ARGAZKIA / Zoe Martikorena
2022/10/03

Beatriz Villahizanekin elkartu gara, Nafarroako SOS Arrazakeriako bozeramailearekin, langileria migratzaileak egun bizi duen errealitatea aztertzeko. Kausak, interesak, errefuxiatu kategoriarekiko kritikotasuna, pobretzea, emakume langileen egoera, arrazakeria, babes sozialerako sistema xantaia gisara erabiltzea, antolatzeko gakoak… Uler ditzagun kapitalismoari eusten dion Damoklesen ezpatari aurre egiteko giltzarriok.

Zeintzuk dira sistemak kontuan hartzen dituen faktore nagusiak atzerriko jatorrizko pertsonekin modu batera edo bestera jarduteko?

Klase soziala, baldintza sozioekonomikoak, jatorri geografikoa, arrazializazioa, generoa… Horrek guztiak sistemak modu batera edo bestera artatzea eragiten du, eta horrekin jokatzen du kapitalismoak mundu osoan. Munduko ordena horrela ere azaltzen da: ipar global bat dago –zaurgarria, esportagarria, deserregularizatua eta «zirkularra» izatea behar duen langile klasearen zatia inportatzen jarraitzen du–, eta hego global bat. «Zirkularra» izatearena Mariano Rajoyk aipatu zuen hauteskundeak irabazi zituenean, inolako lotsarik gabe. Esan zuen merkatuaren beharren nahierara maneiatu ahal izanen zuen eredu bat nahi zuela, eta, hain zuzen, horrela daude diseinatuta Atzerritarren Legea eta mundu mailako migrazio-politikak.

Jatorri geografikoari dagokionez, hego globalaren zati bat, adibidez, Euskal Herrira sar daiteke turista-­bisarekin; Afrikatik eta Asiako zati batzuetatik sartzea, aldiz, ia debekatuta dago, eta horrek herrialdeen mugak ixteko eta horiek beste estatu batzuetara urruntzeko politika aplikatzea dakar berekin.

Hala ere, gaitasun ekonomikoak eta klaseak definitzen du ibilbide bat egin dezakezun ala ez, baita ibilbide bat edo bestea egin dezakezun ere, zure jatorrizko herrialdean zein zoazen tokian. Hala ezarrita dago legeetan, hainbat neurriren bidez. Nazionalitatea erosi egiten da, hau da, erosahalmen altua baduzu, bermatuta izanen duzu «legezko» bizilekua.

Nolakoa deritzozu errefuxiatu kategoriari egiten zaion erabilerari?

Gizartearen parte izatera pasatuko diren pertsonen eta eskubideak edukitzea ahalbidetzen duten zein kategoria erabili horretan, errefuxiatu kategoriak migratzeko eta libreki zirkulatzeko eskubideei are zilegitasun handiagoa kendu die.

«"Errefuxiatu" kategoriak migratzeko eta libreki zirkulatzeko eskubideei are zilegitasun handiagoa kendu die»

Europar Batasunak edota estatu batek aitortutako gatazka armatu bat gertatzen ari den eremu batetik bazatoz –gatazka existitzea bera ez da nahikoa–, irizten badiote arriskuan zaudela, errefuxiatu kategoria esleituko dizute; ordea, arriskuan ez zaudela iruditzen bazaie, ez. Horrela, beste migratzaileen gisakoa bihurtuko zara, eta bertan geratuko zara baina egoera irregularrean (deportatzen ez bazaituzte, jakina). Horren adibide garbia da kategoria horretatik zein azkar baztertzen dituzten instituzioek izendatutako «kausa ekonomikoengatiko migratzaileak».

Euskal Herrian asilo-eskaeren % 5 baino ez da onartzen, gutxi gorabehera. Egia esan, Europar Batasunak eta bere estatuek hala esan arren, ez dute asilo-politika onuragarri eta komunik. Oso hipokrita da gai honekin gertatzen ari dena. Ez hori bakarrik, hemen eta orain dena pentsatuta dago errefuxiatuek lan-merkatu erregularrean urte batzuk kotizatu ahal izateko, baina gero merkatu irregularrera bultzatuak izateko. Izugarria da.

