Sarri, baliabide politiko antzu bilakatu da faxismoa, eztabaida bat kolpez bukatzeko bitartekoa. Batetik bestera ikusi dugu objektu jaurtigarri gisa, buruetara zuzen, baina inolako hausnarketarik gabe. Tradizio politiko erreformistak, esaterako, faxismoaren edukia bere adierazpen aldebakarrekoen arabera formulatzen du; hortik aurrera formula bat errepikatu eta errepikatu.
Faxismoaren klase edukiaren eta bere funtzio politikoaren inguruko hausnarketa ezinbestekoa alboratu egin da. Faxismoak fenomeno historikoa izateari utzi dio, estetika, diskurtso edota deskribapen gisa agertzeko. Horrek bere identifikazioa zaildu egin du, bere aurkako borroka lausotuz edo zuzenean ezabatuz.
Logikak diosku: faxismoa errezeta jakin baten arabera zerrendatutako ezaugarrien multzoa baldin bada, hortik kanpo geratzen dena ez da faxismoa. Identifikazio eskematikoaren behar hori klase ertainaren erraietatik bertatik jaiotzen da. Izan ere, klase ertainak, bere barne haustura modu eskematiko horretan aurkeztu behar du, ezinbestean, ezkerraren eta faxismoaren arteko bereizketa kontrakotasun gaindiezin gisa irudikatu ahal izateko; hau da, barne erlaziorik gabeko bi fenomeno gisa aurkezteko. Faxismoa, ordea, ez da ausazko fenomenoa, klase ertain osoaren joera historikoaren adierazpen historikoa baizik; klase ertainaren ezintasunaren adierazpen politikoa da, eta bere ezintasun politikoa ezker politika erreformista da.
Faxismoa ez da ausazko fenomenoa, klase ertain osoaren joera historikoaren adierazpen historikoa baizik; klase ertainaren ezintasunaren adierazpen politikoa da, eta bere ezintasun politikoa ezker politika erreformista da
Ezintasun hori ez da, ordea, klase ertainak gainditu dezakeen muga bat. Egiturazko ezintasuna da, eta joerazkoa, soilik klase ertaina deseginda, eta harekin batera bere oinarri den gizarte kapitalista deseginda, gainditu daitekeena. Klase ertainaren barne haustura ez da kontrakotasun subjektibo baten emaitza, desadostasunen ondorioa; haustura sozialaren emaitza baizik. Eta haustura sozial hori kapitalismoak sortzen du, baina are gehiago, kapitalismoaren sorburu da. Klase ertaina aurretiazko haustura sozialaren adierazpena da, eta preseski haustura sozial horrek gizarte unitario batean halabeharrez hartu beharreko forma soziala da klase ertaina. Horregatik bere izaera gatazkarena da, kontraesanarena, gizartearen polo batetik (burgesia) beste polo batera (proletalgoa) etengabe salto egiteko joera. Izan ere, klase ertaina gizarte harmoniatsu baten iruditegia sortzen duen figura soziala da, gizarte horren oinarriak krisian sartzen direnean suntsitu behar dena, baita modu bortitzean suntsitu ere.
Haustura sozialaren emaitza da, beraz, faxismoa. Eta haustura sozial hori gizarte kapitalistaren oinarria da. Haustura sozial hori bide «baketsutik», hots, klase ertainaren kontrol totalitariotik, gatazkaren parametro onargarrietara bideratzeko gaitasuna galtzen da krisi kapitalistaren garaian; hain zuzen ere, klase ertainaren desintegrazioarekin batera, bake sozialaren kulturaren sorburua ere desegiten delako. Halako egoera batean, ez da harritzekoa gatazka sozialaren parametroak klase ertainaren bi poloetan zentratzeko joera nagusi izatea: alde batetik faxismoa eta bestetik sozialdemokrazia. Baina hori ez da bata eta bestea antagonikoak direlako, baizik eta bata eta bestean krisiaren ondotiko sistema kapitalistaren berregituratze sozialerako bi aukera kondentsatzen direlako, benetan hautsi dena bake soziala bermatzen duen figura soziala delako. Azken batean, klase ertainaren bi joera politikoek klase ertaina berregituratzea dute xede, klase ertaina baita bake sozialaren bermea.
