Ertzaintza EHUko Ibaetako Campusean ARGAZKIA / Ikasle Abertzaleak
Mattin Aranburu
@aranburu_m
2022/03/04

Batak bestea dakar: langileriaren antolakuntza politiko independentea dagoen tokian errepresioa dago. Azken urteetan, Euskal Herrian, antolakuntza politiko iraultzailearen zabalkunderako espazio izan dira campus eta institutuak. Esan daiteke, akaso, egun Mugimendu Sozialista gisa ezagutzen dugunaren ernamuina ere hezkuntza esparruan hazi dela. Bide hori, ordea, errepresioak kateatutako bidea izan da, ezin bestela.

Euskal Herriko heziguneetan errepresioak hartu duen formaren errepaso bat da erreportaje hau. Aztergai dugun errepresioaren izaeraz eta hezkuntzan hartzen duen formaz ari da testua. Era berean, errepresio kasu konkretuen zerrendak lehen zatia ilustratzea du xede. Argitu behar da hemen emango den errepresioaren inguruko ezaugarritzea ez dela kontzeptualizazio bukatu batean oinarritzen. Izan ere, gertatutako esperientzia konkretuetan oinarritzen da, eta egiteke dagoen kontzeptualizazio horretan ekarpen bat izatea du xede, gehienez ere.

ERREPRESIOA

Errepresioaren gaiari heltzeko, auzia klase terminotan kokatuko dugu. Horregatik, errepresioa errepresio dela esateko, ez diogu biolentzia mailari erreparatuko, biolentzia maila batetik gorakoa ez dugu errepresiotzat joko automatikoki. Klase terminotan kokatu behar dugu, erreprimitzen dena langileriaren antolakuntza independentea baita, potentzial komunista duten adierazpenak, eta errepresioa, horien aurkako eraso sistematikoa.

Klase terminotan kokatu behar dugu, erreprimitzen dena langileriaren antolakuntza independentea baita, potentzial komunista duten adierazpenak, eta errepresioa, horien aurkako eraso sistematikoa

Hainbat dira gaur eta hemen errepresioaz aritzeko kontuan izan beharreko elementuak. Horietako bi dira aurrean dugun proletarizazio prozesua eta atzean utzi dugun ziklo politikoa, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren porrotarekin itxi dena.

Aurrera begira, egungo eta datozen urteetako errepresioaren forma eta intentsitatea metaketa krisi kapitalistari lotutako ofentsiba politikoak determinatuko du. Proletarizazio prozesu bat da krisi horren emaitza. Motzean, bizi-­baldintzen okerragotze zabal bat eta horri lotutako kontrol sozialaren areagotzea eta errepresioa bizitzen ari gara. Joera hori zorroztea espero dezakegu datozen urteetan eta, nola ez, hezkuntza esparruan eragina izango du horrek.

Bestalde, beharrezkoa da azken urteak ziklo politiko baten amaieran eta beste baten hasieran kokatzea. Izan ere, ixten ari den ziklo politikoan errepresioaren eta horri erantzuteko hamarkadetan eraikitako aparatu juridikoaren nolakotasunak eragin nabaria izan baitu, eta izaten jarraitzen du, gaur egun ere. Aldiro, Estatua egokien zaizkion elementuez baliatzen da errepresioa gauzatzeko, eta ENAMen urtetako borrokaren ostean tresneria juridiko polizial erraldoi bat geratu da.

Pentsatzekoa da epe labur-ertainean kontrol zorrotzak eta langileriaren antolakuntza independentearen ahuleziak oraingoz ahalbidetzen duten intentsitate baxuko errepresioa izango dela nagusi gurean. Horrek, ordea, ez du esan nahi atzeguardian intentsitate handiko errepresio baterako baliabide teknologiko, juridiko eta kulturalak indartzen ari ez denik burgesia. Horregatik, beharrezkoa da gaurtik hasita eskubide politikoen aldeko eta errepresioaren aurkako borrokari heltzea, borroka politikorako baldintzak beraiek baitira jokoan daudenak, eta horiek gabe ez baitago deus.

