gobernua egoera baretzera edo tentsionatzera bultzatzeko modu bat da, azken horrek sortzen duen gaitzespen internazionala kontuan izanik.

Terrorearen eta martirioaren baturak, ondorio moduan, politikoki edozein arma erabiltzea dakar. Militante palestinar batentzat balio bera dute misil-jaurtigailu batekin tanke israeldar bati tiro egiteak eta hirietan biztanle israeldarrei tiro egiteak, kafetegi batean immolatzeak, kontrol bat ikustean martxarik luzeena sartu eta azeleratzeak zein sukaldeko aizto batekin israeldar polizia baten jugularrera salto egiteak. Horiek guztiak ekintza politikoak dira, aurreko paragrafoan azaldutako helburu politikoak aintzat izanik.

Azkenik, eta garrantzitsua iruditzen zait hau esatea, gatazka dela-eta oso gazte hasten dira fakzioetako kideak politikan eta esparru militarrean, eta, ondorioz, militanteak ez dira fakzio batera edo bestera arrazoi ideologikoengatik batzen, familiako fakzioa bere egiten dutelako baino.

LIBANO: HEZBOLLAH ETA FAKZIO PALESTINARRAK

Azaldu bezala, fakzio palestinarren antolaketa jarduten duten lurralde eremuaren araberakoa da. Hala izanik, Libano aztertzen hasiko gara.

Beiruteko aldiriak eta herrialdeko hegoalde eta ekialdea Hezbollah-k eta Amalek kontrolatzen dituzte [9]. Horrek fakzio palestinarrek eta Irango eta Siriako Gobernuekin harreman estua izatea ahalbidetzen die, eta azken horiek palestinar fakzioei laguntzen diete, medikuak, armak eta finantziazioa emanez.

Bi fronte xii horiek eta fakzio palestinarrak gune geografikoka antolatzen dira, eta, hala, errefuxiatu-esparruetako auzoak fakzio batek edo bestek kontrolatzen dituzte. Horren arrazoi nagusia da, aurretik esan bezala, afiliazio politikoa familiatik etortzen zaiela, eta, hortaz, fakzioak elkarren ondoan bizi diren familia handien arteko batasun modura osatzen direla. Ondorioz, fakzioek taktikoki auzo jakin baten kontrola eskuratzen dute, egoitza bertan ezarriz, eta eskolak, meskitak, gimnasioak eta ospitaleak eraikitzen dituzte auzo hartan, fakzio bakoitzarekin lotura duten herrialdeen finantzazioa baliatuz. Esate baterako, Hamasengandik gertuko auzoetan Qatarrek eta Turkiak finantzatzen dituzte eraikuntzak.

Hala eta guztiz ere, azpimarragarria da kanpamenduetako erabakiak asanblada bidez hartzen dituztela, non bertan ordezkaritza politikoa duten fakzio guztiek parte hartzen duten.

Nabarmentzekoa da Libanoko eta Israelgo palestinarrek ez dutela lan egiteko eskubiderik. Hori dela eta, haietako asko, baita militanteak ere, GKEetan eta NBEn lan egitera behartuak daude; hala, eskuragarri dituzte haien finantziazioa eta proiektuak. Ondorioz, ez da arraroa Israelek horiek kolpatzea helburutzat hartzea.

Artikulu honen xedea ez bada ere, uste dut garrantzitsua dela aipatzea Hezbollah-k hainbat masa-antolakunde sortu dituela kapa proletario zabaletara heltzeko helburuz. Horretarako, ongintzazko erakundeak, umezurztegiak, eskolak, ospitaleak eta abar sortu eta eraiki ditu [10]. Horrenbestez, masa musulmanetako, palestinarretako eta kristau katolikoetako sektore proletarizatu handien babesa irabazten joan da; are gehiago, Libanoko Alderdi Komunistak berak ere modu aktiboan egiten du lan Hezbollah-ren inguruan [11].

Zentzu horretan, Palestina oso lurralde garrantzitsua da, ez soilik arabiarren gogoan, baizik eta bi potentzien artean kokatutako lurralde-gatazka baten erdian dagoelako: Israel eta Iranen artean. Hori horrela, azken hamarkadan eta, batez ere, Siria eta Yemengo gerren ondoren, Iranen aldeko posizioak zilegitasuna eta jarraitzaileak irabazi ditu hainbat tokitan, batez ere Iraken, Yemenen, Sirian eta Libanon, hain justu, Ekialde Hurbilaren kontrola bereganatzeko Iranek daraman posizio-borrokarako aliatu nagusietan.

