ARGAZKIA / Zoe Martikorena
Garai Zabalza
2022/02/05

Drogak, analgesikoak eta antidepresiboak. Dirudienez, hau da burgesiak krisi-garai hauetan eskaintzen digun errezeta. Proletalgoaren gaineko esku-­hartze kulturala lehen mailako premia bihurtu da klase burgesarentzat. Esku-hartze horren helburua estatuen gainbehera autoritarioa, egiturazko pobrezia eta gure eskubide zibil zein askatasun politikoen aurkako etengabeko erasoak normalizatuko dituen masa kultura eratzea da. Esfera produktiboaren aginduei egokitutako kultura berri bat, metaketa-ziklo berria biziberritzeko ahaleginean.

Artikulu labur honen xedea egungo esku-hartze kulturalaren arrazoi eta ondorioen gaineko hipotesi bat proposatzea da, eraberritutako kultura proletarioan drogen kontsumo masiboak daukan zentralitatea nabarmenduz.

Kultura proletario berriaren ezaugarriak aztertu aurretik, produkzio-­ziklo honek dakartzan berrikuntza ugariei erreparatzea komeni da.

Ekoizpen-indarren garapenak, robotizazioak edo Adimen Artifizialaren ezarpenak, kasu, lan-indarra progresiboki ekoizpen prozesutik kanporatzea ekarri du. Garapen teknologiko horren ondorioz kapitalaren konposizio organikoa nabarmen eraldatzen ari da, kapital aldakorraren aldean iraunkorra gutxinaka nagusituz. Hots, gero eta lan-indar kualifikatu gutxiago behar da balorizazio-prozesua aurrera eramateko [1].

Soberan dagoen biztanleria-masa sortzeko joera horrek, biziraupenerako bitarteko berriak ezartzera behartzen du kapitalismoa, hala nola, hautsak harrotu dituen Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera. Iraganean, soberako gizarte-geruza horiek zerbitzu sektoreak xurgatu zituen, hein batean. Tertziarizazio-prozesu hori erdigune inperialistako herrialdeetan garatu zen nagusiki. Gaur egun antzeko emaitzak defendatzen dituzten hipotesiak dauden arren, ikusteke dago beharrezkoak ez diren geruza horiek gero eta prekarizatuagoak diren lan ez-produktiboetan txertatzeko gaitasunik izango ote den [2].

Egiturazko krisialdiaren ondorioz, berregituraketa ekonomikoak aldaketak eragiten ditu geroz eta zabalagoa den klase proletarioaren kultura ereduan (ulermen eta jokabide marko modura ulertuta), klase ertainaren berezko kultura gero eta lausoagoa eta hutsalagoa bihurtzen ari den ­bitartean [3].

Egiturazko krisialdiaren ondorioz, berregituraketa ekonomikoak aldaketak eragiten ditu geroz eta zabalagoa den klase proletarioaren kultura ereduan

Proletalgoaren baldintza prekarioek eragindako ezegonkortasunak ezaugarritzen du kultura proletario berria. Aldi baterako lanak, etxebizitza baten jabe izateko aukera eza edo atomizazioa dira bizi behar dugun bizimodu bortitzaren adibide. Kultura eredu hori gizarte-diziplinamendu prozesu baten erdian jaio da (ikus ­COVID-19aren pandemiaren harira hartutako neurriak), eta, ondorioz, maximo historikoak izaten ari dira suizidio edo droga-mendekotasunaren tasetan, zein antsietatea edo depresioa bezalako patologia mentaletan. Bizi dugun proletarizazio-prozesuak dakarren paradigma kulturalaren aldaketaren ondorio zuzenak dira horiek denak.

Proletalgoaren baldintza prekarioek eragindako ezegonkortasunak ezaugarritzen du kultura proletario berria

Esku-hartze kulturala Ongizate Estatua –proletalgoaren azken lotura komunitarioak Estatuko gizarte-arretaren formapean subsumitzeko gaitasuna izan zuena– deskonposizioan dagoen une historikoan ari da gauzatzen. Belaunaldi berriek diru-laguntza eta gizarte-prestazio zein familia edota bizilagunek osaturiko laguntza-sare informalik gabe, basakeria-egoera orokorrari bakarrik egin behar diote aurre [4].

Beraz, egoera horren aurrean, ez da kasualitatea drogen kontsumo masiboa gero eta ohikoagoa den ihesbide bihurtzea, batez ere, norbanakoaren kontsumo askatasunaren alde egiteko aitzakiarekin, sozialdemokraziak drogen legalizazioa bere aldarrikapen-ardatz bihurtu duen honetan.

Oligarkiarentzako dagoeneko funtzionala den neurri bat da droga «bigun» deituriko horien legeztatzea, marihuanarena batik bat. Izatez, asko dira jada bide horren aldeko apustua egin duten estatuak. Adibide ezagunenak Kanada, Herbehereak eta AEBetako zenbait estatu dira.

