«Ezin dugu onartu Errusiak gerra irabazterik, estatubatuarren eta europarren interesak kaltetuko dira eta. Horregatik, Ukrainari laguntzea ez da eskuzabaltasun kontua (ukrainar herria maite dugulako): gure interesekoa da» - Josep Borrell, EBko Kanpo Arazoetarako goi-ordezkaria
«Bakea nahi badugu, presta gaitezen gerrarako» - Europako Kontseiluaren 2024ko martxoaren 5eko prentsa-oharra
Artikuluari hasiera ematen dioten aipuok azken hilabeteetako Europako testuingurua laburbiltzen dute. Europar Batasuneko (EB) eta estatu kideetako agintari handiak herritarrei mezu belizistak bidaltzen ari zaizkie etengabe, eta prentsak berehala hartu du lekukoa: gerra-hotsa hedatu du, eta herritarrak borrokarako prestatzeko, edota, gutxienez, etorkizun hurbilean hartuko diren neurri ekonomiko eta sozial belikoak onartzeko giroa sortzen ari dira.
Baliteke historian interes handiena duten horiek harritzea EB bezalako agente batek gerra-kanpaiak jo dituelako; izan ere, teorian behintzat, Europaren integrazio-prozesua gerra edozein modutan saihesteko sortu zen. Robert Schumanek, gerora EB izango zenaren aita fundatzailetzat hartuak, hitz hauek idatzi zituen 1950ean Europako herrialdeen batasunari buruz, batez ere Frantzia eta Alemaniari buruz: “Hain denbora luzean armak fabrikatu dituzten eskualde horien patua aldatu egingo da, beraiek izan baitira lehen biktimak” [1].
Zer gertatu da, orduan, berriro ere honaino iristeko? Etorkizunean “beraiek izango dira lehen biktimak” esaldia errepikatu nahi al dute?
EB ETA GERRA IKUSPEGI HISTORIKOTIK
Gerra eta gerra-ekonomia ezinbesteko kontrajoera dira ekoizpen kapitalistaren barne-kontraesan historikoak gainditzeko: kapitala suntsitu eta ondoren berreraikitzeak industria giltzarri batzuk aktibatzen ditu, eta herrialde irabazleei bultzada ematen die aurrerapen teknologikoei dagokienez. Hala ere, ez da pentsatu behar zuzeneko lotura mekaniko bat dagoenik krisiaren eta gerraren artean: buruzagi politiko eta militarrak ez dira irabazi-tasaren beheranzko joeran pentsatzen ari beren armadak mobilizatzeko orduan. Hala ere, kapitalismoak epe luzera dituen berezko joerak nahitaez aditu behar ditugu gerrak sortzeko testuingurua ulertzeko [2].
Gerra eta gerra-ekonomia ezinbesteko kontrajoera dira ekoizpen kapitalistaren barne-kontraesan historikoak gainditzeko: kapitala suntsitu eta ondoren berreraikitzeak industria giltzarri batzuk aktibatzen ditu, eta herrialde irabazleei bultzada ematen die aurrerapen teknologikoei dagokienez
EBk bloke ekonomiko gisa duen helburua Europako kapitalek munduko merkatu kapitalistan duten posizioa bermatzea bada, galde daiteke zergatik ez den armada bateratu bat sortu Europaren integrazio-prozesu luzean zehar. Baditu gobernantza ekonomiko eta politikoko erakundeak, hala nola Europako Banku Zentrala, Europako Inbertsio Bankua edo Europako Batzordea eta Parlamentua, baina bloke geopolitiko kapitalista handi bakoitzari misio honetan kapitala metatzen lagunduko dion armada handi bat badagokio, zergatik ez du EBk horrelakorik?
Galdera horri erantzuteko 1950eko hamarkadara jo behar dugu, orduan eman baitziren Europako integrazio-prozesuaren lehen urratsak. Gogoratu behar dugu prozesu horren lehen etapetan AEBk funtsezko zeregina izan zuela, Marshall Planaren bidez Europako herrialdeak berreraikitzeko finantzatzaile nagusia izan baitzen Bigarren Mundu Gerraren ondoren. Gainera, AEB gerratik manufaktura-potentzia kapitalista handi gisa atera zen, eta merkatu europar batu bat komeni zitzaion bere erosle eta bazkide komertzial nagusia izan zedin. Baina inola ere ez zitzaion komeni integrazio hori ekonomiaren esparrutik haratago joatea. Ordurako, AEBk NATOren alde egina zuen: berak zuzenduko zuen aliantza militarra, eta Europako defentsa militarraren buru izango zen [3].
