ARGAZKIA / Elene Uribarri
Pablo C. Ruiz
2024/10/05

Komunitate oro mitoz elikatzen da. Mitoak errelatoak dira, gutako bakoitzak munduan zer leku hartzen duen zehazten duten narrazioak, bizitzaren esanahia zein den esaten dutenak, pertsona bakoitzak historian duen misioa zehazten dutenak. Edozein narraziotan, pertsonaia batzuk lagun, aberkide edo kamarada gisa aurkezten dira; beste batzuk, aldiz, lehiakide, antagonista edo etsai gisa. Gizarte burgesean ere hala gertatzen da; etengabe ari da gainegitura ideologikoak sortzen eta, egitura horiek, gizartearen oinarrian dauden klase harremanak ezkutatu bitartean, gainbehera historikoan dagoen ordena bat mantentzea z arduratzen dira. Burgesiak ezin ditu bere ekoizpen moduak berezkoak dituen gatazkak desagerrarazi; alabaina, gatazka horiek birbidera eta eraldatu ditzake. Hortxe dago, hain zuzen ere, haren dominatzeko moduaren gakoetako bat: haren zibilizazio eredua arriskuan jartzen duen klase gatazka desplazatu egiten du, eta nazioaren gezurrezko komunitatearen eta barne zein kanpo etsaien arteko gatazka gisa aurkezten du. Gizarte burgesak bere buruari buruzko errelato bat sortzen du, eta, errelato horretan, etorkina gero eta rol garrantzitsua hartzen ari da.

IDEOLOGIA ARRAZISTA DESEGITEA

Xenofobia eta arrazismoa ez dira gauza bera, baina bata ezin da bata bestea gabe ulertu. Gehienetan gainjarrita ageri dira diskriminaziorako gailu bakar gisa; hala, xenofobiak eta arrazismoak estaldura ideologikoa ematen diote komunitate eredu baztertzaile, hierarkiko eta autoritario bati. Arrazismoa eta xenofobia aurreiritzi mota bat dira, gizarte kapitalistaren eguneroko praktikan txertatuta dauden egitura sozialak martxan jartzen dituztenak. Plano hertsiki ideologikoan, baliagarriak dira errudun gisa identifikatzeko “beste” arrotz eta galbideratzaile hori; izan ere, sakon errotutako aurreiritziak oinarri hartuta eta manipulazio mediatiko dosi handi baten laguntzaz, horrela azaltzen dute gauzak zergatik ez doazen joan beharko liratekeen moduan. Komunitateak ez du aurrera egiten “beste” horrek eragindako perturbazioek galarazi egiten diotelako aurrera egite hori. “Beste” hori bihurtzen da arazo guztien iturri; etorkina bihurtzen da gaitz guztien ordezkari. Balizko “zibilizazioen talka” baten testuinguruan –edo, kasurik onenean, “lehen” eta “hirugarren” munduen arteko desberdintasun gaindiezin baten testuinguruan–, esaten digute kultura batzuk esentzian direla biolentoak, zibilizatu gabeak eta atzerakoiak. Diskurtso horrek bi emaitza nagusi ditu: alde batetik, bigarren edo hirugarren planora igarotzen da gizarte eredu kapitalista ezbaian jartzea, eta, beste alde batetik, bidea errazten da langile klasearen kapa zabalen bizi baldintzak eta askatasun politikoak degrada daitezen.

[...] esaten digute kultura batzuk esentzian direla biolentoak, zibilizatu gabeak eta atzerakoiak. Diskurtso horrek bi emaitza nagusi ditu: alde batetik, bigarren edo hirugarren planora igarotzen da gizarte eredu kapitalista ezbaian jartzea, eta, beste alde batetik, bidea errazten da langile klasearen kapa zabalen bizi baldintzak eta askatasun politikoak degrada daitezen

