2021/03/04

Iaz, 2020ko martxoan, atzera begira jarri ginen, eta XVIII-XIX. mendeetara jo genuen emakumeen aurreneko borrokak eta lorpenak ezagutzeko, historiak utzitako irakaspenak gaurkotzeko saiakera eginez. Orduko hartan aztergai izan genituen, besteak beste, industria iraultzak emakumeengan izan zuen eragina, ordurako antagonikoak ziren posizioak, Martxoaren 8aren jatorria eta emakume langileen antolakuntza markoen eta tresna berrien beharra. Horrez gain, XXI. mendeko krisi testuinguruaz, proletarizazio prozesuak irekitako ofentsiba kulturalaz eta biolentzia matxistaren gorakadaz aritu ginen, emakumeen zapalkuntza ikuspegi proletario batetik lantzearen beharrezkotasuna mahaigaineratuz.

Oraingoan, garai zehatz batean barna murgilduko gara, eta sasoiko esperientzien emaritik edango dugu. Hain zuzen, 1920 hamarkadako emakume komunisten mugimendu internazionalean sakonduko dugu, haiek egindako proposamenetan eta hausnarketetan; izan ere, aipagarria da haien lana eta ekarpena. Emakumearen askapena komunismoarekin batera iritsiko zela zioten, eta alderdiei lotutako emakume proletarioen organo politiko propioak sortzearen beharrezkotasuna mahaigaineratu zuten, emakumeak aktibatzeko antolakuntza tresna propioek ortzi-muga komunistarantz ekarpena egin zezaketela sinetsita. Mamitsuak bezain interesgarriak izan ziren auzi horren inguruan Klara Zetkinek Leninekin izandako eztabaidak[1]. Mundu mailako emakume proletarioek norabide berean lan egitearen garrantzia aldarrikatu zuten Zetkinek eta haren borroka-kideek: emakume langileen masak aktibatzearen garrantzia, emakume proletarioen formakuntza politikoaren beharra, eta, noski, emakume langileek alderdi komunisten barruan ekarpena egitearen garrantzia, hain zuzen. Zenbait tokitan asko izan ziren emakumeen antolakuntza markoen bitartez komunismoaren aldeko borrokara batu zirenak. Emakumeen markoak sortu ez ziren herrialdeetan, aldiz, jaitsi egin zen emakume proletarioen parte hartzea eremu politikoetan.

Zenbait tokitan asko izan ziren emakumeen antolakuntza markoen bitartez komunismoaren aldeko borrokara batu zirenak. Emakumeen markoak sortu ez ziren herrialdeetan, aldiz, jaitsi egin zen emakume proletarioen parte hartzea eremu politikoetan

HASTAPENAK: ANTOLATZEAREN BEHARREZKOTASUNA

1920ko emakume komunisten mugimenduaren hastapenak 1914 urtea baino lehenagoko emakume sozialisten mugimenduan eta Errusiar Iraultzan aurkitzen dira. Hastapenetan gehiegi sakondu gabe, aipatzekoa da, Industria Iraultzak irekitako testuinguru berria tarteko, urtetik urtera langile mugimenduan nabarmen egin zuela gora emakumeen parte hartzeak. Emakumeek langile mugimenduan parte hartzeko beharra agerikoa izan arren, kasu askotan ez zeukaten langile alderdietan parte hartze aktiboa izateko tresna organizatibo garaturik: taktika definiturik, antolakuntza markorik… Hala ere, urteek aurrera egin ahala, ikaragarri egin zuen gora emakume militante sozialisten kopuruak. Alemanian, esaterako, 1905. urtean 4.000 emakume zeuden langile alderdian, 1908an 29.458 eta 1910an 82.642[2]. Emakumeen antolakuntzarako goranzko joera horrek, helburu zehatzen eta horiek erdiesteko tresnen identifikazio eta garapenaren beharra azaleratu zuen, baita emakumeen arteko mundu mailako harremanak ezartzeko aukera mahai-gaineratu ere.

1907an egin zuten Emakume Sozialisten Mundu Mailako Lehenengo Konferentzia, Stuttgarten, bi helburu nagusirekin: emakume sozialista antolatuen arteko harreman iraunkor eta egonkorrak garatzea eta emakumeen boto eskubidearen aldeko borroka.

