Nonbait baztertuta zeuden eztabaidak berpizten ari dira Euskal Herrian, eta auzitan jartzen ari dira gaztetxeen, okupazioaren edota espazioen jabetze eta defentsaren nolakotasuna. Eztabaida horiei elementuak eskaini asmoz gaztetxeen fenomenoak izan duen ibilbidearen errepaso bat egingo da hemen, bereziki alderdi bat eramanez erdigunera: gaztetxeen artean izan diren koordinazio eta instituzionalizazio saiakerak.
XX. mende erdialdean egiturazko aldaketa nabariak bizitzen hasi ziren Europan eta AEBetan; ekonomikoak, estatuen konfigurazioari dagozkionak nahiz kulturalak. 1960ko hamarkadan langile mugimenduaren birmoldatze bat eragingo zuen belaunaldi gazte bat sortu zen, eta aldaketak proposatu zituzten mobilizazio ereduetan, aldarrikapenetan, antolakuntza-subjektuetan eta parte hartze politikorako ereduetan. Esperientzia horietan bilatu behar ditugu hurrengo hamarkadan zabalduko den espazioen jabetze, kudeaketa eta kontrol ereduaren aurrekariak, gaurko egunera arte heldu den okupazio eredu ustez politikoa[1].
1960ko hamarkada luzean zehar izan ziren okupazio eredu berria aurreitxuratu zuten lehen esperientziak. Sorburu nagusia non kokatzen den zehaztea ezinezkoa den arren, 1968. urteak esperientzia horiek Europa erdialdeko herrialdeetan zabaltzen lagundu zuela esan daiteke. Dena den, eredu horren sorrera, garapen eta zabalpen definitiboa 1970eko hamarkadan eman zen, bereziki, bigarren erdialdean. 1970eko hamarkadan askatu zen krisi ekonomikoa ez zen nolanahikoa izan, eta ondorio politiko nabariak ere eragin zituen, gutxienez, Europako langile mugimenduan. Mendebaldeko langile mugimenduaren gehiengoa soldatari lotutako borroketan murgildurik zegoela, krisi testuinguruak horrekin apurtzea zekarten esperientziak sorrarazi zituen, gaitasun mobilizatzaile esanguratsuarekin zenbait kasutan. 68ko errebolta kulturaletako proposamenek eragin nabaria izan zuten, eta okupazio eredua aldaketa horien agerkari paradigmatikoa da. 1968ko biharamunak sortuko zituen Alemanian, Holandan edota Frantzian Squatter proiektu ezberdinak, baita Italiako okupazio esperientziak ere, tartean, Centri Sociali-ak direlakoak, gaurko zentro sozial autogestionatuen inspirazio iturri argiak.
Espazioen okupaziorako proposamen berri horiek nolabaiteko errebeldia forma berriak sortu zituzten. Iraultzaren eta exodoaren arteko zerbait ziren, baina bietako bat ere ez zinez; gizartearen barruko mikro-gizarte utopistak sortzea, baina ez eredu hori gizarte osora zabaltzea. Anarkismo berri baten eta situazionismoaren arteko filosofiak ziren okupazio eredu berria sortu eta «okupa» horien jarduna zehazten zutenak, baina zaila da batasun ideologiko zehatz bat definitzea proiektu horiei dagokienez. Are gehiago, okupazio eredu horren ezaugarrietako bat da estrategia politiko iraultzailearekiko bereizita gertatzen dela, eta beraz, egitura politiko eta klase interes kontrajarrien disputarako plaza bilakatzen dela espazio «liberatua». Dena den, esperientzia horiek partekatzen dituzte identifikaziorako zenbait elementu, hala nola, identitate zeinu bilakaturiko asanblearismoa, autonomia eta autogestioaren kontzeptu esklusibista, arte eta estetika bat, jaiaren bidezko praktika politikoaren «desakralizazioa», edota informazio fluxu alternatiboak (kontrainformazioa).
Okupazioaren fenomenoa aipatzean, edo are «okupazio mugimenduaz» berba egitean, ez gara ari desjabetzearen fenomenologia osoaz hitz egiten, baizik eta horren tipologia zehatz batez, 60ko hamarkadan sortzen hasia eta hurrengo hamarkadetan garatutakoa
1980ko HAMARKADA EDO LEHEN BILAKAERAREN HAMARKADA (1980-1992)
Euskal Herrira ezberdin eta atzeratuta heldu zen mugimendu berri horien olatua. Trantsizioan zehar Espainiako Estatuko ekoizpen-sistema marko europar batean guztiz integratzeko eta irabazien hazkunde iraunkorra berreskuratzeko beharrezko eta behin betiko berregituraketa ekonomiko eta politikoak gauzatu ondoren agertu ziren, 1980ko hamarkadan, okupazio eta autogestioaren lehen praktika horrekin bat zetozen proiektuak (squatterrak). Urte askoren ondoren modu publikoan eta aldarrikatuan egindako lehen okupaziok izan ziren.
Euskal Herriko lehen «okupek» squatter ingelesak, provoak, kabouterak, krakerak, Italiako Centri Socialiak, yipieak, eta garaiko antzeko esperientziak hartu zituzten eredu bezala, baina badago berezitasun bat gaztetxeei dagokienez. Herrialde askotan etxebizitzari lotutako beharretik abiatu ziren, gerora, helburu sozial eta politiko jakinei erantzungo zieten proiektuak (zentro sozialak, okupazio eredu horren arketipoak). Euskal Herrian, ordea, baby boomeko lehen belaunaldien gaztaroa, gazteen langabezia tasa ikaragarria, lurraldearen eta espazioen birkatalogazio orokortua, belaunaldi arteko haustura kulturala, aisialdi ez instituzionalizaturako aukera falta, okupazioaren izaera berantiarra, eta beste horrenbeste faktore tarteko, gaztetasunean ardaztutako (gainontzekoetan baino modu agerikoagoan) eta, batez ere, aisialdiaren bidez kanalizatutako mugimendu bat sortzea ekarri zuen: gaztetxeena. «Euskadin dagoen Squat mugimendua jarduera edo zerbitzu publikoetako zentroetarako okupazioa da. Etxebizitza gisa okupatutako etxeak ere badaude, baina okupatzaileek ez dute beren kasuaren berri eman nahi, eta, beraz, indargabetu egiten da balizko aldarrikapen-izaera»[2].
