Lan honen bitartez, gainetik, baina psikofarmakoen mekanismoak eta erabilera soziala aztertzen saiatuko naiz, nire ustez dituen funtzio eta mugak azaleratuz. Behin hori eginda, bildutako datuekin eta informazioarekin gaur egungo buru-eritasunak ulertzeko eta horiei heltzeko moduaren kritika bat egingo dut.
Azken urteetan antsiolitikoen eta antidepresiboen eskariak eta eskaintzak nabarmen egin dute gora, eta hori ez da kasualitatea. Azken garai honetako estatistikek, kapitalismoaren beste krisi ziklikoetako datuen antzera, erakusten dute langile gehienen bizi-baldintzek okerrera egin ahala, gora egiten duela erregistratutako asaldura mentalen kopuruak. Nahasmendu horien artean, depresio- eta suizidio-kasuak dira deigarrienak: haien jatorria soziala dela iritzi orokortua izan daitekeen arren, irtenbide indibiduala baino ez zaio ematen. Izan ere, nahasmenduen edo desoreken oinarri diren elementu sozialak naturalizatzen eta aldaezintzat hartzen direnez, tratamendua, gero eta gehiago, psikofarmakoak ematera mugatzen da. Baina, arazoaren erroa soziala izanik, galdegin diezaiokegu geure buruari ea zer gertatuko litzatekeen arazo horien irtenbideak, tratamendu indibidual eta medikalizatuetan oinarritu beharrean, aldaketa sozial integral baterako apustua izango balu oinarri [1]. Galdera horri erantzuteko, eta depresioaren zein depresio erresistentearen areagotzea kontuan hartuta, beharrezkoa da arazo konplexu honen azterketa eta hausnarketa berri eta etengabe bat.
Azken garai honetako estatistikek, kapitalismoaren beste krisi ziklikoetako datuen antzera, erakusten dute langile gehienen bizi-baldintzek okerrera egin ahala, gora egiten duela erregistratutako asaldura mentalen kopuruak
Hasteko, komeni da asaldura mentalen trataeraren azalpen historiko txiki bat egitea. Frantziako kasua aztertuz, 1838an, bigarren errepublikarekin batera, osasun mental arazoak osatzeko eta kontrolatzeko, asilo psikiatrikoen legea egin zen. Azkar zabaldu zen estatu burges gehienetan zehar. Helburua, biztanlerian, baina bereziki hazten ari zen langile klasean, normatibitate orokorretik ateratzen zirenak eta diziplina soziala onartuko ez zutenak baztertzea eta kontrolatzea zen, eta, ez horrenbeste, eriak osatzea eta birgizarteratzea. Nahiz eta ordena soziala mantentzeko eta burgesiaren interesak ezkutatzeko arrazoiketa mediko humanistak eman. Egoerak horrela jarraitu zuen gutxi gorabehera XX. mende erdira arte, eta, 1940an, 110.000 egoiliar zeuden Frantziako asiloetan preso. Ordurako argi zegoen zoroetxeak ez zirela osatzeko eta birgizarteratzeko bidea, hala ere, psikiatra gehienak konformismo eta esperantzarik gabeko egoera batean zeuden, eta, gainera, langileriaren kapa «ez egokitua» kontrolpean izateko mekanismo eraginkorra ziren [2].
Gerra eta gerraosteko garai horretan paradigma aldaketa bat gertatu zen. Baldintza ekonomiko, kultural, politiko eta bestelakoen aldaketak eragindako egoera sozial patologikoagoa zela eta, gero eta pertsona gehiago hasi ziren «desoreka» mentalak pairatzen: depresioa, deserrotzeak, segurtasun ezari lotutako sentimendu gogorrak moldatzeko arazo sakonak eta abar luze bat. Aldaketa horiek, momentuko psikiatriaren mugak nabarmendu eta ikuspuntu berri baten sorrera behartu zuten; pazienteak asiloak bezalako instituzioetatik atera eta norbanako bakoitzaren egoera hura gizartetik atera gabe tratatzea, alegia. Aldi berean, garai horretako paradigma aldaketa zela eta mugimendu anti-psikiatrikoa hedatzen hasi zen, bere oinarri teorikoengatik eta emaitza praktikoengatik garrantzi berezia hartu zuena. Mugimendu konplexu eta heterogeneoa zen, baina bat egiten zutenek komunean zutena zera da: osasun mentalaren ikuspuntu psikosozial eta politikoa. Psikiatriarekiko, eta medikuntzarekiko orokorrean, kritika ohikoena zen «etiketa» bat jartzeko joerak pazientearen estigmatizazioan sakontzen zuela eta desorekei aurre egiteko onura baino oztopo gehiago zekartzala. Eta hori gutxi balitz, nahasmen gisara ulertzen ziren jokabide eta arazook gizarte-balio jakin batzuen ondorio direla ere azaleratu zuten, eta ez, berez, ezaugarri patologikoak izatearen ondorio. Horrela, nahasmendua soilik testuinguru soziokulturalari loturik izenda daiteke nahasmendu.