2015ean sortu zen elkartasun-­olatuak –hondartza batean itotako Aylan-en argazkiaren harira batez ere– agerian utzi zuen hipokrisia, ez gizartearena bakarrik, bai eta klase politikoarena ere; izan ere, bat-batean, errefuxiatutzat jotzen zituzten horiekiko zurikeriazko diskurtsoa egiten hasi ziren, eta horrek gainerako langile migratuen eskubideak deserregularizatzen jarraitzeko balio izan zuen.

Errefuxiatuen eskubideen alde egindako errelato guztiak balio izan du, halaber, askatasunez zirkulatzeko eskubidea kriminalizatzen jarraitzeko eta herrialdeen mugak beste herrialde batzuetara urruntzeko akordioei eusten jarraitzeko, hala nola Turkiarekin egindako itunari. Espainiako Estatuak Marokorekin egindako itunaren oso antzera egin zen.

Horrela, Europar Batasunak eta haren luzapen armatuek (NATOk, esaterako) gatazka zer den eta zer ez definitzeko duten zeregina sendotu eta berresten dute. Zein eremu den «segurua» eta zein ez. 2015aren ondoren, birzonifikatu egin zen mundua. Sirian basatia izan zen, auzoka asilo-­eskaerak onartzera edo ukatzera iritsi ziren, hortaz, une bakoitzean kontrola nork zuen, horren araberakoa zen asilo eskaerak onartzea edo ez.

Gauza bera gertatzen da «errefuxiatuen kuotak banatuko ditugu» esaten duten itun horiekin, Europar Batasunak legedia eta Dublingo protokoloak eta bestelakoak erabiliko dituela esaten duenean gertatzen dena bezala. Jakina, haren interesak eta diskurtsoa berresten jarraitzeko balio dute horiek, besterik ez. Nire ustez, gizarteak, gehienetan, ez du hori ulertzen, nahiz eta begi-bistakoa den. Adibidez, Alemaniak errefuxiatu kopuru jakin bat onartzea hitzartu zuen, herrialdean egoera irregularrean hogei urte zeramatzaten ehunka pertsona jatorrizko herrialdera itzultzearen truke, eta hogei urte asko dira –duzun egoera duzula ere–. Zure ia bizitza osoa izan daiteke, eta zure sorterriarekin harremanik ez izatea. Hala ere, Alemaniak bere burua harrera-herrialde gisa saldu zuen, eta, horrela, profil akademiko altuagoko pertsonak lortu zituen, laguntza ekonomikoak lortu zituen eta enpresentzat aukera paregabea izan zen: soldata baxuak eta dirulaguntza publikoak. Oso kasu argia izan zen, Alemaniako eta Turkiako enpresariek pertsonekin negoziatu zutelako, kromoak balira bezala. Horretan oinarritzen dira migrazio- eta asilo-politika.

Migrazio-politikak eta atzerritarren legeak dira, hain zuzen ere, estatuek Europar Batasunean sartzeko ordaindu beharreko prezioetako bat, bai eta aurretik dauden erakundeetan sartzeko ere. Espainiako Estatuak, adibidez, Europako hegoaldeko herrialde tapoi gisa funtzionatzen du, eta hori da Europar Batasunarekin zein Marokorekin negoziatzeko erabiltzen duen kartetako bat.

Zure ustez, zein erreminta erabiltzen dituzte pertsona migratuen pobrezia-egoera iraunarazteko?

Atzerritarren Legea batik bat. Biztanleria kategorizatzea legezko bilakatu dute, hau da, legezko bihurtu dute herritar kategoria ez duen –eta, hortaz, eskubideen bermerik ere ez–, biztanleriaren zati bat egotea. Eta hori 1985etik. Hau Estatu Ituna da. Mundu guztiak daki, edonork gobernatzen duela ere, Atzerritarren Legea ez dela ukituko. Gainera, erreformek okerrera egin dute eta, hobera doala irudikatu nahi dutenean, abuztuan egin zutena egiten dute. Abuztuaren 15ean atzerritarrei buruzko araudian erreforma bat martxan jarri zuten, legegintzako herri-ekimen baten harira (hiri handietan migratutakoen hainbat elkartek gidatutakoa; 500.000 sinadura bildu zituen Espainian). Ekimenak baldintzarik eta eskakizunik gabeko ezohiko erregularizazio masiboa eskatzen zuen –ez da hainbeste eskatzea ere–. Orduan, Gobernua aurreratu, eta legegintzako herri-ekimena kontuan hartu gabe, erreforma hori martxan jartzea erabaki zuen, onberatasunez beterik. Horrela, lan-merkatuaren beharren eta patronalarekin hitzartu duten lan-erreformaren araberako egokitzapenak egiten dituzte. Zergatik? Izan ere, egoera irregularrean zeuden pertsonen kopuru izugarriak erabat kolokan jartzen zien planteamendua. Pentsa, errotze soziala justifikatzeko –erregularizatzeko modu nagusia da–, kontratu mugagabeak, urtebete baino gehiagoko kontratuak, hogeita hamar ordutik gorako lanaldiak… aurkeztu behar ziren. Amorru handia ematen du hipokrisiak eta ongi geratzeko erabiltzen duten onberatasun irudiak.