NATOk Europarekiko hartutako lidergo militarraren erabaki horrek tentsioak eragin zituen, batez ere, Frantziarekin (Europako potentzia militar kontinental handia). Frantziako Estatuak arma nuklear propioak garatu zituen estatubatuarren laguntzarik gabe, eta 1966an erretiratu ere egin zen NATOren aginte militarretik, Charles de Gaulle jeneral ohia presidente zela. Erabaki hori 2009. urtera arte mantendu zen; hala, urte horretan Nicolas Sarkozy presidenteak berriz txertatu zuen Frantzia Aliantza Atlantikoaren aginte militarrean.
Hala ere, Frantzia alde batera utzita, Europako ezein herrialdek ez zuen NATOren aginteari erantzuteko gaitasun politiko eta militarrik izan XX. mendearen bigarren erdian. Horregatik, Europako integrazio-prozesu osoa bateratze ekonomikotik garatu zen, eta ez batasun militarraren bidetik. Azken hori, NATOren bidez, AEBren esku utzi zen. Prozesu horren bidez, Mendebaldeko Europa munduko bigarren bloke geoekonomiko garrantzitsuena bihurtu zen, AEBren atzetik eta haren babes militarrean. Gainera, Europak ez zuen nahitaez parte hartu behar Osaba Samek abiarazitako abentura beliko guztietan.
Azken puntu hori garrantzitsua da, ez baita ulertu behar EBk beti izan duenik NATOrekiko (eta, beraz, AEBrekiko) zuzeneko mendekotasunik. Aitzitik, nazioarteko harreman kapitalistak etengabeko tentsio interkapitalistek zeharkatzen dituzte, baita a priori aliatuak diruditen herrialdeen artean ere. Horren adibide izan daiteke Europako moneta bateratua, euroa, sortzeko prozesua: AEBk ez zuen horrekiko aldekotasun handirik erakutsi, dolarraren nagusitasuna arriskuan jarri baitzezakeen (munduko merkataritzaren eta finantzen erreferentziazko dibisa). Euroaren sorreraren garaian, 1990eko hamarkadan eta 2000koaren hasieran, eta ez kasualitatez, AEB Europar Batasuneko herrialdeak bi gerratara eramaten saiatu zen: Jugoslaviakora eta Ekialde Hurbilekora, batez ere Iraken eta Afganistanen gertatzen ari zenera [4].
Europako herrialdeek Washingtonekiko gehiegizko autonomia garatu izan dutenetan, AEBko inteligentziak horiek diziplinatzeko erabili izan du gerra. Europako elite politiko-ekonomikoak jakitun dira tentsio horretaz, baina behin Gerra Hotza amaituta eta sobietarren hedapenaren arriskua atzean utzita, horietako askok ulertu izan dute mundua multipolarra izateak mesede egin diezaiekela. Horixe da Irakekin gertatutako kasu paradigmatikoa: 2000ko hamarkadaren hasieran, Sadam Husseinen agindupean, Irakeko petrolio-erreserba handiaren zati bat eurotan merkaturatzen hasi ziren, dolar estatubatuarraren kaltetan. Erabaki geopolitiko horrek mesede handia egin zion sortu berri zen dibisa europarrari; horregatik, Frantziak eta Alemaniak, EBko estatu lider nagusi gisa, ez zuten babestu AEBk Iraken esku hartzea [5].
Europako herrialdeek Washingtonekiko gehiegizko autonomia garatu izan dutenetan, AEBko inteligentziak horiek diziplinatzeko erabili izan du gerra
Hala ere, esan daiteke Europako buruzagi askok Gerra Hotzaren ondorengo garaian zuten ikuspegia geopolitikoki inuzentea zela. Izan ere, Europako potentzia handiek bloke ekonomiko eta monetario indartsu gisa sendotzeko apustua egin zuten, euroa sortuz eta Alemania Europako potentzia esportatzaile handi gisa batuz. Baina, aldi berean, pentsatu zuten behin Sobietar Batasuna erorita gastu militarraren zati handi bat beste sektore batzuetara desbidera zitezkeela, non, eta Ekialdeko blokeko herrialdeetan merkatu handiak irekitzen ziren mundu batean. Hala, mende berriaren hasieratik 2010eko hamarkadaren bigarren erdira arte, desmilitarizazio erlatiboa gertatu zen EBn eta estatu kideetan.