1970eko hamarkada bukaeratik baziren aisialdia autogestionatzeko espazio batzuk, baina jatorrizko izendapena badirudi 1983koa dela. Urte horretan okupatu zuten Donostiako Gazteen Etxea, izenaz gain, espazioa eskuratzeko prozeduragatik, kudeaketagatik eta erabileragatik esperientzia pilotua izan zena. Besteak beste, hogei bat gazte talde, musika talde punky eta heavyak, antzerki taldeak, talde ekologista eta sexu askapenaren aldekoak, nahiz hainbat antolakunde politiko biltzen zituen batzorde bat sortu zen okupaziorako. Ohiko bihurtuko zen prozedura horrek gaztetxeen beraien jarduna ere goitik behera baldintzatzen zuen.
Adierazpen ezberdinak zituen amalgama kultural berri baten sorrera ekarri zuten krisi ekonomikoak, bazterkeriak eta heroina bezalako drogen kontsumo masiboak, ZEN planak eta kriminalizazioak nahiz Europatik zetozen hedonismo akrata eta probokazioaren ideologia berriek. DIY lemak, No future ideiek, eta anti, post eta neo aurrizkien orokortzeak norbanakoaren askapen inmediatistan oinarritutako kultura post-autonomoa sortu zuten, fanzineen, gaztetxeen eta gazte asanbladen, irrati libreen eta Euskal Rock erradikalaren bidez hedatua. Agerkari horiek, beraz, elkarrekintzan ulertu behar dira ezinbestean. Lehen hamarkada honetan behintzat, ideologia punkyaren gidaritzapean sortutako zirkulu musikalen, identitate eta azpikultura ezberdinen eta horien erlazio-sareen menpe zeuden gaztetxeak, besteak beste. Eferbeszentzia kultural eta artistiko baten testuingurua da, zeinetan ezinbesteko elementuak ziren azpikultura punkya eta tribu ezberdinen presentzia, dadaismoaren ondorengotzatik sortutako adierazpen artistiko ezberdinak eta musika, gaztetxeak Indiani Metropolitani zirelakoen euskal bertsio bilakatuz.
Lehen gaztetxeen olatua ez zen txikia izan, batez ere kanal informatibo informalez osaturik zegoela pentsatzen badugu. Hamabost bat herri izan ziren hasiera batean gazteentzako lokalak eskatzen edo okupatzen hasi zirenak, eta nahiko jarraian autoizendatu ziren mugimendu propio gisan. 1984an sortu zen lehen koordinazio eta instituzionalizazio saiakera formala: Gipuzkoako Gazteen Eguna. Azkoitia, Zumaia, Lasarte, Oñati, Legazpi, Orereta, Donostia, Antzuola, Zestoa, Urretxu-Zumarraga, Beasain, Durango eta Ermuako asanbladak batu ziren, eta ekimen ludikoak eta jaia presente izanda, gaztetxeen ezaugarri komun batzuk adostu zituzten; hala nola, asanblearismoa, gazteria guztiari irekitako espazioak izatea, lokalak lortzeko helburuei erantzutea eta baldintzarik gabeko jardun propioetarako dirulaguntzak lortzea. Asanblada guztien arteko koordinazioa ere aldarrikatu zen.
Gaztetxeak sorreratik bertatik hasi ziren jarduerak eta ikuspegiak partekatzen aipatutako bide ezberdinen bitartez, eta 1984 eta 1986 artean izan ziren jada koordinaziorako aurreneko dinamika irekiak. Gaztetxeen identitatearen zehaztapenean esanguratsuak izan ziren 1986an Orion egin zituzten Euskadiko Gazte Asanbladen I. Jardunaldiak. Gaztetxeen existentziaren zergatia, estatutu batzuen zehaztapena, langabezia, errepresioa eta Squat mugimenduaren gaineko zenbait hausnarketa landu zituzten, besteak beste. Horrez gain, erasoen aurrean protokolo lauso batzuk zehaztu eta okupazio berrien informazioa eman zen, eta gaztetxeak indartzeko eta zabaltzeko koordinadora baten sorrera ere izan zuten hizpide. Lehen Gazte Asanbladen Koordinadora formalak paper garrantzitsua bete zuen gaztetxe berrien irekieran.
Gaztetxeak sorreratik bertatik hasi ziren jarduerak eta ikuspegiak partekatzen aipatutako bide ezberdinen bitartez, eta 1984 eta 1986 artean izan ziren jada koordinaziorako aurreneko dinamika irekiak
Koordinadora horretan parte hartzen zuten eta koordinadorak bultzatzen zituen gaztetxeak eredu batekoak ziren, batez ere: autonomia difusoa zelakoaren eraginak zituztenak. Gazteriaren ezkerreko mugimenduetan zeuden gatazkak presente zeuden gaztetxeetan ere, eta sortutako mugimendu kontrakultural guztiarekin batera, gaztetxeak eta gazte asanbladak heureganatzeari eta horiek baliatzeari lotutako gatazka ideologikoak etengabeak ziren agente ezberdinen artean. Gazteriak[3] aldizkariaren arabera, 1988an 50 gaztetxe eta gazte asanblada inguru zeuden, baina guztien arteko koordinazio praktikorik gabe. Aldizkari horretako elkarrizketa batean hiru gaztetxe mota bereizten dira: egote hutsari garrantzia ematen ziotenak, ekimen kulturalak erdian jartzen zituztenak, eta gaztetxe politikoagoak. Azken horiek izan ohi ziren egituratuenak, eta kolektibo eta jarduera kultural ugari barne hartzen zituzten. Historian zehar gaztetxeen ezaugarria izan da uneko eragile politiko edo despolitizatzaileen indarraren arabera osatu izan direla bere izaera, jarduna eta beste gaztetxe eta eragileekin daukaten harremana. Ikus ditzagun, beraz, 80ko hamarkadan gaztetxeetan eta modu sektorialean antolatzen ziren eta beste borroka-ekimenetan zeuden korronte ideologiko nagusien jarrerak.
