Lurraren jabetza komunalean oinarritutako komunitateak ikertu zituen Karl Marxek Kapitala idatzi eta hurrengo urteetan, azken arnasa bota zuen arte. Interes berezia jarri zuen Errusiako nekazari-komunetan, bertako burkideekin izandako hartu-emanean jasotzen den bezala. Hartan auzi politiko oinarrizko bat izan zuen esku artean: posible ote da antolakuntza komunitario sendoa duen lurralde batean komunismoa eraikitzea kapitalismotik igaro gabe, eta zein baldintzen menpe da posible?
Errusiatik harago ere ikertu zuen. Orain dela gutxi argitaratu da Kovalevsky Koadernoa gaztelaniaz. Ameriketako, Indiako zein Aljeriako komunitate zaharren ikerketa-apunteak jasotzen dira koadernoan. Horien ondoriorik sistematizatuta jasotzen ez bada ere, esan daiteke ikerketaren xedea komunitate horien garapena aztertzea zela, garaikide zuen kolonialismoaren eraginari lotuta, eta, ondorioz, komunitateok garapen kapitalistaren testuinguruan betetzen zuten funtzioa argitzea, garapen horrekiko erresistentzia eta alternatiba aukera gisa.
Ezagunagoa da, seguru asko, Marxek egindako komunitate primitiboen ikerketan oinarrituta Friedrich Engelsek idatzitako liburua, familia, jabetza pribatua eta estatuaren jatorria aztergai dituena. Bereziki egokia esku artean dugun gairako, bertan emakumearen zapalkuntzaren jatorriaren inguruko hausnarketak jasotzen direlako, eta genesi prozesu hori klasetan banatutako gizartearen sorrera-prozesu berean kokatzen duelako, hau da, komunitate primitiboen desintegrazio prozesuan.
Ikerketok zeresan handia eman dute marxismoan eta harago. Izan ere, aipatu tradizio politikoan nagusitu diren historiaren errezeta sinplifikatzaile eta mekanikoetatik harago -non komunitate guztiak ezinbestean eskema bati jarraiki garatu behar diren, hau da, subjektu kontzientea bigarrengotzen den historiaren inertziaren nagusitasunaren menpe-, Marxen koadernoetan bestelako garapen bat iradokitzen da, multilineala eta ez ildo bakarrekoa, eta, horregatik ere, subjektuari lehentasuna ematen diona, eta ez gauzen berezkotasunari. Ezbairik gabe, ekarpen erraldoia askatasunari.
Aipatu ikerketa-saiakera ez zen bere obra handia idatzi ondorengo erretiro espiritualaren emaitza izan, beraz. Kontrara, zeregin garrantzitsua zen, ordura arte egindako ikerketarekin estuki lotuta. Izan ere, askok Marxen lanaren oinarrian ikerketa ekonomikoa nabarmendu badu ere, Marx bera ekonomialari gisa etiketatuta, egiazki azterketa ekonomiko-objektiboa forma sozialaren edo komunitate-formaren azterketarekiko menpekotasunez garatzen da bere lan teorikoan. Hau da, determinazio objektiboen bitartez subjektu sozialaren edota potentzia historikoaren azterketa egin zuen Marxek. Beraz, berebiziko lehentasuna dauka komunitate-formen azterketak, bertan garatzen diren erlazio sozialak ebazteko, bai eta subjektu sozialaren gaitasunak antolatzeko ere.
Izan ere, askok Marxen lanaren oinarrian ikerketa ekonomikoa nabarmendu badu ere, Marx bera ekonomialari gisa etiketatuta, egiazki azterketa ekonomiko-objektiboa forma sozialaren edo komunitate-formaren azterketarekiko menpekotasunez garatzen da bere lan teorikoan. Hau da, determinazio objektiboen bitartez subjektu sozialaren edota potentzia historikoaren azterketa egin zuen Marxek
Esku artean dugun auziari dagokionez, ekiteko modu horrek emakumearen zapalkuntza modu konkretuan aztertzea dakar, hau da, historikoki aldakorra den forma sozialaren arabera. Horrek esan nahi du, alde batetik, ez dela emakumearen zapalkuntzan forma transhistoriko bat, indarrean den ekoizpen moduaren arabera bere oinarriak eta adierazpenak desberdinak direla baizik. Bestalde, esperientzia historiko desberdinak epaitzeko orduan, estrategia politikoei eta horien helburu sozialari buruz hausnartzera gonbidatzen du, baina beti konkistatu eta sozialki ezarri dena konkistatu nahi duen potentziatik bereiziz, estuki lotuta badaude ere, ezin baitira nahasi, gizarte komunista eraikitzeko beharrezkoa den ekintza politikoa hobetu nahi bada, eta gizartearen emantzipazio prozesua modu egokian baloratu.
Lehenetik, hau da, emakumearen zapalkuntza historikoki eratzen dela onartzetik, ondorioztatzen da emakumearen zapalkuntzaren forma kapitalistaz hitz egin beharko genukeela, zehatzak izan nahi badugu. Zentzu horretan, gizarte kapitalistaren oinarrietan aurkitu behar dugu bere jatorria eta ez, sarri egin ohi den bezala, pertsonen buruan edota jada gainditutako garai historikoetan.
Alabaina, eta bigarrenarekin -emantzipazio prozesuarekin- erlazionatuta, zapalkuntzaren eratze-erlazio hori prozesu sozialean eta historiaren irakurketa linealetan alderantzikatuta agertzen da. Izan ere, logika historizistaren arabera, emakumearen zapalkuntza kapitalismoaren aurretikoa bada, bi aukera daude: edo kapitalismoaren oinarria «patriarkatua» da, edo kapitalismoa eta emakumearen zapalkuntza elkarren ondoan, eta paraleloki, bizi diren bi sistema desberdin dira. Baina inola ere ez hirugarren aukera hau: emakumearen zapalkuntzaren forma klase-gizartearen formaren araberakoa da.