Batzuetan, arrazismoa eta xenofobia nolabaiteko moderazioz hedatzen dira; horixe da “not all immigrants” tesia defendatzen dutenen kasua. Arrazista moderatuen iritziz, migrazio errespetagarri bat dago batetik, eta migrazio kaltegarri bat bestetik. Haien ustez, alde batetik, etorkin langile eta produktiboa dago, prest dagoena “integratzeko” eta tokiko biztanleek arau zibiko eta kulturalak errespetatzeko. Etorkin horrek oinarrizko eskubideak merezi ditu. Hari kontrajarrita, ordea, etorkin gatazkatsua dago, gure dirulaguntza-sistemaz eta zerbitzu publikoez aprobetxatu nahi duena eta ghettoetan bizi nahi duena jatorrizko herrialdeetako ohitura arkaikoak erreproduzitzeko. Bigarren etorkin horrek baztertua izatea, babesgabetasun juridikoa edo, zuzenean, deportazioa merezi du. Potentzialki zibilizatu gabea den heinean, etorkina –edozein etorkin– tokiko biztanleriaren begiradapean dago etengabe, diziplinatu eta erreprimitu egiten duen zaintza baten pean. Hala, behartuta dago gainerakoak baino hobeto jokatzera, berdin tratatua izatearen saria jaso nahi badu.

Etorkinak, herritartzat hartua izateko eskubidea ez ezik, besteak bezalako gizakitzat hartua izateko eskubidea irabazi behar du. Akatsik gabeko eredu izatea exijitzen zaio. Hain zuzen ere, Espainian atzerritarrak modu ezohikoan erregularizatzeko lege proposamenak honako arrazoi hau aipatzen du, besteak beste, egoera irregularrean dauden etorkinek paperak izateko eskubidea dutela argudiatzeko: “Arrazoi hauetako bakoitzaren garrantzia biderkatu egin da pandemiak iraun duen hilabeteetan; izan ere, denbora horretan, egoera irregularrean dauden etorkinen komunitateek aurpegia eman dute gizartearen alde ezinbestekoak diren hainbat sektoretan, hala nola zaintza sektorean, etxez etxeko banaketetan edo fruta eta barazkien bilketan. Horren ondorioz, oso prezio altua ordaindu behar izan dute, asko kutsatu eta hil egin baitira. Gizarteak esker ona zor dio, zinez, gure gizarteko kolektiborik zaurgarrienetako bat den horri”[1]. Ikusten denez, badira prezio berezia ordaindu behar dutenak edozein herritarri dagozkion funtzioak betetzeagatik. Hala, argi eta garbi ikus dezakegu etorkin onaren eta txarraren arteko bereizketa horrek beste bat gordetzen duela atzean: tokiko biztanleriaren eta etorkin guztien –osotasun gisa ulertuta– arteko bereizketa.

Etorkinak epaitzeko erabiltzen den arrazismoaren oinarria etengabeko cherry picking bat edo “ebidentzia osatu gabeen falazia” da. Falazia hori honetan datza: itxuraz hipotesi bat berresten duten kasu edo datu isolatu batzuk aipatzen dira, eta, aldiz, berariaz kanpo uzten dira hipotesia gezurtatzen dutenak. Diskurtso arrazistek etengabe erabiltzen dute falazia hori. Ustezko krimenen edo delituen kasuan, legea hautsi duen subjektua ezaugarritzeko haren etnia, herritartasuna edo jatorria erabiltzen dute, ez hala presente dauden beste faktore batzuk (esaterako, haren gizarte bazterkeria-maila, adina, generoa, zaletasunak, arroparen kolorea edo ilearen luzera). Hortik modu arbitrarioan ondorioztatzen da delituzko jokabidearen kausa norberaren jatorriari loturiko faktoreren bat dela. Era berean, legea hautsi duen pertsona edo erantzulea atzerritarra den kasu indibidualak erabiltzen dira ondorio orokorrak ateratzeko eta etnia oso bat edo atzerritar guztiak seinalatzeko. Hala ere, ezerk ez du adierazten jokabide horren kausa komunitate horretako kide izatea denik, serieko hiltzaile bat ilehoria izateak ilehori guztiei buruzko informazio orokorrik ematen ez duen modu berean. Beraz, indukzio hori ez da inondik inora ere zilegia, bistan denez. Bide batez, errealitatea beste bat da: Espainiako Estatuan soilik atzerritarren % 2k egin dute delituren bat.

