ARGAZKIA / Lander Moreno Lizarraga
Alain Arruti
2024/02/04

Gizakiaren eta naturaren arteko harreman metabolikoak lehenengoak bigarrengoa erabat menperatzen duen egoera batera ekarri gaitu. Gaur egun ezin da ulertu naturan izaten den prozesu bat bera ere, bertan gizakiak utzi duen aztarna kontuan izan gabe. Are gehiago: Lur planetaren historian lehenengo aldiz, bizitza-sistema konplexuko elementu batek, behar duen neurrian, biosfera guztiaren bilakaera historikoa norabidetu du. Gizakiaren interbentzioa arazo bilakatu da mundu naturalaren egonkortasunarentzat. Alabaina, arazo hori gizakiaren eboluzio historikoaren nahitaezko ondorio bat izatetik urrun, Kapitalaren harreman sozialaren mundu-mailako hedapenaren ondorio da. Kapitalismoaren eta mundu naturalaren suntsiketaren arteko lotura da, beraz, idazki honen abiapuntua.

Auzi ekologikoaren inguruko hausnarketa politiko bat da lerro hauetan landu nahi izan dudana, bertan agertzen diren ideien ekoizle eta, hortaz, erantzule bakarra ni neu izanik. Baina, esan beharrean nago, urgentziazko egiteko bat dela ekologiaren auziaren inguruko tesi politiko iraultzaileak garatzea; hau da, gure garai historikoaren gai garrantzitsu bat den heinean, sozialismoaren borroka iraultzailearen baitan auzi ekologikoa integratzea, maila guztietan. 

KAPITALA ETA NATURA; AUZIRAKO HURBILKETA MARXISTA BAT

Marx gazteak berebiziko garrantzia eman zion naturaren eta gizakiaren arteko harremanari 1844 urteko eskuizkribuetan[1]. Lehenengo eskuizkribuan honakoa dio: “Natura gizakiaren gorputz inorganikoa da […], besterendutako lanak, ordea, 1) natura gizakiaz kanpoko zerbait bihurtzen du 2) bere buruaz kanpoko zerbait ere bihurtzen du; bere bizi-funtzioez kanpokoa […] mundu objektiboaren ekoizpen praktikoa, hau da, natura inorganikoaren elaborazioa, gizakiaren izate generikoaren baieztapena da […] besterendutako lanak, baina, gizakiari berak ekoitzitako objektua erauzten dionean, bere izate generikoa ere erauzten dio, eta animaliarekiko duen abantaila desabantaila bihurtzen da, bere gorputz inorganikoa, natura, kentzen baitio”[2].

Lur planetaren historian lehenengo aldiz, bizitza-sistema konplexuko elementu batek, behar duen neurrian, biosfera guztiaren bilakaera historikoa norabidetu du

Marx gaztearen alienazioaren teoriaren zutarrietako bat da kapitalismoak berekin dakarrela gizakiaren bertute naturalen besterentzea, hau da, kontzientziaren galtzea; izan bere gorputz organikoaren jabetzaren galeraren bitartez, ala izan bere gorputz inorganikoarekiko (naturarekiko) harremanaren galeraren bitartez. Fenomeno hori gertatzen da lan abstraktuaren dinamikaren baitara barneratzen delako gizakiak bere existentziarekiko duen ulerkera markoa, eta berak ekoitzitako produktuarekiko historian zehar duen harreman zuzena diruarekiko harreman abstraktu bihurtzen delako.

Alienazioaren teoriaren bidetik, baina, ezin liteke azaldu gizakiaren eta naturaren harreman historikoan gertatzen den hausturaren nolakotasuna; nolakotasun horren zergatia azaldu daiteke, Marx gazteak zuen ikuskera humanista-naturalista oinarri harturik. Alabaina, kapitalismoaren barne-legeen estudio sistematikoa, eta, hortik, sozialismo iraultzailearen euskarri zientifikoa Marx zaharraren obran aurkitu behar da; batez ere, Kapitala lanean. 

Haustura metabolikoaren eskolakoek[3] defendatzen dute, mendebaldar marxismoak historikoki ulertu duenaren aurka[4], Marx zaharrak ez duela albo batean uzten Marx gazteak kapitalismoaren eta naturaren arteko harremanaz zuen ulerkera Kapitalaren ekonomia politikoari buruzko bere ikerketan, baizik eta metabolismoaren kontzeptuaren barruan integratzen duela. 