Iranentzat Palestina, kulturalki duen esanguraz gain, Estatu Sionistaren eta hark ordezkatzen duen Mendebaldeko inperialismoaren zilegitasun politikoa kolokan jar dezakeen herrialde bat da; izan ere, Israelek Ekialde Hurbilean abantailazko egoera ematen baitio azken horri.

Ondorioz, Iranek ezin du onartu palestinarrak beren asmo politikoetan garaituak izatea; izan ere, horrek ekarriko luke Israelek bere hurrengo mugimenduak Hezbollah-ren, Siriaren, aurka bideratzea (jada bonbardatu egiten duen arren), edo Iran babesten duten fakzio irakiarren aurkako eraso batera. Hala, Israelek liskarrak hasiko lituzke Palestinatik haratago, Iranek superpotentzia bat izateko dituen aukerak murrizteko.

Hori dela eta, erresistentzia palestinarra Israelen bihotz politiko eta militarra erasotzeko aliatu bat da Iranentzat. Bere buruarentzat ondorio nahiko arinak ditu, eta, aldiz, Israelentzat erdiko mailako edo maila altuko gatazka armatu bat izatea kolpe handia da bere barnean zein nazioartean duen zilegitasun eta egonkortasunarentzat. 

Beraz, nazioarteko indar batek biztanleria palestinarra lekualdatzeko edo Gazaren gaineko kontrola hartzeko aukera sortuko balitz, Iranek karta politiko garrantzitsu bat galduko luke. Badaki, eta ez dago hura galtzeko prest. Hortaz, hori gertatuz gero, baliteke Iranen aldeko herrialdeek gerra gehiago egitea inguru horretako interes inperialisten aurka, eta Libano hegoaldean erabateko gerra piztea, non mugak irekitzea nahikoa izango litzatekeen palestinarren fakzioak Israelgo Estatuaren iparraldeko hirietara borrokara sartzeko.

ZISJORDANIA

Zisjordanian, Israelek, egindako ekintzen bidez, kontrolpean hartu ditu hainbat herri, eta, ondorioz, palestinarrek kanpamenduetan errefuxiatu behar izan dute. Berez erabat PANen kontrolpean dagoen lurraldea bada ere, hark ez du ezer egin egoera gelditzeko. Ondorioz, milaka palestinar bizi dira Jeningo eta Balatako kanpamenduetan, besteren artean.

Aipatu behar dugu PANeko burokraten esku dauden instituzioak batez ere Saudi Arabiak eta Israelek finantzatzen dituztela (Osloko Akordioak onartzean ezarri zen finantzaketa hori), eta burgesia txikiak harreman komertzialak dituela Israelekin; hala, status quo-aren onuradun den eta eroso bizi den kapa sozial bat sortzen da. Erdi-mailako klase hori egoeraz jabetzen den eta bere posizioa mantentzeko lan egiten duen kapa sozial bat da, eta PAN baliatzen du ordenaren alderdi gisa.

Erdi-mailako klase hori egoeraz jabetzen den eta bere posizioa mantentzeko lan egiten duen kapa sozial bat da, eta PAN baliatzen du ordenaren alderdi gisa

Hala izanik, Fatah-k, PAE kontrolatzen duen fakzio nagusiak, aldebakartasunez eten ditu gainerako fakzioentzat adostuta zituen finantziazio bideak. Bitartean, PAN eta bere burokrazia lanean aritu dira, modu batean edo bestean, ahots diskordanteak azpiratzeko; horren adibide, PAHFren lider politikoa Israeli entregatu izana 2004an [12].

Horren guztiaren aurrean, azken urteetan fakzio disidente berriak sortu dira, Hamasekin lotura ideologiko eta organizatibo oso estuak dituztenak, horien artean Lions Deen. Hamasek, bere aparatuak erabili ordez, fakzio berri horiek baliatzen ditu bere helburuak lortzeko.

Are gehiago, fakzio horiek ez dute adar politikorik, haien posizionamendu politikoaren berri Hamaseko eta PJIko bozeramaileek ematen baitute. Fakziook arbasoen fakzioekin lotzen zituzten harreman historiko eta familiarrak hausteko gai izan dira, eta tentsionatze estrategia batean kokatu dira, bai PANen indarrekiko eta baita Israelekiko Balatako eta Jeningo kanpamenduetan. Hala, PAN ez da talde disidente berriak kontrolatzeko gai izan Balatan eta Jeninen, eta horrek Israelgo armada haien partez esku hartzera behartu du [13].

