ARGAZKIA / Laia Blasco
Jose Castillo
@josecast23
2021/12/02

Euskarak izan zuen euskal ongizate estatuaren eraikuntza garaian honi lotzeko eta bere lekua bilatzeko aukera, gizarte honen krisi garaian, ordea, euskararen etorkizuna bera kolokan egon liteke. Bere erreprodukzioa bermatzen zuten erakunde politiko, ekonomiko eta sozialak krisian baitaude. Baita berau ordezkatzen zuen klase ertainen gizartea eta kohesioa bera ere.

Hizkuntz gatazka orok ezkutatzen du haren pean gatazka sozial bat. Hizkuntzak elementu ideologiko garrantzitsuak dira botere erlazio jakin batzuk sortzeko, mantentzeko eta aldatzerako orduan. Historian, gizarte aurrekapitalistetan eta kapitalistetan, beti existitu izan dira eliteek erabilitako hizkuntzak eta herri xumeak erabilitakoak. Askotan, hizkuntza bera izanagatik ere, hitz batzuen aldaerak markatzen zuen klase ezberdintasun hori. Adibidez, Lituanian beti izan da polonieraz hitz egiten duen populazioaren zati txiki bat, preseski, elite feudala osatzen zuen taldea zen. Beraz, Lituaniako kasuan ezberdintasuna ez zen «etnikoa» edo «linguistikoa» bakarrik, klase artekoa baizik[1].

Hizkuntzak elementu ideologiko garrantzitsuak dira botere erlazio jakin batzuk sortzeko, mantentzeko eta aldatzerako orduan

Gurera etorrita, analisi historiografiko serioek, hau da, kutsu nazionalista propagandista hutsetik at egindakoek, esaten digute Euskal Herrian euskara ez dela inoiz eliteen hizkuntza izan. Are gehiago, Nafarroako Erreinua hartu nahi bada Euskal Herriak aro modernora arte izan duen «protoestatu» feudal bakar gisa, ziurta dezakegu bertako elite feudalen eta klerikalen hizkuntza nagusia erromanikoa zela, ez euskara. Nahiz eta azken hori herri xumeak gehien hitz egiten zena izan[2]. Oso garrantzizkoa da jakitea zein den eliteen hizkuntza eta zein klase soziali esleitzen zaion hizkuntza jakin baten errepresentazioa aldaketa sozialen gidaritzan. Burgesiak hizkuntza jakin bat bere lurralde osoan zehar nazionalizatuz sortu zituen Estatu-nazio modernoak. Izan ere, hizkuntza batasun minimorik gabe ezin zitekeen soldatapeko lan prozesu interkonektaturik aurrera eraman, baldintza errentagarritan behintzat.

Beraz, «paradoxa» historiko baten aurrean aurkitzen gara. Historian euskara ez da ez eliteen hizkuntza izan, ezta burgesia modernizatzaile baten lehen hizkuntz hautua ere. Baina, gaur egun, euskarak bizirik badirau, XX. mendean klase sozial jakin bati lotu eta modernizazio kapitalistan parte hartzen asmatu zuelako da. Euskarak, XX. mendean landatik eremu administratibo-estatalera egin zuen jauzi, era nabarmenean autonomia erkidegoen sorrerarekin batera, horiek zekarten aparatu administratiboan txertatu zenean.

Gaur egun, euskarak bizirik badirau, XX. mendean klase sozial jakin bati lotu eta modernizazio kapitalistan parte hartzen asmatu zuelako da. Euskarak, XX. mendean landatik eremu administratibo-estatalera egin zuen jauzi

Esan nahi dena da, frankismoaren amaieran eta garai «demokratikoaren» hastapenetan, baldintzak jarri zirela klase ertain euskaldun baten sorrerarako, hauek oso loturik zeudenak ongizate estatuaren aparatu administratibora. Egun, ordea, ongizate estatuen paradigmaren amaieran gaude, klase ertainen proletarizazio garaian. Erreportaje honek honako galderari erantzutea du helburu: ¿klase ertain euskalduna desagertzen bada, nola eutsiko dio euskarak?