Gaztetxeen ezaugarria izan da uneko eragile politiko edo despolitizatzaileen indarraren arabera osatu izan direla bere izaera, jarduna eta beste gaztetxe eta eragileekin daukaten harremana
Batetik Jarrai zegoen, garaiko gazte antolakundeetan indartsuena. Gaztetxeen lehen fasean taktika ezberdinak baliatu zituen lekuan leku, tartean, erregelamentazioaren aldeko posizioak, gaztetxeetako jarduna kontrolatzen saiatzea, proiektutik alde egitea edota prestigioa kentzeko saiakerak. Gaztetxeen gaineko proiektu finkorik ez zeukan Jarraik, baina badirudi Estatuaren partetik zegoen gazteriarentzako aisialdi eta kultur eskaintza urriaren osagarri funtzioak esleitzen zizkiela, batez ere.
Ezker sektoreko beste talde batzuek ere bazuten zuzenean gaztetxeetan eragiteko gaitasuna. 1970eko hamarkadako indarrarekin alderatuta ahulago bazeuden ere, 80ko hamarkadan baziren oraindik, adibidez, troskismoarekin edo maoismoarekin identifikatzen ziren hainbat talde estra-parlamentario. EMK-k adibidez, hainbat saiakera egin zituen gaztetxeetako gazteria ihardeslea indartzeko edota horretaz baliatzeko. Zer Xabilau?, 1983an EMK-ren ekimenez Oñatin sortu zen udal hautagaitza (zeinaren programan Oñatiko Gaztetxe aitzindariaren aldeko aldarrikapenak egiten ziren), edota 1987an Donostian sortu zen Zirika gazte plataforma, okupazioaren praktika hauteskundeetarako baliatzeko saiakerak izan ziren, baina hauteskunde helburuez gain, gaztetxeetan ohikoa zen talde horietako kideen jarduna ere.
Bestetik, bazegoen autonomia-ostekoak edota libertarioak ziren kolektibo ezberdinen nahaste bat, gaztetxeei izaera politiko propio bat esleitzen saiatzen zirenak[4]: Zirikatu taldea, Kenka, Patxa, Resiste kolektibo eta aldizkaria, 1970eko hamarkadako autonomo ohi batzuk, CNT inguruko baten bat… Tokian tokiko talde ezberdinek osatzen zuten joera hori, beraien arteko koordinazio eta koherentzia maila txikiarekin. Gaztetxeetatik autonomia propio baten sorrera, egunerokotasunetik abiatutako gizartearen kritika eta bizitza alternatibo baten sorrera ziren proposatzen zituzten ideietako batzuk. Lehen fase honetan, joera horiek izan ziren gaztetxeen arteko elkartze eta instituzionalizazio saiakerak bultzatzen aktiboen ibili zirenak[5]: Lehen Gazte Asanbladen Koordinadora; Más o Menos gazte-autonomiaren eta libertarioen arteko koordinazio saiakera eta, horren bidez, okupazioaren inguruko Orioko Asanblada (1988). Joera politiko zehatz bat eta autonomiaren gaineko kontzeptu zehatz bat zeukatenak batu ohi ziren esperientzia horietan, baina Orioko Asanbladako partaideen artean apurketa bat izan zen: autonomia difusoaren antzeko planteamenduak zeuzkatenak batetik, eta okupazioa behar material eta subjektibo propioen esperimentazio bezala ulertzen zutenak, bestetik. Koordinazio saiakera horietan espazioen jarduerak, garapen teorikoak, egoeraren analisiak eta izaeraren nolabaiteko definizioak hartu zuen garrantzia berezia, eta ez hainbeste espazioen defentsak.
Ikusten den bezala, beraz, badago beste sektore bat, gaztetxeen historian iraunkorra izan dena, eta garaiko indar-harremanen arabera dinamika sozial bat edo bestea indartzen zuena, baina aurreiritzi ideologiko batzuen pean beti ere: despolitizatzaileena. Horiek esperientzia eta behar subjektiboei erantzuteko baliatu ohi zituzten gaztetxeak, eta edozein motatako praktika politiko zein koordinaziorako saiakera blokeatu ohi zuten, gaztetxeak gizarte burgesean funtzio subsidiarioak betetzera bultzatuz. Sorreratik bertatik, eta bereziki hasierako urteetan, disputa ohikoa izan da gaztetxeen ikuskera guztiz despolitizatzailea eta politikoagoa dutenen artekoa.
Lehen fasearekin bukatzeko, aproposa izan daiteke CEMIC-en[6] ikerketa baten emaitzak azaltzea. Beste hainbat konturekin batera, gaztetxeetako gazte mugimenduen porrotari lotutako hainbat faktore aipatzen dira: okupazio proiektuetatik kanpoko gazteekin konexioak erraztuko lituzkeen «parte hartze pedagogia» baten falta, barne gatazkak, zenbait sektore baztertzeko bokazioa eta espazioa kudeatzeko gaitasun falta. Ikerketa horren asmoa edozein izanik ere, gaztetxeen inguruan hausnartzerakoan, kontuan izateko puntuak dira inondik ere. Euskadiko Okupen Asanbladak garai bertsuan egingo zituen hausnarketekin antzekotasunak ditu, gainera[7]: komunikabideen eta poliziaren eragina, kontrolatutako espazioetako baldintza penagarriak, sektore batzuek garatzen duten bazterketa teoriko eta efektiboa nahiz drogaren agerpenaren ondorioak aipatzen ziren, baita ghettoetatik irten eta kanpoan babesa bilatzeko beharra ere, indarren korrelazioan modu positiboan eragiteko.
1990eko HAMARKADA EDO GILTZARRI HAMARKADA (1992-2000)
1992. urtea espektakulu handien eta errepresio ikusgarriaren urtea izan zen. Bereziki Ezker Abertzaleko kideentzat, baina baita okupentzat ere. Asko izan ziren urte horretan hustu zituzten edo desalojo prozesu eta saiakerak jasan zituzten gaztetxeak: Laudio, Andoain, Sopela, Ibarrangelu... Guztietan enblematikoena eta esanguratsuena izan zen Bilbokoa, gaztetxeen historian mugarri izan zena. Hurrengo urteetan desalojoen mamuak ez ziren gelditu. Ordura arte okupazioaren aurrean izan zen definizio eza eta onargarritasun legal eta politikoa desagertuz joan ziren hamarkada horretan, alderdi politikoen ekimen propioz hasieran (PSOE, EAJ), eta Zigor Kodearen aldaketa bidez 1996an.