Emakumezko kide sozialisten arteko harremanak sendotzeari begira, mundu mailako delegaritza sortzea erabaki zuten –Emakume Sozialisten Internazionala izenarekin ezagutzen dena–, eta egoitza Alemanian, Stuttgarten, izango zuena. Hausnarketa interesgarria egin zuten alderdi sozialisten barruan emakumeek izan beharreko espazioen inguruan. Esanguratsua da Alemaniako delegatuek aurkeztutako erresoluzioa; izan ere, alderdi sozialisten barruan emakumeen organoak egotea proposatu zuten. Haien aburuz, horrek ekarpen organizatibo eta politiko nabariak egingo zituen: ahalbidetuko zuen esperientzia politiko gutxi zuten emakumeek horretarako espazio aproposa izatea, haien indarra langile alderdiaren baitan artikulatuz eta, aldi berean, emakume langileen behar espezifikoen gaineko arreta zentralizatzea. Stuttgarteko konferentziari esker, ordura arte langile alderdietan modu ez antolatu eta autonomoan aritutako emakume langileak antolakuntza sozialistaren baitako subjektu bilakatzeko aukera erreala ezarri zen[3].

1910ean egin zen Emakume Sozialisten Internazionalaren bigarren Konferentzia Kopenhagen. Hiru puntuz osatuta zegoen Konferentziako gai-ordena, eta horietako bat zen herrialde ezberdinetan antolatutako emakume sozialisten arteko harremanak sendotzea. Hori ez ezik, Klara Zetkinek mundu mailako emakume langilearen eguna antolatzea proposatu zuen, emakume proletarioen borrokarako elementu gisa. Ondorengo urteak oso mamitsuak izan ziren. Emakumeen Internazional Sozialistaren hirugarren kongresua 1914ko apirilean egingo zen, baina bertan behera gelditu zen Lehen Mundu Gerraren hasieraren ondorioz. 1915an Zetkinek Nazioarteko Gerraren Aurkako Emakumeen Konferentzia antolatu zuen, eta herrialde desberdinetako 25 delegatuk hartu zuten parte hitzorduan. 1917an iritsi zen Urriko Iraultza, eta horrekin batera emakume langileen bizi baldintzen hobekuntzak Sobietar Batasunera. Zetkinek «eredugarri» gisa zituen alderdi boltxebikea eta bereziki alderdiko emakumeak, iraultzari egindako ekarpena tarteko[4]. Aipatzekoa da, besteak beste, Nadezhda Krupskayak eta Alexandra Kollontaik egindako lana.

1919an Hirugarren Internazionala eratu zen. 1920an, III Internazional Komunistaren edo Kominternaren markoan, Emakume Komunisten mundu mailako I Konferentzia egin zuten, eta 19 herrialdetako ordezkariak elkartu ziren han. Hala emakume komunisten mugimenduari buruzko tesiak eta jarraibideak zehaztea adostu zen, Klara Zetkinek idatziko zituenak.

Kominternaren barruan, Emakumeen Nazioarteko Idazkaritza sortu zen, Batzorde Exekutiboari lotua –Idazkaritzaren ordezkari batek ere parte hartzen zuen batzorde horretan–. Klara Zetkin zen Emakumeen Nazioarteko Idazkaritzako idazkari nagusia eta Internazional Komunistaren Batzorde Exekutiboko Alemaniako ordezkaria. Haren hitzetan, emakume komunisten mugimendua ez zen emakumeen mugimendu independente bat, baizik eta emakumeen arteko propaganda eta antolakuntza komunistaren hedapen sistematikorako sortutako organoa, besteak beste.[5]

Kominternean, Emakumeen Nazioarteko Idazkaritzak mundu mailako emakume komunisten arteko esperientzien eta informazioaren trukea sustatu zuen, horretarako jarraikortasunez mundu mailako biltzarrak eginez. Gainera, 1925era arte Kommunistiche Fraueninternationale aldizkaria argitaratu zuten, beren ideiak hedatzeko eta hainbat herrialdeetako emakumeen mugimenduen berri lau haizetara zabaltzeko balio izan zuena.

EMAKUME PROLETARIOEN AUZIAK ETA JARRAIBIDEAK

Emakume komunisten mugimenduari eta, aldi berean, alderdiek haien lana hauspotzeari buruzko tesiak eta jarraibideak zehaztu aurretik, Emakumeen Nazioarteko Idazkaritzak hainbat auziren inguruko hausnarketak egin zituen, aurrez aipatu bezala, Zetkinek idatzi eta hurrengo kongresuan aurkeztuko zituenak [6].