Horrez gain, hasieratik argi utzi behar da honakoa ez dela datu zehatzetan oinarritutako analisi soziolinguistiko bat. Aitzitik, hemen hipotesi sozial eta historiko batzuk eztabaidatu nahi dira, zeinak euskararen etorkizunerako garrantzi berezia izango duten. Beraz, denboraren haizearen noranzkoari susmoa hartzen egingo da lanik handiena, euskararen erabilerari buruz jada analisi ugari baitaude publikaturik. Halaber, artikulu hau gehien bat Hego Euskal Herriko koiunturan zentratzen da, nahiz eta Ipar Euskal Herrirako baliagarriak diren hipotesiak ere lantzen diren. Baina, Ipar Euskal Herriko egoerak analisi bereizi bat beharko luke.

EUSKARA, LANDATIK MODERNIZAZIORA

XIX. mende amaierara arte euskara landa eta nekazaritza eremuetako hizkuntza nagusia zen, eta, gaztelania, aldiz, euskal herritar askorentzat hizkuntza ia ezezaguna zen. Alabaina, mende amaierako industrializazioak eta garapen ekonomikoak bultzatuta, gaztelania hirietako hizkuntza nagusia bilakatu zen. Espainiako Estatuko herrietako lehen immigrazio uholde nagusia izan zen, baina euskarak eutsi zion. Hein handi batean, lehen nazionalismo kontserbadoreak garrantzia eman ziolako, eta, gerora, Espainiako Bigarren Errepublika garaian ezkerreko alderdi ugarik bere egin zutelako euskara mantentzearen aldarria. Hemen koka dezakegu Eusko Abertzale Ekintza (ANV-EAE) alderdiaren jaiotza eta garapena.

Ondoren etorri zena arrats ondo dago gordeta euskaldun guztien oroimen kolektiboan: gerra, berrogei urteko euskararen aurkako jazarpen zorrotza eta guztiz ezabatzeko nahia izan daitezke aipatzekoak. Horrekin ez da esan nahi beste garai historiko batzuetan euskara ez zela gutxietsi edota jazarri, alderantziz, Espainiak bere eraikuntza nazionalaren homogeneizazioaren alde egin baitu beti. Kontua da, Espainiako Estatuak ez zuela Frantziako Estatu modernoak eduki zuen homogeneizazio nazionalaren arrakasta izan modernizazio burges prozesu horretan, indar erreakzionarioek eta feudalek zuten indar handiagoarengatik.

Gure gaira bueltatuta, aipatu beharra dago, euskara frankismoan jazarria izan bazen ere, indar kontserbadoreekin zuen lotura haustea ekarri zuela. Euskara balio politiko progresista eta antifrankistekin lotu zen, eta horrek zabalpenerako zimenduak jarri zituen. Hona hemen biziraupena izanaren lehen arrazoia, pasa den mendeko hirurogeigarren hamarkadatik aurrera herri mugimenduak eman baitzion bultzada. Garai hartan gertatu zen euskararen eta euskal kulturaren pizkunde berri bat: hainbat ikastola sortu ziren, helduen euskalduntze eta alfabetatze mugimendua jaio zen, euskara batuaren oinarriak finkatu ziren, eta euskarazko irratiak, aldizkariak, kantariak, bertsolariak zein idazleak ugaritzen hasi ziren.

Baina modernitate kapitalistan hizkuntza batek, era estandarizatuan biziraun nahi badu behintzat, gauza bat behar du derrigorrez: estatu egiturak. Horiek baitira hizkuntza baten erreprodukziorako eta zabalpenerako behar-beharrezkoak diren aparatuak. Horiekin batera, hizkuntza hori erabiliko duen funtzionario «armada» zabala behar da. Noski, frankismoa amaitzean, Euskal Herriak ez zituen estatu kapitalista baten egiturak lortu, baina autonomia erkidego berezi batenak bai erdietsi zituen. Baldintza historiko horrek, euskaraz alfabetaturiko euskaldun askori administrazio publikorako ateak ireki zizkien, eta horrela goratu zen haien estatus soziala.

