ARGAZKIA / Saioa Contreras
Ibai Berezibar
@1baiba
2022/11/03

Badaramagu denbora bat autoritarismoaren gorakadaz hitz egiten; estatu aparatuen burokratizazioaz, gizartearen idiotizazioaz edota langile masa zabalen diziplinamendu prozesuaz. Proletalgoaren gaineko dominazioa betikotzen duten joera horien guztien areagotze argia bizitzen ari gara, Kapitalaren ofentsiba deritzoguna. Hala ere, testuinguru ekonomiko zein politikoaren arabera aldakorrak izan dira burgesiaren erasook, eta esparru bakoitzean momentu nahiz forma konkretuak hartu dituzte; pandemiaren aitzakiapean gauzatutako eskubide zein askatasunen urraketak, okupazioaren aurkako neurriak gogortzeko egindako saiakerak edota hezkuntzaren modernizazioan sakontzera datozen erreformak, ondorengo lerroetan aipatuko ditugunak.

Kolaborazio honetan hezkuntzaren alorraz jardungo dugu, eta zehatzagoak izanda, bere funtzio edo izaera inposatzaileaz, sektore proletarioen bazterketa bermatu eta subjektibitate otzan zein despolitizatua eraikitzeaz arduratzen dena. Alde batetik, barne funtzionamendu konplexu, guztiz elitista eta blokeatzaileaz hitz egingo da; bestetik, hezkuntzaren gaineko erabakien burokratizazioa, burgesiaren ofentsiba gauzatzeko beharrezkoa izan den alderdi politiko nagusien ituna eta ondorengo EAEko Hezkuntza Legea aipatuko dira. Hori guztia erreformen aplikazio testuinguru batean kokatuko da, eta, horren bidez, frogatzen saiatuko gara hezkuntzaren esparruan sarreran aipatu ditugun joerak areagotzen ari direla.

Jakina denez, transformazio prozesu bete-­betean murgilduta daude ikastetxe nahiz zentro gehienak, metodologia berriei –batxilergo orokorra, konpetentziakako ebaluazioa, errefortzu plana…–, eduki aldaketei –gaitegien hustuketa nabarmena, ikasgaien aukera murrizketak, online aukeraren hedatzea…–, milaka proiekturi –hedatze proiektua, Euneiz unibertsitatea, Lanbide Heziketako plana…– eta ezin konta ahala plan berritzaileri aurre eginez. Badirudi agintari politikoen brainstorming baten ondorioen aurrean gaudela, zeintzuek hezkuntza hartzen ari den norabidea hitz politez apaindu besterik ez duten egingo. Izan ere, trantsizio fase moduan izendatu nahi izan dute ikasturte hau alderdi politiko zein sindikatu nagusiek, trantsizio hitzari zantzu positibo eta aurrerakoia emanez, noski. Errealitatean aldaketok ez dakarte kalitatezko hezkuntza baterako aurrerapausorik, eta zirku parlamentario honek dirauen bitartean, hezkuntzaren desegitearen azelerazioa ari gara jasaten.

Badirudi agintari politikoen brainstorming baten ondorioen aurrean gaudela, zeintzuek hezkuntza hartzen ari den norabidea hitz politez apaindu besterik ez duten egingo

Ikasturte hasieratik mahai gainean jarri dugu hezkuntzaren norabidea heziketaren desegiteak, segregazioak eta hezkuntzaren burokratizazioak nahiz inposizioak ezaugarritzen dutela. Kapitala metaketa ziklo berri baterako berrantolatu beharrak baldintza produktibo berrietara egokituko den subjektibitatea, etorkizuneko langile klasea, moldekatzea dakar, eta, hori dela medio, eta hezkuntzak auzi honetan betetzen duen eginkizuna aintzat hartuta, langabeziara, lanaren teknifikaziora eta abarretara egokituko diren ikasleak sortzera begirako eraldaketa bizitzen ari dira ikastetxeak. Trantsizioa, beraz, diziplinamendurako zentroak eraikitzera bideratuta dagoela esango nuke, eta argi dago burgesiaren alderdiek proletalgoa hezkuntzatik kanporatzea adostu dutela.