Haustura metabolikoaren teoria, motzean, honakoa da: natura ziklo eta prozesu biokimikoetan oinarritzen den era berean oinarritzen da gizartea ere. Gizakiak, bizi nahi badu, nahitaez eraiki behar du harreman bat naturaren metabolismo unibertsalarekin[5]. Harreman hori hierarkikoa da. Giza-metabolismoa, hau da, gizartea mugiarazteko beharrezkoa den antolamendu soziala, naturaren metabolismo unibertsalaren parte da[6]. Giza-metabolismoaren eta naturaren metabolismo unibertsalaren artean gertatzen den hartu-eman historikoan haustura bat gertatzen da, ordea, kapitalismoaren etorrerarekin. Gizakiak, lehen aldiz, naturaren zikloak eta prozesuak baldintzatzen ditu metabolismo sozial kapitalistaren beharrak naturaren erresilientziarako gaitasunaren gainetik jarrita, eta bi instantzien arteko harreman hierarkikoa alderantzikatuta. Gizadiaren historian lehen aldiz, naturaren metabolismo unibertsala gizakiaren metabolismo partikularrean barneratzen da. 

Giza-metabolismoaren eta naturaren metabolismo unibertsalaren artean gertatzen den hartu-eman historikoan haustura bat gertatzen da kapitalismoaren etorrerarekin

Marxek, besteak beste Fosterren eta Saitoren arabera, haustura metabolikoaren kontzepzioaren bitartez azaltzen ditu 1) lurraren emankortasun naturalaren gainbehera, lur-zoruko nutrienteen zikloak etetearen ondorioz[7], 2) garapen zientifiko eta teknologiko berriek, harreman sozial kapitalisten baitan, naturaren esplotazioa handitzen dutela, lurraren degradazioan sakonduz eta haustura metabolikoa hedatuz, eta 3) hirira transferitutako nutrienteek zaborraren eta hondakinen metaketa dakartela eta horrek poluzio-arazoak dakartzala[8].

Haustura metabolikoak, beraz, sistema baten metabolismoan izandako haustura ekologikoa esan nahi du, eta, Saito parafraseatuz, ekologia-krisiak bere historikotasunean ulertzeko aldamio metodologiko eraginkorra erakusten digu[9]. Horrela, haustura metabolikoaren eskolak, ekosozialismoaren bigarren belaunaldi bezala ere ezagutzen denak, kapitalismoaren eta naturaren gainbeheraren inguruko azalpen indartsu bat eskaintzen du. 

Eskola horren lanetatik[10] eratortzen dira, nire iritziz, auzi ekologikoaren tesi politikoak garatzeko hainbat oinarrizko printzipio:

  • Harreman sozial kapitalisten hedapenaren ondorioz giza-metabolismoaren eta naturaren metabolismo unibertsalaren artean izan den hausturak atzeraezinak diren ondorioak ekarri ditu, naturak duen erresilientziarako gaitasunaren gainetik, kapitalismoaren behar ekonomikoak jarri baitira.
  • Errentagarritasuna etengabe bilatzeari lotuta gertatu da kapitalismoaren bilakaera historikoa eta, hori, harreman sozial kapitalistari berezkoa zaion zerbait da. Giza-gorputzak ura adina behar du kapitalismoaren gorputz metabolikoak aberastasunaren metaketa.
  • Naturaren esplotazioa zentzu kuantitatiboan (baliabide ahalik eta gehien merkataritza-dinamikan barneratzea) zein kualitatiboan (zientziaren eta teknologiaren aplikazioaren bitartez, baliabide natural baten errentagarritasun mailak igotzea) gertatzen da kapitalismoan, eta elementu giltzarria da Kapitalaren konposizio organikoarentzat.
  • Kapitalismoaren funtzionamendu metabolikoa posible egin duen aldagai erabakigarrietako bat zentro-periferia harreman inperiala izan da, eta baliabide energetikoen arpilatzearen bitartez funtzionatu ahal izan du mendeetan zehar. 

KRISI EKOLOGIKOA

“Patroi klimatiko ezagunak eta itsasertz egonkorrak dituen Lur planeta hau erabateko arriskuan dago. […] Azaleratzen den konklusioa honakoa da: Lurrean erabateko jarraikortasunez esplotatzen diren erregai fosilek ez dituzte gure artean bizi diren milioika espezie bakarrik jartzen arriskuan, baizik eta gizakiaren beraren biziraupena ere kolokan dago eta dugun denbora-tartea uste genuena baino txikiagoa da”[11]. 

Hitz horiekin hasten da James Hansenen Storms of My Grandchildren liburua. Agian garai hartan mundu-mailako espezialista handienetakoa zenak urteak zeramatzan krisi klimatikoaren ondorioz pairatu genitzakeen ondorio lazgarrien inguruan hitz egiten. 

Ez da harritzekoa: giza-jardunaren ondorioz naturaren barne-funtzionamenduan izaten ari diren aldaketek erabat eraldatu dezakete orain arte ezagutu dugun ingurune naturala. 