Beharrezkoa da gaurtik hasita eskubide politikoen aldeko eta errepresioaren aurkako borrokari heltzea, borroka politikorako baldintzak beraiek baitira jokoan daudenak, eta horiek gabe ez baitago deus

ERREPRESIOA HEZKUNTZAN

Errepresioak gizarteko esparru ugaritan lur hartzen du. Hezkuntzan hartzen duen forma eta funtzioari bagagozkio, beharrezkoa da hezkuntzak gizarte kapitalistan betetzen duen funtzioa ere kontuan izatea. Garrantzi kultural handiko instituzioa da hezkuntza. Bizi ohitura eta ulermen marko burgesa, kosmobisio oso bat, langile masa handiengan txertatzea du besteak beste helburu. Era berean, langileriaren antolakuntza independentea indartzeko foku bat izan daiteke. Errepresioak foko horiek neutralizatzea du helburu, batetik, eta funtzio kultural garrantzitsua, era berean, bestetik.

Erreprimitzen dena antolakuntza independentea dela onartuta, horrek Euskal Herrian presentzia daukan hezkuntza esparruetako errepresioari erreparatuko diogu. Hortik kanpo geratzen da Lehen Hezkuntza. Ordea, Lehen Hezkuntzan ondorengo etapetako errepresiorako oinarri ideologiko-kultural batzuk ezartzen direla gogoratu behar da, ikasleen otzantzea eta figura autoritarioen aitortza kasu. Etapa horrek, beraz, oinarri konduktual horiek ezartzeko funtzioa izango du errepresioari dagokionez.

Hezkuntzaren barneko azpi-esparruak definitzen jarraituz, funtsezko bereizketa bat da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Unibertsitatearen artekoa. Errepresioak hartzen duen forman ere badira ezaugarri bereiziak bi esparru horiek alderatzean. Eragina dute, besteak beste, bateko eta besteko ikasleen adin tarteak, irakasle eta antzeko figura autoritarioekin ikasleek duten harremanak eta bakoitzean militantzia politikoak dituen ezaugarri ezberdinek.

Errepresioa Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilegoan

Bereizketa orokor batzuk egite aldera, errepresioarekin lotutako lau elementu aipatu ditzakegu Bigarren Hezkuntzan: kontrola, autoritarismoa, oinarrizko eskubide politikoen urraketak eta esku-hartze poliziala.

Errepresioa eta kontrola kontzeptualki lotzea beharrezkoa da. Izan ere, ez dira ordezkatu daitezkeen terminoak. Kontrola errepresioa ahalbidetuko duen baliabidea da, beharrezkoa den unean erasoa eraginkortu edo ahalbidetuko duena. Heziguneetara etorrita, kontrolerako bi bide ohikoenak kamerak eta plataforma digitalak dira. INIKA, ALEXIA eta antzeko plataforma digitalen bidez, ikaslearen prozesu akademikoa zeharo digitalizatzen da, eta horrek aukera ugari ematen ditu informazioa biltegiratzeko eta kudeatzeko; berdin irakaslearen oharrak, faltak eta notak gurasoei zuzenean mugikorrera heltzeko edo Microsoft gisako korporazio handiek edukiak proposatu eta Big Data elikatzeko. Hezkuntza prozesuaren efizientziaren izenean egin ohi den horrek ikasleen jarraipen totalerako aukera teknologikoak ematen ditu, eta, beraz, baita errepresiorako bidea erraztu ere. Plataforma digitalen bidez prozesu akademikoa kontrolatzen bada, kameren bidez ikasleen mugimendua kontrolatzea lortzen da. Oraindik ere Euskal Herriko institutu guztietan ez egonagatik, azken hamarkadan nabarmen igo da bideozaintza kamerak dituzten ikastetxeen kopurua. Bata zein bestea ikasle mugimenduaren borroka eta mobilizazio ugariren kausa izan dira.