«Mundu guztiak daki, edonork gobernatzen duela ere, Atzerritarren Legea ez dela ukituko»

Atzerritarren Legeak egoera irregularrean dauden pertsonen poltsa beti hor egotea eragiten du. Pertsona horiek familia izan dezakete, estatuan nahiz kanpoan. Hori arau guztietan islatzen da, administrazio, hezkuntza eta osasun sistema bakoitzean… Labur esanda, oinarrizko eskubide guzti-guztiak zure herritartasun-kategoriak ezaugarritzen eta baldintzatzen ditu. Hori lan-kontratu bat edukitzearen, hura denboran mantentzearen edo kontratua duen pertsonarekin familia-harremanak izatearen mende dago etengabe.

Uste dut maskararik gabeko garai batean gaudela, hau da, migrazio-­politikak eta Atzerritarren Legeak dakartena zer den jakin nahi baduzu, ez duzula teoria konplexurik behar. Egunerokoa ikusita eta legea bera irakurrita oso erraz duzu.

Mekanismo espezifikoen bidez, beste jatorriko batzuetako emakume langileak are gehiago debaluatzen al dira?

Legeetan, esplizituki, ez. Baina maila praktikoan argi dago baietz, eta zaurgarriago bilakatzen ditu. Bistakoak da zein lan-nitxotara (zaintzak, garbiketa...) bultzatzen diren emakume langile migratuak. Besteak beste, horren ondorioz, eskubide falta bortitzagoa da, adibidez, osasunaren kasuan; izan ere, emakume batek sarbide unibertsala bermatua ez badu, horrek zer egoeratan uzten ditu indarkeria matxista jasaten duten emakumeak, edonolako lan-istripuak izaten dituztenak eta familia-kargak dituztenak? Edo nola bermatzen da ginekologia-osasun egokia, hartara sarbiderik ere ez baduzu? Etxebizitzaren auzia ere larria da. Egoera hori dela eta, emakumea babesgabeago dago indarkeria matxistaren aurrean, eta tratu txarrak ematen dizkionarekin bizitzera behartuta dago. Hori guztia kontuan hartuta salaketa bat jartzeak seme-alaben zaintza galtzea ekar diezaiokeela. Egoera irregularrean dauden emakumeen kasuak izan dira, eta salaketa jarri ondoren kanporatu egin dituzte. Fernando Grande-Marlaska magistratu eta Espainiako Gobernuko egungo Barne ministroak esan zuen Atzerritarren Legeak eta indarkeria matxistaren biktimak babesteko legeak maila bera zutela, eta, beraz, indarkeria matxistaren biktima den emakume bat kanporatzea legezkoa dela. Hara non pikutara bidaltzen duen esaldi horrekin biktimen babeserako estatutua. Zer esanik ez haien nagusien etxean lan egiten duten emakumeen aurkako indarkeria-kasuez, paperik ez dutenez ezin direlako salatu.

«Fernando Grande-Marlaska magistratu eta Espainiako Gobernuko egungo Barne ministroak esan zuen Atzerritarren Legeak eta indarkeria matxistaren biktimak babesteko legeak maila bera zutela, eta, beraz, indarkeria matxistaren biktima den emakume bat kanporatzea legezkoa dela»

Kontuan hartu beharreko beste gai bat da modu irregularrean migratzen duten emakume gehienak –baita haurrak ere– ibilbideko une jakin batean desagertu egiten direla, salerosketaren biktima bihurtzen direlako. Hori onartzen da, eta migrazio-politikek sostengatzen dute.