Logika historizistaren arabera, emakumearen zapalkuntza kapitalismoaren aurretikoa bada, bi aukera daude: edo kapitalismoaren oinarria «patriarkatua» da, edo kapitalismoa eta emakumearen zapalkuntza elkarren ondoan, eta paraleloki, bizi diren bi sistema desberdin dira. Baina inola ere ez hirugarren aukera hau: emakumearen zapalkuntzaren forma klase-gizartearen formaren araberakoa da
Lehenengo bi aukera horiek are gehiago indartzen dira historia enpirikoari erreparatzen badiogu, historiografia burgesaren betaurrekoekin. Izan ere, historia horren sintetizatzaile den logika enpiristaren arabera, komunismoak emakumearen zapalkuntza gainditu ez izanak erakusten du komunismoak ez duela bermatzen emakumearen askatasuna. Beraz, beharrezkoa da emakumearen askatasunari heltzen dion beste teoria sozio-politiko bat, komunismoaren osagarri dena, edo berari alternatiba. Biak ala biak, komunismoa ukatzen duten posizioak dira. Izan ere, komunismoa, osotasun sozial gisa, ezgai bada giza-forma batekiko, hots, gizarte kapitalistarekiko, eta haren baitan ugaltzen diren zapalkuntzekiko haustura gauzatzeko, orduan komunismoa ez da osotasun sozial berri bat eta, beraz, bere helburuan porrot egin du.
Horregatik ere, komunismoaren berreskurapena hirugarren aukera onartzetik hasten da: komunismoa kapitalismoaren eta, oro har, klaseetan banatutako gizartearen eta bere zapalkuntza formen ukazioan badatza, ezin da komunismoa izan emakumearen egiturazko zapalkuntza gainditzen ez duen forma soziala. Esan dezakegu komunisten estrategiak porrot egin zuela, baina ez da inola ere onargarria komunismoan emakumearen zapalkuntza betikotu daitekeela ontzat ematea, horrek zuzenean kolpatzen baitu komunismoaren aukera bera.
Komunismoaren berreskurapena hirugarren aukera onartzetik hasten da: komunismoa kapitalismoaren eta, oro har, klaseetan banatutako gizartearen eta bere zapalkuntza formen ukazioan badatza, ezin da komunismoa izan emakumearen egiturazko zapalkuntza gainditzen ez duen forma soziala
Zein modutan biziraun dezake, bestela, ekoizleen borondatezko elkartzean eta erreprodukzio sozialaren zuzeneko administrazioan oinarritutako gizarte egitura batek, zeinak ezinbestean bere barnera txertatu behar dituen gizabanako guztiak, talde sozialen arteko konfrontazioak badirau? Eta, beste modu batera, nola iraun dezakete talde sozialek eta haien arteko konfrontazioek, norbanako bakoitza, libreki, besteekin elkartzen bada erreprodukzio sozialaren gaineko administrazioa gauzatzeko, horretarako antolatutako forma sozial eta komunitate komunistetan?
Gizarte komunistak, konfrontazio soziala abolituko badu, ezinbestean klase boterearen eta zapalkuntzaren oinarriak abolitu behar ditu. Ez da posible boterean oinarritutako zapalkuntza soziala gauzatzea botere pilaketaren dinamika soziala gainditu bada, hots, komunitate-forma berria pertsonen arteko erlazio zuzenetan oinarritzen bada, erlazio zuzen eta sinple horiek baitira boterearen mediazio funtzioa ezabatzeko modu bakarra.
Prozesu horretan, funtsezkoa da, etorkizuneko antolakuntza sozialaren zelula den aldetik, emakumeak estrategia komunistan duen papera sustatzea, estrategiaren ezinbesteko osagai gisa, eta ez teoria sozial osagarri edo alternatiboetara mugatzea, teoria horiek gehiago eta gehiago urruntzen baitute klase boterearen estrategiatik eta emantzipazio sozialaren lehen lerrotik, etsaiaren interesei zuzenean laguntzeko. Komunismoan emakumearen emantzipazioa ezinezkoa balitz, hori emakumearen emantzipazioa gabe, hau da, gizarte komunistaren eraikuntzan bere parte hartze aktiboa gabe, komunismoa ezinezkoa delako izango litzateke.
Prozesu horretan, funtsezkoa da, etorkizuneko antolakuntza sozialaren zelula den aldetik, emakumeak estrategia komunistan duen papera sustatzea, estrategiaren ezinbesteko osagai gisa, eta ez teoria sozial osagarri edo alternatiboetara mugatzea, teoria horiek gehiago eta gehiago urruntzen baitute klase boterearen estrategiatik eta emantzipazio sozialaren lehen lerrotik, etsaiaren interesei zuzenean laguntzeko. Komunismoan emakumearen emantzipazioa ezinezkoa balitz, hori emakumearen emantzipazioa gabe, hau da, gizarte komunistaren eraikuntzan bere parte hartze aktiboa gabe, komunismoa ezinezkoa delako izango litzateke
Azken finean, horretan datza komunismoa izan ez zena -forma sozial amaitu bat- bezala marrazteko eta bere planteamendua -izan ez zen forma sozial amaitu gisa- nahikoa ez zela aldarrikatzeko asmo oro; emakumea borroka komunistatik urruntzean eta, horrekin, komunismoa ezinezko egitean. Emakumeak komunismoan duen papera funtsezkoa eta mugiezina da; bere emantzipazioa paper hori onartu eta horrekiko kontsekuente izatean oinarritzen da.
HEMEN ARGITARATUA