Dokumentuan ageri bezala, ezinbestekotzat ikusten zuten emakume proletarioen masei klase kontzientzia ematea; masa horietan klase kontzientzia hedatzea. Emakume proletarioak ideal komunistetan heztea, haiek borroka kide bihurtzea eta komunismoaren aldeko kolaboratzaile indartsu eta erabakigarriak izatea. Ezinbestekotzat ikusten zuten emakume proletarioek kapitalismoa gainditzeko eta komunismoa gauzatzeko borrokan parte hartzea, horrela proletariotza gero eta trinkoagoa eta indartsuagoa izanik. Horretarako baldintzak sozialak sortzea eginbehar garrantzitsua zela adierazi zuen.

Ezinbestekotzat ikusten zuten emakume proletarioen masei klase kontzientzia ematea; masa horietan klase kontzientzia hedatzea. Emakume proletarioak ideal komunistetan heztea, haiek borroka kide bihurtzea eta komunismoaren aldeko kolaboratzaile indartsu eta erabakigarriak izatea

Zetkinen hitzetan, «iraganeko eta oraineko historiak erakusten du jabetza pribatua dela gizonak emakumearen gainean duen pribilegio-egoeraren kausa. Jabetza pribatuaren agerpenak eta horren finkapenak eragiten du emakumea eta haurra, esklaboak bezala, gizonaren jabetza bihurtzea. Jabetza pribatuak sustatu du gizakia gizakiaren menpe egotea, aberatsen eta pobreen arteko klase-kontraesana, esplotatzaileen eta esplotatuen artekoa». Horregatik, emakumeek gizonekiko erabateko berdintasun soziala lortzeko ezinbestekotzat jotzen zuten ekoizpen-bitartekoen jabetza pribatuarekin amaitzea, jabetza soziala gorpuztea nahiz emakumea ekoizpen jardueretan murgiltzea, betiere esplotaziorik nahiz zapalkuntzarik gabeko sistema batean.

Emakume komunistentzat emakume burgesen proposamenak ez ziren balekoak. Aldarri feministek praktikan emakume burgesen aldeko erreformak soilik ekar zitzaketela zioten, eta erreforma haiek menpeko egoera berdinean uzten zituela emakume langileak. Hain zuzen, emakume burgesen mugimenduek, aldarri feministek, bi sexuen erabateko berdintasun politikoa aldarrikatzen zuten, eta, bereziki, emakumeei boto-eskubidea onartzea, bai aukeratzeko, bai hautatua izateko, eta hori emakume proletarioen eskubideak eta askatasunak ziurtatzeko nahikoa ez zela zioten komunistek. Hala zirriborratu zuen Zetkinek 1920ko agirian: «Boto-eskubideak demokrazia politiko formal hutsa, demokrazia burgesa, lortzea besterik ez du adierazten, eta ez demokrazia erreala, ekonomikoa, soziala, proletarioa. Boto-eskubide horrek ez du ezabatzen jabetza pribatua, eta, beraz, ez du ezabatzen burgesiaren eta proletalgoaren arteko klase-kontraesana ere; ez du ezabatzen emakume eta gizon gehienen menpekotasun ekonomikoaren eta esplotazioaren kausa. Boto-eskubideak menpekotasun eta esplotazio hori baino ez du ezkutatzen parekatze politikoaren estalki tranpatiarekin». Horregatik, emakume komunistentzat boto eskubiderako berdintasuna ezin zen izan emakume proletarioen mugimenduaren eta borrokaren azken helburua. Haientzat, boto-eskubidea eta hautatua izateko eskubidea lortzea beste tresna bat baino ez zen, bildu ahal izateko, lanerako eta kapitalismoaren kontrako borrokarako prestatu ahal izateko.

Emakume komunistentzat emakume burgesen proposamenak ez ziren balekoak. Aldarri feministek praktikan emakume burgesen aldeko erreformak soilik ekar zitzaketela zioten, eta erreforma haiek menpeko egoera berdinean uzten zituela emakume langileak