Noski, autonomia erkidego baten egitura administratiboekin batera, beste hainbat alorretako egitura sozioekonomikoak ere ireki zitzaizkion euskarari. 1980. urtean Euskal Herriko Unibertsitatea sortu zen eta 1982. urtean Euskal Irrati Telebista. Nafarroako egoera ezegonkorragoa izan zen, bertan ez baitzen euskararen ofizialtasuna aitortu eremu euskaldunean ez ezik, eta horrek instituzio sozioekonomiko euskaldunak sortzeko muga garbia ezarri zuen. Zer esanik ez Ipar Euskal Herrian, non euskararen aitortze instituzionala are maila txikiagoan dagoen oraindik egun. Horregatik, Euskal Herriko modernizazio burgesa, hizkuntza mailan ulertuta, ez da inoiz guztiz osatu. Baina, hemen aipatzen ditugun mugarriok euskal hiztuna zen klase ertain bat sortzeko berebizikoak izan ziren.

Euskal Herriko modernizazio burgesa, hizkuntza mailan ulertuta, ez da inoiz guztiz osatu. Baina, hemen aipatzen ditugun mugarriok euskal hiztuna zen klase ertain bat sortzeko berebizikoak izan ziren

Era berean, ulertu behar dugu frankismoaren azken hamarkadetan beste industrializazio uholde bat bizi izan zela Euskal Herrian, Bizkaian bereziki. Horrek beste immigrazio uholde bat ekarri zuen. Kasu honetan, izan zuen berezitasun nagusia Espainiako Estatuko landa eremuetatik euskal lurraldeetara etorritako etorkin ugariren seme-alabak euskaraz alfabetatzen hasi zirela izan zen. Horrela, belaunaldi hori ohiko lanbide industrialez gaindi, administrazioko postuetara edota euskarazko lanbide liberaletara iritsi ahal izan ziren, baita euskal ongizate estatuko lanbideen parte izatera ere.

Hala ere, prozesu historiko hori azaltzerako orduan, kontuan izan behar dugu Espainiako Estatuak oso sarrera berantiarra izan zuela klase ertainen eta ongizate estatuaren gizarte europarrera. Izan ere, Europa mendebaldeko herrialdeetan ongizate estatu gisa ezagutu zen aparatua 50eko eta 60eko hamarkadetan zehar eraiki zen arren, Espainiako Estatuan, erregimen frankistak oztopatuta, 60eko hamarkadako bigarren erdialdera arte edota 70eko hamarkada hasierara arte ez zen izan gainerako Europa mendebaldearekin alderatu zitekeen ezer. Hori paradoxa historiko nahiko bitxia da, izan ere, Espainiako Estatuan ongizate estatua garatzen hasi zenerako, Europan jada horren dekadentzia aroa hastear zegoen, neoliberalismo edota kapitalismoaren etapa postfordista deitu izan dena finkatzen hasi baitzen. Noski, Espainiako Estatua, modernizazio prozesuan zegoela, 70eko hamarkadako krisiak bete-betean harrapatu zuen, eta 80eko hamarkada hasierarako desindustrializazio prozesua hasi zen; horrela galarazi zion ongizate estatu benetan indartsu bat sortzeko beharrezkoa den ehun produktiboa garatzea.

Alabaina, auzi ekonomikoaz gain, Espainiako Estatuak garaiko Europako Ekonomia Erkidegora batu nahi bazuen, estatu burges-demokratiko baten egiturak eraiki behar zituen. Frankismo amaieran, langile mugimenduarekin batera, auzi nazionala zen erregimena kolokan jartzen zuen gatazka sozial nagusia. Europako gainerako estatu burgesen taldean homologatzeko, Espainiako Estatuak zituen gatazka politiko nagusi horiek neutralizatu eta instituzionalizatu behar zituen. Frantziako Estatuak lehenago frogatu zuen bezala, kapitalarentzat eta horren kudeatzaile politikoentzat, talde sozial gatazkatsuenei estatuaren aparatuaren postuetan integrazioa irekitzea bide egokia izan daiteke neutralizatzeko[3].

Horregatik, Espainiako eliteek, euskal nazionalismo kontserbadorearekin batera, ondo ulertu zuten euskal nazio gatazka Espainiako erregimen demokratiko-burges berrian neutralizatzeko, administrazio egituretan toki bat egin behar zitzaiola euskal funtzionario multzo bati. Horrek, jakina, ez zuen euskal gatazkaren guztizko ezabapena eragin, ezta gutxiagorik ere. Baina, euskal administrazioan, langile publiko gisa, lan egingo zuten langile ehun bat sortzea ahalbidetu zuen. Hezkuntzan lan egingo zutenak edota osasungintzan lan egingo zutenak ere batu behar zaizkio.