Egia da, halaber, arrazistei gutxi inporta zaizkiela hori azaltzen duten datuak, egitateak eta arrazoia. Bilatzen duten gauza bakarra da aurretiaz berrestea modu ez-kritikoan onartzen duten aurreiritzi bat. Haien beldura, ziurgabetasuna eta ordenik eza baretu behar dute. Eta klase menderatzaileak erremedio bat eskaintzen du horretarako: esparru ideologiko bat diseinatzen du, zeinetan hainbat kategoriatako desjabetuak elkarren aurka lehiatzen diren itxuraz urriak diren ondasun multzo bat eskuratzeko. Ondasun horietako bat “segurtasuna” da, batzuek hura mantentzen dutelarik, eta beste batzuek, berriz, haren ondorioak pairatzen. Beste ondasun batzuk aberastasuna eta ongizatea dira, modu orokorrean. Eskaintza garestia da eta eskaria, berriz, gero eta altuagoa. Biztanleen artean nola banatu erabaki behar dugu. Zenbat eta pertsona gehiagok parte hartu aberastasun mugatu horretan, orduan eta zati txikiagoa egokituko zaio bakoitzari. Horren ondorio itxuraz logikoa honako hau da: banaketa horretan aurretiaz parte hartzen zutenei, hau da, “hemengoei”, lehentasuna ematea.

Biztanle migratzaileen aurkako arrazismoa da klase menderatzaileak azpiratuak erasotu, banatu eta azpiratzeko erabiltzen duen arma nagusietako bat; horrek nahikoa izan beharko luke arrazismoa argi eta garbi, eta irmotasunez, baztertzeko. Zoritxarrez, errealitatea bestelakoa da. Ezkerreko arrazismoa hazkunde kezkagarri eta arriskutsua bizitzen ari da, neurri batean ez delako gai proiektu iraultzaile eta eraldatzaile bat proposatzeko, ez eta hazten ari den proiektu kontserbadore eta erreakzionario batekin lehiatzeko ere. Besteak beste Alemaniako Sahra Wagenknecht-ek emandako argudioa berniz teknikoago batekin aurkezten da, modu irekian arrazista izan beharrean: etorkinek bizirauteko behar dituzten ondasunak handiagoak dira Mendebaldeko herrialdeek –kasu honetan, Alemaniak– behar horiei erantzuteko dituzten gaitasunak baino. Ez da gorrotoa, ez da arrazismoa. “Input” eta “output” kontua da.

Argudio hori defendatzen dute, halaber, Espainiako eta Euskal Herriko ezkerretako zenbait kidek, nahiz eta argudioaren premisa guztiak faltsuak izan. Lehen argudioa, eta orokorrena, ekoizpen modu kapitalistaren aldaezina dela da. Kapitalismoak gehiegizko beharrizanak sortzen ditu behar horiek asetzeko duen gaitasunaren aldean. Marxen teoriaren arabera, polo batean aberastasuna eta kapitala metatzen dituen bitartean, beste poloan miseria, proletarizazioa eta esplotazioa metatzen ditu. Ondorioz, egia da kapitalismoa desjabetuen aberastasuna mugatua dela haien beharrizanen aldean, baina muga hori gizarte antolaketari loturiko muga bat da, eta ez gaindiezina den muga natural edo demografiko bat. Hain zuzen ere, kapitalismoa da gehiengo proletarioarentzako eskasia sortzen duena, eta eskasia hori berehala desagertuko litzateke baldin eta oinarrian “norbanako bakoitzaren garapen askea guztion garapen askearekin” bat etortzea duen asoziazio baten zerbitzura jarriko balira ekoizpen tresnak[2]. Baina, horretarako, kapitalistak desjabetu beharko lirateke eta kapitalistak, noski, ez daude horretarako prest. Kapitalistentzat, xenofobia baliabide erabilgarria da ardura gainetik kentzeko eta beste norbaiten bizkar uzteko ordena sozial harmonikoa mantentzeko duten ezintasunaren pisua; zehazki, lan indar gisa baliatzen dituzten horien arteko kide zapalduen, pobretuen eta umiliatuenen bizkar. Eta mundu osoko ezkerren parte batek koipea ematen dio korronte horri, horrek kapitalistei langileak zapaltzea eta esplotatzea errazten badie ere.