Antropozenoaren aro geologikoan, giza-zibilizazioaren garapena baimendu duten baldintza biofisikoak aldatzen ari dira. 2009. urtean Johan Rockström zientzialariak gidatuta, Stockholm Resilience Centreko hainbat ikerlarik milurte hauetan munduan egon den oreka arrakalatu dezaketen bederatzi adierazle ekologiko izendatu zituzten, hala nola: 1) klima egonkortasuna, 2) ur gezaren eskuragarritasuna, 3) fosforo- eta nitrogeno-zikloak, 4) ozono geruza, 5) biodibertsitate galera, 6) ozeanoen azidotzea, 7) lurraren erabileran eraldaketak, 8) elementu biokimikoak eta 9) entitate berrien sorrera. Bada, bederatzi muga biofisiko horietako bakar bat gurutzatzeak, gure gizarteen egonkortasuna kolokan jartzea ekarriko lukeela adierazi zuten. Bederatzi adierazle horiek “bederatzi muga planetarioak” bezala ezagutzen dira, eta naturak modu egonkor batean iraun dezala bermatzen duten prozesuak edo zikloak dira. Bada, Stockholm Resilience Centrek duela egun gutxi argitaratu du bederatzi muga planetarioen gaur egungo egoera neurtzen duen ikerketa[12], eta bertan adierazten diren emaitzen arabera, bederatzi muga planetario horietatik sei (ur gezaren eskuragarritasuna, klimaren egonkortasuna, entitate berriak egotea, biodibertsitatearen galera, lurraren erabileran aldaketak eta ziklo biokimikoak) gainditu dira jada. 

Esan beharrik ez dago muga horiek gainditzeak ekar ditzakeen kalteak izugarriak direla. Gaur egun ezin liteke ziurtzat jo gizadiaren epe luzerako biziraupena, ez behintzat, bizi-baldintza kuantitatibo zein kualitatibo hauetan. Bederatzi muga planetario horiek bederatzi ziklo edo prozesu bereizi adierazten badituzte ere, gehientsuenek elkar-harreman estua dute. Esaterako, fitoplanktonak eta landareek aireko karbono dioxidoa xurgatzen dute fotosintesi-prozesuan. Lurzoruaren erabilera-aldaketen ondoriozko biodibertsitate galerak atmosferako CO2-a hartzeko ahalmena duen prozesu horren efizientzia murriztea dakar. Horrekin batera, atmosferako karbono kantitatea areagotzeak, berotegi-efektuaren bidez, lurreko tenperatura igotzea dakar. Horrek, besteak beste, ozeanoen azidotzea dakar, itsas-ekosistemetako maskordun izakien dibertsitatean zuzenean eraginez. 

KAPITALISMOA BIDEGURUTZEAN

Gurutzatu ditugun sei muga planetarioek erakusten digute Lurra, gaur egun, ez dela espazio seguru bat gizakiarentzat. Hala ere, koiunturari erreparatuz, eta egoera ekonomiko-politikorako hurbilpen bat egin nahi badugu, beharrezkoa da krisi klimatikoaren inguruan modu bereizian jardutea.

IPCC-aren[13] arabera, 1859-1900 eta 2006-2015 urteen artean, munduko tenperatura 1,07ºC igo da. Igoera horrek eraginda, mundu-mailako hondamendi klimatikoen maiztasuna eta tamaina asko handitu dira, hala nola; lehorteak, zikloiak, akuiferoen gatzatzeak, suteak, eta abar[14]. Lurraren batez besteko tenperaturak gora egiten jarraituz gero, gaur egun ziurtzat jotzen den moduan, hondamendi horiek ekarriko lituzketen kalteak ikaragarri handituko lirateke. 

Bestalde, erregai fosilen zundaketarako geroz eta baliabide gehiago behar dira. Petrolio eta gas-hobi eskuragarrienak aspaldi hustu ziren, eta hobi berrietara sarbidea izateko beharrezkoak diren kostuak geroz eta handiagoak dira. Horrek erregai fosilean oinarritutako energiaren errentagarritasunaren krisia ekarri du. Bestalde, mix energetikoaren barruko proportzioak, hau da, gizartearen ekoizpen-harremanak abiarazteko eta mantentzeko behar diren energia ezberdinen (petrolioa, gasa, ikatza, ura, haizea...) multzoko proportzioak, aldatzen ari dira. Kapitalismo garaikidearen behar ekonomikoak sostengatzeko beharrezkoa den elektrizitate kantitatea handitzen ari da. 

Batetik, petrolioaren erauzketa hazkorraren mugak gainditzeak (2005. urtean egunero 70 milioi upel ateratzen ziren batez beste, eta gaur egun 60 milioi inguru dira[15]) energia-iturri alternatiboetara jo behar izatea ekarri du (petrolio pisutsua, fracking-aren bitartez ateratako gasa, eta abar). Hala ere, uste denez, aspaldi zeharkatu genituen erregai fosilen erauzketan oinarritutako gizarte bat eusteko dauden muga biofisikoak. Gure gizartearen metabolismo energetikoaren oinarria erregai fosila bada, hura ezin dute ordezkatu energia berriztagarriek. Berriztagarrien bitartez elektrizitatea sortzen da eta, gaur egun, ez dago baliabide teknikorik elektrizitateak gasolioa edo gasa ordezkatzeko; hau da,  energia-iturri fosilen errekuntzarekiko oso menpekoak diren prozesu asko (garraioa, esaterako) modu masiboan elektrifikatzeko.