Espainiako eliteek, euskal nazionalismo kontserbadorearekin batera, ondo ulertu zuten euskal nazio gatazka Espainiako erregimen demokratiko-burges berrian neutralizatzeko, administrazio egituretan toki bat egin behar zitzaiola euskal funtzionario multzo bati

Horrela, euskararen jakintza populazioaren zati garrantzitsu batentzat lanpostu publiko baten bermetzat jotzen hasi zen. Are gehiago, kontuan hartzen badugu autonomia erkidegoen hastapenak justuki desindustrializazio garaiarekin bat egiten duela. Beraz, euskaldun zaharren seme-alaba ugarik, baina baita Estatuko beste lurraldeetatik etorritako langileen seme-alabek ere, euskal administrazio publiko berrian postu bat izatea hartu zuten lan etorkizun egonkortzat.

Ezbairik gabe, euskal klase ertainen gizarte bat sortzeak berebiziko garrantzia izan zuen euskararen biziraupenean. 1981ean, gutxi gorabehera, 596.000 euskal hiztun zeuden Euskal Herrian, bizilagunen % 20,35. 120 urte lehenago, 1860an edo, 500.000 pertsonek zuten euskara hizkuntza nagusi gisa, hots, bizilagunen % 55 inguruk[4]. Hau da, proportzioa gutxitu da, horregatik diogu Euskal Herrian euskara ezabatzen saiatzeko politika kontziente bat existitu dela. Horri, esan bezala, modernizazio kapitalistaren prozesua eta immigrazioaren fenomenoak batu behar zaizkio.

Hala ere, frankismo amaieran herri mugimendu euskaltzaleak eta nazio gatazkak euskarari emandako bultzadari gehitu behar zaio hura neutralizatzeko espainiar eta euskal elite politiko berriek euskaldunen nolabaiteko klase ertaina sortzeko ahalegina, horiek izan baitziren euskararen biziraupenaren arrazoiak. Noski, biziraupen prekarioa eta ahula izan da, ez baita lortu administrazio publiko guztia euskaraz hitz egiteko gai izatea ere. Alabaina, frankismoaren amaieratik XX. mende amaierara arteko tartean euskal klase ertainen gizarte bat sortu zela ezin uka daitekeen egitate historiko bat da.
Krisi kapitalista, euskararen krisia

Inkesta eta ikerketa soziolinguistiko gehienek egungo euskararen egoerari buruz bi datu nagusi partekatzen dituzte: euskararen jakintza maila etengabe igotzen joan den arren, azken urteetan kale erabilerari dagokionez beherakada nabari da. Hipotesi bezala, baina ez hipotesi bakar bezala eta sakonean landu beharrekoa, esan dezakegu gizarte integrazioan, hau da, klase ertainen gizarte horretara sarbide izateko zuen paperean, goia jo duela euskarak, edo muga handi baten aurrean aurkitzen dela. Kapitalismoa etapa neoliberalean sartzeak[5] Euskal Herrian ere izan ditu ondorioak, administrazio publikoko zein hezkuntzako postuak ez baitira ugaritzen, eta hauek jada euskal familietatik datozen ondorengoetan endekaturik daude. Gainera, Espainiako Estatuaren kanpotik datozen familia etorkinetako kideek kasik ez dute horietara sarbiderik.

Baieztapen hau polemikoa izan badaiteke ere, errealitateak erakusten du euskara, lehen hizkuntzaz gain, askorentzat estatus sozial maila duina mantentzeko tresna ere bilakatu dela, proletarizazio prozesua ekidin ahal izateko azken defentsa gisa. Horrek, ordea, euskararen mundua asko lotzen du estatus sozial jakin bateko udalerriekin eta lanpostu oso jakin batzuekin. Horrela, errealitate honek euskararen kale erabileran zein zabalpenean ondorio garbiak ditu.