Baina ekoizpen eredu kapitalista naturalizatzen eta ontzat ematen duen premisa faltsu hori onartuta ere, argudioaren aurriritzi arrazistak begi bistakoa izaten jarraitzen du. Baliabideak mugatua eta urriak dira, ez dago denontzako beste; baina zerk ematen die lehentasuna tokikoei, bertakoei, nazionalei, eta ez atzerritarrei, “kanpokoei”? Ezinezkoa da posizio horri eustea irizpide arrazistarik erabili gabe, eta hori ez dago inolaz ere justifikatuta “eskariak eskaintza gainditzen du” argudioaren begiradatik. Arrazismo hipokrita bat da hori, arrazista dela aitortzera ausartzen ez dena. Bere bertsiorik zorrotzenean, arrazismoak espezie bereko kideen arteko desberdintasun biologiko edo kultural oso nabarmen bati egiten dio erreferentzia. Desberdintasun hori hain omen da sakona, ezen ezinezko bilakatzen baitu elkar ulertzea, berdinen arteko komunitatea; izan ere, arraza objektiboki desberdinen artean, tratu desberdina baino ez da posible.

Marxista batentzat, arrazismoak zentzua du soilik menderakuntza harreman bati ematen zaion berniz ideologiko gisa ulertuz gero. Modu zehatzagoan esateko, periferiako nazioak sekularki azpiratzea arrazionalizaten duen bitarteko gisa ulertuz gero. Klase baten gailentasuna estigma etnizistaren bitartez baliozkotzen da. Xenofobiaren eta arrazismoaren muina klase azpirakuntza da; diskriminazio xenofoboa eta arrazaren araberako diskriminazioa beti dira, modu zuzenagoan edo zeharkakoan, pobreekiko diskriminazioa.

ZENBAIT OHAR MARXISMOAREN IKUSPEGITIK

Kapitalismoak mundu mailako komunitate bakar bat sortzeko joera du, non tradizioaren eta kulturen antzinako jatorrien aztarnak objektiboki galtzen baitira nazioarteko gizarte berri batean. Elkarrengandik isolatuta zeuden komunitate nazionalak disolbatu egiten dira eskala globaleko prozesu ekonomiko inpertsonalek hertsatuta. Migrazioa prozesu horien ondorioetako bat da, eta, aldi berean, etengabe indartzen ditu prozesu horiek. Modu batean, egia da kultura nazionala hondatzen duela. Alderdi Komunistaren Manifestuaren lerro hauek ezin hobeki azaltzen dute fenomenoa:

Aberria, nazionalitatea, abolitu nahi izateaz ere salatuak dira komunistak. Langileek ez dute aberririk. Ezin zaie kendu ez dutena. Baina proletalgoa, lehen lekuan hegemonia politikoa eskuratu behar duen heinean, klase nazionalaren kondiziora igo eta nazio bezala eratu behar duen heinean, oraindik nazionala da, baina ez inondik ere ez zentzu burgesean.

Isolamendu nazionala eta herrien arteko antagonismoak egunetik egunera desagertuz doaz burgesiaren, merkataritza-askatasunaren eta nazioarteko merkatuaren garapenarekin, ekoizpen industrialaren eta hark dakarren bizi baldintzen uniformetasunarekin. 

Proletariotzaren aginteak oraindik eta azkartasun handiagoz desagerraraziko ditu.”[3]

Auzia migrazioaren fenomenora ekarrita, Leninek tesi hori bera defendatzen du: 

“Soilik erreakzionarioek itxi ditzakete begiak herrien migrazio moderno honen esanahitze progresistaren aurrean. Kapitalismoa gehiago garatu eta haren ondorioz klase borroka gauzatu ezean, ezinezkoa da Kapitalaren uztarritik askatzea. Eta, borroka horretan, mundu osoko langile masak txertatzen ditu kapitalismoak, ondorio izanik tokiko bizimoduaren ohitura atzeratu eta zakarrak desegitea, hesi eta aurreiritzi nazionalak desegitea, herrialde guztietako langileak Ipar Amerikako edo Alemaniako lantegi eta meatze handietan elkartzea, eta abar”[4].