Nazioarteko Harremanetarako Frantziako Institutuak berriki egindako ikerketa baten arabera, 1991 eta 2021 artean EBko herrialdeek %66 murriztu zuten tanke operatiboen erreserba, %45 ehiza-hegazkinena eta %25 itsas-flotarena [6]. Frantziak ere, nahiz eta EBko potentzia militar nagusia izaten jarraitu, joera bera izan du: tanke erabilgarrien kopurua 1.349tik 222ra jaitsi du, ehiza-ontzien kopurua 686tik 254ra eta gerraontzien kopurua 41etik 19ra. Militarrei dagokienez, urte horien artean, Frantziako Estatuak %55 murriztu zituen bere armada eta zerbitzu paraleloak, eta haietako langile aktiboak zehazki 453.000 kidetik 203.000ra jaitsi.
Horrek ez du esan nahi EBk ikuspegi militar komuna ez duenik: 1999an Amsterdamgo Ituna indarrean sartu zenetik, EBren Segurtasun eta Defentsa Politika Komuna dago; horren ardura Europar Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Politika Erkideko goi-ordezkariak du ‒gaur egun, Josep Borrellen esku dago kargu hori‒. Hala ere, EBren armada komuna garatzeko aurrekontu militarra nahiko mugatua da, urtean 30 milioi euro ingurukoa. Gainera, EBren fundazio eta itun gidari guztietan aipatzen da Europako defentsa politika NATOren esparruan hartutako estrategien mende egongo dela une oro.
EBren fundazio eta itun gidari guztietan aipatzen da Europako defentsa politika NATOren esparruan hartutako estrategien mende egongo dela une oro
Horrela, Ukrainan tentsio geopolitikoak hasi baino lehen, 2014an AEBren interesen aldeko estatu-kolpea eman zutenean, EB krisi ekonomiko betean zegoen: borrokarako prestatu gabeko armada nazionalak zituen, eta, beharrezko egitura militar bateratuak izan beharrean, estatu bakoitza bere aldetik zihoan arlo militarrean. Hain zuzen ere, Baltikoko eta Europako ekialdeko herrialdeek nahiago dute beren defentsa militarra zuzenean NATOren menpe egotea; aldiz, Mendebaldeko estatuetan ‒adibidez Frantzian, Alemanian eta Espainian‒, EBk “autonomia estrategikoa” bilatu beharko lukeela diote. Iritzi hori are gehiago indartu zen Donald Trumpen agintaldian.
EUROPA BERRARMATZEKO PLANA
Europako eliteek Gerra Hotzaren osteko geopolitikari buruz izan zezaketen ikuspegi inozentea lurrunduta geratu zen 2000ko hamarkadaren hasieran, AEBk Afganistan eta Irak inbaditu zituenean. 2007an, Lisboako Tratatua sinatu zuten, EBko erakunde erkideak sendotzeko orain arte egindako urratsik handiena, eta estatu kide guztiek beren gaitasun militarrak pixkanaka hobetzeko konpromisoa hartu zuten.
Hala ere, 2010eko hamarkadan, EB krisi ekonomikoaren kudeaketan eta Mediterraneoko hegoaldeko herrialdeei aplikatutako doikuntza-planetan zentratuta egon zen nagusiki. Horregatik, ikus daiteke berrarmatze-plana urgentziaz eta inprobisazioz gauzatzen ari dela. Ukrainako gerraren balizko hedapenaren testuinguruan, EBk ikusten du ez duela gaitasun militar edo industrialik eskala handiko gerra luze bati eusteko. Hori dela eta, NATOren erabakiekin eta AEBren interes geopolitikoekin bat etorri da. EBk badaki bere gaitasun belikoa AEBren ezkutuaren pean egotearen mende dagoela, baina, aldi berean, beldur da Trump berriro presidentetzara iritsiko ote den, eta horrek EB Errusiaren aurkako borrokan bakartuago utziko ote duen.