Estatu Batuetan, kalamuaren salerosketak 18.300 milioi dolar inguru sortu zituen 2020an, 2019an baino % 71 gehiago [5]. Era berean, argiki gorakorra den sektore horretan milaka langile txertatzea ekarri zuen. Negozio oso errentagarria da kapital-metaketa berriro bultzatzeko beharrari aurre egiteko. Gainera, egoera ez-aktiboan zeuden milaka langile lan-merkatuan berriro txertatzeko aukera ematen du.

Estatu Batuetan, kalamuaren salerosketak 18.300 milioi dolar inguru sortu zituen 2020an, 2019an baino % 71 gehiago

Horretaz gain, gero eta ugariagoa den klase proletarioa otzan eta kontrolpean mantentzeko eraginkorra da. Helburu hori lortzeko marihuana erabiltzen dute, gaur egun legez kanpoko drogatzat jotzen diren beste batzuekin batera, despolitizazioan eta hedonismoan sakontzeko tresna gisara, horiek baitira, hain zuzen, kultura proletario berriaren funtsezko zutabeak. Finean, desjabetutako klasean dagoen potentzial iraultzailea deuseztatzen saiatzen dira.

Ofentsiba burges horrek dagoeneko emaitza katastrofikoak eragiten ditu munduko auzorik proletarizatuenetan. Horren adibide dira Harvardeko Unibertsitateak ezagutzera emandako azken zifrak. Horien arabera, Estatu Batuetan opioide gaindosien ondorioz gertatutako heriotzak 100.000 izan ­dira [6].

Hainbat herrialdetan ezarritako erreforma berri horiekin bat etorriz, zenbait alderdi sozialdemokratak (Más País, Podemos eta ERC) lege-proposamenak egin dituzte Espainiako Parlamentuan. Horien bidez, marihuana legeztatu nahi da erabilera ludikoetarako, bai eta industria kanabikoa eraikitzeko bidean urratsak emateko. Sektore horri zerga handiak ezarri nahi dizkiote zor publikoak hondoratutako Estatua aurrera ateratzen saiatzeko.

Orain arte mediatikoena Más ­País-ek eginiko proposamena izan da, kalamua erabat legeztatzearen aldekoa. Proposamen hori kapitalaren ezkerreko sektore guztiek txalotu zuten, EH Bildutik hasi eta CUP-en bukatzeraino. Alderdi horiek, balio progresisten eta ilusio faltsuen itxurapean, hala nola, diru-sarrerak osasun publikora bideratuz edo mafiekin bukatzeko errezetatzat salduz, erreforma horiek interes komunaren alde gauzatzen direla sinestarazi nahi diete herritar guztiei. Proposamen dudagarriak aurki ditzakegu lege proiektu horren baitan, esate baterako, langilearen aisialdi-tartean kalamu-kontsumoa ez zigortzea, bai, ordea, kontsumoak lan-jardueran eragina duenetan [7]. Horrelako neurri konkretuek erreforma horren izaera burgesa ezagutzea ahalbidetzen dute, lege-proposamen horien benetako funtsa agerian utziz.

Hori guztia dela eta, drogaren legeztatzea burgesiaren behar koiuntural gisara uler dezakegu. Alde batetik, legeztatzea ekonomia biziberritzeko saiakera moduan konpreni daitekeelako, eta bestetik, kultura proletario berriaren oinarri izan daitekeen drogen kontsumo masiboaren zentraltasunean sakontzen duelako.

Legeztatzea burgesiaren behar koiuntural gisara uler dezakegu

Besteak beste, gure gorputzak muturreraino eramaten dituzten lanaldi gogorrak jasan ahal izateko drogen erabileraz ari gara. Ostalaritza, industria eta halako sektoreetan erabat normalizatutako praktikak dira horiek; jasatera behartuta gauden patologia ugari sortzen eta larriagotzen dituztenak. Praktika horiek langile klaseko kideen osasunean ondorio lazgarriak eragiten dituzte. Gainera, ondorio psikologiko horiei norbanakoak berak bakarrik egin behar die aurre, kontrol burgesaren menpe dagoen osasun publikoaren arreta-zerbitzutik at, zerbitzu-sistema ez baita gai osasun mentaleko espezialisten eskaera gero eta handiagoari irtenbidea emateko. Eremu hori da drogak bere funtzio nagusietako bat garatzea lortzen duen espazioa: etengabe hazten ari diren askotariko patologia mentalekin (antsietatea eta depresioa, adibidez) elkarbizitzeko gaitasuna duen baliabide bezala. Azkenik, aisialdiaren elementu nagusi gisara ere aurkitzen dugu droga, oraingo honetan, jaialdi kapitalistaren ereduaren itxurapean. Eredu horrek lan-­indarraren erreprodukzio-diziplina ahalbidetzen du, proletalgoari errealitatetik ihes egiteko aldizkako denbora-­tarteak eskaintzen baitizkio. Hori guztia norbera bere lanpostura itzul dadin, bere eskubideen murrizketa akritikoki onartuz, edo behin ihesbide unea bukatuta, INEM-eko ilaran lekua hartzeko gai izateko.