Estatu Batuen adibidea ematen du tesia osatzeko:

“Kapitalismo aurreratuaren egungo testuinguruan, nazioen asimilazio prozesua noraino iristen den uler dezakegu, gutxi gorabehera, Ipar Amerikako Estatu Batuetako emigrazioaren datuei begiratzen badiegu. 1891 eta 1900 arteko hamarkadan, 3.700.000 pertsona atera ziren Europatik herrialde hartara. 1900. urtean, Estatu Batuetako erroldan hamar milioi atzerritar baino gehiago zeuden erregistratuta. New Yorkeko estatuan, errolda horren arabera, 78.000 austriar, 136.000 ingeles, 20.000 frantziar, 480.000 alemaniar, 37.000 hungariar, 425.000 irlandar, 182.000 italiar, 70.000 poloniar, 166.000 errusiar (gehienak hebrearrak), 43.000 suediar eta abar zeuden; beraz, desberdintasun nazionalak xehatzen dituen errota dirudi estatu horrek. Eta lantegiak dauden herri edo hiri handi guztietan gertatzen da New Yorken eskala erraldoian, nazioartekoan, gertatzen dena. 

Aurreiritzi nazionalistaz betea ez dagoen edonork ikusten du, ezinbestean, kapitalismoak gauzatutako nazioen asimilazio prozesu hau egundoko aurrerapen historikoa dela.”[5]

Marxismoak adierazten duenez, langileen migrazioak gizarte global bat eratzeko prozesuaren parte dira, eta gizarte globala gizarte komunistaren oinarri materiala da. Burgesia da etorkinak atzerritar bilakatzen dituena, bera baita aurresuposatzen duena badela denontzako lekurik ez duen komunitate nazional bat; izan ere, gutxiengo baten onurarako dago diseinatua. Proletario bat, aldiz, bere izaera antinazionalak definitzen du jatorriz. Proletarioen egoera kontrastearen bitartez hautematen da nagusiki: ez dute eskubide ekonomikorik ez politikorik, eta nazio ofizialetik kanpo gelditzen dira. Hiri handi guztietako aldiriek zuzenean nazioartekoa den komunitate bat biltzen dute, eta, horregatik beragatik, neurri batean, antinazionalak ere badira. Aldiri horietan, herrialde desberdinetako herritar pobreak elkarrekin bizi dira, desjabetzearen loturak baino lotzen ez dituelarik. Hiri askotako aldirietako auzoetan aurki daitezkeen hizkuntzak, azal koloreak edo espresio etnikoak hain dira askotarikoak, ezen batek ez baitaki zehazki zein herrialdetan dagoen.

Are gehiago. Gaur egungo kapitalismo globalizatuaren baldintzen pean, proletarioak “aristokrazia” eta “plebea” taldeetan banatzeak Mendebaldeko tokiko proletarioen eta periferiako proletario migratzaileen arteko banaketaren forma hartzen du tendentzialki, gutxienez munduaren zenbait tokitan. Langile klasea beheko eta goiko kategorietan segregatzen da, eta, hala, bereizi egiten dira Estatuaren aparatuetan ekonomikoki, politikoki eta sinbolikoki integratuta daudenak eta integratuta ez daudenak. Herritar migratzaileak, oro har, bigarren talde horretan sartzen dira zuzenean. Kontraste horren ikuspuntutik begiratuta, lehen talde horretakoen eskubideak eta estimu soziala pribilegio bilakatzen dira, aldi berean bigarren taldekoak baztertzeko, estigmatizatzeko eta diziplinatzeko modua ere badirelako. Hala, arrazismoa, askotan, pobreenganako betiko arbuioari gainjartzen zaio.

[...] kapitalismo globalizatuaren baldintzen pean, proletarioak “aristokrazia” eta “plebea” taldeetan banatzeak Mendebaldeko tokiko proletarioen eta periferiako proletario migratzaileen arteko banaketaren forma hartzen du tendentzialki

Langile klasea partzialki integratzeko mekanismo hori duela mende bat baino lehenagotik erabiltzen da. Burgesiak ulertu zuen –edo bere burua behartuta ikusi zuen ulertzearen plantak egitera– langile klasea mendean hartzeko funtzionalagoa zela langile klasea zatituta izatea eta klase horretako zati bat nazioan integratuta izatea, hau da, klase menderatzailearen gezurrezko komunitatean. Zentzu horretan, Britainia Handiaren kasua paradigmatikoa da: “Britainia Handiko eliteek lortu zuten langile klaseko gero eta kide gehiago erregimen politikoaren herritar aktibo gisa integratzea gezurrezko nazioan. […] Eliteek abiatutako erreforma multzo horrekin batera, astiro baina segurtasunez aurrera egiten zuen prozesu bat gauzatu zen, zeinaren bitartez pribilegio horiek jaso zituzten langileek pixkanaka bere egin baitzuten nazio britainiarraren ideia, oinarri hartuta arrazak eta erlijioak batutako herri bakar bat izatearen ulerkera”[6].