EBk ikusten du ez duela gaitasun militar edo industrialik eskala handiko gerra luze bati eusteko. Hori dela eta, NATOren erabakiekin eta AEBren interes geopolitikoekin bat etorri da
EBko estatuburu edo gobernuburu guztiak ordezkatzen dituen Europako Kontseiluaren 2024ko martxoaren 19ko prentsaurrekoak ondo laburtzen du Europako erakundeek etorkizun hurbilean eremu militarrean hartuko duten estrategia. Komunikazio horretan, EBko liderrek jakinarazi zuten zeintzuk diren EB gerra-ekonomia moduko batean sartzeko hiru zutabeak: Ukrainari laguntza militarra eta munizioak ematea, Europako industria militarraren modernizazioa funts publikoen bidez finantzatzea eta hemendik 2030era bitarte Europako industriari egindako erosketak bikoiztea. Horrekin, NextGenEU suspertze-funtsek izan ez duten eragin ekonomikoa eragin nahi du EBk: eskala handiko enplegu egonkorrak sortzea eta estatu kide guztien hazkunde ekonomikoa finkatzea.
Baina EBk eta AEBk arazoak dituzte gaur egun Ukrainari laguntza militarra emateko erritmoari eusteko. Financial Times egunkariak berriki egindako kalkulu baten arabera, desberdintasun handia dago Errusiako eta Mendebaldeko munizio-ekoizpenaren artean. Errusiako artilleriako munizioaren ekoizpena urteko 800.000 jaurtigai izatetik urteko 2,5 milioi izatera igaro da, edo 4 milioi, berregokitutako jaurtigaiak barne hartuz gero. EBren eta AEBren ekoizpen-ahalmenak 700.000 eta 400.000 ingurukoak dira, hurrenez hurren, baina EBk 1,4 milioira iritsi nahi du urte honen amaieran, eta AEBk 1,2 milioira [7].
EBko liderrek badakite, Errusiari pultsu militarra mantentzeko, Ukrainak balak, misilak eta zeruak kontrolatzeko aireko defentsa-sistemak behar dituela, eta presa daukala. Hala, Ukrainari armak erosteko, EBk Europako aurrekontua erabiliko du, baita Errusiari jarritako zigorren ondorioz ibilgetutako finantza-aktiboetatik eskuratutako irabaziak ere. Hala ere, oraindik ez dago argi igoera horrek Ukrainako lurretara tropak zuzenean bidaltzea ekarriko ote duen, eta hori NATOko kideen eraso bateratu gisa uler lezake Errusiak.
Gerra-egoera baterako prestatzeko, EBk de facto aldatuko ditu bere sare industrial-produktiboaren funtsezko alderdiak eta, beraz, estatu kide guztiei eskatu die “defentsarako prestatzeko kultura integratzeko politika guztietan”. Europako Defentsa Industriaren Estrategia (EDIS), aurtengo martxoan aurkeztua, Europako birmoldaketa ekonomiko handiena izango da euroa indarrean sartu zenetik. Legegintza-ekimen berri horrek epe laburreko larrialdi-neurriak hartuko ditu, 2023an hartu eta 2025ean amaituko direnak, bai eta epe luzeagokoak ere, Europako industria militarra datozen hamarkadetarako prestatzeko. Hiru dira puntu nagusiak: lehena, gutxienez defentsa-ekipoaren %40 EBko estatu guztien artean erostea 2030erako; bigarrena, estatu kideen arteko merkataritza militarra indartzea, 2030erako EB barruko merkataritza militarraren balioa gutxienez EBko arma-salmenta guztien %35 izango dela bermatuz; eta hirugarrena, Europako armagintza-industriari erosten zaiona bikoiztea, etengabe aurrerapausoak emanez, eta 2030erako erosketa militarren aurrekontuaren gutxienez %50 eskuratzea, %60 2035erako.
Helburu horiek lortzeko, industria militarrak finantzaketa publikoa zein pribatua eskuratzeko bideak erraztuko dituzte Europako erakundeek. EB bera ere planteatzen ari da covid-19aren suspertze-funtsak finantzatzeko jaulkitako eurobonuen antzekoak jaulkitzea, baina kasu honetan berrarmatzea finantzatzeko. “Pandemiaren osteko berreraikuntzarako erabil badaitezke, Ukrainaren suntsipena saihesteko erabil daitezke”, adierazi du berriki Josep Borrell EBko kanpo-politikaren arduradunak. Aitzitik, zor komunagatik jaulkitako funts horiek oraindik ez dira errealitate bat; izan ere, Europar Batasuneko herrialde zentralek eta eskandinaviarrek, zerga-austeritatearen aldekoenek, oraindik ere nolabaiteko errezeloz ikusten dute berrarmatzearen pisu guztia Europako zor publikoari kargatzea.