Zetkinek eta haren kideek komunismoa zuten ortzi-muga, hura baitzen beraientzat emakumearen erabateko askapena ekar zezakeen bakarra. Haiek zioten komunismoak, ekoizpen-bitartekoen jabetza pribatua ezabatuz, gizakiaren zapalkuntza eta esplotazioaren kausa ezabatzen zuela, aberats eta behartsuen, esplotatzaile eta esplotatuen, menderatzaile eta zapalduen arteko kontraste soziala, eta, beraz, baita gizon eta emakumearen arteko desberdintasun ekonomiko eta soziala ere. Zioten, ekonomia komunistaren legerik garrantzitsuena gizarteko kide bakoitzaren ondasun material eta kulturalen beharra asetzea zela. Helburu hori lortzeko, osasuntsu zeuden pertsona heldu guztiei lan egiteko aukera eta betebeharra ezarri behar zitzaiela, sexu-diskriminaziorik gabe. Hori guztia lortzeko ezinbestekotzat jotzen zuten lan baliagarri eta sozialki beharrezko ororen berdintasuna aitortzen zuen gizarte antolakuntza, komunismoa.

Zetkinek eta haren kideek komunismoa zuten ortzi-muga, hura baitzen beraientzat emakumearen erabateko askapena ekar zezakeen bakarra

Zioten proletalgoaren garaipena ezin zitekeen erdietsi emakume langileen parte-hartze kontzienterik gabe, eta boterearen gaineko proletariotzaren konkista emakume proletarioen eginbeharra ere bazela. Hori bai, borroka guztiak prisma internazionaletik borrokatzearen garrantzia azpimarratu zuten. Klase borroka iraultzailea nazioarteko borroka gisa ulertzen zen bezala, kapitalismoaren eta inperialismoaren aurkako emakumeen borroka iraultzailea ere maila internazionalean eman behar zela ulertzen zuten.

Zioten proletalgoaren garaipena ezin zitekeen erdietsi emakume langileen parte-hartze kontzienterik gabe, eta boterearen gaineko proletariotzaren konkista emakume proletarioen eginbeharra ere bazela

Lehen Mundu Gerrak utzitako testuinguruari ere erreparatu zieten 1920an idatzitako txostenean: «Gerrak asko areagotu ditu oinarrizko premiak, eta emakume asko bihurtu ditu zorigaiztoko biktima. Baina horiek ez dira bakearekin desagertuko diren fenomeno iragankorrak; aitzitik, ez da ahaztu behar kapitalismoaren biziraupenak etengabe mehatxatzen duela gizateria konkista-gerra inperialista berriekin, eta horren seinaleak gaur egun ere nabarmenak direla». Izan ere, guda inperialistak eragin zuzena izan zuen emakume proletarioengan. Etxebizitza falta, oinarrizko elikagaien eta baliabideen prezioen gorakada, haurren hilkortasunaren igoera, gaitzak eta gaixotasunak, elikadura eskasia eta, oro har, bizi-baldintza eskasak. Horiek guztiak kapitalismoaren ondorio gisa ulertzen zituzten, eta irtenbide bakarra kapitalismoaren suntsitzea zela zioten.

II Internazionalaren jarrerekin eta erabakiekin izandako desadostasunak agertu zituzten, II Internazionalak egindako proposamenak teorian eta praktikan oso desberdinak izan zirela iritzita. Horrenbestez, harekin guztiz mozteko eskatu zuten, eta dei egin zieten mundu osoko emakume proletarioei beren herrialdeetako alderdi komunistetan murgilduz Internazional Komunistara batzeko.

Horrenbestez, alderdi komunistek emakume proletarioen borroka hauspotzeko eginbeharrekoak zerrendatu, eta zehaztutako gidalerroen arabera jarduteko galdegin zieten Internazional Komunistara afiliatutako alderdi guztiei, betiere emakumeen-masa zabalenak lortzeko, antolatzeko eta haiek komunismoaren aldeko borrokarako prestatzeko helburuz.