Ikusi dugunez, langile aristokraziaren ordezkari politikoak marko berberaren bi muturren artean dabiltza proletariotza migratzailearen kontrako jarrera hartzen dutenean. Mutur batean humanitarismo errukitsua, etorkorra, daukagu, sufritzen ari diren adingabetzat hartzen dituena proletario migratzaileak, eta gehienez ere haien egoera arintzeko zenbait neurri proposatzen dituena. Hala ere, oro har, ez du haiengatiko interesik erakusten. Haren publikoa, hau da, haren hartzaileak –hauteskundeetako targeta– beste batzuk dira. Baina sektore sozial horrek, krisi garaietan, arriskuan ikusten du bere posizio erlatiboki erosoa, eta haiek mehatxu gisa detektatzen hasten da. Haren ilusio demokratikoak etsipen bilakatzen dira; haren esperantzak, beldur. Posizioa aldatu, eta mehatxuen aurrean gotortzen saiatzera igarotzen dira; mehatxu horiek, ia beti, gutxiengoen eta beste proletario batzuen itxura hartzen dute. Hor kokatzen da, hain zuzen ere, lehenago aipatu dugun “ezkerreko arrazakeria”. Humanitarismoak eta izaera sozialdemokratadun arrazismoak marko berberari erantzuten dio, zeinetan etorkinak beti “beste hori” diren, zeinak lagundu, zigortu, tutelatu edo deportatu egin behar diren, baina inoiz ez diren “gutariko bat”. Politikari erreformistek komenientziaz mantentzen duten proletariotzaren barne banaketa hori da burgesiaren menderakuntzaren sekretua.

Luze lantzekoa da Marxek idatzitako testu baten honako pasarte hau: 

“Langile ingeles arruntak gorroto du langile irlandarra, bere bizi maila murrizten duen lehiakidetzat duelako. Haren aurrean, nazio menderatzaileko kide sentitzen da, eta, ondorioz, aristokratek eta kapitalistek Irlandaren aurka egiteko duten tresna bilakatzen du bere burua, eta, hala, haiek irlandarren gainean gauzatzen duten menderakuntza indartzen du. Aurreiritzi erlijioso, sozial eta nazionalak ditu haren [langile irlandarraren] aurka. Harekiko jokatzen du nola zuri pobreak Amerikako Batasuneko esklabuen antzinako etxaldeetako beltzekin. Irlandarrak txanpon berarekin ordaintzen dio. Langile ingelesean ikusten du bai konplize bat, bai Irlandaren gaineko menderakuntza ingelesaren tresna ergela. Antagonismo hori modu artifizialean mantentzen da piztuta, eta prentsaren, pulpituaren edota aldizkari komikoen bidez indartzen da, hau da, klase menderatzaileek eskura dituzten bitarteko guztien bidez. Antagonismo hori da Ingalaterrako langile klasearen inpotentziaren sekretua, haren antolakuntza gorabehera. Horri esker mantentzen du, hain zuzen ere, klase kapitalistak bere boterea.”[7]

Nazioarteko gezurrezko komunitate hori, jabeek eta proletariotzaren zati batek proiektu interklasista bakar baten baitan osatua, “faltsua” da, faltsua den bezala harri-kartoizko etxe bat. Baina horrek ez du esan nahi existitzen ez denik. Proiektu nazional bakar baten baitan biltzen diren jabeen eta desjabetuen komunitatea existitu egiten da, nahiz eta hura gerra zibilaren eta basakeriaren bidez disolbatzeko mehatxua eragin krisiak; are gehiago, existitzeaz gain, herrialde guztietako politikaren panorama dominatzen du. Desparekotasunak, hierarkiak eta bereizketak existitu egiten dira proletariotzaren barruan, benetakoak dira. Baina langileen aristokraziaren eta plebearen arteko banaketa horrek, nahiz eta aristokrazia horrek plebeak baino posizio hobea izatea eragiten duen, zaildu egiten du langile klasearen bizi baldintzak mantentzea, eta zer esanik ez hobetzea. Helburua, beraz, posizio horiek praktikan gainditzea da, hau da, komunitate internazionalista, benetakoa den komunitate bakarra, ekintzetan ere existitzea.