Uste denez, aspaldi zeharkatu genituen erregai fosilen erauzketan oinarritutako gizarte bat eusteko dauden muga biofisikoak

EUROPAREN PLAN EKONOMIKO-POLITIKOA

Emilio Santiagok[16] dio politika pentsatzeko orduan bi elementu daudela: batetik, egiaren bilaketa eta, bestetik, balio etiko-politikoen eraikuntza (eta, dudarik gabe, bigarren hori dela estrategikoki erabakigarria). Extinction Rebelion, Fridays For Future, Sunrise Movement eta antzeko egitasmoen diskurtsoaren oinarria zera da: egin diezaietela zientzialariei kasu. Baina, munduari krisi ekologiko betean gaudela ikusarazteak ez dakar, bere horretan, naturarekiko dugun hondamenezko harremanaren aurrean neurriak hartzea, munduaren eta giza-zibilizazioaren artean harreman orekatuago bat sortzeko. 

Davosko mundu-mailako ekonomia-forotik, mundu-mailako arriskuen inguruko inkesta[17] bat argitaratu berri dute. Inkesta horretan, mundu-mailako 1.490 adituk eta agintarik euren iritzia ematen dute epe laburrera (bi urte) eta ertainera (hamar urte) munduak berak izango dituen arriskuen inguruan. Inkesta horretan, parte-hartzaileen %70en ustez, munduak ekologiaren bilakaerari lotuta oso larriak izango diren eraldaketak jasango ditu datozen hamar urteetan.

Esan liteke munduko goi-agintariek zientzialariei kasu egin dietela eta hondamendi klimatikoaren hipotesia gehien-gehienek onartzen dutela egun. Norabide horretan, eta erregai fosilekiko dugun dependentziaren ondorioz agertzen zaigun arazo bikoitza dela-eta (krisi energetikoa eta krisi klimatikoa), kapitalismoaren erronka historiko nagusietako bat da hazkunde ekonomikoa eta karga ekologikoa banantzea.

(...) kapitalismoaren erronka historiko nagusietako bat da hazkunde ekonomikoa eta karga ekologikoa banantzea

Javier Mileik, Argentinako presidente denak, Davosko foroan egin zuen hitzartzean giza-historian metatutako Barne Produktu Gordinaren (BPG) eboluzioa izan zuen hizpide, kapitalismoaren ezartze-garaietatik aberastasunaren produkzioak izan duen erabateko igoera ikusarazteko[18]. BPGaren bilakaera historikoa grafiko batean jarriz gero, hockey makila baten antza duen grafiko bat ateratzen omen dela esan zuen. Bada, gizakiak mundumailan historian zehar eragin duen kutsaduraren grafikoak hockey makila berdinaren antza du. Argi adierazten da istorio berdinaren korrelatua direla aberastasunaren metaketa eta kutsadura, eta giza-metabolismoak naturaren metabolismo unibertsalean eragindako hausturaren bitartez lortu dela aberastasun hori. Kapitalismo berdearen edo Kapitalak bizirauteko duen plan estrategikoaren zutarria korrelatu horren amaiera izango litzateke, hau da, energia-iturri kutsakorrekiko dependentzia murriztuz, hazkunde ekonomikoa ziurtatzea.  

Nahiz eta gutxienez 2016tik banantze horren erretolikarekin jardun, datuek adierazten dute energia fosilarekiko dependentzia ez dela murrizten ari, ez termino absolutuetan, baina ezta termino erlatiboetan ere[19]. Hala adierazi zuen Josu Jon Imazek ere Davosko foroan[20].

Laugarren Industria Iraultza da, kapitalismo teknologikoaren profeta handientzat, metabolismo sozial kapitalista bidegurutzetik aterako duen aurrera-jauzia. Mundu-mailako ekonomia-foroan duela hamarkada bat baino gehiago proposatu zen maila globaleko eraldaketa teknologiko hori. Hainbat neurri eta aplikazio teknologikoren multzoa da; Martin Goitiandiak[21] ondo azaltzen duen moduan, oinarritzat ditu digitalizazioa, Adimen Artifiziala, IOT (Internet Of Things), robotika aurreratua, Big Data eta bestelako hainbat teknologia. 