Formakuntzaren debaluazio bat izaten ari den bitartean –gaitegiak edukiz hustuz, diziplinak nahasiz, aukerako irakasgai kopurua murriztuz…–, kritikarako tresnak kentzen ari dira –filosofia degradatuz, besteak beste– eta konpetentziaka ebaluatu –konpetentzia digitala, ekintzailetza…– zein balore zibiko jakin batzuen baitan hezten gaituzte. Lan indar merke eta ez kualifikatua produzitzeaz gain, atomizatua, konformista eta esanekoa izango den ikasle subjektu eredu bat ekoizteko fabrika bilakatu da hezkuntza, eta egoera zaurgarrienean dauden ikasleak derrigorrezko ikasketak ahal bezain pronto amaitu eta lan mundura txertatzen direla bermatzeaz arduratzen da –errefortzu plan berriak zein ezohiko azterketak desagertzeak nahiko argi uzten du zer ari naizen esaten–. Bide horretan, hezkuntza administrazioaren egituraketa da horren guztiaren bermeetako bat, eta ez dago irakasle zein gurasoen borondate onik hezkuntzaren dekadentziari buelta emango dionik.

Kapitalismoaren garapenarekin batera harreman sozial kapitalisten konplexutasuna areagotu izan da, Estatua ere erritmo berdinen baitan antolatzera behartuz. Zentzu horri jarraiki uler genezake egungo estatu burgesaren barne egitura korapilatsua, ez soilik organo tradizionalak –ministerioak, adibidez– kuantitatiboki handitu direlako, hainbat eredu berri sortu direlako baizik: autonomia maila ezberdineko administraritzak, eskubide pribatuak dituzten estatu enpresak (itunpekoak), larrialdietarako sortu eta desegiten diren instituzioak, etab. Hezkuntzaren alorra ere antzera antolatzen da: estatu mailako administrazio orokorra dago; Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioa; autonomia gradu desberdineko autonomia erkidegoak; hezkuntza administrazio lokalak, erkidego bakoitzeko hezkuntza sailaz arduratzen diren kontseilu, ikuskari eta abarrek osatuak; eta, azkenik, heziketa zentroak egongo lirateke.

Atal horien guztien arteko koordinazioa oso modu burokratikoan egiten da, lege eta irizpideen gaineko informazio zein gardentasun falta nabarmena izan ohi da, eta ikastetxeetan aldaketak berehalakoan martxan jar ditzaten inposatzen da. Gainera, hezkuntza teknifikatzen ari dira, sentsazio orokortua da irakasten baino denbora gehiago igarotzen dela tramitazio hutsean, besteak beste azterketa kopurua handitu egin delako eta ebaluazio irizpideak aldatu egin direlako. LOMLOEk ere horretan sakontzen duela agerikoa da, hezkuntza administrazioaren konplexutasunari aurre egin beharrak bultzatuta ikasturte hasiera honetan zentroek darabilten noraeza ikusi besterik ez dago; legearen aplikazio prozesua erabat inposatzailea izaten ari den seinale argia.

LOMLOEk ere horretan sakontzen duela agerikoa da, hezkuntza administrazioaren konplexutasunari aurre egin beharrak bultzatuta ikasturte hasiera honetan zentroek darabilten noraeza ikusi besterik ez dago; legearen aplikazio prozesua erabat inposatzailea izaten ari den seinale argia

Estatu aparatu nahiz instituzioen konplexutasunaren handitzeak elite batek hartutako erabakien blindatzea dakar, eta horrek, ikusi bezala, desadostasunak ezerezera eraman eta organoen barrenetik oposizioa aurrera eramatea eragotziko du. Bitartean, eliteak edo burokrazia politikoak –alderdi politikoek, sindikatu nagusiek, patronalak…– Estatua finantzatzen duen oligarkiaren interesen araberako prozesuak diseinatzen nahiz martxan jartzen jarraitzen du: Googlerekin sinatutako akordioaren ondorengo digitalizazio prozesua, enpresen premien ondorio den Lanbide Heziketako Plana edota berehala xehatuko dudan EAEko Hezkuntza Legea.

