Batasuna eta mitoa ARGAZKIA / Itsasne Ezkerro
2020/08/02

Ugariak dira mende hasieratik gertatu diren gerrak eta nazioarteko gatazkak deiturikoak. Hain zuzen ere, gerra inperialistaren paradigma berri batekin hasi zen mendea –demokraziaren aldeko eta terrorismoaren aurkako gerra, menderatze-baliabide zahar kiratsa zeriona–, baita errealitate eta umiltasun dosi batekin ere, aro inperialistaren amaiera aldarrikatzen zutenentzat, eta, horrekin batera, ezinbestean, kapitalismoaren amaiera kritikora, krisira, nahiz gainbalioaren iturrien birbanaketa kapitalistarengatiko gatazka belikora eramaten duten kontraesanen amaiera aldarrikatzen zutenentzat.

Gerra inperialisten izendatzaile komuna da gobernu bat eraistea beste bat ezartzeko. Gobernu berri horrek, herrialde inperialistaren txotxongiloa izan arren, forma demokratiko-nazionala hartu ohi du, menderatze kapitalista gauzatzeko modurik sinpleena baita. Prozesu hori, batzuetan, lurralde bat esplizituki okupatuz gauzatzen da, eta, beste batzuetan, gobernuaren oposizioari zuzeneko dirulaguntza emanez eta hura erosiz, kreditu bidez, gero itzuli egin behar dena, eta erruz itzuli ere. Azken finean, burgesiaren fakzio bat boteretik kentzea da helburua, beste bat altxatzeko edo eratzeko, eta, behin gobernu berriaren boterea ziurtatuta, gutxitan luzatzen da atzerriko okupazio militarra. Gobernu berri horrek atzerriko kapitalaren inbertsioak erraztu behar ditu, eta zehatzago eta bereziki, gobernua ezarri duen herrialde inperialistaren inbertsioak, bai diruaren forman, nola ekoizpen-elementuen merkantzia-forman ere.

Beraz, helburua kapitalaren ekoizpen-prozesuaren gaineko kontrola da, eta ez baliabide abstraktuen gainekoa. Hau da, nazionalismoak eratutako mitotik urrun, non okupazio militar inperialista subiranotasun nazionalaren aurkako erasoa izango litzatekeen eta nazio osoaren erantzuna eskatuko lukeen –zeina, bizi-komunitateari dagokionez, klase-kontraesanak orekatzen diren espazio soziala baino ez den, are gehiago kapitalaren gerra kritikoarena bezalako une erabakigarrietan–, burgesiak bere artean benetan borrokatzen duena, eta gatazka belikoan amaitzen dena, ez da nazioaren baliabide baten eskuratzea, baizik eta langile klasearen ustiapen-prozesuaren gaineko kontrola, zeinaren bidez burgesiak gainbalioa erauzten duen.

Beraz, helburua kapitalaren ekoizpen-prozesuaren gaineko kontrola da, eta ez baliabide abstraktuen gainekoa. Hau da, nazionalismoak eratutako mitotik urrun, non okupazio militar inperialista subiranotasun nazionalaren aurkako erasoa izango litzatekeen eta nazio osoaren erantzuna eskatuko lukeen –zeina, bizi-komunitateari dagokionez, klase-kontraesanak orekatzen diren espazio soziala baino ez den, are gehiago kapitalaren gerra kritikoarena bezalako une erabakigarrietan–, burgesiak bere artean benetan borrokatzen duena, eta gatazka belikoan amaitzen dena, ez da nazioaren baliabide baten eskuratzea, baizik eta langile klasearen ustiapen-prozesuaren gaineko kontrola, zeinaren bidez burgesiak gainbalioa erauzten duen

Prozesu hori baliabide naturalen zuzeneko kontrolaren gainean euts daiteke, horien jabetza pribatuaren gainean, baina ez nahitaez. Helburua aberastasun abstraktuaren soberakina kontrolatzea da, gainbalioa bereganatzea, kapitalaren prozesu ekonomikoaren bidez, eta ez halako edo bestelako baliabidez jabetzea, bere erabilerak axola izan gabe. Baliabide bat urria denetan ere, eta, beraz, haren forma material zehatzak erabakigarria eta haren kontrolak estrategikoa diruditenean, petrolioaren eta gasaren kasuan gertatzen den bezala, hori ez da baliabidea ezinbesteko eta bere gaineko kontrola botere-auzi bilakatzen duen erlazio soziala ezkutatzen duen mantu bat baino. Horregatik, helburua ez da bizitzaren erreprodukzio abstraktua, baizik eta bizitza kapitalistaren erreprodukzioa, eta posizio horretatik bakarrik erlatibizatu daiteke baliabide baten edo bestearen garrantzia.

Gainbalioa lortzeko helburu gorenerako, edo, ikuspegi kapitalistatik esanda, irabazia ekoizteko, eraginkorra izan daiteke 1) baliabideak prezio baxuan eskuratzea, inposatutako merkataritza-­itunaren bidez, edo, are gehiago, herrialdearen demokratizazio-zerbitzuaren ordainketa gisa, 2) baliabide horien gaineko zuzeneko kontrola, kapitalak herrialde batean produktiboki finkatzeko eta gainbalioaren transmisio-kate osoa kontrolatzeko ahalmena izan dezan, edota, baita ere, 3) interesak bueltan ekarri behar dituen diru-kapitalaren esportazioa, zor publikoaren erosketa eta bestelako finantza-negozioak. Burgesen arteko lehia-prozesu horren mende geratzen dira merkataritza-gerra edo etsaiari egindako boikota, baliabideak suntsituz eta hornikuntza-bideak monopolizatuz.