Autoritarismoak eta antolakuntza politikoaren aurkako jazarpenak indar berezia dute Bigarren Hezkuntzan. Jazarpen hori, askotan, pertsonala izaten da. Ikasleen infantilizazioak, figura autoritarioen indarrak eta figura autoritarioen eta ikasle-gurasoen arteko harreman gertukoak eragin nabarmena dute gisa horretako kasuetan. Hainbat izan dira dinamika politiko bat abiatu eta irakasle-zuzendaritza-­gurasoen artean presio jasanezina pairatu duten ikasle militanteak. Izan dira publikoki salatu direnak, Tolosako Orixen 2019an eta aurten Gasteizko Ekialdean, adibidez. Baina, ziur, dozenaka izango dira sona hartu ez duten kasuak, institutuetan militantzia politikora gerturatu den edonork jakingo duenez.

Oinarrizko eskubide politikoen urraketekin biltzeko, grebarako, propaganda egiteko eta orokorrean militantzia politikorako baldintzen aurkako erasoei egin nahi zaie erreferentzia. Hala ba, ikasleek kontrolatu eta kudeatutako gelak ukatzea, kartelak eta pankartak jartzeko debekuak, greba eskubidearen urraketa eta adierazpen politikorako aukera kentzea dira hemen aipatu ditzakegun batzuk. Guztiak ere antolakuntza politiko independenteak indarra hartu dezan trabak dira azken batean.

Esku-hartze poliziala unibertsitate esparruarekin lotuago dagoela pentsatu arren, badira Bigarren Hezkuntzan ere aipatu ditzakegun kasuak, hasi Iruñerrian ohikoa den Espainiako Poliziaren presentziatik eta Bergaran iaz ikasleen mugikorrak miatzera sartu ziren polizietaraino. Argi dago institutuak ere ez direla poliziaren esku-hartzetik kanpoko eremuak.

Errepresioa Unibertsitatean

Bigarren Hezkuntzarekin alderatuta, badira ezberdintasunak. Autoritarismoak erlatiboki pisu gutxiago hartzen badu ere adin kontuak direla medio, esku-hartze poliziala eta oinarrizko eskubide politikoen urraketa are zorrotzagoak direla esan dezakegu.

Unibertsitatean kokatutako langile kontrolpeko espazioak bertan antolakuntza politiko independentea garatzeko bitarteko garrantzitsuak izan dira eta dira egun ere. Azken urteetan Leioako Gune Askea, Gurutze Gorria eta Printza hor daude, baita Gasteizko Ikasle Gela eta berriki albiste izan den Ibaetako Gunea ere. Azken hori, gainera, esanguratsua da antolatzeko beharrezkoa zuten espazio baten aldeko borrokan poliziak HEFA Fakultatetik kanporatu zituen ikasleei 20.000 eurorainoko isunak jarri dizkietelako.

Era askotako aldarrikapenak egin dira ikasle grebetan, eta ez dira guztiak ikasleen behar eta eskaeretara mugatu. Garbitzaileen grebarekin behin baino gehiagotan bat egitea da horren adibide, haien mobilizazioetan jarrera aktiboa izan baita askotan. Lankidetza horri, baina, ahal bezainbeste oztopo jarri dizkio EHUk, Gasteizen 2020/21 ikasturtean kaleratze arriskuan egon zen ikaslearen kasuak ederki erakusten duenez. Grebako istiluetan parte hartzea leporatuta espediente akademiko bat ireki nahi izan zioten Farmazia Fakultateko ikasle bati ordukoan, eta kaleratzearekin mehatxu egin zioten.

Errepresio poliziala da Unibertsitatean, Bigarren Hezkuntzarekiko alderatuta, zorrozten den bigarrena. Poliziaren presentzia campusean erabat normalizatzera bidean da, segurtasun enpresa pribatuetako zaindariak ez aipatzearren. Poliziaren esku-hartzerako joera areagotu da eta Unibertsitatea poliziarik gabeko gunea zeneko irudia bertan behera geratu da azken urteetan. Zuzeneko esku-hartzeez gain, ordea, izan dira bestelakoak ere. Horren adibide, 2019an Leioako bi militantek hilabetetan jasan zituzten jarraipenak, mehatxuak eta kolaborazio eskaintzak.