Adostasuna badago zenbait arlotan, hala nola industria militar kontinentalean zuzenean inbertitzeko Europako Inbertsio Bankuaren –Nadia Calviño Espainiako presidenteorde ohiak gidatua– estatutuak aldatzean. Beraz, pandemiaren ostean egindako promes hura –funtsek, Estatuaren esku-hartze bidez, birmoldaketa ekologiko eta teknologikorako hazkunde ekonomikoa sustatzeko balioko zutela–, egiaz beste zerbait bilakatu da: agertoki berri horretan, Estatuaren edo Europa den superestatuaren esku-hartzea kapital militarra modernizatzera bideratuko da.
LEHIA ETA KEYNESIANISMO MILITARRA
Industria militarra industria bereziki partikularra da gizarte-harreman kapitalisten barruan. Izan ere, bere eskaintza eta eskaria ez daude zuzenean merkatuaren mende; aitzitik, estatua da armamentu-ekoizpenaren prozesua hasteko eta erreproduzitzeko aukera ematen duena, armamentuaren bezero eta eskatzaile nagusia baita. Baina estatu batzuek besteek baino eskari handiagoa dute eta, horri esker, arma-industria lehiakorragoa sor daiteke haien barruan.
Azken hori da AEBren eta bere industria militarraren kasua. AEBko industria militarrak kontratu iraunkorrak eta milioi askokoak izan ditu, eta Europakoak, berriz, ez. Izan ere, AEB beti egon da gerran edo gerran egon diren bigarren estatuei laguntza zuzena ematen, Israeli kasu. Horregatik, munduko hamar armamentu-enpresa nagusien rankingean bost estatubatuar agertzen dira, eta horietako hiru rankingaren buru daude: Lockheed Martin, RTX Corporation eta Northrop Grumman. Aldiz, Europako bakarra ageri da rankingean, Leonardo S.p.A enpresa italiarra, eta sailkapen horretan hamargarren tokian dago.
Hori aldatzen saiatuko da EBren defentsa-industriaren estrategia berria, eta erosketa militarrerako boterea Europako Batzordean zentralizatuko du. Armamentua kanpoan erosteak ez du aukerarik ematen inbertsioa berrabiarazteko eta Batasunean lanpostuak sortzeko; horregatik, armagintza propioa indartu nahi da. Esan liteke Europa berrarmatzeko planak ongizaterako itun sozial berri bat izan nahi duela, baina oraingoan gerrako itun sozial bat.
Esan liteke Europa berrarmatzeko planak ongizaterako itun sozial berri bat izan nahi duela, baina oraingoan gerrako itun sozial bat
Dagoeneko hasi da armamentu-enpresei diru publikoa transferitzen. Alemaniako armamentu-enpresa nagusiak, Rheinmetallek, 130 milioi euro baino gehiago jaso ditu jada aurten EBko funtsetatik, artilleriaren sektorean ekoizpen-ahalmena handitzeko. Era berean, 2023ko urrian, Alemaniako Gobernuaren lehiaketa bat irabazi zuen Ukraina droneak hautemateko sistemez hornitzeko; azaroan, Ukrainari 25 Leopard 1A5 tanke eta bost ibilgailu blindatu ematea sinatu zuen; azkenik, aurtengo otsailean, Alemaniako beste enpresa batekin akordio bat iragarri zuen Ukrainako lurrean bertan munizio-fabrika bat sortzeko. Enpresa horrek bost aldiz biderkatu ditu bere salmentak azken bi urteetan, eta gaur egun Alemaniako burtsan gehien kotizatzen duen enpresetako bat da.
Enpresa- eta geopolitika-lehiaz gain, EBk Errusian aplikatutako gerra-ekonomiaren adibidea du ekialdeko mugan, eta badirudi emaitza onak ematen ari zaizkiola Errusiari, epe laburrean behintzat. 2024ko otsailean, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) Errusiako ekonomiaren indarra nabarmendu zuen, eta aurtengo hazkunde-aurreikuspena %1,1etik %2,6ra hobetuko duela esan zuen. Nazioarteko Diru Funtsaren datuen arabera, potentzia euroasiarraren ekonomia G7ko estatu guztietakoa baino azkarrago hazi zen iaz, eta 2024an ere horretan dihardu. Era berean, soldatak maximo historikoetara heltzen ari dira, armada eta bere industria bultzatzeko lan-indarraren eskasiagatik eta gizarteko geruza proletarizatuenen mobilizazioagatik.