INTERNAZIONALISMOARI BURUZ

Marxen testuek ideia honetan egiten dute azpimarra: “klase ekoizlearen emantzipazioa gizaki guztien emantzipazioa da, sexua edo arraza bereizi gabe”[8]. Haren teoria osoa aintzat hartuta, alderdi zentraletako bat honako tesi hau da: gizaki guztiak, espezie bereko kide diren heinean, berdintasun harreman zorrotz batek loturik daude. Alabaina, kapitalismoak klasetan bereizten ditu espezie bereko norbanakoak. Klase egitura horrek, aldi berean, beste era bateko desberdintasunak eta hierarkiak indartu eta erreproduzitzen ditu. Ondorioz, kapitalismoa desagerrarazteak, klaseak desegiteaz gain, klase bereizketa horren gainean eraikitako hierarkia guztiak ere desegiten ditu.

Internazionalismoaren oinarrian dagoen berdintasun hori ez da norbanako abstraktuek legearen aurrean duten berdintasuna, doktrina liberalean gertatzen den moduan. Ez da, ezta ere, merkantzia baliokideen jabeen arteko berdintasuna, merkatuan existitzen dena bezalakoa. Marxismoak defendatzen duen berdintasuna honetan datza: komunitateko kide guztiek eskubide berdina izatea gobernuan jarduteko, edozein izanik ere bakoitzaren jatorria, etnia, erlijioa, sexua, aberastasun indibiduala edo hizkuntza. Gizaki bakoitza gainerakoekin duen harremanaren bitartez bakarrik izan daiteke berez den hori. 

Haien bizitza komunaren funtsa soilik izan daiteke beste guztiekin ere komunean ere duena; hau da, zuzenean edo zeharka espezieko kide guztiak barne hartzen dituen bizitza materialaren ekoizpen prozesuan elkarrekin parte hartzea. Oinarri horren gainean eraikitzen da internazionalismo proletarioa, humanismo proletario eta kontziente gisa uler daitekeena, nolabait. Bistakoa da, gainera, demokraziaren printzipioekin duen lotura, jatorrizko esanahi iraultzailea kontuan hartzen badugu: “Demokraziak berdintasuna inplikatzen du. Argi gera dadin zein garrantzitsuak diren proletalgoak berdintasunaren alde egiten duen borroka eta berdintasunaren kontsigna, hura klaseen suntsiketaren zentzuan ulertu behar da”[9].

Haien bizitza komunaren funtsa soilik izan daiteke beste guztiekin ere komunean ere duena; hau da, zuzenean edo zeharka espezieko kide guztiak barne hartzen dituen bizitza materialaren ekoizpen prozesuan elkarrekin parte hartzea. Oinarri horren gainean eraikitzen da internazionalismo proletarioa, humanismo proletario eta kontziente gisa uler daitekeena, nolabait

Gizakien arteko berdintasun konkistatzeko, beharrezkoa da klaseak desagerraraztea, norbanako guztien arteko berdintasun soziala erdiestea. Horretarako, halaber, klase gizartea iraultzera deitua den klasearen barnean berdintasuna lortu behar da; hau da, “aristokraziaren” eta “plebearen” arteko berdintasuna, proletariotzaren barruan eta, horretarako, lehena bigarrenari subordinatu behar zaio. Azken asmo horri lotuta, beharrezkoa da, era berean, nazio inperialistako proletarioen eta nazio periferikoetako proletarioen arteko desberdinkeria gainditzea, eskubidedun proletarioen eta eskubiderik gabekoen, eroso dauden proletarioen eta baztertutako proletarioen artekoa alegia. Katebegi horiek guztiak proletariotza bere kabuz antolatzeko prozesu politikoko prozesu bakar batean lotuta daude, eta prozesu horrek barne hartzen ditu, baita ere, proletariotzak bere kontzientzia hedatzea eta bere egitea sozialismoaren helburuak. Izan ere, sozialismoaren programaren eta kontzientziaren gainean gaindi daitezke desberdintasun horiek guztiak, eta ez interes ekonomiko sektorial berehalakoen aldeko borrokaren bitartez. 