Horregatik, faxismoa gailentzen denean, sozialdemokraziak porrot egin du; ezgai agertu da sistema kapitalista demokrazia burgesaren bidetik erreformatzeko. Baina ez du porrot egin, elkarren aurka diharduten bi borrokalarik egin dezaketen bezala. Ez du porrot egin kanpo aurkari baten aurka, baizik eta bere barren-barrenean galdu egin du. Faxismoa eta sozialdemokrazia elkar barne hartzen duten bi adierazpen politiko baino ez dira, mugimendu politiko eta klase soziologia berdinaren barrenean elkarren aurka borrokatzen direnak. Hau da, faxismoa sozialdemokraziaren barren-barrenetik sortzen den joera historikoa da; biek dute azken helburutzat, ez batak bestea garaitzea, baizik eta klase ertaina bera gaindituko duen proletalgoaren iraultza sozialista zapuztea; hau da, komunismoaren aurkako eta sistema kapitalistaren eraberritzearen aldeko estrategia politikoak dira biak. Hori dela eta, bietan ere profil soziologiko parekoak antzeman daitezke.
Faxismoa gailentzen denean, sozialdemokraziak porrot egin du; ezgai agertu da sistema kapitalista demokrazia burgesaren bidetik erreformatzeko. Baina ez du porrot egin, elkarren aurka diharduten bi borrokalarik egin dezaketen bezala. Ez du porrot egin kanpo aurkari baten aurka, baizik eta bere barren-barrenean galdu egin du
Profil soziologiko horien ezaugarri nagusiena despolitizazioa eta nagusitasun morala dira, biak elkarri lotuta. Izan ere, nagusitasun morala norbanakoari dagokio, baina ez nolanahiko norbanakoari: norbanako despolitizatuari, gestoreari, militante onari, curriculum paregabea duen horri, ez duena arrazionaltasun politikoaren beharrik bere ikuspuntu eta posizioak inposatzeko. Klase ertainaren ezintasun kolektiboak, klase ertaineko norbanakoen gailentasun moralari ireki ohi dio bidea. Soziologikoki, irrazionaltasun horretan aurkitzen du faxismoak bere jatorria. Hau da, eztabaida politikoaren arrazionaltasuna «izan beharreko» baloreen irrazionaltasunak ordezkatzen du. «Izan behar» hori norbanako zehatzek ordezkatzen dute: faxismoan liderra izan ohi da, eta haren inguruan ibiltzen diren tarteko agintariak. Ez da konbentzimendua agintzen duena, sineskeria baizik; konfiantza itsua agintariekiko, eta haien figurarekiko laudorioa, norbanakoa bera argudio bilakatzeraino.
Halakorik ere igar daiteke ezkerreko alderdietan, bereziki erradikaltasuna antzezten duten horietan. Kritika politikoa egiten zaienean, trukean argudio politikorik ez, eta eraso pertsonalak, galoiak argudio gisa eta idolo bilakatutako norbanako zein kolektiboak, zeinak eredu diren… eztabaidarekin kolpez bukatzeko. Horrekin batera, negatibotasuna zabaltzen dute etorkizunarekiko: errealitatea aldatu ezin denaren ideia zabaltzen dute, utzikeria eta gizabanakoekiko mespretxua, dena galduta dagoenaren ustea, besteak, hots, gizartearen gehiengoak, ez dituelako haien baloreak konpartitzen, izkin egiten dielako edota ez dituelako zuzenean babesten. Hauteskundeak galtzen dituztenean, haiena ez den iritzi bat zabaltzen denean… arrazoia beti da norbanakoen maila apala, gizateriaren ezintasun biologikoa edota faxismoari mesede egiten dioten bestelako posizio esentzialistak; zeinak, finean, historikoki eman diren sarraski desberdinak babesteko balio dezaketen. Erraz antzeman daiteke sozialdemokrazian jarrera faxistarik, edo gutxienez faxismoari baliagarria zaionik. Baina ez norbanakoen adierazpen gisa, baizik eta mugimenduaren isla diren jarrerak dira. Faxismoa ez baita hauteskundeetan egin daitekeen hautu politikoa, antolakuntza forma aktiboa baizik, eta harekiko subordinazio zehatza, zeina bere hastapeneko ezaugarrietan baldin bada ere, ezkerrean bertan igarri daitekeen, aukera potentzial eta gaur egungo gisa.
Faxismoak, bada, bere agerpen historikorako baldintza objektiboak sistema kapitalistan bertan aurkitzen ditu. Sistema horrek berak sortutako baldintzapen sozialak eta haien arabera antolatutako gizabanakoak dira faxismoaren sostengu. Hau ez da, beraz, egun batetik bestera agertzen; krisi kapitalista bezala, eta hari dagokion haustura soziala bezala, latentea da, hainbat esparru soziologikotan igar daiteke bere joera; une historikoaren zain, eztanda egiteko. Sistema honen sostengu diren horien guztien ardura da faxismoa, eta bereziki proletalgoaren dominazio kapitalista helburu duen sozialdemokrazia horrena, zeinak, kapitalismoaren aurka ez borrokatzeaz gain, bere baitan nahasten dituen baldintzapen sozial desberdinak, haiei faxismoaren aukera historikoa zabaltzeko.
HEMEN ARGITARATUA