Orain arte, gerra-ekonomia hori Errusiako Gobernuaren aurrekontu-defizitarekin ordaindu da, azken bi urteetako gastu militarra hirukoiztu baino gehiago egin baitu, SESBren Gerra Hotzaren garaiko gastu militarrera hurbilduz. Hala ere, Errusiako politikan adituek berriki egindako ikerketa batek, Kremlinaren Ogasun Ministerioak argitaratutako txosten estrategikoetan oinarrituta, ondorioztatzen du Errusiaren plana defizita eta Gobernuaren zorra gastu militarrarekin gehiegi ez kargatzea dela [8]. Hori dela eta, gastu sozial jakin batzuk murriztuko dira eta zergak igoko zaizkie beste sektore ekonomiko batzuei gerra-gastua ordaintzeko, krisi-garaiko logika keynesiar klasikoaren kontrara.
Michael Roberts ekonomialari marxistak gogorarazten du Errusiako gerra-ekoizpena ez dela batere emankorra epe luzerako kapitala metatzeko[9]. Errusiako benetako BPGaren hazkunde potentziala ez da, ziurrenik, urtean %1,5 baino handiagoa izango; izan ere, hazkundea Errusiako ekonomiaren gainberotzeak mugatzen du, inflazio-presioak sortzen ari baitira. Horrez gain, eskulan kualifikatua falta da, eta inbertsio- eta produktibitate-tasa txikiak daude. Horregatik, keynesianismo militar errusiarra murrizketa sozialetan oinarrituta finantzatuko da hurrengo urteetan, eta baliteke soldata-igoerak ibilbide laburrekoak izatea.
EBko gerra-ekonomia termino berberetan diseinatuko da; izan ere, Europako estatu handiek dagoeneko iragarri dituzte gastu soziala murrizteko planak, hori gastu militarrera bideratzeko. Frantziako Macronen Gobernuak duela gutxi iragarri zuen aurtengo kontuetan 10.000 milioi euroko murrizketa ezarriko zuela gastu publikoan, eta langabezia-subsidioak eskuratzeko baldintzak gogortuko zituela. Bestalde, Alemaniak krisi industrial handia bizi du bere ekonomiari Errusiako energiarako sarbidea moztu zaiolako; horrela, partida sozial guztiak murrizten dituzten aurrekontuak onartu ditu. Bitartean, Alemaniako gastu militarra nabarmen ari da hazten, NATOk eskatu bezala, BPGaren %2ra iristeko.
EZKERRA ETA KEYNESIANISMOAREN FETITXEA
Ezker berriak, sozialdemokrazia klasikoaren ezkerrean egongo litzatekeenak, teorikoki eta politikoki argudiatzen du pandemia osteko egoeran Estatua berriz ere bihurtu dela ekonomia arautzeko eragile. Ez du ulertu Estatuak ez ziola inoiz utzi gizarte-harreman kapitalistak arautzeari, eta gastu sozial handiagoak ez duela zertan gizarte-politiketan gastu handiagoa ekarri. Hala, Europako suspertze-funtsak eta Green New Deal Bigarren Mundu Gerraren osteko ongizate-itun moduko bat berrezartzeko balio behar duten tresna gisa ikusi dira, baina horien emaitzak nahiko urriak izan dira.
Ikuspegi horren aurrean, ezker jakin batek keynesianismo militarra ongizate-itun sozial hori berrargitaratzeko azken aukeratzat har dezake. Estatuaren gastu belikoak enplegua eta soldata-igoerak ekar ditzake epe laburrera, baina gizartearen produkzio-oinarria ez aldatzeaz gain, epe ertain-luzerako joera suntsitzaile kalkulaezina sortzen du. Postrerik goxoena baina kalorikoena egiten duen sukaldariak bezala, armak kantitate handian ekoizten dituen ekonomia batek sarraskiak eta eskala handiko suntsipena sortzeko erabiliko ditu arma horiek.