Prozesu horretan, berdintasuna ez da soilik helmugako geralekua; ibilbide osoan zehar presente egon behar den zerbait da. Diskriminazioaren, gremialismoaren, nazionalismoaren eta korporatibismoaren aurkako borrokak ezaugarritu zituen benetako sozialista guztiak. Hona, adibide gisa, Leninen beste adierazpen hau:

“Hitz batzuk emigrazioari eta immigrazioari buruzko ebazpenaren harira. Kasu honetan ere, batzordean saiakera bat egon zen kontzepzio gremial zurrunak defendatzeko, atzeratutako herrialdeetako langileen immigrazioa debekatzeko (Txinako coolieena, etab.). Izpiritu hori bat dator herrialde “zibilizatu” batzuetako proletarioen artean hedatutako izpiritu aristokratarekin; izan ere, beren egoera pribilegiatuari esker, zenbait abantaila lortzen dituzte, eta, hala, nazioarteko klase elkartasunaren eskakizunez ahazteko joera dute.” 

Hala, ulertzekoa da propaganda eta agitazioa, bere horretan, nahikoa ez izatea mila milioika pertsonaren egunerokoan guztiz txertatuta dauden ideologiak desnaturalizatzeko. Horrekin batera, beharrezkoa da, halaber, praktikaren esperientzia bizia, elkartasun internazionalista aktiboa. Nazio desberdinetako proletarioen ekintza bateratuak bakarrik frogatzen du egintzen bidez atzerritarrak eta tokikoak etsaiak direla dioen fikzio hori. Ekintza horrek bakarrik frogatzen du proletarioen arteko desberdintasun etnikoak, kulturalak, erlijiosoak edo hizkuntzari loturikoak irrigarriak direla haiek guztiak klase menderatzailearekin aurrez aurre jartzen dituen antagonismo erradikalarekin alderatuz gero. Ideologia xenofobo eta arrazistari borrokaren bitartez soilik egin dakioke aurre; izan ere, soilik borrokak frogatzen du aurreiritzirik gabeko batasuna indartsuagoa dela etsaitasuna eta zatiketa baino. Kideen interesak ez badira baztertzaileak, baizik eta komunak, baten azken helburua ezin da gatazkan egon bestearen azken helburuarekin. Kide guztiak ekimen handi honek biltzen ditu: botere politikoaren jabe egitea eta haren bitartez soldataren erregimena suntsitzea, erregimen horrek klase bereko kideak elkarren aurka lehiatzera kondenatzen baititu, etsaiak balira bezala. 

Aurreko hori guztia Leninen lerro hauek laburbiltzen dute modu ulergarrian: “Klase kontzientziadun langile batek, dagoen herrialdea edozein izanik ere, haren patua edozein izanik ere, nahiz eta arrotz sentitu hizkuntza ezagutu gabe, lagunik gabe, jaioterritik urrun, kamaradak eta lagunak aurki ditzake Internazionala kantuaren errepika ezagunarekin”[10].

Klase kontzientziadun langile batek, dagoen herrialdea edozein izanik ere, haren patua edozein izanik ere, nahiz eta arrotz sentitu hizkuntza ezagutu gabe, lagunik gabe, jaioterritik urrun, kamaradak eta lagunak aurki ditzake Internazionala kantuaren errepika ezagunarekin

ERREFERENTZIAK

[1] Espainian atzerritarrak erregularizatzeko ohiz kanpoko prozedura baten lege proposamena (XVI. Legealdiaren 120/000026 espediente-zenbakia).

[2] Marx, K., Engels, F., “Alderdi Komunistaren Manifestua”, Marxists.org, 1848.

[3] Idem.

[4] Lenin, V., “Kapitalismoa eta langileen immigrazioa”, Marxists.org, 1913.

[5] Lenin, V., “Ohar kritiko batzuk nazio auziari buruz”, Marxists.org

[6] Virdee, Satnam, Racismo, clase y el paria racializado. Irlandeses, judíos, asiáticos y negros en la clase obrera británica, Katakrak Liburuak, 2021, p. 23.

[7] Marx, K., “Sigfrid Meyer-i eta August Vogt-i gutuna”, Marxists.org, 1870.

[8] Marx, Karl, “The Programme of the Parti Ouvrier”, Marxists.org, 1880.

[9] Lenin, V., “Estatua eta Iraultza”, Marxists.org, 1917.

[10] Lenin, V., “Eugene Pottier”, Marxists.org, 1913.

EZ DAGO IRUZKINIK