Adibide horien bidez ikus dezakegunez, droga-kontsumoa langile klasearen bizimoduaren ardatz bilakatu da. Optika eta kategoria analitiko burgesen bidez mundua behatu, aztertu zein antolatzeko aukera besterik ematen ez duen kultura proletarioa, alegia [8].

ONDORIO POLITIKOAK

Drogen kontsumo masiboaren fenomenoari eta bere ondorio ugariei aurre egin nahi badiegu, euren konplexutasuna ulertu behar dugu. Horretarako, agerian utzi behar da arazoa autonomoa dela, eta gaur egun gertatzen diren hainbat prozesu sozialetatik at egongo balitz bezala aurkezten duten analisien ezintasuna. Azaleko azterketa horien emaitza dira beren esfortzu guztiak ardura indibidualean, norbanakoaren jarreran eta alferrikako sermoi moralistetan oinarritzen dituzten proposamen politikoak. Horrekin ez da aditzera eman nahi gure jokabideetan aldaketak egiteak ezertarako balio ez duenik, guztiz kontrara; baina ekintza politikoa horietara mugatzeak antolakuntzaren beharra ukatzera garamatza. Alde bateko proposamen horiek ondorioez baino ez dira arduratzen, arazoaren kausa desberdinetan sakondu gabe. Horregatik, azkar egiten dute topo berariazko mugekin, eta ez dira gai esku-hartze kulturala eskala handian iraultzeko.

Ez da aditzera eman nahi gure jokabideetan aldaketak egiteak ez duenik ezertarako balio, guztiz kontrara; baina ekintza politikoa horietara mugatzeak antolakuntzaren beharra ukatzera garamatza

Testuinguru honetan, gerra kulturala ezinbesteko baldintza da proletalgo iraultzailearentzat, esku-hartze kultural horrek gure bizitzetan dituen ondorio lazgarriei aurre egiteko –baita drogen kontsumoak eragindakoei ere–, hala nola, kosmobisio burgesak kultura proletarioaren gainean duen nagusitasuna borrokatzeko. Prozesu horretan, berebiziko garrantzia du berezko instituzio proletarioak sortzeak. Hau da, gaur egunetik bizitzako esfera guztiak auto-antolatzea ahalbidetuko digun botere propio eta independentearen eraikuntza. Instituzio horiek, parametro komunisten baitan, proletalgoaren eskola etiko eta politiko gisa funtzionatuko lukete, eta kosmobisio komunista hedatzeko zein burgesiak ezarri nahi digun bizimodu bortitza baliogabetzen lagunduko digun kultura sozialista eraikitzeko oinarria izango lirateke. Horien bidez baino ez gara inposatzen dizkiguten aisialdi-eredu suntsikorrei aurre egingo dieten eta elkartasun antolatuan oinarrituko diren harremanak egikaritzeko gai izango.

Gerra kulturala ezinbesteko baldintza da proletalgo iraultzailearentzat, esku-hartze kultural horrek gure bizitzetan dituen ondorio lazgarriei aurre egiteko

Bukatzeko, kultura proletario dekadentea eta drogen kontsumo masiboa erromantizatzen dituzten joeren kontra borrokatzearen garrantzia azpimarratu nahiko nuke. Joera horiek gure desjabetze baldintza erreproduzitu eta betikotu besterik ez dute-eta egiten. Gure jomuga gure izaera proletarioaren gaindipena izan beharko luke, eta ez horren apologia.

Gaur, inoiz baino gehiago, agerian geratzen da kapitalismoak ezartzen digun miseria-zigorrari aurre egiteko antolakuntza komunistaren beharra. Has gaitezen gaurdanik sozialismoa eraikitzen. Sozialismoa ala basakeria.

ERREFERENTZIAK

1 Frey, C. B., & Osborne, M. (2013). The future of employment.

2 Aipatutako hipotesietan sakontzeko: Smith, J. (2020). Smart Machines and Service Work.

3 Ekida (2021). Editoriala: Kultura eta klasea (I).

4 Hobsbawm, E. (1998). La historia del siglo XX. Crítica.

5 ElEconomista.es (2021). La industria del cannabis incorpora a más de 77.000 empleados en plena crisis de trabajadores en Estados Unidos. eleconomista.es webgunetik berreskuratua.

6 Walsh, C. (2021). MGH expert calls for big changes to opioid strategy as fentanyl, COVID fuel escalation of crisis. news.harvard.edu helbidetik lortua.

7 122/000164 Proposición de Ley integral del cannabis. congreso.es helbidetik lortua.

8 Ekida (2021). Editoriala: Kultura eta klasea (II).

EZ DAGO IRUZKINIK