Ezker jakin batek keynesianismo militarra ongizate-itun sozial hori berrargitaratzeko azken aukeratzat har dezake. Estatuaren gastu belikoak enplegua eta soldata-igoerak ekar ditzake epe laburrera, baina gizartearen produkzio-oinarria ez aldatzeaz gain, epe ertain-luzerako joera suntsitzaile kalkulaezina sortzen du
Horregatik, moderatuagoa irudi lezake Pedro Sanchezen Gobernuak gerra-hotsaren aurrean egindako proposamenak. Azken horrek proposatu zuen armen ekoizpenak gainerako ekoizpen-sarea teknologizatzeko balio izatea, armamentu militar hutsean soilik zentratu gabe. Hala ere, hori gerra-industriaren ondorio bat da, berez; izan ere, gerra guztiek modernizatu dute ekoizpen-sarea, baina aurreko kapitalen eta giza bizitzen itzelezko suntsipenaren kontura.
EB sozialago baten kontaketari dagokionez, paradigmatikoa da Xan Lópezek, Sumar alderdiaren inguruko adierazle intelektual nagusietako batek, bere blog pertsonalean argitaratu zuen azken testua, “Tres historias financieras (y una coda climática)”. Bertan, argudiatzen zuen klima-aldaketa geldiaraztea errentagarria izan behar zela, botere legegiletik independenteak ziren erakundeek, hala nola Banku Zentralak, ezohiko diru-politiken bidez finantzatzearen aldeko apustua egin zezaten. Hala ere, azken gertakarien argitan, esan dezakegu Europako diru-agintarien berehalako apustua dela arlo sozialeko austeritate fiskalera eta arlo militarreko gastuaren hedapenera itzultzea. Beraz, ezkerraren ongizate-estatu sozialaren itzulerari buruzko amets hezeak oso urrun gelditzen dira.
Gainera, kasu enpirikoak ditugu agintean dagoen ezkerraren eta gastu militarraren arteko harremanaren inguruan. Izan ere, Espainiako eta Alemaniako estatuetan, alderdi sozialdemokratak ari dira historiako aurrekontu militaristenak zuzentzen. Eta, lehenago, Syrizako “ezker erradikalak” gobernu-boterea lortu zuenean Grezian, ez zuen hautsi herrialde heleniarrak AEBrekin eta bere arma-enpresekin izenpetutako akordio militarretako bat ere. Izan ere, Syriza boterean izan zen bitartean, eskatutako gastu militarra betetzen zuen NATOko lau kideetako bat izaten jarraitu zuen Greziak, eta BPGaren %3 baino gehiago gastatu zuen parekorik gabeko murrizketa-garai batean. Era berean, Greziak EB osoko arma-inportatzaile handiena izaten jarraitu zuen, bere BPGarekiko proportzioan. Syrizak 2015eko apirilaren hasieran sinatu zuen armak erosteko eta modernizatzeko azken hamarkadako akordiorik handiena Lockheed Martin konpainia estatubatuarrarekin, 464 milioi euroko balioarekin.
ONDORIOAK
Ondorioz, gerra-ekonomiaren dimentsio ekonomikoak krisian dauden Europa erdialdeko estatuen zenbait aurreikuspen ekonomiko hobetu ditzake, lan-indarra arrastatzeko duen ahalmenagatik eta horrek dakarren industria-berrikuntzagatik, baina epe luzera, balorizazioari dagokionez sektore koiunturala eta ez-produktiboa denez, ez ditu Europako krisi ekonomiko luzearen sakoneko arazoak konponduko. Bestalde, dimentsio geopolitikoa eta geoestrategikoa dago, eta esparru horretatik EB oso gaizki atera daiteke nazioarteko gerra pizten bada, batez ere Europako lurretan borrokatuko bailitzateke, eta horrek kalkulaezina den suntsiketa eragingo luke.
Gerra hipotetiko hori hasi baino lehen ere, Europa Washingtonen interesetara zuzenean itzultzearen ondorio negatiboak jasaten ari da. Izan ere, Europako ekonomia nagusia, Alemania, eremu geoekonomiko euroasiarrarekin ‒bereziki Errusiarekin eta Txinarekin‒ duen deskonexioaren ondorioak pairatzen ari da. Hala, Txina zen EBtik kanpoko merkatu nagusia potentzia esportatzaile germaniarrarentzat, eta Errusiak energia-hornidura segurua eta merkea ematen zion. AEB harreman euroasiarra hausten saiatzen ari da, bere interes hegemonikoetarako arrisku potentziala zelako.