1990eko hamarkadako aurreneko bost urteetan impasse egoera bizi zuten gaztetxeek: zatiketak, belaunaldi arteko arazoak, gaztetxe kontzeptu orokor baten falta... Gaztetxeen krisiak zerikusia zuen autonomiatik edaten zuten mugimenduen gainbeherarekin eta, horri lotuta, gaztetxeetan eragiteko gaitasuna identitate baten erreprodukziora mugatuz joan zen. Dena den, aztergai interesgarria da 90eko hamarkada hasieran autonomoen ondokotasun batetik sortu zen Euskal Herriko etxe okupatu eta gaztetxeen koordinakundearen esperientzia. Talde honek, espazioen defentsarako talde latente bat izateaz gain, hausnarketa teorikoan aurrerapenak egin zituen, okupazioa askapen estrategia zabalago baten praktika bezala txertatzen saiatuz. Besteak beste, kulturaren mozorroa hartzen duen boterearen (burgesaren) ideologia errefusatzen zuten, baita Iruñeko etxebizitzaren egoera aztertu ere: etxebizitzaren banaketaren klase izaera, biztanleriaren lekualdaketa eta zonifikazioa... Okupazioaren nolabaiteko birkokatze estrategiko horrek ez zuen izan okupazioaren izaera goitik behera aldatzeko zorterik ordea.
Horrez gain, Ezker Abertzalearen egokitzapen prozesua gehitu behar zaio horri guztiari. Jarraik paper nabarmena bete zuen, ez bakarrik Ezker Abertzalea berrosatzen, baita, hala nola, ENAM konglomeratuaren eta okupazio proiektuen arteko harremana birdefinitzen ere. 1980ko hamarkadako rock erradikalarekin lortu zuen bezala, eta intsumisio mugimenduarekin saiatzen ari zen bezala, haren apustua izan zen gaztetxeen mugimenduaz jabetzea edo beretzat funtzional bihurtzea. Jarrai nahiz Herri Batasuna okupazio proiektuak babesten hasi ziren. Hamarkada bukaerarako, Ezker Abertzaleak gazte mugimenduaren monopolio ia osoa eskuratu zuen, gaztetxeak barne, noski[8].
Gaztetxe eredu baten eta autonomiaren kontzeptu baten zabalpen ia totalari deitzen zaio hemen monopolioa, post-autonomoen dekadentziatik sortutako identitatearen (gaztetxeroak) eta ENAMen interesen arteko aliantzatik sortua
Zigor Kodearen aldaketak, ordea, 1996-2001 urteen artean, eragin suspertzailea izan zuen okupazioaren zabalpenari eta babes sozialari dagokionez Espainiako Estatuan[9]. Errepresioa jasan bai, baina urte horietan jarduna zabaldu zuten, agenda politikoan garrantzia hartu zuten, eta ordura arteko mobilizaziorik ikusgarrienak (kopurua zein indarkeria maila kontuan hartuta) egin zituzten. Euskal Herrian ere halaxe gertatu zen, gaztetxe eta asanblada berri ugari sortu ziren, eta horien arteko koordinazio saiakerak ere bai: EHEGOK (Euskal Herriko Etxe eta Gaztetxe Okupatuen Koordinakundea) izan zen nagusietako bat, Ginebrako Interquat inspirazio zuen sarea. publikoki oso esanguratsua izan ez arren joera bateko okupazio proiektu askorentzat garrantzia handia izan zuen barne mailan; KGB (Bizkaiko Gaztetxeen Koordinadora) ere hamarkada horretan sortu zen, BOMen aurrekaria; eta Gipuzkoako gaztetxeen artean ere koordinazio saiakerak izan ziren.
Garai honetan zabalduriko koordinazio saiakera gehienek okupazio prozesuak erraztu eta defentsara bidean komunikazioak hobetzea zuten helburu nagusi, horretarako, okupazio esperientzien jakintza eta irakaspenak sistematizatuz. Lege aldaketak nabarmen eragin zuen horretan. Asko zabaldu ziren okupazio eskuliburuak, eta Internet bidezko lehen komunikazio sareak ere sortu ziren. Esperientzien metaketa horrek ahalbidetu zuen hamarkadako bigarren erdian gaztetxe proiektuak horrenbeste zabaltzea (adibidez, Durangaldean bakarrik, Elorrio, Otxandio, Abadiño, Atxondo, Berriz eta Durangoko gaztetxeak ireki ziren). Gaztetxeen izaera ez zen jada hainbeste jartzen auzitan, Ezker Abertzalearen eta post-autonomoen dekadentzia identitarioaren arteko aliantza gatazkatsuak homologatutako mugimendu bilakatu baitzen.
Aipaturiko paradigma aldaketa horren guztiaren erdian, eta orduko belaunaldi aldaketa eta aldaketa kultural orokorrei lotuta, gaztetxe eredu berri baten sorrera aipatu beharko litzateke. Eredu horrekin, ardatza gazterian eta gazteriaren kontrakulturetan kokatu ordez, auzoetan eta herrietan kokatzen saiatu ziren. Gazteria albo batera utzi gabe, espazio geografikoak garrantzia hartuko zuen, hau da, bertan errotzea eta aldaketa kulturalak eta jokamolde aldaketak han bilatzea. Esponente nagusiak izan ziren Iruñeko Euskal Jai (1994-2004) eta Bilboko Kukutza III (1998-2011), baina gainontzeko gaztetxeen iruditegi eta jardun orokorrean eragin nabaria izan zuten.
