Espazioen gaineko langile kontrola ARGAZKIA / Itsasne Ezkerro
2021/02/01

Askatasuna da proletalgoa proletalgo egiten duen ezaugarri nagusietako bat, iraganeko gainontzeko klase sozial menderatuekiko ezberdintzen duena. Ez omen du inork ezertara behartzen antza. Juridikoki askea baita; inork legez menderatzen ez duena eta merkatuaren lehian nahieran parte hartzeko eskubide osoa duena. Balizko askatasun horren atzean, ordea, proletalgoak historian zehar menderatuak izan diren beste klase sozialekin partekatzen duen baldintza bat ezkutatzen da: ekoizpen bitartekoen gaineko jabetza eza. Proletalgoak ezin ditu bizitzeko behar dituen baliabideak eskuratu soldatapeko lan prozesuan murgiltzen ez bada. Bizi nahi badu, soldata behar du; eta berdin du horretarako bizitza galdu behar badu ere. Izan ere, ez dauka bestelako irtenbiderik: aginte kapitalistaren kontrolpeko ekoizpen bitartekoekin harremanean sartu ezean ezereza da, erabateko pobrezia baino ez.

Balizko askatasun horren atzean, ordea, proletalgoak historian zehar menderatuak izan diren beste klase sozialekin partekatzen duen baldintza bat ezkutatzen da: ekoizpen bitartekoen gaineko jabetza eza

Badago, ordea, proletalgoa proletalgo egiten duen beste ezaugarri bat ere, gainontzeko merkantzietatik ezberdintzen duena: langile borrokaz aginte kapitalistaren botere-dinamika oztopatzeko eta bere interesak defendatzeko duen gaitasuna. Izan ere, ezin daiteke irakurri proletalgoaren historia langile mugimenduarena irakurri gabe. Hainbat izan dira proletalgoak aginte kapitalistaren aurka egindako altxamendu saiakerak, kapital metaketaren prozesu itogarrira lotzen duten kateak puskatzeko helburuarekin egindako borrokaldiak. Eginkizun horretan, elementu zentrala izan da historikoki aginte kapitalistaren kontrolpeko prozesu sozialen eta ekoizpen baliabideen gaineko zuzendaritza iraultzailea ezartzea edo, bestela esanda, ekoizpen- eta bizi-prozesuen gaineko langile kontrola ezartzea.

Marko horretan kokatzen da langile kontrolpeko espazioen existentzia, jabetza pribatuaren eta jabetza ezaren arteko tentsio iraunkorrean. Espazioaren gaineko kontrolarena ordea, ez da soilik indar antolatuen arteko gatazka politikoen emaitza, errealitate sozial zabal bat barnebiltzen duen fenomenoa da. Langile kontrolpeko espazioak zuzenean proletalgoaren behar sozial zein politikoen zerbitzura dauden espazioak dira, historian zehar orotariko aktibitateak gauzatzeko eskuratutakoak: etxebizitzak, fabrikak, ekoizpenerako lur-eremuak, gune sozial eta kulturalak, orotariko egoitza politikoak... Beharrizan bezain beste adibide sar genitzake, baina, azken finean, jabetza pribatuaren eta elkartrukearen lege kapitalisten aurka indar proletarioaren bitartez eskuratutako espazioak dira denak.

Aginte kapitalistak, ordea, ezin ditu proletalgoaren autonomiari aukera irekiko dioten espazioak onartu; eta are gutxiago krisi testuinguru batean, non ordena sozialaren bideragarritasuna proletalgoaren sumisio osoa bermatzetik igarotzen den. Horixe da hain zuzen egungo egoera. Langile kontrolpeko espazioekin behin-betiko amaitu nahi duen ofentsiba baten erdian aurkitzen gara, okupazioaren erabateko ilegalizazio saiakeraren bitartez gauzatzen ari dena. Besteak beste, alderdi politikoen lege proposamenak, desokupazio enpresen areagotzea edota masa komunikabideen bitartez okupazioaren gainean sortzen ari den iruditegi kriminala ditugu frogatzat. Baina, dena den, langile kontrolpeko espazioetako egoerari erreparatzea besterik ez dago ofentsiba honek eragindako ondorio zuzenak antzemateko, babesgabetasunaren sintoma nabarmenenak ikusteko. Geroz eta handiagoak dira okupazio berriak burutzeko zailtasunak, geroz eta ohikoagoak gaztetxeen aurkako erasoak, geroz eta errazagoa nora joan ez duen familia bat kaleratzea, geroz eta errotuagoa jabetza pribatuaren printzipio klasista, eta geroz eta anekdotikoagoa ezkerreko alderdi aurrerakoien laguntza edo elkartasuna; finean, geroz eta zailagoa bihurtzen ari da langile kontrolpeko espazioen existentzia bera eta, ondorioz, baita politika iraultzailea garatzeko azpiegitura-baldintzak egonkortzea ere. Izan ere, ikuspuntu militante batetik, langile kontrolpeko espazioak zerbait badira, ekinbide iraultzailearen gotorlekuak dira batez ere. Langile borrokaren berotan sortuak; eta, aldi berean, langile borroka bera sortarazi dutenak.