Azkenik, ezker parlamentarioak ez dio oposiziorik egin gaur egun eratzen ari den politika belizistari. Are gehiago, politika horrekin erabat lerrokatuta dago praktikan, nahiz eta zenbait kexu diskurtsibo egin ditzakeen. PSOEren eta Unidas Podemosen gobernupean, NATOren azken urteetako goi-bilerarik garrantzitsuena egin zen Madrilen, eta, bertan, Aliantza Atlantikoko kide guztiak berrarmatzea adostu zen, Mendebaldearen nagusitasuna zalantzan jartzen duten potentzien aurka gerrarako prestatzeko. Gobernu horretan bertan zigilatu ziren Espainiako Estatuan diktadura frankista amaitu zenetik gastu militar handiena zuten aurrekontuak. Eta PSOEren eta Sumarren artean berriz osatutako Gobernua, Joe Biden “aurrerakoiaren” Gobernuaren are menpekoagoa dena, ez da gai Israelgo Estatuaren aurkako neurri praktikorik hartzeko herri palestinarraren aurka irekitako genozidio baten erdian. Horrez gain, ez da ahaztu behar NATOren berrarmatze politika hitzez hitz jarraitzen duela.
Ezker parlamentarioak ez dio oposiziorik egin gaur egun eratzen ari den politika belizistari. Are gehiago, politika horrekin erabat lerrokatuta dago praktikan, nahiz eta zenbait kexu diskurtsibo egin ditzakeen
Jakina, ez digute gerraren alternatibarik ekarriko botere geopolitikoen arteko orekaren birdefinizioko testuinguru honetan egoera honela ulertzen duten alderdiek –nahiz eta ez esan argi eta garbi–: beren estatu-proiektuen etorkizuna NATOk haiei egin diezaiekeen defentsa militarraren mendekoa dela. Gaur egun interes horietatik independentea den ikuspegia izatea da gerra-tentsioak gero eta handiagoak izatetik eta horren ondoriozko giza kostu kalkulaezinetatik salba gaitzakeen bakarra. Horixe da dagoeneko basakeria kutsua duen gerra-goraldi batetik salba gaitzakeen bakarra; egunero Gazatik iristen diren irudiei begiratu besterik ez dago izugarrikeria horiek Europako gure ateak jo arte.
OHARRAK
[1] Robert Schumanek, Frantziako Kanpo Arazoetako ministroak, Ikatzaren eta Altzairuaren Europako Erkidegoa sortzea proposatu zuen. Komunitate horretako kideek ikatzaren eta altzairuaren ekoizpena bateratuko zuten, material horiek funtsezkoak baitziren gerra-ekoizpenerako. Haren hitzak “Schuman Adierazpena” izenez pasatu ziren historiara, eta oso-osorik irakur daitezke Europar Batasunaren webgunean.
[2] Gerraren eta kapitalismoaren arteko harremanari buruzko laburpen on bat: Gill, L. (2022). Fundamentos y límites del capitalismo, Madrid, Instituto Marxista de Economía.
[3] Europako integrazio-prozesuaren historiari buruz honako hau kontsulta daiteke: Anderson, P. (2012). El nuevo viejo mundo, Madril, Akal.
[4] Euroaren historia geoekonomikoa hemen kontsulta daiteke: Montes, P. (2001). Una historia inacaba del euro, Madrid, Trotta.
[5] Irakeko inbasioari eta hark euroarekin/dolarrarekin duen harremanari buruz: López Torres, J. (2003). “El euro, el dólar y la crisis de Irak”, Temas para el debate, 102, 74-75 or.
[6] Aipatutako azterlanaren laburpena argitalpen honetan kontsulta daiteke: “Defence key figures – 2021” Frantziako Defentsa Ministerioa (online eskuragarri).
[7] Ukrainako gerraren egoera militarrari buruz, Financial Times aldizkariko erreportajea: “Visual analysis: Ukraine’s war of survival enters third year”.
[8] Ischenko, V.; Matvéyev, I. y Shuraviév (2024). “Keynesianismo militar ruso: ¿quién se beneficia de la guerra en Ucrania?”, Viento Sur, 2024ko apirilaren 4a (online eskuragarri).
[9] Roberts, M. (2024). “Rusia y la economía de guerra de Putin”, Sin Permiso, 2024ko martxoaren 17a (online eskuragarri).
HEMEN ARGITARATUA