2000ko HAMARKADA EDO MENDE BERRIKO HAMARKADA (2000-2011)
Mende berrira oso osasuntsu sartu ziren okupazio proiektuak, edo behintzat, presente eta aktibo. Babes sozial handia lortu zen urte horietan eta horren erakusgarri da, besteak beste, horren asimilatuta dauden sindikatuek ere babesa erakutsi izana praktika horri[10]. Baina, 2000ko hamarkadan zehar, Ezker Abertzalearekiko dependentzia apurtu ordez, handitu egin zen. Ezker Abertzaleak, 1998. urtearen osteko bere paradigman, eta bere kontrako ofentsiba errepresiboaren ondorioz, jarrera bereziki zentripetua hartu zuen, eta gaztetxeen mugimendua ere, praktikan, bere apendize bilakatu zen.
Hamarkada hasieran gazte mugimendu abertzaleak bazuen indarra eta, horri lotuta, gaztetxeek ere bai. Hainbat izan ziren garai horretan okupatutako gaztetxeak, eta hamaika koordinazio saiakerak ere. Saiakera horiek oinarri zituzten helburuak 1990eko hamarkadako bigarren erdian zehaztutakoen antzekoak ziren: komunikazioa eta okupazioak teknikoki laguntzea. Dena den, kanpaina aldarrikatzaileak ere eraman ziren aurrera, etxebizitza eskubideari lotuta, esaterako. Euskal Herriko Okupazio Biltzarra, Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Mahaia edota Koordinadora, edo Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Gida maila nazionalean egindako zenbait saiakeraren emaitzak izan ziren. Baina sekulako loraldia izan zuten eskala txikiagoko saiakerek ere: Ezkerraldeko, Durangaldeko, Debagoienako, Iruñerriko, Uribe Kostako, Goierriko eta beste hainbat eskualdetako koordinadorak sortu ziren, baita, BOM, Ipar Euskal Herriko Gaztetxeen Koordinadora[11] edota NAGA ere. Egitura propioak garatzeko ezintasunetik, eta beste mugimendu politiko batzuekiko ezinbesteko dependentziagatik, testuinguru horretan, oso aldakorrak eta sarritan bizi laburrekoak ziren saiakera horiek.
Pentsatzekoa denez, hamarkada horren azken aldian, eta Ezker Abertzalearen baitako transformazioen harira, agortutako paradigma eta blokeo aro batean sartu ziren gaztetxeak ere. 2000ko hamarkadaren amaiera gisan ezar daiteke Kukutza III gaztetxearen huste eta eraistea, Ezker Abertzale Ofizialistaren desagerpen prozesuarekin batera, fase berri bati ateak irekiz.
2010eko HAMARKADA. GILTZARRI BERRI BATEN HAMARKADA? (2011-2020)
Bukatu berri den hamarkadaren garapena esanguratsua izan da. Ezker Abertzalearen behin betiko konbertsioaren osteko lehen urteetan espazio sozial militanteetan eta taula politikoan eragiteko gaitasun handia zuen Ezker Abertzaleak, eta besteak beste horrek, garaian zabaldutako mobilizazio eredu bereizgarrien (15M edota PAH Espainiako Estatuan) hedapena saihestu zuen Euskal Herrian[12]. Hamarkada horretan olatu argirik izan ez bazen ere, proiektu berriak sortuz joan ziren gutxika. Dena den, desalojo forman baino, jardunaren gutxitzean eman zen proiektu horien itzaltzea; izan ere, gaztetxeak kulturalki, ideologikoki eta politikoki Ezker Abertzale Ofizialistak bereganatu izanak, azken horren inboluzio prozesuari men egin behar izatea eragin du. Are gehiago, gaztetxeen aurreneko urteetako jardunaren eragile nagusi zen dinamika kontrakulturala lurperatuta, eta gainontzeko eragile politikoak ezereztuta gelditu ostean.
Desalojo eta bestelako erasoei dagokienez, defentsarako gaitasun propioak ahulak izan dira, eta gaztetxeen historian ohikoa izan den bezala, lekuan lekuko babesekiko eta indarrekiko dependenteak. Defentsa gaitasunik eta oihartzun mediatikorik gabeko husteak izan dira gehienak. Izan da, ordea, entzute handia lortu duenik; Iruñeko Maravillasena edo Donostiako Kortxoenearena, esaterako. Kasu horietan mobilizazio handiak eta eskala nazionaleko borrokak piztu baziren ere, lokalistak ziren dinamikaren formari dagokionez, eta ez zuten etorkizunerako indar metaketa egonkorrik ahalbidetzen. Egitura politiko eta komunikatibo ezberdinek egindako apustuen menpekoak ziren.
Horri lotuta, 2010eko hamarkadako lehen erdian, gaztetxeen arteko koordinazio saiakera gutxi eta eskala txikikoak izan ziren. Laudion egindako gaztetxeen arteko topaketak izan ziren lehen saiakera bat, eta horren ostean etorri ziren Oñatikoa edo Iruñekoa ere. Azken urteetan gaztetxe askok mendekotasun organikoa ere bazuen Ezker Abertzale Ofizialistarekiko, baita azken horrek nolabaiteko erantzukizun bat ere gaztetxeen gainean. Hortik sortu ziren hainbat saiakera (Gaztetxeen Gida, Gure Kabuz Ala Hil proiektua...), tartean, Gazte Eraiki ekimenaren barneko gaztetxeei buruzko dinamika. Monopolioa berrestera eta organizatiboki indartzera begira sortutako azken esperientzia horrek, ordea, oso bestelako emaitzak utzi zizkion Ernai antolakundeari.
Azkeneko hori ofizialismoaren hegemonia ideologiko eta kontrol organikoaren galera progresiboaren erakusgarri bada ere, ez da adierazgarri bakarra izan. Beste hainbat zirkulu militanterekin batera, gaztetxeek, horien bueltan izan ohi den informazio, proposamen, eztabaida eta militanteen zirkulazioa medio, ezaugarritze estrategiko berrituak eta antolakuntza proposamen propio eta independenteak dituen mugimendu politiko berri baten sorrera ahalbidetu dute. Mugimendu Sozialistak gaztetxeak behar izan bazituen bere burua sortzeko eta lehen garapen baterako, gaztetxeen gaineko proposamen berriak eta kontzeptu aldaketak ere proposatu ditu, agente esanguratsu bilakatuz. Hamarkada bukaerako aldaketa ideologikoen adierazle izan ziren herrialde ezberdinetan egindako gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak, esaterako.