Burgesiak hezkuntzaren gainean duen kontrolaren deskribapena baino ez da esaten ari naizena, eta hezkuntzak autonomia edo independentzia maila bat baduela uste den garaiotan garrantzizkoa da kapitalismoaren beste aurpegi bat baino ez dela aldarrikatzea. Argi geratu da barne funtzionamenduak demokratikotik gutxi duela, eta Kapitalaren behar produktiboak asetzen dituen nahiz burgesiaren interesen baitan funtzionatzen duen instituzio bat baino ez dela egun.

Hezkuntzak autonomia edo independentzia maila bat baduela uste den garaiotan garrantzizkoa da kapitalismoaren beste aurpegi bat baino ez dela aldarrikatzea

Hezkuntzaren funtzio inposatzailean sakontzen jarraitzeko heziguneetako errealitatea mahaigaineratzea komeni da, izaera hori gardenen ikusten den espazioa da. Diziplinamendurako zentro bilakatzeko prozesu horretan agerian gelditu da politika independenterik gabeko espazio bihurtu nahi dituztela ikastetxeak, obedientzian hezitako ikasleak produzituz eta alternatibarako aukera oro blokeatuz. Horretarako, eztabaidarako markoak kendu edo euren kasa antolatzen diren ikasleak zigortzen dira.

Bide horretan, gizarteko alor guztien antzera, ikastetxeetan ere autoritarismoaren gorakada agerikoa da; maiz, irakasle eta zuzendaritzen figuretan haragitzen du, baina egiaz egitura oso batek ahalbidetzen du. Kontrol sozialerako tresnak –Inika plataforma, kamerak…–, eskubide zein askatasunen urraketak –grebarena, atseden tarteena…– edota etengabeko saiakera infantilizatzaileak nahiz despolitizatzaileak dira horren guztiaren bermea, besteak beste. Ikasleak ez direla subjektu politiko modura onartuak agerikoa da, baina joera horiek muturrera eramanez gero ikasleari gizatasuna kentzen zaiola ere esan dezakegu: hitza kentzen zaio, modu automatiko zein mekanikoan funtzionatzeko hezten da, edukiaren memorizazioan trebatzen da, atsedena gutxitzen zaio eta denbora libre falta nabarmena da. Hori guztia gutxi ez eta, esan berri dudan modura, lan politikoa egite hutsa ere zigortua izaten da sarri.

Ikasleak ez direla subjektu politiko modura onartuak agerikoa da, baina joera horiek muturrera eramanez gero ikasleari gizatasuna kentzen zaiola ere esan dezakegu

Bestalde, erreforma berrien eskutik ikastetxeak enpresa egituren analogoak izango direla dirudi. Zentro bakoitzeko zuzendaritzei erabakimen eta autonomia handiagoa emango zaie eskola barruko nondik norakoak inolako kontrol demokratikorik gabe erabaki ditzaten, eta zuzendaritzaren zein enpresaburuaren rola berbera izango dela dirudi. Erabakien deszentralizazioaren aitzakiapean –zentzu positiboan– justifikatzen duten arren, zuzendaritzaren autoritarismoaren legitimazioa ekar dezake.