Garai berean, ordea, hau da, 50eko hamarkadan, neurobiologian zein farmakologian egin ziren aurrerapen teknologikoek ahalbidetuta, psikofarmakologia kontzeptu eta zientzia bezala ezagutzera eman zela. Medikamentu ezberdinetan gaixotasun psikologikoen sintomekiko esku-hartze terapeutikoak aurkitzen hasi ziren. Medikuntzaren tratamendu etiologikoaren paradigma nagusia aplikatuz, pentsatu zen farmakoek gaixotasun mentala sortzen duen alterazioa zuzendu ahal zutela, eta beraz, psikofarmakoen akzio-mekanismoak ezagutzeak ahalbidetu zezakeela nahasmenduaren erroa diren alterazio neurobiologikoak identifikatzea. Gaixotasunaren irakurketa murriztaile horrekin, gaixotasun mentalen oinarria neurotransmisoreen desorekan dagoela ondorioztatu zen. Ideia hura sakon errotu zen gizartean, nahiz eta gerora denborak erakutsi duen terapia horrekin bakarrik ez dela nahikoa [3]. Gainera, nahiz eta tratamendu farmakologikoen aurrerakuntzak efikazia handiagoko eta albo-kalte gutxiagoko medikamentuak sintetizatzea ahalbidetu duen, tratamendu horien erabileraren mugak argiak dira. Azken batean, psikofarmakologiak desoreka mentalek sortzen dituzten sintomak tratatzen ditu, baina ez sintoma horien sorburuan dagoen oinarri sozial kontraesankorra eta hortik eratorritako gatazka emozional, psikologiko, biologiko eta abarrak. Ondorioz, gaixotasunak betikotzeko arriskua dauka, hots, depresio iraunkor bihurtzekoa.
Psikofarmakologiak desoreka mentalek sortzen dituzten sintomak tratatzen ditu, baina ez sintoma horien sorburuan dagoen oinarri soziala
Baina, zer da depresio iraunkorra eta zergatik dauka garrantzia? Esparru psikiatrikoan, eztabaida nagusietako bat da pazienteak depresio iraunkorra duela diagnostikatu ahal izateko egin beharreko saiakera farmakologikoa zein den argitzearena. STAR*D entseguak depresioaren aurrean erabilitako tratamendu desberdinen eraginkortasuna ebaluatzea du helburu. Entseguaren emaitzen arabera, gaixo depresiboen heren bat osatzen da lehen tratamendu farmakologikoa hartzean, eta, lehenengoaren ondoren tratamendu desberdinak probatu arren, pazienteen beste heren batek baino ez du lortzen emaitza ona. Gainera, askotan, urteak pasatu behar dira tratamendu egokia aurkitzeko [4]. Beraz, pazienteen heren batek depresio iraunkorra izango du.
Horrenbestez, depresio iraunkorra hurrengo eran definitu dezakegu: dosi eta denbora-tarte egokian, baliabide farmakologiko guztiak eta terapia elektrokonbultsiboa erabiliz (TEK), hobekuntza nahikoa erakutsi ez duen gertaera depresiboa. Depresiorako espezifikoki bideratutako aukera terapeutiko ezberdinak (farmakologikoa eta TEKa) agortu direnez, gaixotasun horren tratamendu klinikoa erronka zientifiko bat bihurtu da, momentuz literatura zientifiko oso apalekoa.
Hala eta guztiz ere, nahiz eta hori guztia jakina izan, gaur egungo tratamendua farmakologia soilean oinarritzen da, medikuarengana joan eta konponbide bakarra antsietatearentzako antsiolitikoak eta depresioarentzako antidepresiboak hartzea da. Begi bistakoa da berrikuntzak beharrezkoak direla arlo horretan, baina, posible al da aldaketa errealak egitea medikuntzan egin daitezkeen erreforma hutsekin? Zerk betikotzen ditu desoreka mentalak?