Poliziaren presentzia campusean erabat normalizatzera bidean da, segurtasun enpresa pribatuetako zaindariak ez aipatzearren

ERREPRESIOA HEZKUNTZAN, 2016-2022

Ondoren bildu dira azken urteetan Euskal Herriko heziguneetan gertatutako zenbait errepresio kasu, baita antolakuntza politikorako baliabideen eta eskubide politikoen aldeko zenbait borroka esanguratsu ere. Aipatu beharra dago egunerokoan jazotzen diren hainbat eta hainbat kasu hemen biltzea ezinezkoa dela, nahiz eta ez duten horregatik garrantzi txikiagoa antolakuntza politiko independentea oztopatzeari dagokionez.

San Mameseko Fakultatean Herri Unibertsitatea hutsaraztea. 2016ko martxoa

San Mamesen dagoen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan Ertzaintza sartu zen martxoaren 14an eta bertan lo egiteko prestatzen ari ziren 41 ikasleak kaleratu zituen. Itxialdia egin behar zuten hiru egun iraungo zuen Bilboko Herri Unibertsitateen egitarauari jarraituz, baina fakultateko zuzendariak poliziari deitu zion. Desalojatutako 35 ikaslek 25.535 euroko isunak jaso zituzten guztira, Mozal Legea oinarri hartuta.

Ikasle greba LOMCEren aurka. 2016ko martxoa

Gasteizen zortzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak LOMCEren aurkako greba egunean. Horietako bat erietxeratu behar izan zuten buruko traumatismoarekin. Iruñean, Foruzaingoa manifestariei oldartu zitzaien, eta lau lagun atzeman zituen. Guztiak adingabeak ziren; desordena publikoak egitea egotzi zieten. Bilbon, berriz, eserialdi bat egin eta lau gazte identifikatu zituen poliziak.

Leioako 6ak aske. 2016ko apirila

Hain zuzen ere, azken hilabeteetan EHUk ikasle mugimenduarekiko indartu zuen errepresioa salatzeko manifestazio batean izan ziren atxiloketak 2016ko apirilaren 26an. Ikasleon aurkako erasorik ez! lelopean egindako protestan ikasle mugimenduak bost exijentzia egin zizkion EHUri: 2016ko martxoan Bilboko San Mameseko unibertsitatean atxilotutako ikasleei espediente diziplinariorik ez irekitzea (Herri Unibertsitateko itxialdian atxilotu zituzten San Mamesen); 2016ko martxoan atxilotu zituzten Gasteizko ikasleen aurkako salaketak eta gainontzeko neurriak bertan behera uztea; Leioako ikasle auziperatu baten auzian esku hartzea eta bere egoerari konponbidea bilatzea; EHUra Ertzaintza sartu ez zedin behin betiko neurriak hartzea; eta fakultateetan zeuden indar polizialak kanporatzea. Ikasleak Leioako Errektoretzan sartzen ahalegindu zirenean Ertzaintzak indarrez atera zituen. Sei ikasle atxilotu eta auziperatu zituzten, eta orotara, hamabost ikasle baino gehiago zauritu zituzten ertzainek. Gertatutakoaren harira auziperatutako sei ikasleek Leioako 6ak aske dinamika abiatu zuten. Urtetan luzatzen ari da prozesu judiziala eta oraindik ez da epaiketa izan. Agintaritzari men ez egitea, agintaritzaren aurka atentatzea, desordena publikoak eragitea, lesioak eragitea eta iraintzea egotzita, 2019an deklaratu zuen sei kideetan azkenak.