Defentsa propioa antolatzeari lotuta ere izan da proposamenik. Squatting proiektuetan hezitako kidego batek espazio horien babesgabetasun hazkorrarekin apurtzen hasteko saiakera bat proposatu zuen, eta 2019an Erraki sortu zen Gune Autogestionatuen Babes Sare bezala, defentsa antolatzeko kultura berri bat planteatuz. Espazioen autonomia erreala eraikitzen hasteko antolakuntza saiakera bat da, zehazki, espazioen gaineko kontrola galarazi dezaketen baldintza eta eraso zuzenen aurka, klase bezala modu independentean erantzuteko proposamena. Errakik hasieratik lortutako harrera onak erakusten du gaztetxeetan nabarmena zen transformazioa, izan ere, sortzen ari ziren tipologia berri bateko proposamenek guztiz aldatu zituzten gaztetxeetako indar-harremanak. Jabetzari lotutako problematika komun batean identifikatzea eta horrekiko modu kontsekuentean jarduteak nahiz defentsari lotutako konpromisoaren eta diziplinaren beharra ulertzeak, autonomiaren (eta autogestioaren) ikusmolde osatuago eta errealago bat sortzea eragin zuten, eta horretan sakontzen jarraitu du Errakik.
Azkenik, proposamen berriak ere egin ditu Errakik iragan hamarraldiaren azken pausoetan. Kontzeptu estrategiko berritzaile bat batetik, alegia, Langile Kontrolpeko Espazioena[13] (bere burua ere LKEen Babes Sare bezala birbataiatuz), eta koiuntura orokorrari erantzuteko kanpaina politiko bat bestetik, okupazioaren kontrako kanpaina mediatiko, juridiko eta praktikoari aurre egiteko. Ikusteke dago Errakik bere potentzial politiko guztia garatuko duen edo ez, baina Langile Kontrolpeko Espazioen biziraupena bermatuko bada, gaitasunen antolakuntza eraginkorrak ahalbidetu duelako izango da.
ONDORIO POLITIKO BATZUEN ZIRRIBORROAK
Gaztetxeen ibilbidearen berrikuste orokor bat egiteko saiakera bat izan da lan hau, horretarako, garai bakoitzeko elementu orokor eta esanguratsuetako batzuk hartuta. Ez dago esan beharrik gaztetxe bakoitzak historia propioa duela eta orokortasunaren barruan salbuespenak badirela. Ikerketaren emaitzen inguruan egindako hausnarketa orokor batzuk plazaratuko dira orain, kaleko eztabaidak termino arrazionaletan ematera begira ekarpen txiki bat egiteko asmoz. Gertaera historikoetatik ere gaurko jardunerako ikaspenak ateratzeko asmoz.
Ikerketan zehar argi ikusi da gaztetxeen izaera pururik eta aurrez determinaturik ez dagoela. Gaztetxeak testuinguru historiko zehatz batean eta hipotesi teoriko batzuen ondorioz sortzen diren arren, momentuan momentuko eta lekuan lekuko indar-harremanen arabera aldakorrak izan dira eta praktika eta teoria bat ala beste garatu dituzte. Norbaitek esan dezake indar-harremanek (klase gatazkak) gaztetxeen izaera determinatzen dutela esatea ezer ez esatearen beste dela, hori bera baita gizartearen osotasuna determinatzen duena. Baina bada berezitasun bat gaztetxeen kasuan. Orain arteko gaztetxeen ezaugarri nagusia mugimendu politiko propio batean formalki eratzeko izan duten ezintasuna da, eta beraz, sektore ezberdinen arteko sokatirarako plaza publiko bilakatzen direla. Hori da, zenbaiten iritziz, gaztetxeen magia, potentzialtasuna eta esentzia: neutraltasuna. Baina jakina da neutraltasuna fikzioa dela interesen talkan oinarrituriko gizartean. Errealitatean proposamen eta eragile politiko edo kontrakulturalen edota subjektibitate ezberdinen arteko harremanak zehazten du proiektuaren edo espazioaren izaera (hau da, bakoitzaren eragiteko gaitasunak eta erresistentziak: indar-harremanak). Baina, are gehiago, barneko indar-harreman zehatzak ere prozesu sozial zabalagoen barruan ulertu behar ditugu, hala nahi izate hutsak ez baitu ahalbidetzen gizartearen osotasunetik kanpo kokatzea (eta beraz, klase arteko indar-harreman internazionalaren barruan kokatzen dira, bere gizarte- eta lurralde-eskaletako zehaztapenekin). Espazio bat jurisdikzio burgesari kontrajarrita eskuratu izanak ez du esan nahi espazio horretan indarrean dagoen jarduna gizarte burgesaren dinamika zabalek determinatzen ez dutenik. Zentzu horretan, gaztetxeen ustezko neutraltasunaren eta autonomiaren ideia ere, bertako indar-harremanek determinatutako kontsentsu sozial batek sortzen du, garai historiko zehatz batean ideologian materializatuta.
Hori da, zenbaiten iritziz, gaztetxeen magia, potentzialtasuna eta esentzia: neutraltasuna. Baina jakina da neutraltasuna fikzioa dela interesen talkan oinarrituriko gizartean
Autonomia terminoa oso erabilia izan da gaztetxeetan, baina nahiko lausoa eta zehaztugabea ere izan da. 68. urtearen osteko mugimenduen kumeak dira gaztetxeak, eta mugimendu horien ezaugarriek diskurtso eta praktika desklasatu batera eraman ditu (subjektibitate pertsonaletik abiatzea politika, subjektu independenteen teoriak, identitateen eraikuntzatik planteatzea jarduna, eta abar). Hortik sortzen da, definitua eta formala ez den arren, onarpen orokortua duen autonomiaren kontzeptu lokalista, esklusibista, eta subjektiboa. Autonomoa jada ez da langileria, baizik eta nukleo lokal bat. Autonomia jada ez da dinamika burges zabalekiko modu independentean jardutearen ondorioz langileria antolatuaren partetik dinamika sozial gero eta zabalagoen jabetza eta kontrol progresiboa, baizik eta kolektibo murriztu batek auzi propio eta esklusibo batzuen gaineko erabakiak hartzeko gaitasuna. Autonomiaren eraikuntza ez da boterearen eraikuntza terminoetan ulertzen, baizik eta identitate baten eraikuntza modura, ulertu gabe dinamika sozialen osotasuna mendean hartzeko gaitasuna daukan Kapitalaren dinamikaren mende daudela horiek ere. Gaztetxeen historian, post-autonomo eta libertarioek egin zituzten autonomiaren gaineko teorizaziorik garatuenak, 1980ko hamarkadatik 1990eko hamarkada erdialdera bitartean. Hala nola, gazte autonomia baten eraikuntzaren aldeko apustua egiten zuten, baina praktikoaz gain, porrot teorikoa ere agerikoa da: gazteria ez da autonomia propio baten eraikuntzarako subjektu nahikoa, beraz, are gutxiago horren adierazpen minoritarioak diren gaztetxeak. Autonomia hori ez bada langileriaren botere politiko propioaren eraikuntza progresiboaren (sozialismoa) terminoetan ulertzen, nukleo lokalarekiko esternoa den dinamika sozialetara azpiratu beharko da etengabe (izan programa politiko zehatz batera, edo edozein motatako dinamika burgesera, adibidez, desalojo bat), zeinaren gaineko inolako kontrolik ez duen.