Aitzitik, azaroko azken astean Zisjordanian gertatutako presoen askapenak irudi zaila utzi du PANen interesentzat, ehunka palestinarrak Hamas Israelgo Estatuaren aurrean garaipenak lortzeko eta euren senitartekoak kartzelatik ateratzeko gai den alderdi gisara ikusten hasi baitira.

Hortaz, Hamasen hegemonia geroz eta handiagoa da palestinarren artean, orain baita Zisjordanian ere. Ondorioz, ezin gaitu harritu etorkizunean Hamasen gertuko fakzioek, Lions Deenek kasu, 2006an bezala, Fatah-k Zisjordanian duen kontrola bukatzeko borrokak hasten badituzte, eta, modu horretan, kuantitatiboki eta kualitatiboki ofentsiba handiagoak gauzatzeko gaitasunak irabazi.

GAZA

Bien artean, Gazan fakzio nagusia Hamas da, eta, Hezbollah-k bezala, aurretik esan moduan, gai da gainerako fakzioak bere inguruan batu eta pentsamendu palestinarra gidatzen duen batasun printzipioaren ardatza izateko. Hamasek darama ekintza politiko eta militarrak egiteko gidaritza nagusia, eta, nahiz eta gainerako fakzioek (PAHF, Fatah, PJI, PAFD…) hitza eta botoa duten Gazatik hartzen diren erabaki militarrak (ez instituzionalak, hori Hamasek bakarrik egiten du) gidatzen dituen baterako ekintzen ganberan, fakzio hori babesten dute.

Zentzu horretan, eta Libanoko mapa laburrarekin ikusi dugun bezala, fakzioen arteko batasunaren bidez etsaiaren gaitasunak berdintzeko pentsamendu kolektibo palestinarrak eta Fatah-k eta haren antolakunde txotxongiloek (PAN eta PAE) posizio kolaboratzaileak eta normalizatzaileak hartu izanak Estatu Sionistarekiko, palestinar fakzioetan umezurztasun politikoko sentimendu bat sortu du 2000 eta 2010 artean, haien itsasargi politiko historikoa posizio kolaborazionista eta erreakzionarioetarantz biratzen ikusi baitute.

Nolanahi ere, horrek gertakari politikoen lerroan PAEk utzitako hutsunea beste aktore batzuek bete izana ekarri du. Israel kanporatu eta 33 Eguneko Gerraren ondoren, ikusi dugunez, posizio hori Hezbollah-k hartu du Libanon, fakzio guztien arteko lotura lanak egiten dituenak; Gazan, aldiz, Hamasek bete du batasuna antolatzeko posizio hori, eta PJIk ere bai neurri txikiagoan.

Ondorioz, ez ninduke harrituko gaur egun Gazan borrokatzen diren Hamasen indar asko beste fakzio batzuetako militanteek osatzea. Libano hegoaldeko borroketan jarduten duten palestinarrek, aldiz, Hezbollah-ko uniformeak jantzirik borrokatzen dira.

Baina, Gazaz eta Hamasez hitz egiten jarraitzeko, uste dut interesgarria dela lurralde palestinarretik kanpo kokatzen den Hamasen erakunde politikoaren eta erakunde militarraren arteko ezberdintasunen analisi bat egitea, 2023 bukaeran gertatutako borroken ondorengo gertakariak ulertzeko gakoa izango baita.

Gaur egun esan dezakegu Hamasen adar militarraren eta politikoaren arteko bereizketak bien arteko norgehiagoka isila ekarri duela, zeina oso esanguratsua den palestinar politika ulertzeko.

Ismail Haniyek ordezkatutako adar politikoa Qatarren babespean dago (herrialdean hedatutako tropa estatubatuar ugari eta Estatu Batuen eta arabiar monarkien babesa du), eta, hortaz, Israelekiko status quo-a mantentzearen aldeko posizioa dauka, eta borroka instituzionala lehenesten du militarraren aurrean. Adar militarra, aldiz, Iranen eta Hezbollah-ren babespean eta Yahya Sinwarrek ordezkatua, harremanen normalizazioaren aurka posizionatu da, eta ofentsiba-posizio batean kokatu da, Israelengandik palestinarren bizi baldintzak hobetuko dituzten kontzesio politikoak lortzeko helburuarekin.