Omenaldia Hernanin. 2016ko urria

Hernaniko Agustin Iturriaga institutuan 2016ko irailean Gudari Egunaren harira egindako omenaldia ikertu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak terrorismoari gorazarre egitea eta biktimak umiliatzea leporatuta. Ikasle, irakasle eta Ikasle Abertzaleak antolakundeko ordezkariek deklaratu behar izan zuten.

EHUko Errektoretzarako hauteskundeak. 2016ko azaroa

EHUko Errektoretzarako hauteskundeak zirela eta, ikasle mugimenduak manifestazioa antolatu zuen Leioan, Ikasle borrokaz, geurea eraiki lelopean. Manifestazioa hasi baino lehen, Guardia Zibilak geldiarazi egin zituen manifestaziora joateko asmoa zuten ikasleak Gasteiztik Leioara zeramatzaten bi autobus, eta hainbat ikasle identifikatu zituen. Leioan polizia-operazio ikusgarri batek campusa hartu zuen manifestazioa hasterako. Protesta hasi eta gutxira Ertzaintza ikasleei oldartu zitzaien eta manifestari bat atxilotu zuen. Manifestazioaren amaieran, Errektoretzara gutun bat eramaten saiatu ziren ikasleak, baina sartzea galarazi zien Ertzaintzak. Kargak eta istiluak izan ziren ondoren, eta hainbat atxilotu.

San Mameseko Fakultatean Herri Unibertsitate Nazionala hutsaraztea. 2017ko otsaila

2017ko otsailaren 23an Ertzaintzak EHUren San Mameseko campusa hustu eta 203 ikasle identifikatu zituen. Herri Unibertsitatea egiten ari ziren ikasleek hutsarazte mehatxua jaso zutenean teilatura igo ziren hori saihesteko eta han egin zuten asteazkenetik ostegunerako gaua. Ertzaintzaren presentzia handia izan zen. Hamabost furgoi baino gehiago izan ziren San Mameseko teilatuan zeuden 203 ikasleen kaleratzean parte hartu zutenak. 05:00ak aldera izan zen kaleratzea, ikasle guzti-guztiak identifikatu ostean.

Leioako Gurutze Gorriaren okupazioa. 2017ko abendua

Leioako campusean urte luzez abandonatuta egon ondoren, Gurutze Gorriarena izandako eraikina okupatu zuten ikasleek. EHUk, negoziatzeko edozein aukera baztertu ondoren, okupaziotik astebetera Ertzaintza bidali zuen eraikin barruko ikasleak kanporatzera, eta hondea-makinek urte luzez hutsik egon zen eraikina eraitsi zuten.

Greba eskubidearen aldeko borroka Arizmendi Ikastolan. 2018ko otsaila

Arrasateko Arizmendi Ikastolan greba eskubideak zituen mugak zirela eta, horren aurkako borroka bat abiatu zuen Ikasle Abertzaleak antolakundeak. IAren exijentziak ondorengoak ziren:

  • Ikasleen % 25 deslotzea greba-deialdia bertan behera uzteko arrazoia ez izatea
  • Etenaldiak egin ahal izatea grebako baldintza berberetan
  • DBHko 4. mailako ikaskideek etenaldirako eta grebarako eskubidea izatea
  • Greba egunak azterketa egun batekin bat eginez gero azterketa atzeratzeko eskubidea
  • IAko militanteek askatasunez egin ahal izatea beren lan politikoa ikastetxean

Arrasaten Ikasle Abertzaleakek egindako baterajotze nazionalaren ostean zuzendaritzak aldarrikapeneko puntuak betetzeko konpromisoa hartzea lortu zen.

Leioako Printza Gune Autogestionatuaren okupazioa. 2018ko apirila

Leioako Achucarro ikerketa zentroko beheko solairua okupatu zuten ikasleek 2018ko apirilean. Bertan, adibidez, liburutegi bat, apunteen kolektibizaziorako espazio bat, ikasleen atsedenerako leku bat eta behar zuenak gaua pasatzeko leku bat atondu zituzten sartu bezain pronto. Salaketaren ostean, okupazioaren lehen egunetatik inguruan izan zen Ertzaintzak espazioa hustu eta ikasleak kaleratu zituen.