Asko luza gaitezke gaztetxe askok izan duten eta duten autonomiaren ulerkera erredukzionista sorrarazten duten baldintza historikoen inguruan. Alderdi bat ekarriko dugu erdira, ordea: espazioen defentsa edo desalojoen aurrean Langile Kontrolpeko Espazio izaerari eusteko moduak. Legearen zehaztasun falta eta nolabaiteko onargarritasuna, elkarreraginean garatutako gazte kontrakultura zabal bat izatea, babes egitura garrantzitsuak osatzen zituzten beste mugimendu politiko batzuen existentzia, mobilizazio sozial erlatiboki orokortu baten egoera, gaiaren gaineko trataera mediatiko zehaztugabe eta aldakorra... Hainbat faktorek ahalbidetzen zuten espazio okupen defentsarako antolaketa espontaneo, errizomatiko, koiuntural eta informalak sortzea, eta noizbait bere fruituak ere eman zituen horrek.
Historian zehar metodo horien eraginkortasuna eta ondorio politikoak zer nolakoak izan diren baloratzera sartu gabe ere, autonomia desklasatuaren defentsa metodoak kolokan daude okupazioaren kontrako ofentsiba hazkorreko garai honetan. Espazioen legez kanpoko jabetzan oinarrituriko proiektuak hausnartzera bultzatzen ditu errealitateak: okupazioaren kontrako ofentsiba mediatiko, juridiko eta parapolizialaren testuinguruan, eta gorago aipaturiko baldintza historikoen desagerpen aroan, beraien izatea nola bermatu modu geldian pentsatzera behartuta daude. Zentzu horretan, ezinbestekoak ari dira izaten Errakiren antolakuntza bitartekoak, aurrerapen teknikoak, garapen teorikoak eta mobilizazio proposamenak. Gaztetxeen autonomiaren eraikuntza langileriaren autonomiaren eraikuntza da, eta asmo hori adierazi du Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak.
Okupazioaren kontrako ofentsiba mediatiko, juridiko eta parapolizialaren testuinguruan, eta gorago aipaturiko baldintza historikoen desagerpen aroan, beraien izatea nola bermatu modu geldian pentsatzera behartuta daude
Bukatzeko, eskerrak eman erreportaje hau idazteko ezinbesteko izan diren informazioa, esperientziak eta pasarteak modu zuzen edo zeharkakoan konpartitu dituzuenoi, eta bereziki, urte hauetan guztietan borondate iraultzailez gaztetxeetan lanean ibili zaretenoi. Borondate iraultzaile hori hauspotzera begira baliagarria izan daitekeelakoan egin da ikerketa hau, gaztetxeen gaineko hausnarketa eta berregokitze baten beharraz konbentzituta, horien ibilbidearen ikuspegi orokorrak gaurko gaztetxeen egokitasunaren inguruan pentsatzeko elementuak eskaini ditzakeelakoan. Eztabaida ez dadila, beraz, erreportaje honetako elementuetan zentratu, eta har dezala garrantzia transformazio sozial sakon eta askatzaile baten prozesuan gaztetxeek bete dezaketen paperaren gaineko pentsatze arrazionalak.
OHARRAK
1 Okupazioa espazio bat jabetza pribatu burgesaren jurisdikzioarekiko kontrajarriz birjabetzea dela ulertzen badugu, langile mugimenduaren tradizioetan oso luzetik datorren praktika dela ikusiko dugu. Boterearen eskuratze gradual baten estrategiari lotuta, ohikoak izan dira etxebizitzen, ekoizpen-zentro eta lurren, lan politikorako espazio eta egoitzen, zein lurralde zabalen desjabetze eta hartzeak. Horrez gain, klase zapalduek behar erreproduktiboetarako modu espontaneoan espazioak birjabetzea ere etengabea izan da historian zehar. Hala eta guztiz ere, gaur-gaurkoz, okupazioaren fenomenoa aipatzean (gazteleraz sarritan k-rekin idatzia), edo are, «okupazio mugimenduaz» berba egitean, ez gara desjabetzearen fenomenologia osoari buruz hitz egiten ari, baizik eta horren tipologia zehatz bati buruz, 1960ko hamarkadan sortzen hasitakoa eta hurrengo hamarkadetan garatutakoa. Autogestioaren eredu erredukzionista eta autodefentsa molde lokalista izan daitezke eredu horren nortasunaren ezaugarrietako batzuk, praktika politikoarekin eta ikuskera estrategikoarekin (edo horien existentzia ezarekin) korrelatiboak direnak.
2 Encuentro de gaztetxes. (1986). Resiste, 2. (1986ko Orioko I. Euskadiko Gazte Asanbladen Jardunaldietako eztabaida eta adostasunen balorazioko artikulua).