Bada, baliabideak klase menderakuntza gauzatzeko bitartekoak besterik ez dira: batzuetan, gainbalioa sortzeko bitartekoak; beste batzuetan, mundu mailan ekoitzitako gainbalioa –langile klasearen esplotazioan duena jatorria– bereganatzeko aparteko bitartekoak. Hau da, baliabideak kapitala dira, langile klaseari kontrajartzen zaizkiolako eta lan bizia erauzteko bitartekoa direlako.

Bada, baliabideak klase menderakuntza gauzatzeko bitartekoak besterik ez dira: batzuetan, gainbalioa sortzeko bitartekoak; beste batzuetan, mundu mailan ekoitzitako gainbalioa –langile klasearen esplotazioan duena jatorria– bereganatzeko aparteko bitartekoak. Hau da, baliabideak kapitala dira, langile klaseari kontrajartzen zaizkiolako eta lan bizia erauzteko bitartekoa direlako

Inperialismoa, estatu bateko mugetan nagusi den ordena sozial kapitalista beste estatu batera eramatean datza. Horregatik, ez du gobernu-forma bat esportatzen, baizik eta barne-merkatu bilakatzen du kanpo-merkatu bat, edo, gutxienez, hain kanpokoa ez den merkatu bilakatzen du, burgesia inperialistaren interes ekonomikoen aldeko. Ekonomiari jarritako kanpoko muga politikoak ezabatzean datza, edo potentzia inperialistaren alde, eta gainerako estatuen aurka, berriz ezartzean. Zentzu horretan soilik da subiranotasun nazionalaren aurkako atentatu bat, burgesia nazionalari kapitalaren gaineko boterea eta kontrola usurpatzen dizkion heinean; baina inola ere ez dio langile klaseari berea ez den zerbait usurpatzen, aldez aurretik ere ez delako berea, eta hortaz, ez luke horren alde borrokatu behar burgesiarekin batera, baizik eta burgesia horren eta jabetza-modu horren aurka.

Gerra inperialista bat nazio osoaren aurkako eraso gisa, okupazio nazional gisa, kategorizatua izan dadin, beharrezkoa da, beraz, nazioaren barne-­kontraesana, klase-kontraesana, eta gerra inperialistari berezkoa zaion klase-prozesua desitxuratzea eta ezkutatzea. Prozesu mistifikatzaile horri nazioaren mitoa deitzen diogu, eta inguratzen duen mitologia guztia osatzen du, gehienbat, nazioaren mito eratzaile handia artikulatzen duen errebisionismo historikoaren gainean, eta historia osoa bihurtzen du nazioaren historia, inoiz existitu ez zen tokian ere berau sortuz.

Pentsaera nazionalista horrek klaseak adiskidetzen ditu, baita forma sozial antagonikoak ere. Proletalgoa burgesaren anai egiten du, baina baita esklabistarena, jaun feudalarena eta erregeena ere. Ezer ez da geratzen bere naziotik kanpo, baldin eta nazioa egiten badu. Soldatapeko lana eta esplotazioa nazio ekoizleak dira, esklaboa zigortzen duen zartailua bezainbeste. Egia da, ordea, proletalgoak ez duela inoiz estaturik izan, ezta naziorik ere, beti ukatu izan baitzaizkio. Era berean, kontua ez da nork ekoizten duen mendekotasunez –mitikoa eta mistifikatzailea den «existitzen den guztia langileriak sortu du»–, baizik eta nork egiten duen prozesua bere interesen mendeko –kontua ez baita guztiak langile klase bihurtzea, klase sozialak abolitzea baizik–. Eta burgesia subjektu hori den heinean, inbasio nazional oro gainbalioaren ekoizpenaren kontrolaz jabetzeko burgesen arteko borroka besterik ez da, klase-esplotazioa da maila internazionalean eta politikaren eremurik bortitzenean.

Paradigma burgesaren menpe, inperialismoaren aurkako borroka, nazio kapitalistaren iraupen positiboaren aldeko borroka bihurtzen da, baita ordena sozial kapitalista legitimatzeko tresna ere. Lenin izan zen, aldiz, gerra inperialista burgesiaren aurkako proletalgoaren gerra zibil bihurtzearen aldeko jarrera defendatu eta nazioartera zabaldu zuena, gobernu burges ororen aurka agertuz.

Paradigma burgesaren menpe, inperialismoaren aurkako borroka, nazio kapitalistaren iraupen positiboaren aldeko borroka bihurtzen da, baita ordena sozial kapitalista legitimatzeko tresna ere. Lenin izan zen, aldiz, gerra inperialista burgesiaren aurkako proletalgoaren gerra zibil bihurtzearen aldeko jarrera defendatu eta nazioartera zabaldu zuena, gobernu burges ororen aurka agertuz

Inperialismoaren aurkako borroka ezin da subiranotasun nazionalaren aldeko borroka izan, inperialismoa kapitalaren mundializaziorako joera ekonomikoa baita, subjektu zentro-inperialistak gidatua. Modu bakarra mundu mailan aurre egitea da, antolakuntza komunistaren bidez. Horregatik, auzia ez da nazioak kontraesan kapitalisten erdigune kudeatzaile gisa irautea, baizik eta haren gainditzea, subjektu burgesaren abolizioa eta komunitate askearen eta komunitate askeen eraketa. Azken finean, internazionalismoa borroka-batasuna eta batasun estrategikoa da, etsai komun baten aurka eta formazio sozial berri baten alde. Aipatutako zentzuan ulertu behar dira jarraian aurkezten ditugun gatazkak, eta zentzu horretan jorratu, klase-batasunetik, esplotazio klasistaren eta horri datxekion gerra inperialistaren amaieraren alde.

EZ DAGO IRUZKINIK