Teknologia berri horien oinarri energetikoa elektrizitatea denez, modu substantzialean jaitsiko litzateke karbonoarekiko dugun dependentzia[22]. Elektrizitate beharrak zentzu konparatiboan asko haziko lirateke, eta giza-metabolismo ekojasangarriago batera igaro ahalko ginateke. 

Ehun ekonomikoaren tamaina horretako eraldaketa batek erregai fosilen kontsumoaren beharra ordezkatzea lortuko lukeelako ideiak nahiko sinesgaitza badirudi ere (adibidez, garraioa edo mineralen ustiaketa bezalako sektore estrategikoen pisuak gora egingo luke eta horiek erregai fosilekiko duten dependentzia erabatekoa da), egun ikusten dugun arazorik larriena da Laugarren Industria Iraultza hori ez dela gertatzen ari. Ez behintzat zentzu planifikatu batean. Hala ere, Kapital handiak hipotesi horrekiko dituen esperantzak ez dira murriztu. McKinsey Think Tank estatubatuarraren arabera, 2010etik 2021era bitartean, Laugarren Industria Iraultzara urtero bideratzen den finantziazioa %319 hazi da[23].

Ez bada energia fosilarekiko dependentzia murrizten, indarra hartzen du hondamendia gerta litekeelako hipotesiak, baina horrek ez du esan nahi mendebaldar zibilizazioaren gainbehera etorriko denik, nahitaez. Hondamendiari aurre egiteko guztiok elkar laguntzeko ideia bezain arrazionala da, hain zuzen ere, guztion artean lehiatzeko ideia. Alegia, litekeena da, ekoizpen-abiadura globala murriztu behar bada, hori modu asimetrikoan gertatzea eta posizio geopolitikorik indartsuena duten herrialdeek beraien bizi-kalitatea mantendu ahal izatea, lurralde periferikoak are gehiago pobretuz.

Gertatzen dena da, gaur egun, ezin dela esan modu absolutuan zein dagoen edo, hobeto esanda, zein egon litekeen posizio ahulean. Mendebaldar bloke politikoaren hegemonia zalantzan dago, eta potentzia atlantistek hegoalde globala esplotatzeko eta giza-metabolismoa erreproduzitzeko beharrezkoak diren baliabideak arpilatzeko izan duten inpunitate historikoa kolokan dago. 

(...) potentzia atlantistek hegoalde globala esplotatzeko eta giza metabolismoa erreproduzitzeko beharrezkoak diren baliabideak arpilatzeko izan duten inpunitate historikoa kolokan dago

Trantsizio energetikoaren programa ekonomikoa ezin da Europako estatuak hartzen ari diren beste neurrietatik aparte ulertu. Krisi klimatikoaren eta energia-krisi globalaren aterabide bat baino, Europaren krisi aldeaniztunari aurre egiteko plan estrategikoaren inguruan hitz egin behar da. Plan horrek honako zutarri hauek ditu:

  • Metaketa-krisiaren aurrean, errentagarritasun-iturri berriak bilatzea. Laugarren Industria Iraultzaren aukera-baldintzak esploratzea eta, gertatzen bada, mundu-mailako abangoardian egotea.
  • Europak hegoalde globalarekiko duen dependentzia energetikoa murriztea, elektrizitatearen ekoizpen-ahalmena handitzearen bitartez eta sektore estrategikoen elektrifikazioaren bitartez.
  • Krisi energetikoaren ondorioz etor daitezkeen gatazka militarretarako prestatzea (baliabideen kontrola bermatzeko kanpo-gerrak).
  • Krisi klimatikoaren ondorioz etor daitezkeen gatazka politikoetarako prestatzea (migrazio-fluxu erraldoiak, hondamendien ugaritzea, eta abar).

HONDAMENDIAREN AURKA, DESAZKUNDEA?

Auzi ekologikoaren inguruko diskurtso politikoa, batez ere, 70eko hamarkadatik aurrera garatu zen Mendebaldean. Erromako Klubaren Hazkundearen Mugak[24] txosten famatuaren argitalpenak hasiera eman zion arazo ekologikoaren inguruko mota guztietako literatura politikoari. Eric Hobsbawnen ustez[25] ez zen harritzekoa, garai horretan, industriari aplikatutako garapen teknologikoaren ondorioz, kutsadura eta narriadura ekologikoa benetako mehatxu bihurtu baitziren potentzia handien bizimoduarentzat edo, behintzat, hala hauteman zen ezkerreko espektro zabal batean. 

Garai historiko horretatik, eta, batez ere, autonomia politikoaren borroka-zikloen ajetik etorri zen desazkundearen kontzeptua.

Gaur egun, esan genezake, desazkunde hitzak ikuspegi politiko-ekonomiko ezberdinen familia bat ordezkatzen duela, egungo krisi ekologiko planetarioaren aurka, hazkunde ekonomiko mugagabea eta esponentziala giza-aurrerapenaren definizio gisa arbuiatzen duena eta espektro zabal horren katebegi funtzioa bete nahi duena.