Norabide horretan, alderdi komunisten eginbeharrak ez ziren berdinak herrialde sozialistetan, kapitalistetan edo aurre kapitalistetan. Proletalgoak boterea eskuratzeko borrokan jarraitzen zuen lekuetarako, esaterako, honako eginbeharrak zehaztu zituzten[7]: emakumeek alderdietan nahiz borroka-organoetan eskubide eta betebehar berdinak izan behar zituzten; emakumezko proletarioen eta nekazarien masa handiak hezi behar zituzten borroka iraultzaileen izaera, helburuak, metodoak eta tresnak ezagutzeko. Emakumeen masa handiek borroka eta ekintza horietan guztietan parte hartzea bultzatu behar zuten; sexu arteko berdintasuna legearen aurrean eta praktikan, bizitza publikoaren eta pribatuaren sektore guztietan; boto-eskubide aktibo eta pasiboaren erabilera iraultzaile eta klasista udal-parlamentuetan eta parlamentu federaletan, bai eta korporazio publiko guztietan ere. Horretarako, ezinbestekoa zen azpimarratzea boto-eskubidearen, parlamentarismoaren eta demokrazia burgesaren balio mugatua; emakumeek lanbide-heziketa parekidea, askea, doakoa eta orokorra izateko eskubidea izan behar zuten, eta gizonezkoen eskubide zein betebehar berdinak izan behar zituzten; ezinbestekoa izango zen amatasuna aitortzea eta birkualifikatzea gizarte-prestazio gisa; soldataren eta lanaren parekotasuna gizonentzat eta emakumeentzat. Emakume langileak etxekoandre eta ama gisa zituen zereginak arinduko zituzten gizarte-neurriak eta erregelamenduak, familiaren ohiko etxeko lanak gizarte-ekonomiara eramatea ahalbidetuko zuten neurriak eta beste hainbat.

Internazional Komunistako kide ziren alderdiek jarraibide horiek «ahalik eta arrakastarik handienarekin jarraitu ahal izateko», antolakuntza forma edo neurri zehatzak hartzea proposatu zuten, antolakunde nazionaletan nahiz maila internazionalean.

Hala, antolakunde nazionalei dagokionez, eskatu zuten herrialdeetako alderdi komunistetako kide ziren emakumeak bestelako emakume talde partikularretan ez biltzeko; aitzitik, alderdiko toki-erakundeetan eskubide eta betebehar berdinak zituzten kide gisa inskribatuta egon behar zutela, eta alderdiaren organo eta instantzia guztietan lankidetza eskatu behar zitzaiela zehaztu zen. Horrenbestez, alderdi komunistek neurri bereziak hartu behar zituen, eta emakumeen agitazioa, antolakuntza eta heziketaz arduratzen ziren organo bereziak sortu behar zituzten.

MUGAK ETA HELMUGAK

Alderdi komunistetan ez zuten denek begi onez ikusten Emakume Komunisten Idazkaritza, eta horretaz jakitun zen Zetkin. «Badirudi guztiek ez dutela ulertzen gure eginbeharra; ez soilik gure etsaiek edo oposiziokoek, baizik eta baita gure kideek ere, askok ez baitute bat egiten gure kausarekin, eta, neurri batean, haren aurka ere badaude».[8]

Zetkinek, ordea, beraien lana ezinbestekoa zela berretsi zuen IV. Kongresuan. Hark zioen esperientziak erakutsi zuela «argi» zegoela organo bereziak behar zirela emakumeen artean antolakuntza eta heziketa komunista sustatzeko, eta haiek alderdira txertatzeko. Hala ere, azpimarratu zuen hura ez zela soilik emakumeen zeregina, baizik eta herrialde bakoitzeko alderdi komunistaren zeregina eta Internazional Komunistarena. «Gure helburua lortzeko, beharrezkoak dira alderdien organoak, emakumeen departamentuak, emakumeen sailak edo beste edozein izeneko taldeak». Baieztapen hori azaltzeko, emakumeen organo propioak sortu ziren lekuetan izandako esperientzia positiboak nahiz antolatu ez zirenetan izandako hutsuneak mahaigaineratu zituen.

Alemanian eta Bulgarian, esaterako, Emakumeen Idazkaritzek emakume komunisten lana eta antolakuntza garatu zituzten, emakume proletarioak mobilizatuz eta haiek borroka sozialera batuz. Aukera bakoitza baliatu zuten emakume proletarioak esnatu eta sistema kapitalistaren aurkako borrokara bideratzeko, eta horren adibide da Alemania, aurrez esan bezala. Alemanian abortuaren legearen aurkako borroka baliatu zuten klase burgesaren eta Estatu burgesaren dominazioaren aurkako kanpaina eraginkor eta irismen handikoa egiteko. Kanpaina hark emakume-masa handien arreta eta atxikimendua lortu zuen.

Alderdi komunistetan emakumeen artean lan egiteko organo berezirik ez egoteak eragiten zituen ondorio txarren adibide batzuk ere baziren, hala nola Polonian eta Ingalaterran. Emakumeen Idazkaritzak edo antzeko organoak sortu ez zituzten lekuetan behera egin zuen emakumeek alderdi komunistan zuten parte hartzeak. Polonian, aurreneko urtean behintzat, Alderdiak uko egin zion emakumeen artean lan egiteko espazio bereziak ezartzeari. Alderdia ados zegoen emakumeei euren taldeetan borrokatzen uztearekin eta grebetan eta masa mugimenduetan parte hartzearekin. Baina hori ez zen nahikoa ideal komunistak emakumezko proletarioen artean sartzeko.