Mafiei buruz hitz egiten denean, oso barregarria da agintariek nola egiten duten erabat ezikusiarena gai horren aurrean. «Emakumezkoen salerosketarekin traturik ez»? Sistema honetan pertsonek bazterretan bizirauten dute, eta ez dakit zenbat muga zeharkatzera behartzen dituzte. Mafien, salerosketaren eta abarren zuzeneko kausa EB eta haren estatuak dira.

Familiaren sostenguaren gaia ere hor dago. Oro har, emakumeak dira Latinoamerikatik eta Erdialdeko Amerikatik migratzen dutenak, eta zaintza-kate globalei eusten diete. Gainera, kontuan hartu beharrekoa da guraso bakarreko familien ia ehuneko ehunean amak hartzen duela ardura.

Ez hori bakarrik, bizileku-txartela edukitzeko familia-harremanak izan behar dira. Agerikoa da horrek ere baduela eragin zuzena emakumeengan. Zer gaitasun duzu zure bikotekidearengandik bereizteko, bizileku-­txartela galduko baduzu?

Estatuak beste jatorriko gazteekiko tratamendu bikoitza izaten du: «babestu egiten zaitut, baina, aldi berean, kriminalizatu egiten zaitut». Unearen edo testuinguruaren arabera, bata edo bestea tokatzen da. Bakarrik migratzen duen adingabe bat egoteak agerian jartzen du sistema, eta Estatuak dio: «Ai, zer eginen dut zurekin? Babestu egin behar zaitut, baina egiazki kanporatu egin nahi zaitut, esplotatu nahi zaitut, erabili nahi zaitut...».

Arrazakeria, ezkutatutako erasoak... Zer dira, erakundeek ezikusi egiten diete, eta, aldi berean, elikatzen dituzten tresnak?

Bai, noski, arrazakeria egunez egun elikatzen da. Datu gisa, Espainiako Estatuan sartzen diren migratzaileen % 95ek ohiko bideetatik migratzen dute (lurretik eta airetik). % 5ek, ordea, bide irregularretik. Hala ere, komunikabideen fokua % 5 horretan dago etengabe, kriminalizazioaren eta mugak itxi eta segurtasuna bermatu beharraren errelato bat eraikitzea interesatzen zaielako. 2001. urteaz geroztik, Europar Batasuneko estatuek bereziki lotu nahi izan dituzte migrazio-prozesuak segurtasunarekin edo, hobeto esanda, segurtasunik ezarekin.

Erakunde burgesengandik jasotzen diren gutxieneko laguntzek zer bilatzen dute gehiago «laguntzea» edo «xantaia egitea»?

Nire ustez, babes sozialerako sistema, –besteak beste, oinarrizko premien estaldura ekonomikoa bermatzeko dela suposatzen dena, hau da, gizarteratzeko neurri izena dutenak–, konfiguratuta dagoen bezala, ahulduta eta deserregularizatuta dagoen biztanleriaren zatia kontrolatzeko mekanismo ezin hobea da. Kontrol eta errepresio mekanismo zuzena da.

Egoera irregularrean dagoen eta seme-alabak dituen emakume batek etxebizitza baten ordainketari aurre egin ezin dionean eta oinarrizko gizarte-prestazio bat eskatzen duenean, modu erregularrean lan egin ezin duelako, prestazio ekonomiko bat ematen zaio, baina automatikoki pack horrek begirada bat dakar. «Zer behar duzu» esaldiaren ondoren, beste galdera batzuk datoz: «nola ari zara seme-alabak hazten», «nola daude zure seme-alabak eskolan», «nola ari zara betetzen zure betebeharrak edo kontraprestazioak». Emakume hori, babes sozialerako programan sartzen denetik ateratzen den arte, behatuta egonen da. Dena ondo badoa, arazorik ez, baina zerbaitek huts egiten badu fokua berarengan egonen da, erruduna bera izanen da. Hau da daukaguna.