Desazkundearen printzipio orientatzailea, motzean, datorrena da: etengabeko hazkunde ekonomikoari lotuta gertatu bada garapen kapitalista (zentzu historikoan) eta erregai fosilekiko dependentzia erabatekoa izan bada hazkunde horren printzipio motorra, etengabeko hazkundearen dinamikarekin moztea beharrezkoa da gizarte jasangarriak eraiki nahi baditugu. Haratago joanda, hazkuntzan oinarritutako sistema ekonomikoak kontsumismoarekiko mendekotasun erradikala dakar, gure benetako beharrak asetzearekin zerikusi gutxi duena. Irtenbidea hazteari uztea da, gizateria guztiak bizirik iraun dezan.

Desazkundearen printzipio politikoa ulertu nahi bada, ekonomiaren oreka-egoeraren teoria ezinbesteko zutarria da. Nolabait, kapitalismoaren barruan hazteari uztea posible delako ideiaren baitan sortutako teoria ekonomikoa baita. Desazkundearen aldeko figura garrantzitsuenetako batzuk (Serge Latouche, Nicholas Georgerescu-Roegen eta Herman Daly) teoria ekonomiko horren bultzatzaile nagusienetakoak dira. Horrek agerian uzten du desazkundearen kontzepzioaren bilakaera historikoa hertsiki lotuta egon dela kapitalismoaren kritika utopiko bati, zeinetan garapen teknologiko etengabearekin eta giza-gaitasunak hobetzearekin, Kapital handia gai baita industria-gizarte helduetako produkzioan aurrerapen kualitatibo etengabeak sustatzeko, eta, aldi berean, modu progresiboan lan-baldintzak hobetzen eta lanaldia murrizten joateko.

Giovanni Arrighik[26] azaltzen duen moduan, Adam Smith da ideia horren lehen defendatzailea. Arrighiren esanetan, Smithek uste zuen, edozein herrialdetako aberastasuna hazten zen heinean, irabazien tasa gutxitzen zela eta inbertsio-aukerak urriagoak zirela. “Aberastasun-maila osoa” lortzen duen nazio horretan, oreka-egoeran edo egoera egonkorrean sartuko litzateke gizartea, kapital- eta pertsona-fluxu iraunkorrarekin.

Jauzi hori modu automatikoan eman ez bada ere, hau da, hazkunde kuantitatiboaren goia jotzeak kapitalismoa egoera egonkorreko ekonomia baterantz eraman ez badu ere, teoriaren alternatiba boluntaristago bat eskaintzen saiatzen da Latouche[27], desazkundearen ulerkera kapitalista bati lotuta eta hura kapitalismoaren kritika marxistatik bereizita, esaten baitu:

  • Ekobateragarria den kapitalismoa bideragarria dela, behintzat teorian.
  • Keynesianismoan oinarritutako erregulazio-neurriek kapitalismoa otzandu ahal dutela.
  • Desazkundeak ez dituela ezbaian jartzen ez jabetza pribatua, ez eta lanaren eta Kapitalaren arteko harremana ere.

 Esan genezake utopikoa dela desazkundearen adierazpen kapitalistaren oinarria erregulazio erreformista delako ideia. Ekonomia politikoaren kritika oinarri harturik behintzat, Estatua ezin da ulertu merkatuarekiko autonomoa den egitura politiko bezala[28]. Paradoxikoki, Latoucheren desazkundearen adierazpenak (zeina desazkundearen alde eta Green New Deal-en aurka jarduten duten teoriko batzuen erreferentea den[29]), teorian gauzatu ahal izateko, proposamen erreformista onartu beharra dauka, nahitaez.

Plusbalioaren erauzketa bada kapitalismoaren funtzionamenduaren oinarria, krisi ekologikoaren testuinguruan, kapitalismoaren barne-dinamika ekonomikoa ekologikoki bideragarria izateko modu bakarra da, hain zuzen ere, plusbalioa modu ekologikoan erauzteko metodoa asmatzea, ekoizpen-bitartekoen energiaren indar-motorea karbono isurketatik bananduta. 

Plusbalioaren erauzketa bada kapitalismoaren funtzionamenduaren oinarria, krisi ekologikoaren testuinguruan, kapitalismoaren barne-dinamika ekonomikoa ekologikoki bideragarria izateko modu bakarra da, hain zuzen ere, plusbalioa modu ekologikoan erauzteko metodoa asmatzea

Bestela, erregai fosilen etekin energetikoa energia berriztagarriena baino handiagoa den bitartean, ezingo da eredu energetiko ekologikoago baterako saltoa egin, nahiz eta erregai fosilak agortzear egon eta mendi ugari txikitu haize-errotak jartzeko[30].  