Ismail Haniyek ordezkatutako adar politikoa Qatarren babespean dago, eta, hortaz, Israelekiko status quo-a mantentzearen aldeko posizioa dauka, eta borroka instituzionala lehenesten du militarraren aurrean. Adar militarra, aldiz, Iranen eta Hezbollah-ren babespean eta Yahya Sinwarrek ordezkatua, harremanen normalizazioaren aurka posizionatu da

Horrela, bada, xake politiko bat dago adar politikoaren (era batera edo bestera ordezkatzen ditu gutxi-asko Israelekiko harremanen normalizazioarekin bat datozen estatu eta burgesia arabiarren interesak) eta masa militarraren artean (Israelen aurkako ofentsiba betean dago, masa palestinarren artean posizioak eta hegemonia irabaztea eragingo dioten bermeak lortzeko), zeina nabarmena baita bi aldeen arteko liskarretan.

Urriaren 7tik, Hamasen adar politikoak Qatarrekin batera bahituen trukaketak negoziatzen eta egoera baretzen jardun du, eta, era berean, adar militarrak egindako ekintza ofentsiboak kritikatu eta arbuiatu ditu, lurraldeko tentsioa baretu nahian status quo-a mantentzeko eta PANek zilegitasuna galtzen duenean bere lekua har dezakeen alderdi baten itxura emateko.

2023ko azaroaren 24ko bahituen trukea testuinguru horretan kokatzen da: Egiptok Israelen ordezkari gisa negoziatutako bakeak –Qatar bitartekari moduan eta Hamasen adar politikoa erresistentzia palestinarraren ordezkari gisa–, atxilotuen trukaketa ekarri du, 2006an egindako trukaketen antzeko prezioan. Dena den, aipatu behar da piztia sionistak askatutako atxilotu guztiak Zisjordaniako palestinarrak izan direla eta PANek atxilotu jakinen askapenari betoa jartzeko aukera izan duela. Hortaz, adar militarrak, Gazan nagusitzen denak, ez du haren gertukorik askatzen ikusi. Horrek erakusten digu interes kontrajarriak daudela, eta adar politikoa PANen instituzioak hartzen saiatzen ari dela, haren erdi-mailako klasea alboratzeko eta bere erdi-mailako klaseari emateko boterea.

ERREFERENTZIAK

[1] Palestinarrentzat giltza Nakban galdutako etxeen eta beren lur gaur-gaurkoz okupatuetara itzultzeko eskubidearen ikurra da

[2] Espainiako Falangetik datorkio izena, Espainiako Gerra Zibilagatik eta bando faxistaren mantra erlijiosoagatik.

[3] Traboulsi, F. (2007). A History of Modern Lebanon. Pluto Press. 

[4] “Gerra bat, non bi arerioen arteko diferentzia kualitatibo eta kuantitatiboa sekulakoa den”. Taber, R. (1973) La Guerra de la Pulga. Ediciones Era.

[5] Perry, M. & Crooke, A. (2006). Crooke How Hezbollah Defeated Israel. Asia Times.

[6] 2010 eta 2012 bitartean Ekialde Ertainean eta Afrika Iparraldean jazotako Protestak.

[7] Honela definitzen du panarabismoa: “espazio geografiko bat, definizio-elementu nagusi duena arabiar hizkuntza nagusi izatea”. Yassin (2022). La evolución del Panarabismo Descifrando la Guerra. Hemen kontsultatua: https://www.descifrandolaguerra.es/la-evolucion-del-panarabismo/ 

[8] Clausewitz, C.V. (2015). De la guerra. Ediciones Obelisco. 

[9] Siriako Estatuarekin lotuta dagoen fronte xiita; Hezbollah haren eszisio bat da. Ochoa, N. (2023) ¿Qué es Hezbolá?. El Orden Mundial. Hemen kontsultatua: https://elordenmundial.com/que-es-hezbola/. Frente Chiita relacionado con el Estado Sirio, Hezbollah es una escisión del mismo.

[10] Love, J.B. (2010). Hezbollah: Social Services as a Source of Power. JSOU Report 10-5.

[11] Docena, H. (2006). Amid the bombs, unity is forged. Asia Times.

[12] Israel apresa a los líderes del FPLP en un asalto a la prisión palestina de Jericó. El Confidencial. https://www.elconfidencial.com/mundo/2006-03-14/israel-apresa-a-los-lideres-del-fplp-en-un-asalto-a-la-prision-palestina-de-jerico_609278/

[13] Israel lanza en Yenín una operación inédita en casi dos décadas, con bombardeos aéreos y el despliegue de cientos de soldados. El País. https://elpais.com/internacional/2023-07-03/israel-lanza-en-yenin-una-operacion-inedita-en-casi-dos-decadas-con-ataques-aereos-y-cientos-de-soldados.html

EZ DAGO IRUZKINIK