Oso konplexua eta faktore anitzekoa da gaixotasun mentalen etiologia; izan ere, izaera bio-psiko-sozialeko arrazoiak dauzka, eta, gainera, arrazoi horiek erlazionaturik daude beren artean [5]. Guztiak zerrendatu beharrean, hona hemen garrantzitsu batzuk: erosahalmena, egoera ontologiko frustragarria (kontsumoan oinarrituriko identitatearen eraikuntza, nihilismoa, ideala versus norbera, irteera espiritualik eza…), funtzio biologiko osasuntsuak mantentzeko zailtasunak, eta abar. Adibide bat jartzearren, ikus daiteke nola, kontsumoan oinarritutako identitateak sortzen dituen frustrazioek eta horien ondorio den estresak, zuzenean baldintzatzen duen hestearen eta horko probiotaren izaera. Hori guztiz erlazionatuta dago neurotransmisoreen egoerarekin. Edota, ikus daiteke nola, erosahalmenak elikadura osasuntsua izateko aukera baldintzatzen duenez, oreka mentalean zuzenean eragiten duen, izan heste eta probiotaren bitartez, edo izan mikronutrienteen gabeziak dakarren hantura erregulatzeko ahalmen ezagatik, zein beste funtzionamendu fisiologiko ezberdin osasuntsuak ahalbidetzeko ezgaitasunagatik. Luze jo dezake faktore ezberdin horien arteko barne-erlazioak azaltzeak. Lehenago esan bezala, argi dagoen arren asaldura mentalen jatorria faktore anitzekoa dela, tratamendu instituzionala psikofarmakologiara murrizten da. Nola heldu gara horraino? Zergatik da tratamendu hori hegemonikoa? Zer egin dezakegu?
Oso konplexua eta faktore anitzekoa da gaixotasun mentalen etiologia; izan ere, izaera bio-psiko-sozialeko arrazoiak dauzka, eta, gainera, arrazoi horiek erlazionaturik daude beren artean
Zoritxarrez langileriak ez dauka dinamika horretatik irteteko aukera errazik, gehiengoarentzat farmakologia baita oinarri soziala duten desoreka indibidualak tratatzeko tresna bakarra. Osasunaren industria balioaren legean integratuta dagoenez, ezin du industria-izaera hori suntsitu, hau da, zimendua masa ekoizpenean duen ekoizpen-ereduan oinarrituko da. Horren helburua, pazientea osatu eta osasuntsu mantentzetik urrun, pazienteak erosle izaera duenez, erosketa beharrizan kroniko horiek asetzea izango da. Beraz, ez dio erantzungo beharrizan koiuntural bati, baizik eta beharrizan kronikoak behar ditu dinamika kapitalistan bizirauteko.
Psikofarmakoen akzio-mekanismoa kontuan hartuta, farmakologian oinarritu eta esfera biologiko hutsera murrizten bada tratamendua, gatazkak subjektuarengan sortzen dituen ondoeza eta sintomak isilarazten dira; hau da, estutasuna, antsietatea, obsesioa, tristura, insomnioa, gogogabetasuna, eta abar. Eta ondorioa errealitate subjektiboaren dimentsio kontraesankorra ezabatzea, eta pentsamendua eta gogoeta bertan behera uztea dira. Hain zuzen ere, sendagaiak ahanztura eta subjektuaren etenaldia lortu behar ditu eraginkortasuna izan dezan, eta, beraz, subjektuari bere nahien edo errealitatearen kontraesanen inguruan era kontzientean jardutea eragozten dio [5]. Izan ere, kontraesanak sortzen dituen mina eta ondoeza hobeto eusteko eta estres egoera horretan bizirauteko funtzioa betetzen dute. Kontzientzia eten, emozioen eta sentimenduen ondoezaz libratu, arimaren tristura eta mina ezabatu... Baina eraginok epe batez baino ez dute irauten, eta isilarazi nahi dugun guztia itzuli egiten da, batzuetan forma krudel eta mingarriagoetan, gainera. Horrek guztiak dinamika kapitalistaren menpe dagoen osasungintza ereduarekiko, eta, beraz, industria farmazeutikoarekiko menpeko bilakatzen du gizabanakoa.