Langile kontrolpeko espazioekin behin-betiko amaitu nahi duen ofentsiba baten erdian aurkitzen gara, okupazioaren erabateko ilegalizazio saiakeraren bitartez gauzatzen ari dena

Esan bezala, proletalgoaren independentzia politikoa garatzeko aukerak irekitzen dituzten espazioekin bukatzea da azken finean aipatutako ofentsibaren helburu nagusietakoa; alegia, aginte kapitalistaren kontrolpetik ateratzen diren espazioak ezabatzea. Horrenbestez, proletalgoak soldatapeko erregimenaren barruan ezer gutxi topatzen duen honetan, bertatik kanpo ere ez du aurkituko sarbiderik bizitzeko edo politika egiteko behar dituen espazioetara; horretarako antolakuntza-baliabide eraginkorrez hornitzen ez bada, behintzat.

Antolakuntza horren nolakotasuna definitzean dago gakoa, ordea. Orain artean hainbat izan dira langile kontrolpeko espazioen errealitatea zeharkatu duten zailtasunak. Nabarmendu ditzagun bi. Batetik, XX. mendeko bigarren erdialdetik gaurdaino doan aro historikoan, langile kontrolpeko espazioak gehienbat erabilerarik gabeko eraikin huts zaharkituak izan dira, jabeentzat baliagarriak izateari utzitakoak. Bestetik, espazioen artean elkartasuna saretzeko hainbat saiakera burutu badira ere, ez da inoiz denboran zehar iraun duen babeserako instituzio eraginkorrik kontsolidatu, eta, hortaz, ez da, nolabait esanda, langile kontrolpeko espazioen zaurgarritasun eta ezegonkortasun estrukturalarekin amaitzea lortu. Orain arteko gune okupatuak, bada, desalojoaren itzala etengabe jarraika izan duten eraikin zaharkituak izan dira oro har, haien garapenean muga nabarmenak aurkitu dituztenak.

Espazioen artean elkartasuna saretzeko hainbat saiakera burutu badira ere, ez da inoiz denboran zehar iraun duen babeserako instituzio eraginkorrik kontsolidatu, eta, hortaz, ez da, nolabait esanda, langile kontrolpeko espazioen zaurgarritasun eta ezegonkortasun estrukturalarekin amaitzea lortu

Baiezta daiteke orain arte hegemonikoa izan den okupazio ereduarentzat ez dela izan guztiz beharrezkoa aipatutako mugekin edo zailtasunekin behin-betiko amaitzea. Zergatik diogu hau? Hain justu hemen zailtasun gisa seinalatzen ditugun baldintzetatik sortu zelako etxebizitzen eta gune sozialen okupazioan oinarritutako kultura politiko hori: espekulazio urbanistikoak utzitako eraikin hutsak birziklatzea, gentrifikazioaren ondorioz hutsik geratu ziren herriak berreraikitzea, influentzia kapitalista zapaltzaileetatik kanpo espazio askeak irekitzea edota asanblada lokal eta horizontaletan bizi-esperientzia askatzaileak izatea… Horrelako helburuak dituen mugimendu batek biziraun dezake nolabait, babeserako instituzio eraginkorrik gabe, eraistear dauden periferiako eraikin abandonatuetan.

Auzia oso ezberdina da berriz helburu oso ezberdinak dituen mugimendu politiko batentzat: guretzat behar beharrezkoa da orain arte langile kontrolpeko espazioek topatutako mugak gainditzeko lan-tresnak sortzea, hau da, erronka handien neurrira egindako baliabide eraginkorrak sortzea. Izan ere, proletalgo iraultzailearen helburu estrategikoa lurralde osoaren gaineko langile kontrola ezartzea da, edo nahi bada, lurralde osoa langile kontrolpeko espazio bihurtzea. Bere eginkizun historikoa, bada, harreman sozial kapitalisten marko hertsian uzkurturik dauden lan prozesu sozialak eta ekoizpen baliabide erraldoiak printzipio sozialisten arabera berregituratzea da, eta, hori, gaurdanik aginte kapitalistaren kontrolpean dauden ekoizpen- eta bizi-prozesuen gaineko zuzendaritza iraultzailea ezartzen joatetik igarotzen da, tokian tokiko eta gaitasunen araberako borroka prozesuak abiaraziz horretarako. Ikuspuntu politiko batetik, langile kontrolpeko espazioak prozesu horri ekarpen bat egiten dioten ezinbesteko azpiegitura-baliabideak dira, instituzio burgesekiko independentea den politika proletarioaren gotorleku nagusiak, alegia.

Proletalgo iraultzailearen helburu estrategikoa lurralde osoaren gaineko langile kontrola ezartzea da, edo nahi bada, lurralde osoa langile kontrolpeko espazio bihurtzea. Bere eginkizun historikoa, bada, harreman sozial kapitalisten marko hertsian uzkurturik dauden lan prozesu sozialak eta ekoizpen baliabide erraldoiak printzipio sozialisten arabera berregituratzea da

Ikuspuntu politiko batetik, langile kontrolpeko espazioak prozesu horri ekarpen bat egiten dioten ezinbesteko azpiegitura-baliabideak dira, instituzio burgesekiko independentea den politika proletarioaren gotorleku nagusiak, alegia

Hausnartu dezagun beraz langile kontrolpeko espazioen defentsaz, okupazioaz, gaztetxeez, eta funtsean, jabetza ezaz eta jabetzeaz. Izan ere, proletalgoak ekoizpen bitartekoak menderatu beharko ditu nahitaez, eta ez alderantziz, bere kondizio sozialarekin betiko amaitu eta gizadiaren askatasun unibertsala erdietsi nahi badu.

EZ DAGO IRUZKINIK