Zetkinek emakumeen organo propioen lana ezinbestekoa zela aldarrikatzen bazuen ere, jakitun zen bidea ez zela erraza izango, eta emakumeen masetara iristeak bere denbora eta dedikazioa eskatuko zuela. Egoera ez zen berdina leku guztietan, eta emakume komunisten lorpenak desberdinak ziren lekuan leku. 1920ko hamarkadan, Europa iparraldeko eta ekialdeko alderdi komunistetako emakumeen kopurua nabarmen handitu zen. Baina, adibidez, Frantzian, Espainian eta Italian emakumeek alderdiko kideen % 10 baino gutxiago ordezkatzen jarraitzen zuten[9]. Hala ere, portzentaje hori handiagoa zen garai hartako politika burgesean emakumeek izan zuten parte-hartzearekin edo 1919 baino lehen Kominterneko alderdietan emakumeek izan zuten presentziarekin alderatuta, batzuek emakumezko kiderik ere ez baitzuten[10].

1921ean jaioa, emakume komunisten mugimendua bi urte eta erdiz loratu ondoren, besteak beste, estalinismoaren indartzearen ondorioz, pixkanaka amiltzen joan zen. Hala, emakume komunistek eragina galdu zuten Internazionalean, 1925ean Internazionaleko Batzorde Exekutiboak Emakumeen Nazioarteko Idazkaritzari beste norabide bat ezarri eta Batzorde Exekutiboko Emakumezkoen Sekzio gisa birbataiatzea erabaki baitzuen, finean bere estatusa eta autonomia murriztuz. Hori gutxi balitz, arrazoi ekonomikoak tarteko, 1925ean Kommunistiche Fraueninternationale aldizkaria argitaratzeari utzi behar izan zioten, ordura arte emakume komunisten mugimenduarentzat garrantzia handiko tresna izan zena[11].

Zailtasunak zailtasun, emakume komunisten mugimenduak aurrerapen historikoa ekarri zuen: mugimendua hark irmoki lotu zituen emakumearen askapenaren aldeko borroka eta langile-klasearen emantzipazioa, baina onartu zuen, halaber, emakumeen erradikalizazioa gizarte-maila guztietan zegoela. Emakume iraultzaileek komunistak ez ziren mugimendu feministekiko lankidetza onartu zuten zenbait auzitan, hala nola sufragio unibertsalean edo ugalketa-eskubideetan.

Zailtasunak zailtasun, emakume komunisten mugimenduak aurrerapen historikoa ekarri zuen: mugimendua hark irmoki lotu zituen emakumearen askapenaren aldeko borroka eta langile-klasearen emantzipazioa

Emakume komunistek langile mugimenduaren batasun militantearen etengabeko garapena defendatu zuten, eta, aldi berean, kapitalismoaren kontra beren ekarpena egiteko prest zeuden gizarte-maila guztietako emakumeak proletalgoaren borrokara batzea bilatu zuten, emakume proletarioen formakuntza politikoari berebiziko garrantzia emanez. Bide horretan, emakume proletarioen heziketa politikoak duen garrantzia mahaigaineratu zuten, gizarteko arazoak problematika partzial gisa ulertzetik urrun, arazo horien erroa aztertzeko elementuak emanez, eta horrela emakumeak borrokara animatuz.

OHARRAK

1. Ikus, Lenin sobre la cuestión de las mujeres (Klara Zetkin)

2. Itaia.eus

3. Ibid.

4. Lenin sobre la cuestión de las mujeres.

5. Ikus, La organización de las mujeres trabajadoras. 1922. (Klara Zetkin)

6. Directrices para el movimiento comunista femenino. 1920. (Klara Zetkin)

7. Ibid.

8. La organización de las mujeres trabajadoras.

9. Daria Dyakonova, El alba de la liberación femenina: los primeros años del movimiento internacional de mujeres comunistas.

10. John Riddle, Movimiendo de mujeres comunistas.

11. Jean Jacques Marie, De Lenin a Stalin, la sección femenina de la Internacional Comunista.

EZ DAGO IRUZKINIK