Errealitateak erakusten du euskara, lehen hizkuntzaz gain, askorentzat estatus sozial maila duina mantentzeko tresna ere bilakatu dela, proletarizazio prozesua ekidin ahal izateko azken defentsa gisa

Pasa den Arteka batean, Paul Beitiak, errenta datuei eta euskararen erabilerari buruz ikertutako txostenetan oinarrituta, argi zioen euskararen presentzia nabarmen igotzen zela errenta ertain-altuko udalerrietan eta landa eremuetan[6]. Aitzitik, hiri eremuko periferia pobretuetan baxuagoak ziren datuak. Orain urtebete inguru, Joseba Zalakain ikerlariak Berria egunkarian argitaratu zuen iritzi artikuluak ere polemika ugari sortu zuen. Hala ere, bertako datuak eztabaidaezinak dira. Gipuzkoako pobrezia eta gizarte bazterketari buruzko inkestaren arabera, argi dago pobrezia egoeren eta hizkuntza ezagupenaren arteko lotura: ama hizkuntza euskara dutenen artean pobrezia tasa % 8koa da; gaztelera dutenen artean, % 16koa, eta beste hizkuntza bat dutenen artean, % 58koa. Hori dena Euskal Herrian errenta kohesio gehien duen lurraldean eta euskara erabilera altuena duenean gertatzen da[7].

Halaber, hezkuntzako datuei erreparatzea ezinbestekoa da egungo euskararen joerari buruz analisi egoki bat egiteko. Berriz ere Beitiak idatzitako analisiari erreferentzia eginez, Eusko Jaurlaritzak, EAEko lurraldeentzat, VI. Inkesta Soziolinguistikoan emandako datuak azpimarra daitezke: EAEn Lehen Hezkuntza A ereduko (gaztelania nagusi den hezkuntza eredua) zentro publikoetan egiten duten ikasleen artean, % 86,1 errenta maila baxukoa edo erdi-behe mailakoa da. Hala ere, maila sozioekonomiko altuenetako familien seme-alabak ere biltzen dira hezkuntza eredu honetan, izan ere, itunpeko A ereduan baitago maila sozioekonomiko altuko ikasle gehien, % 35,7. B eredu publikoan ere antzeko kopuruak daude: sozioekonomikoki, ikasleen % 73,1 da behe edo erdi-behe mailakoa. EAEko D ereduan, aldiz, dezente jaisten dira maila sozioekonomiko baxueneko tasak: % 22,4 itunpekoetan eta % 19,7 publikoetan, eta ikasleen % 28,8 kokatzen da goi mailakoen taldean.

Datuetatik bi ondorio erator daitezke. Lehenengoa, EAEn behintzat, «getifikazio» prozesu bat dagoela; euskarak zailtasunak baititu arnasguneetatik haratago ateratzeko, eta argi dago arnasgune horiek klase sozial bati atxikirik daudela. Bigarrena, euskarak klase ertainen gizartean garai batean zen igogailu sozial hura izateari utzi diola, etorkin berrien familia askorentzat behintzat. Euskal klase ertainen gizarte hori sortzea ahalbidetu zuten baldintza ekonomikoak atzeraldian daudenez, etorkinen eta familia erdaldunen integrazioa ziurtatu zezaketen baliabide, zerbitzu zein lanpostuen atzeraldi edota endekapena ere bizi dugu. Horrek euskararen erabilera familia proletario askorentzat funtsezko faktore ez izatea bilakatzea ekarri du.

EUSKARAREN AZKEN AUKERA

Artekan bertan Aitor Bizkarrak idatzitako beste artikulu batean, aipatzen zuen hark ere euskararen «bigarren heriotzaren oinarrian» kapitalaren metaketa-ziklo postfordistaren agortzea eta klase ertainen gainbehera zeudela[8]. Horri faktore geopolitikoa gehi geniezaioke, izan ere, kapitalaren metaketa ziko amaiera honetan, eta berria irekitzeko berregituraketa garaian, administrazio eta botere gune transnazional handiak garrantzia hartzen ari dira. Argi dago, egun banatzen ari diren europar funtsei loturik, Europar Batasunean administrazio eta langile publikoek hartuko duten garrantzia. Postu horietarako oposizioak prestatzeko euskarak nekez izan lezake paper funtsezkorik.