3 Etorre, Gaztetxes y Gazte asanbladas: La lucha por un espacio vital. (1988 irailak 8). Gazteria.
4 Bereziki 1980ko hamarkadan izan zuten indarra eta eragiteko gaitasuna, baina aipatutako saiakerak saiakera, ia lekuan lekuko posizioetara mugatzen zen. Garai horretan gaztetxerik politizatuenak eta egituratuenak inguru horretako kideek dinamizatutakoak ziren, eta erasoen aurrean antolakuntza gaitasunik handiena ere buelta horretakoek adierazi zuten, esate baterako, Oreretako eta Bilboko gaztetxeak. Gaztetxeen potentzial politiko propioa eta autonomoa bultzatzen zutenek dekadentzia operatibo nahiz teoriko argia bizi izan zuten hurrengo hamarkadetan. Eta, ironikoki, joera despolitizatzaileekin bat egin zuten eta, beste agente batzuen aurrean (Jarrai), jarrera erresistentzialista eta identitarioa erakustera mugatu ziren.
5 Gaztetxeen koordinadora oro bezala, horiek ere, gaztetxe guztien arteko koordinazioa baino, ideologia partekatu bat zeukatenen koordinazioa izan ziren, bereziki gaztetxeak gazte autonomia baten sorrerarako elementu bezala ulertzen zutenena. Proposamen post-autonomoen existentziarako kanal ezinbesteko bilakatu ziren gaztetxeen bidez sortutakoak.
6 CEMIC, Redes sociales y juveniles en Donostia, Vol. III, «El caso de los Gaztetxes» (1990).
7 Euskadiko Okupen Asanblada 1991n sortu zen, bereziki, etxebizitza proiektuak bultzatzeko. Udal hauteskundeak baliatuz Derecho a techo kanpainarekin aurkeztu zuten haien burua eta, testuingurua baliatuz (etxe hutsak, alokairuen kostu altua, gizarte asistentziaren eraginkortasun falta...), okupazioaren praktika indartu zitekeela ulertzen zuten. Besteak beste, okupaziorako eskuliburuak osatu zituzten. 1990eko Squatterren Nazioarteko Kongresuko (Hanburgo) hausnarketetatik ateratako ondorioez ari gara goiko puntuak aipatzean.
8 Gaztetxeen monopolio horrek ez zuen zertan espazioaren kontrol zuzenaren forma hartu, kontrol ideologikoarekin nahikoa zen. Gaztetxe eredu baten eta autonomiaren gaineko kontzeptu baten zabalpen ia erabatekoari deitzen zaio hemen monopolioa, post-autonomoen dekadentziatik sortutako identitatearen («gaztetxeroak») eta ENAMen interesen arteko aliantzatik sortua: tokian-tokian jardungo zuten batez ere, sozializaziorako eta arte eta musika adierazpen ezberdinen zentro nagusia izanik. Aldi berean, salaketa kanpaina eta kanpaina ideologiko propioak eramango zituzten aurrera, baina mugimendu politiko propio eta independenterik (horrek eskatzen duen antolakuntzaren konplexutasuna kontuan izanda) sortzeko gaitasunik gabe. Beraz, sortutako potentzial horren fruituak eraikitako printzipio ideologikoekin bat egiten zuen eta, nolabait, mugimendu politiko propio eta egituratua zenak jasotzen zituen; kasu honetan, Ezker Abertzalea. Bere dekadentzia eta horretarako ezintasunak adieraztean, gaztetxeak desagertu daitezke edo beste dinamika sozial zabalago batek monopoliza ditzake, izan fakzio burgesen batek edo izan mugimendu iraultzaile batek. Bestalde, gaztetxeak Ezker Abertzalearekin lotzen zituen iruditegi soziala eraikitzeko, paper garrantzitsua izan zuten masa-komunikabide handiek ere, poliziaren kriminalizazio saiakerekin batera (Espainiako Estatuko hainbat Zentro Sozial ETArekin lotzen saiatuz, adibidez).
9 Besteak beste, 1995 inguruan Espainiako Estatuko kolektibo ezberdinen koordinadora bat sortu zen Zigor Kode berriari aurre egiteko asmoz, eta Bartzelonan eragin berezia izan bazuen ere, bazegoen Euskal Herritik parte hartzen zuenik.
10 Etxebizitza denontzat okupazioa bultzatuz izeneko dokumentu bati egiten zaio erreferentzia hemen. 2000. urtean hainbat eragilek sinatu zuten: CCOO, ELA, LAB, AFAPP, Okupazioaren Aldeko Batzarra, Donostialdeko Gaztetxeak, Gazte Asanblada eta Etxe Okupatuak, Jarrai, Zutik, EH, Teilatuka Etxebizitzaren Aldeko Gazte Ekimena, eta abar.
11 Ipar Euskal Herrian Patxokia bezalako okupazio esperientziak izan ziren arren, 90eko hamarkadako bigarren erdialdetik aurrera, oso arraroa zen squatterik egotea. 2003an sortu zen Ipar Euskal Herriko Gaztetxeen Koordinadora. Garai hartan sei gaztetxe ziren; batzuk Herriko Etxeak lagatakoak eta, besteak, errentan hartutakoak. Beraz, koordinadora horren bidez erantzun beharreko auziak oso bestelakoak ziren. Hemen, auzi garrantzitsu bat mahaigaineratzen da: legalizazioaren edota kogestioaren ondorio politikoak. Ez dago, ordea, horretan sakontzeko betarik.
12 Mugimendu horien aipamena egiten da okupazio edo squattering praktikaren goraldi bat eragin zutelako zenbait lekutan, baina, euskal lurretan, testigantzazkoa izan zen horien eragina.
13 Proletalgoak (espazioen) jabetzarako duen ezintasuna klase baldintzek eragiten diotela ulertuta, bere beharrak (erreproduktiboak nahiz politikoak) asetzeko aukera bakar gisa aurkezten zaio, legedi burgesarekin apurtuz, espazioetara sartzea. Lege burgesarekiko hausturatik sortzen diren espazioei deitzen zaie Langile Kontrolpeko Espazio, beti ere, espazioan aurrera eramaten den praktika langileriaren proiektu historikoarekiko zuzenean kontrajarrita ez badago (diskriminazio zapaltzaileak onartzen badira, adibidez), edo langileria guztiari eskubide terminoetan unibertsalizatu badakioke.
HEMEN ARGITARATUA