Medikuntzaren izaera gaixotasuna sortzen duen desorekaren prebentzio, diagnosi eta tratamenduan datza; beste hitz batzuetan, pazienteak oreka bat lortzean eta hori mantentzean, modu horretan, medikuntzaren beharrizana ezeztatuz. Erantzuna ez da medikuntza alternatibo edo tratamendu ezberdinen analisi eta aukeraketa bat egitea; edo, agian, momentuko beharrizan gisa balio dezake, baina inoiz ez azken helburu gisa. Kontuan izanda osasuna aldaera ezberdinen orekan datzala, oreka hori apurtzen duten gatazkak eta, era berean, gatazka horiek elikatzen dituen oinarri sozial kontraesankorra aldatzea ezinezkoa da medikuntzaren aldebakartasunetik. Aldaketak, eta tratamenduak, integrala izan beharra dauka sintomak sortzen dituzten desorekak sustraitik osatu nahi badira. Osasun unibertsala lortzeko gakoa ez da sintomak edota horien sorburuan dauden gatazka txiki ezberdinak (gatazka ontologiko, psikologiko etab.) tratatzea soilik, nahiz eta hori ere egin beharra dagoen, baizik eta gatazka horiek elikatzen, eta batzuetan sortzen, dituen oinarri sozial kontraesankor hori aldatzea.
Osasun unibertsala lortzeko gakoa ez da sintomak edota sintomak sortzen dituzten gatazka txiki ezberdinak tratatzea, baizik eta gatazka horiek sortzen dituen oinarri sozial kontraesankor hori aldatzea
Gai honen inguruko eztabaida amaitutzat ematetik urrun dago. Artikulu xume honek, datu eta hausnarketa batzuk argitaratu eta gogoetarako puntu batzuk ematen ditu soilik. Horrenbestean, ondorio batzuk plazaratzearren, nire ustez, egoera ez da batere sinplea. Eztabaidak ez luke izan behar psikofarmakoak erabili ala ez. Gaixotasun bat tratatzean, horren errora joan beharra dago, bai, baina, aldi berean, ondoeza sortzen duten sintomak kontuan izan behar dira. Gutxieneko bizi-kalitatea bermatzeko, eta, horren bitartez, gaixotasunaren sustraia hobeto landu eta borrokatzeko, ondoezak kitatzea edo arintzea beharrezkoa da. Hori egiteko aukera terapeutiko hoberena zein den beste eztabaida bat izango litzateke. Baina garrantzitsua da ulertzea sintoma eta gaixotasuna ez direla gauza bera; gaixotasunak sintomak sortzen dituela baina horiek tratatuz ez dela eritasuna bera tratatzen.
Amaitzeko, asaldura mentalen erroa gehienbat soziala dela ikusita, eta, irtenbidea, ordea, indibiduala, nahiz eta terapia ezberdinen bitartez norbanakoa osatu daitekeen, ezinezkoa da horrela osasun unibertsala lortzea. Ez bazaie osasuna ekiditen duten arazoei modu integralean heltzen, hau da, ez bada faktore ekonomiko, politiko, ontologiko, biologiko, psikologiko, emozional eta abarrak baldintzatzen dituen oinarri soziala osatzen, etengabe elikatuko dira izaera ezberdineko gaixoak.
ERREFERENTZIAK
1 Salud Mental, lucha de clases. lahaine.com.
2 Capital individualismo y salud mental. Enrique Gonzalez Duro.
3 Psicofármacos y teorías etiopatogénicas en Psiquiatría. Del contexto de descubrimiento al obstáculo epistemológico. Silvia Wikinsky.
4 Rush AJ, Trivedi MH, Wisniewski SR, Nierenberg AA, Stewart JW, Warden D. Acute and longer-term outcomes in depressed outpatients requiring one or several treatment steps: A STAR*D report. Am J Psychiatry. 2006;163(11):1905–17.
5 Psicofármacos y salud mental. La ilusión de no ser. Emiliano Galende.
* Etiologia: gaixotasunen sorburuen azterketa.
Oharra: Testu honetan nahasmenduak, desoreka mentalak, gaixotasun mentalak edo buru-eritasunak sinonimo bezala erabiltzen dira.
HEMEN ARGITARATUA