Baina egungo kapitalaren berregituraketak argi uzten du nolabaiteko blokeen arteko lehia handi baterantz goazela. Bertan, Europar Batasunak bere tokia bilatuko du Estatu Batuen eta Txinaren arteko hegemoniaren lehian. Horrek estatuz gaindiko superestrukturen indartzea ekarriko du, eta erregioetako egiturak bigarren mailan gera daitezke. Bestela esanda, euskara bezalako hizkuntza gutxitu bati bideratutako diru funts guztiak murrizten joango direla. Adibidez, Europako kapitalismoa garai berrira moldatzea helburu duten europar funtsek ez dute inolako diru sortarik aurreikusten hizkuntza gutxituen hedapenarentzat eta laguntzarentzat.

Gainera, berregituraketa eta krisi garai latzean dagoen ziklo ekonomikoari, euskal gatazkaren intentsitatea gutxitu izana eta Espainiako Estatuak zentralizaziorako erakusten duen joera gehitzen badizkiogu, euskararen erreprodukziorako tresna kapitalistak agortzen ari direla kontura gaitezke. Batzuentzat, irtenbidea euskara negozio kate handietan integratzea izan liteke, eta hori babesten dute euskarak Netflix bezalako entretenimendu multinazional erraldoietan sarbidea izan dezakeela uste dutenek, aukera horiek orain arte antzuak direla erakutsi bada ere.

Berregituraketa eta krisi garai latzean dagoen ziklo ekonomikoari, euskal gatazkaren intentsitatea gutxitu izana eta Espainiako Estatuak zentralizaziorako erakusten duen joera gehitzen badizkiogu, euskararen erreprodukziorako tresna kapitalistak agortzen ari direla kontura gaitezke

Bestetik, euskara proletarizazio prozesuari erantzun baikortzat har daiteke, hau da, kapitalismoaren egungo krisiari eta pobretze joerari kontrajarriko zaion elementu gisa. Analisi horretan, zertzelada batzuk eman dira euskarak gizarte kapitalista beherakor bateko zikloan galtzeko guztiak dituela antzemateko. Beraz, gorakorra izango den estrategia bati lotu behar zaio euskararen afera, horra hor estrategia sozialistak hizkuntza alorrean euskarari egin ahal dion mesede handiena. Euskararen gainbehera sostengatu izan duen euskal klase ertainen gizartearena ere badelako.

OHARRAK

1 Honako adibidea Xabier Zabaltza historialariaren Una historia de las lenguas y los nacionalismos (Gedisa, 2006) liburutik hartutakoa da. Seigarren kapituluan, Zabaltzak hizkuntzaren eta klasearen arteko erlazio historikoak aztertzen ditu, beste hainbat adibide historiko eskainiz.

2 Nafarroaren eta euskararen arteko erlazio historikoan gehiago sakontzeko, Zabaltza, Xabier (2013): «De la lingua navarrorum al estado vasco», Historia Contemporánea, 47: 471-492.

3 Frantziako Estatuak Bigarren Mundu Gerra amaitu ostean, oso langile mugimendu antolatu eta indartsua zuen bere mugen barnean. Hori desartikulatzeko egindako saiakera nagusienetako bat, langile mugimenduko hainbat kideri estatu administraziorako ateak irekitzea izan zen. Horrela, langile jatorriko hainbat kideri Administrazioaren Eskola Nazionalerako sarbidea eman zien.

4 Igartua, Iván eta Zabaltza, Xabier (2006): Euskararen historia laburra, Etxepare Euskal Institutua: euskal kultura sailaren editorea, Donostia.

5 Etapa neoliberalaz edota postfordistaz gehiago sakontzeko, Harvey, David (2007): Breve historia del neoliberalismo, Akal, Madril. Espainiako Estatuan izan duen garapena ikusteko, James Petras (1995) soziologo estatubatuarraren Informe Petras famatua kontsulta daiteke edota Vicenç Navarro (2004) ekonomialariaren El estado de bienestar en España ikerketa txostena.

6 Beitia, Paul (2021): «Euskara eta maila sozioekonomikoa: errepaso soziolinguistiko bat», Arteka / GEDAR LANGILE KAZETA, ekainaren 3a.

7 Zalakain, Joseba (2020): «Pobreen hizkuntzak», Berria, urriaren 15a.

8 Bizkarra, Aitor (2021): «Danok ikusten degu: euskera galdu da», Arteka / GEDAR LANGILE KAZETA, ekainaren 15a.

EZ DAGO IRUZKINIK