Gasteizko Ikasle Gelan Guardia Zibila. 2018ko ekaina

2018ko ekainaren 29an Guardia Zibilak ikasle mugimenduko hiru kide atxilotu zituen, terrorismoa goratzea eta biktimak umiliatzea egotzita. Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta egin zituzten atxiloketak, eta polizia-operazioan EHUko Arabako campusean sartu ziren guardia zibilak, Ikasle Gelak miatu eta ordenagailuak eta bestelako materiala eraman zituzten. Guardia Zibilaren arabera, gela horiek «intentsitate askotariko ekintza biolentoak antolatzeko» erabili ziren, atxilotuei horrelakorik egotzi ez zieten arren. Gasteizko campusean antolatutako zenbait ekitaldirekin lotu zituzten atxiloketak. Zehazki, 2017ko irailaren 27an Gudari Egunaren karietara egindako ekitaldia eta 2016ko martxoan eta abenduan egindako ekitaldiekin lotu zuen Guardia Zibilak polizia-operazioa.

Kaleratzeak Tolosako Orixe ikastetxean. 2019ko urtarrila

Tolosaldeko Autodefentsa Sareak (TAS) Orixe ikastetxeko ikas baldintzak hobetzeko borroka bat jarri zuen martxan 2019ko urtarrilean. Prentsaurrekoa bideoz grabatu eta zabaldu zuten. Bertan, indarrean ziren ebaluazio irizpideak aldatu nahi zituztela azaldu zuten. Bideoa publiko egin eta bi egunera zuzendaritzak zigorrak aplikatuko zituela jakinarazi zuen. Prentsaurrekoa egiteagatik klase egun bat liburutegian pasatu behar izan zuten ikasleek, ikastetxearen araudiak eskema moduan laburtu eta liburutegian murala egiteko. Horrez gain, araudian oinarritutako txostena sinatu behar izan zuten, barkamena eskatu eta ez zutela errepikatuko zioena. Txosten hori sinatu ez zuten bost ikasleak hiru egunez kaleratu zituzten ikastetxetik. Ikasleek zuzendaritzaren partetik negoziaketa erreal bat bideratzeko jasotako erantzun ezkorragatik eta ikasleek jasandako errepresioagatik, otsailaren 22an, baterajotze nazional batera deitu zuen TASek Tolosan. Manifestazio amaieran, ikastetxe kanpoaldean, Ertzaintzak zazpi ikasle identifikatu zituen «agenteen susmoa pizteagatik». Bestalde, goiz guztian zehar Orixeko ikasleek ez zuten aukerarik izan klasetik ateratzeko, klaseak hasi eta amaitu arte ateratzea debekatua izan baitzuten, sarrera Ertzaintzaren lau furgonetak ixten zutelarik.

Txantreako Eunate ikastetxeko kameren aurkako borroka. 2019ko otsaila

Kameren aurkako borroka abiatu zen 2019an Iruñeko Eunate institutuan. Txantreako ikastetxean hamahiru bideo-kamera jarri zituztela-eta abiatu zen horiek kentzeko borroka. Iruñerriko Ikasle Autodefentsa Sareak deitutako baterajotze nazionalean 600 ikasle inguru bildu ziren, inguruko institutu guztiek ikasleei greba egiteko aukera ukatu arren. Maiatzerako kamera guztiak kentzea lortu zuten.

Ikasle Abertzaleakeko militanteei jarraipenak eta kolaborazio eskaerak. 2019ko uztaila

Kalez jantzitako polizien mehatxuak, jarraipenak, deiak, xantaiak edota kolaborazio eskaerak jasan zituzten ikasturtean zehar Leioako bi militantek, udan egindako prentsaurrekoan azaldu zutenez. Kalez jantzitako poliziek hainbat alditan behartu nahi izan zituzten haiekin toki isolatuetara joatera. Ikasturte hasieran Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean segurtasun langileen presentzia salatzeko martxan jarritako dinamika baten harira izandako gertakari batzuekin mehatxatzen zuten bata. Unibertsitatetik kanporatua izateko auzibidea abiarazteko mehatxu egin zioten. Hainbat hilabetez luzatu ziren deiak zein jarraipenak, eta horrekin guztiarekin amaitzeko bide bakarra haiekin kolaboratzea zela esaten zioten: izenak ematea, etorkizunean egin zitezkeen ekintzen berri ematea, etab.