Desazkundearen kontzeptua, beraz, zilegi den arren, utopikoa da ez bada kapitalismoaren desegitearen markoaren pean ulertzen. Eta Kapitala, harreman soziala den heinean, ez da merkatuaren sinonimo huts bat: gure zibilizazioaren antolakuntza-zutarrien multzoa da, Estatua eta familia instituzioak ere barne hartzen dituena.

URGENTZIAREN AUZIA ULERTZEKO BI MODU; BASAKERIAN SURF EGIN EDO SOZIALISMOA ERAIKI

Gaurdanik ekin beharreko egoera batean utzi du gizakia krisi ekologikoak. Sozialdemokrazia historikoak defendatu izan duen su baxuko sozialismorako trantsizioaren garai historikoak jada ez du zentzurik. Horretaz jabeturik proposatzen du Andreas Malmek[31] leninismo ekologikoaren kontzeptua, aktibismo klimatikoaren orientabide izan nahi duen printzipioen multzo bezala. 

Malmek mahai gainean jartzen duen adieraren arabera, leninismo ekologikoak esan nahi du:

  • Sintomen krisiak kausen krisi bihurtzea, hau da, krisi ekologikoa kapitalismoaren krisi politiko bihurtzea.
  • Pazientziarik eza bertute estrategiko bilakatzea, aukerarik txikienaren aurrean ekiteko printzipio moduan.
  • Populazioaren zati batek besteari bere borondatea indarrez inposatzea, irizpide politiko ekintzaile moduan.

Esan beharra dago, leninismo ekologikoaren adiera hau deigarria bada ere, Malmek, jarraian, iraultzarako aukera-baldintzarik egon daitekeelako ideia alboratzen duela. Komunismoaren proiektuaren gainbehera historikoak ekarri du, modu zuzenean zein zeharkakoan, planteamendu politiko erradikalen ulermen markoa Estatuaren eta herri- eta langile-mugimenduen arteko harreman dialektiko batera mugatzea. Horrek, parlamentutik kanpoko politika-eremuak nahitaezko adiera defentsibo bat hartzea dakar, eta fase ofentsiboa derrigorrez estatu kapitalistak ezarritako aukera-baldintzetara mugatzea. Horrek, onenean, borroka erradikalen exijentzien integrazio burgesa ekartzen du, eta, txarrenean, fase defentsiboaren betikotze ezdeus bat.  

Sozialismoaren aldeko iraultza internazionalaren premisa historikoa berreskuratzea da, iraultzaileontzat, urgentziazko egitekoa. Are gehiago gizadiaren etorkizuna bidegurutze batean aurkitzen den honetan.

Kapitalismoaren krisi-egoera aldeaniztunaren aurka, hiru hipotesi posible aurreikusten dira:

  • Kapitalismoa errentagarritasun-iturri berrien bitartez hedapen-ziklo berri batean sartzea. Hau da, karbonoarekiko dependentzia murriztuz eta Laugarren Industria Iraultzaren bitartez.
  • Kapitalismoa bando geopolitikoen arteko erabateko gerra-egoera batean sartzea, erregai fosilen kontrola eskuratzeko (krisi energetikoaren ondorioz) edo krisi klimatikoak eragindako kalteak kanpora ateratzeko.
  • Sozialismoaren proiektu historikoa nazioartean zabaltzea eta kapitalismoaren kontrako paradigma historikoa biziberritzea.

Nolanahi ere hiru hipotesiek asko dute espekulaziotik, eta horietako bat edo beste gauzatzeko probabilitateak oso ezberdinak dira. Hala eta guztiz ere, itsu egongo ginateke gerra-egoera baterako aukerek mundu-mailan gora egingo dutelako hipotesia baztertuko bagenu. Gure garaiari dagokio, ordea, hirugarren hipotesia bideragarri egitea eta komunismoaren printzipio estrategikoak nazioartean hedatzea. Helburu horri ez badiogu heltzen, basakeriaren olatuetan surf egin besterik ez dugu egingo, gizadia eta natura bera etengabe birrintzen dituen zibilizazio-eredu anker honen existentziarako eskubidea onartuz.

ERREFERENTZIAK

[1] Marx, K. (1968). Manuscritos: economía y filosofía. Alianza Editorial.

[2] Ibid. 141, 142, 143; Natura “gizakiaren gorputz inorganikoa” delako ideia ongi garatzen da lan hauetan: John Bellamy Fosterren La ecología de Marx liburuaren barruan La verdadera cuestión terrenal kapituluan edo Alfred Schmidten El concepto de naturaleza en Marx liburuko La mediación histórica de la naturaleza y la mediación natural de la sociedad kapituluan.

[3] Foster, J. B. (2004). La ecología de Marx: materialismo y naturaleza. Editorial El Viejo Topo; Foster, J. B. (2020). The return of nature: Socialism and ecology. NYU Press; Saito, K. (2022). La Naturaleza contra el Capital. Bellaterra. Besteak beste.