Aipamen txiki bat egite aldera, eta unibertsitate esparruan hainbeste sartuko ez naizen arren, prozesu beraren parte den momentutik, esango dudana esparru horretan ere aplika daiteke hein handi batean. Autoritatearen gehiegikeriek, esaterako, errepresio politikoaren forma hartu dute azkenaldian; gogoratu besterik ez dauzkagu joan den ikasturteko atxiloketak, isunak edota campusetako presentzia polizial itogarria. Dena dela, unibertsitateen izaera inposatzaileaz zehatzago hitz egiteko ere izango dut aukera gehiago. Horregatik, eta amaitzen joateko, EAEko Hezkuntza Legearen prozesuarekin sartuko naiz, etorriko denaren aurrekari garrantzitsua dela baiteritzot.

Badira hilabete batzuk EAEko lege propio baten ustezko beharra zela-eta EAEko alderdi politiko nagusiek eztabaida prozesu bat abiatu zutela, jada martxan zen LOMLOErekiko modu paraleloan eraikiko zen dekretua helburu. Hasieran oihartzuna izan bazuen ere, inpaktua lau aldetako itun gauzatu zenean heldu zen; izan ere, PSOE, EAJ, Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bilduren adostasuna ia erabatekoa izan zen. Lehen egunetatik edukiaren gaineko desinformazioa nahiz gardentasun falta sistematikoak izan ziren, eta isilarazi eta zokoratu egin hezkuntza komunitateko hainbat sektoreren kexuak.

Zenbait pertsona publikoki legearen aurka posizionatu arren, legearen zirriborroa argitaratu ostean ekarpenetarako eta eztabaidarako 40 eguneko prozesu formal ireki bat abiatu izanak eta modu horretan inoizko hitzarmen demokratikoena bailitzan saldu izanak, hezkuntza komunitateak hasieran izan zezakeena baino kontrakotasun txikiagoa adieraztea ekarri du. Izan ere, ekarpenok modu sinbolikoan baino kontuan hartuko ez dituzten arren, prozesua bera legitimatzeko balio izan die parte-hartzearen zirku horrek, zenbait sektore txotxongilo modura erabili dituzte, eta, aldiz, oposizioa baliogabetzeko balio izan die; beraz, eta diotenaren kontrara, legearen garapena erabat antidemokratikoa izan dela agerikoa da. Aintzat hartzekoa izango da behin epea amaituta nahiz legeak bere horretan jarraitzen duela ikusita irekiko den joko zelai politikoa.

Beste alde batetik, lau alderdi politikoen akordioaz hitz egin behar da, hezkuntzaren transformazio fase honetan, erreformen bitartez, heziguneetako proletarizazio prozesua arautzeko adostasunera iritsi baitira pluraltasunaren banderapean. Hasieratik hezkuntzari aparteko izaera bat esleitu diote, eta Kapitalaren gainontzeko esparruetatik isolatzen saiatu dira, gizartearen motorra izan daitekeela esan eta hezkuntzaren alorrean akordio batera heltzea derrigorrezkoa dela saldu nahian –zirriborroaren lehen paragrafoa irakurri besterik ez dago hori ikusteko–. Hala ere, itun horrek ez gaitu harritu behar, politikari parlamentario horien adostasuna erabatekoa baita interesak berberak diren momentutik. Hitzarmenaren pluraltasuna, beraz, burgesiaren alderdiak ezarritako marra gorrien araberakoa izango da: hezkuntzaren gastua murriztea, jada produktiboa ez den ikasle geruza hezkuntzatik kanporatzea edota diziplinamenduan sakontzea.

Honako fartsa izango da hemendik aurrera jasan beharko duguna: ofentsiba kapitalista, trantsizio demokratikoz mozorrotuta. Edonola ere, sar gaitezen EAEko Hezkuntza Legearen zirriborroan.