Unibertsitatetik kanporatua izateko auzibidea abiarazteko mehatxu egin zioten. Hainbat hilabetez luzatu ziren deiak zein jarraipenak, eta horrekin guztiarekin amaitzeko bide bakarra haiekin kolaboratzea zela esaten zioten

Campus bereko ikasle bat izan zen errepresio polizialaren jopuntuan izan zen beste militantea. Ikasle pisuko atariraino joan eta preso politikoen aldeko ekimen bateko gertakarien harira mehatxu egin zioten: Unibertsitatetik kaleratzearekin eta isun batekin mehatxatu zuten. Ikasle mugimenduan zuen jarduna zela-eta, kontuz ibiltzeko esaten zioten.

UIBko militante bat kaleratze arriskuan garbitzaileak babesteagatik. 2020ko martxoa

Martxoaren 2an ekin zioten bost asteko grebari EHUk eta Hezkuntza Sailak azpikontratatutako garbitzaileek. Astebetera jakinarazi zuen Unibertsitateko Indar Batasunak EHUk ikasle mugimenduko kide bati mehatxu egin ziola espedientea irekitzearekin, garbitzaileen greba babesteagatik. Hainbat ikasle eta garbitzailek agerraldia egin zuten Gasteizko campusean, mehatxuak salatzeko eta gazteari elkartasuna adierazteko. Espedientea ez irekitzea lortu zen azkenean.

Ibaetan lan politikoa egiteko espazio baten faltan. 2021eko otsaila

EHUk ikasturte hasieran ikasle mugimenduari jardun politikorako baliatzen zuen gunea kendu zion. Horren aurrean, UIBk Ibaetako campuseko Zorroaga aretoa okupatu zuen, eta bertan egon ziren dozenaka ikasle harik eta biharamunean ikasle guztiak identifikatu, miatu eta kaleratu zituzten arte ertzainek, operazio erraldoi baten bidez. Guztira 20.000 eurora arteko isunak iritsi zitzaizkien ikasleei.

UIBk Ibaetako campuseko Zorroaga aretoa okupatu zuen. [...] Guztira 20.000 eurora arteko isunak iritsi zitzaizkien ikasleei

Gasteizko Ekialdea institutuan militante bat kaleratzeko mehatxupean. 2022ko urtarrila

Gasteizko Ekialdea institutuan, urtarrilaren 29rako Gazte Koordinadora Sozialistak antolatutako manifestaziora deitzen pintaketak egitea leporatuta, militante bati kanporatzeko mehatxua egin zioten. Egun berean, Koldo Mitxelena institutuan IAko militantziari propagandarik jartzea debekatu diotela salatu zuten.

Ibaeta: campus poliziala. 2022ko otsaila

Zorroaga aretoa desalojatu zuen polizia-operaziotik urtebetera, IAk eta UIBk unibertsitateko errepresio politikoa salatzeko manifestaziora deitu zuten egun berean, Ertzaintza sartu zen Ibaetako campusera. Ikasleak hurrengo asteko mobilizaziorako propaganda politikoa egiten ari zirenean ertzainak bertaratu eta HEFA eta Psikologia fakultateetara sartu ziren. Miaketa lanak egiteaz gain, ikasle bat identifikatu zuten, eta isun batekin mehatxatu.

UIBk eta IAk deitutako mobilizazioaren bi eskakizunak poliziak campusera sarbidea debekatua izatea eta EHUk 2021eko otsailean ezarritako isunei aurre egiteko ardura bere gain hartzea izan ziren.

EZ DAGO IRUZKINIK