[4] Schmidt, A. (2011). El concepto de Naturaleza en Marx. Siglo XXI.

[5] Malm, A. (2018). On the use of Opposites: In Praise of Polarisation, The Progress of This Storm liburuan.

[6] Clark, B. Foster, J.B. (2023) El robo de la naturaleza. Bellaterra.

[7] Ideia hori, Saitok frogatzen duen moduan, Liebigengandik dator; haustura bat gertatzen da nutrienteen zikloan hirien ugaritzea dela-eta, kontsumitzen diren baliabideak ez baitira lurrera ongarri gisa itzultzen, eta baztertuak dira. Saito, K. (2022). La Naturaleza contra el Capital. Bellaterra

[8] Foster J.B., Clark, B., York, R. (2010). The ecological rift. Monthly Review Press. 126. or.

[9] Saito, K. (2022). La naturaleza contra el capital, Bellaterra. 22. or.

[10] Foster, J. B. (2022). Capitalism in the Anthropocene: ecological ruin or ecological revolution. NYU Press.; Foster, J. B., Clark, B., & Holleman, H. Capitalismo y robo: la expropiación de la tierra, el trabajo y la vida; Foster, J. B., & Clark, B. (2020). The robbery of nature: capitalism and the ecological rift. Monthly Review Press.; Foster, J. B., Clark, B., & York, R. (2011). The ecological rift: Capitalism’s war on the earth. NYU Press; Saito, K. (2022). El Capital en la era del Antropoceno. Ediciones B.

[11] Hansen, J. (2010). Storms of my grandchildren: The truth about the coming climate catastrophe and our last chance to save humanity. Bloomsbury Publishing USA. 4. or.

[12] Richardson, K., Steffen, W., Lucht, W., Bendtsen, J., Cornell, S. E., Donges, J. F., ... & Rockström, J. (2023). Earth beyond six of nine planetary boundaries. Science Advances, 9(37), eadh2458.

[13] Integovernal Pannel of Climate Change, ingelesezko siglen akronimoa.

[14] IPCC (2021). Climate change 2021-The physical science basis. Interaction. Reyes, L. G., Almazán, A. (2023). Decrecimiento: del qué al cómo. Icaria.

[15] Lotura: https://www.diariodemallorca.es/cultura/2023/05/16/antonio-turiel-cobre-toca-techo-87414644.html

[16] Santiago, E. (2023). Contra el mito del colapso ecológico. Arpa.

[17] McLennan, M. (2024). The global risks report 2024 19th edition.

[18] Lotura: https://www.cronista.com/economia-politica/javier-milei-en-el-foro-de-davos-el-discurso-completo/

[19] Saito, K. (2022). El Capital en la era del Antropoceno. Ediciones B.

[20] Lotura: https://www.bolsamania.com/noticias/empresas/imaz-repsol-davos-tenemos-repensar-nuestra-politica-energetica--15884686.html

[21] Goitiandia, M. (2024). Marx eta 4.0 Industria; Inteligentzia Artifiziala. Arteka

[22] Rifkin, J. (2019). The Green New Deal: Why the fossil fuel civilization will collapse by 2028, and the bold economic plan to save life on earth. St. Martin’s Press.

[23] Lotura: https://www.mckinsey.com/featured-insights/mckinsey-explainers/what-are-industry-4-0-the-fourth-industrial-revolution-and-4ir

[24] Meadows, D. H., Meadows, D. L., Randers, J., & Behrens, W. W. (1972). Los límites del crecimiento: informe al Club de Roma sobre el predicamento de la humanidad. Fondo de cultura económica.

[25] Hobsbawm, E (2019). Historia del siglo XX. Crítica. 263-264. or., 545. or. 

[26] Arrighi, G. (2009). Adam Smith en Pekín. Ediciones Akal.

[27] Latouche, S. (2003) Would the West actually be happier with less? Le Monde Diplomatique; eta Latouche, S. (2005) Can Democracy solve all the problems? International Journal of Inclusive Democracy; erreferentziatzat hartuta Foster, J. B. (2022). Capitalism in the Anthropocene: ecological ruin or ecological revolution. NYU Press.

[28] Meszaros, I. (2001). El orden de la reproducción metabólica del capital. Más allá del Capital. Vadell Hermanos

[29] Carlos. T. (2012). En defensa del decrecimiento: Sobre capitalismo, crisis y barbarie. Catarata.

[30] Lotura: https://www.ultimahora.es/noticias/local/2023/05/14/1935391/antonio-turiel-del-csic-negocio-energias-renovables-burbuja-del-ladrillo.html

[31] Malm, A (2020). El murciélago y el capital. Coronavirus, cambio climático y guerra social. Errata Naturae.

EZ DAGO IRUZKINIK