Sistemak lagun zaitzan, egoera larrian egon behar duzu, baina ez oso larrian, orduan ez baitiozu jada balioko. Horrek ekarriko luke laguntzak kentzea, seme-alaben zaintza kentzea eta abar. Zer esan eta zer ez esan neurtzen aritu behar duzu, behar baino gehiago kexatu gabe. Laguntza eska dezakezu, baina ezin duzu guztiz erori.

Errenta bermaturako agiriak betetzen direnean, lauki bat dago, niri beti atentzioa eman didana eta begiak odoletan jartzen zizkidana ikusten nuenetan. Diru-sarrerei dagokie. Jakina, egoera irregularrean zaudenean elkarrizketa oso erraza da, ez baituzu nortasun fiskalik ere. «Diru-sarrerarik?» Zero. «Diru-sarrera irregularrik?» Nola diru-sarrera irregularrak? Eta orduan aukerak jartzen dizkizute: «txatarra biltzeagatik, etxeetan lan egiteagatik, kaleko salmentagatik...». Baina nik uste dut badirela hor agertzen ez diren eta denok ezagutzen ditugun bestelako lurpeko ekonomia batzuk, ezta? Argi dago gizarteko zein sektoreri galdetzen dion Estatuak zenbat diru irabazten duen eta zeini ez. Txorakeria dirudi, baina argi dago biztanleriaren zati bat beste bat baino behatuago dagoela. Ez bakarrik autoritate judizialagatik eta polizialagatik, baizik eta babes sozialerako sistema beragatik, zeinak biktimizatu eta kriminalizatu egiten baitu ustez premia handiena duen biztanleriaren sektorea.

Migratutako biztanleriari duintasuna lapurtzen ari zaie eta, baita biztanleria arrazializatuari ere, adibidez, ijitoei. Kontraprestazio ekonomiko horren zati bat «nola bizitzen irakastean» zentratzen da. Gogoan dut kide batzuek kontatu zidatela arropa lisatzeko eta etxea garbitzeko ikastaroetan sartu zituztela eta gizarte-hezitzaile bat jarri zietela. Hori indarkeria izugarria da: norbait nola bizi behar duzun irakastera etortzea, nahiz eta zuk, akaso munduan zehar ibilitako izan eta bazterrean bizita, estrategia ugari eduki. Zu jar zintezke ikastaro horiek ematen, baina jaso egiten dituzu.

Egoera erregularra ez izateak dakarren kaltea ez aitortzeaz eta ez konpontzeaz gain (ez da zure errua, ez erantzukizuna, arrazakeria instituzionala da), ikastaro bat eman behar dizute «hemengo» gizartearen parte izateko gai izan zaitezen.

Gizarteratze-politika horiei guztiei buruz esan daitekeen gauzarik onena da asimilazionistak direla, eta, okerrena, kriminalizatu egiten dutela. Berrikuspen handi samarra egin beharko genieke babes sozialerako politika guztiei.

«Gizarteratze-politika horiei guztiei buruz esan daitekeen gauzarik onena da asimilazionistak direla, eta, okerrena, kriminalizatu egiten dutela»

Zer funtzio betetzen du migrazioak sistemarentzat?

Sistemak primeran muntatua du guztia. Bi merkatu ditu: bata erregularra eta bestea irregularra. Biek langile klase bat dute eta, gainera, lan-nitxo berriak sortzen dituzte. Bestalde, zergak pertsona guztiek ordaintzen dituzte, haien egoera edonolakoa izanda ere. Eta, besteak beste, elikaduraren eta etxebizitzaren bidez gizentzen dituzte diru-kutxak.

«Sistemak primeran muntatua du guztia. Bi merkatu ditu: bata erregularra eta bestea irregularra»

Lurpeko lanen enpresa-etekina handia da. Eta etxeko lanez asko dago hitz egiteko. Zaintza lanak beste herrialde bateko jatorri bat dutenengan erortzen direnez, –eta, gehienak, egoera irregularrean egoten dira–, Estatuak ez du arazo historiko horren ardura hartzeko beharrik. Horrela, sistema kapitalistaren baitako zaintzaren auzia ebazten da. Badirudi badaudela inoiz erortzen ez diren merkatu eta nitxo batzuk; izan ere, poltsa bat dute beti horretarako prestatuta eta diseinatuta. Krimen perfektua da. Zer behar dut? Langileak. Zein nitxotan? Hauetan. Egoera erregularrean edo irregularrean? Nitxo batzuentzat erregularrean hobe, bestela ea nola defendatuko dudan nire burua. Estatuak dakien arren, ezin duzu esan egoera horretan zaudenik, gauzarik oinarrizkoenak izateko erroldatuta egon behar duzu eta. Estatuak badaki zehazki zein pertsona dauden egoera irregularrean eta non dauden.