Honako fartsa izango da hemendik aurrera jasan beharko duguna: ofentsiba kapitalista, trantsizio demokratikoz mozorrotuta

Hezkuntza modernizatzeko legeak duen potentzialtasuna edukian baino askoz gehiago datza prozesuan, hutsala baita zirriborroak dioena. Ezer baino lehen, garrantzi berezia ematen dio doakotasunari, eta, hori dela tarteko hezkuntza administrazioaren menpe dauden itunpeko eskoletan ere tasarik ez kobratzeko apustua egin da, diru partidak berdintzeko nahiz matrikulazio mailak erregulatzeko. Ikusi egin beharko da tasena betetzen ote den; dena dela, erabaki horrek segregazioan eta pribatizazioan sakondu baino ez du egiten, eskubide pribatuak dituzten eskolei laguntzak handitzen baitizkie. Publifikazioaren izenean klase ertaineko seme-alabentzako hezkuntza eskaintza bermatzen da, eta jada baztertzailea den baina irisgarriena ere baden eredu dekadente batean (publikoan) inbertitu beharrean, diru partidak mantentzearen alde egiten da apustu, eta horrek kalitate eskaseko hezkuntza eskaintzea eta sektore proletarizatuenak bertatik kanporatzea dakar. Doakotasuna ez da tasen ezabapenarekin soilik bermatzen, ondasunen produkzio eta banaketaren eredu aldaketa batekin baizik, sozialismoaren eraikuntzarekin.

Erabaki horrek segregazioan eta pribatizazioan sakondu baino ez du egiten, eskubide pribatuak dituzten eskolei laguntzak handitzen baitizkie. Publifikazioaren izenean klase ertaineko seme-alabentzako hezkuntza eskaintza bermatzen da

Euskarari, beste alde batetik, ez dio mesederik egiten lege horrek, euskalduntzea xede moduan duen arren, merkatuaren beharretara azpiraturik baitago. Euskarazko orduak murriztu, eta gero eta debaluatuago dagoen edota ia sinbolikoa den hizkuntza titulazioaren sisteman jartzen du itxaropena: derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzean ikasle orok euskarazko B2 maila izango duela zin egiten digute euskarazko orduak gutxitzea justifikatzeko.

Dena dela, aurretiaz aipatu moduan, lege horretan interesgarriena ez da dioenari erreparatzea, esaten ez duenaz ohartzea baizik. Izan ere, oinarrizko zerbitzuen murrizketak, eskola txikien zailtasunak, mailen arazoa, edukia behar bezala transmititzeko ezintasuna eta abar luze bat aipatu ere ez ditu egiten. Gainera, LOMLOEren alternatiba gisara erabat baliogabea ere bada, ez baitauka enpresen esku-hartzean, formakuntzaren debaluazioan edota ikastetxeen burokratizazioan sakonduko duen lege horri kontrajartzen zaion elementurik.

Aipatutako hori guztia da gainera datorkiguna. Hezkuntza gutxi batzuen pribilegio izatera bidean blindatuko da, eta gainontzekook miseriarekin konformatu beharko dugu. Aldaketaz aldaketa inposatuko zaigu, eta prozesu parte-hartzaileen iruzurrarekin estaliko digute. Eta konturatzerako, enpresek kudeatutako zentroetan ikasten amaituko dugu.

Hezkuntza gutxi batzuen pribilegio izatera bidean blindatuko da, eta gainontzekook miseriarekin konformatu beharko dugu

Ikasturte hau eta datozenak erabakigarriak izango dira erreforma prozesu honi dagokionez, beraz, beharrezkoa izango da lege horiei guztiei ezetz esan eta proletalgoaren aurkakoa den aldaketa konkretu oro borrokatzea; batasunez, elkartasunez eta ikasle autodefentsaz. Ofentsiba honetan agerian gelditu den hezkuntzaren izaera inposatzailearen aurrean, eta ikasle langileon defentsan, ikasleak subjektu politiko gisara aitortuak izateko aurrerapausoak eman beharko dira, interes unibertsalekoa izango den doako nahiz kalitatezko hezkuntza eredua eraikitzeko bidean.

EZ DAGO IRUZKINIK