Administrazio-egoera irregularrean egotea hutsegite administratiboa da, ez da delitua. Horren zigorra askatasuna kentzea eta lurraldetik kanporatzea izan daiteke, ez gehiago ez gutxiago. Gehienetan aplikatzen dena lurraldetik kanporatzea da, baina gehienetan ez da gauzatzen, beldurraren bidez kontrolatzeko mekanismo bat delako; Damoklesen ezpata etengabe izateko beldurra, alegia. Atzerritarrak barneratzeko zentroak, adibidez, atzerritarrak herrialdetik kanporatzeko tresnak direla suposatzen da, baina ez dira horretarako erabiltzen, baizik eta kasu gehienetan muga igarotzen duena identifikatzeko eta kontrol- eta beldur-mekanismo gisa erabiltzen dira. Gobernu bakar batek ere ez dio arreta berezirik jarri pertsonak kanporatzeari, nahiz eta beti kanporatze-ehuneko jakin bat mantentzen duten. Horrela, beharrezkoa zaienean, kontu eman dezakete eta delituak egiten dituztenak kanporatzen dituztela esaten dute. Benetan ezartzen den zigorra egoera irregularrean egotea dela esanen nuke, baita zure egoera erregularizatzea lortu duzunean ere, berriz ere irteera-laukira eraman baitzaitzakete, agintariek hala erabakitzen badute. EBk dio: «nahi dudanean utziko dizut sartzen, nik nahi dudan bezala, eta nik nahi dudan bezala egonen zara».

Zeintzuk dira prozesu iraultzaile batean migratutako pertsonak ere antolatzeko gakoak?

Alde batetik, autoantolaketa babestea, egitura blindatuz. Politikoki eragiteko modu berriak egoteko espazioak ireki behar dira, eta pertsona migratuen gaitasunak garatzeko bide eman behar zaie. Izan ere, antolaketa modu oso bat dago, politika egiteko modu oso bat, hego globaletik datorrena, eta hemen usaindu ere egiten ez duguna. Bestalde, ezin diogu arrazakeria –baita instituzionala ere– termino horietan salatzeari utzi. Indarkeria-mekanismo horiek guztiak ikusarazi behar dira, eta erantzukizuna non egon beharko litzatekeen adierazten jarraitu. Eta hori etengabe, Euskal Herrian adibidez, atzerritartasunarekin zerikusia duen guztia Estatuaren ardurapekoa dela esaten diguten arren, Estatuak beste ostiko bat ematen dio pilotari eta EBren kontuak direla esaten du. Aski da. Lege bat ez dela justua uste baduzu, bi aukera dituzu: desobeditzea edo jasatea. Zorrari dagokionez, estatuek jada desobeditzen dute.

«Politikoki eragiteko modu berriak egoteko espazioak ireki behar dira, eta pertsona migratuen gaitasunak garatzeko bide eman behar zaie»

Mahai gainean atzerritarrentzako lege bat dagoen bitartean, ez dugu noiz eskubideen defentsa lortuko. Hori argi eduki behar da. 1985ean legea atera zenean, oinarrizko sindikalistak izan ziren antolatzen lehenak, ez bakarrik langile-klasearen aurkako eraso zuzena zelako, baizik eta neurrietako bat egoera irregularrean zegoen pertsona orori sindikatzea debekatzea zelako; azkenean, neurri hori atzera egitea lortu zen.

Kontuan izan behar da errepresioa beti bazkatuko dela ahulenarekin; beldurtua, kanporatua, askatasun gabetua, deserregularizatua izanen da. Nork du etxebizitza bat okupatzeko premia handiagoa? Errepresioa gordinagoa izanen da profil horiekiko. Jakina, antolatu ahal izatea bermatuko duten mekanismoak sortu beharko dira. Eta, jakina, antolatzeko gaitasun handiagoa dutenek berehalako beharrei erantzun behar diete.

EZ DAGO IRUZKINIK