Gudari Eguna (Iruñea) ARGAZKIA / Archivo de la Transición
Imanol Satrustegi
@imanols3
2021/04/06

Euskal Herrian XXI. mendearen hasieran gizarte mugimenduetan korronte politiko batek izan du nagusigoa, protesta mugimendu horien ia erabateko monopolioa izateraino. Baina, hori ez zen beti horrela izan; iraganean beste korronte iraultzaile batek «euskal masa mugimendu erradikalean» errotze ahalmen handia izan baitzuen, ezker abertzalearekin batera. Korronte hari ezker iraultzaile edo ezker erradikal esaten zitzaion. Zenbait sektorek, modu bidegabean, korronte hura mespretxatu zuten espainolista edo sukurtsalista izatea leporaturik. Alabaina, korronte hura klase borrokak gurean hartu zuen formetako bat izan zen eta Euskal Herriaren tradizio iraultzailearen ezinbesteko pieza osatu zuen.

Orain dela gutxira arte, klase borroka eta sozialismoaren aldeko borroka ahaztu xamar zeuden; gizarte mugimenduetan bazterreko papera jokatzen zuen bandera gorriak. Euskal Herrian urte luzez borroka sozial gatazkatsuak egon izan diren arren, sozialismo errealaren porrotak eta mugimendu abertzaleetan joera burges-txikien influentziak hori horrela izan zedin eragin zuten.

Baina beti ez zen horrela izan, garai batean klase borrokak zentraltasun handia izan baitzuen Euskal Herriko mugimendu iraultzaileetan. Frankismoaren hondar urteetan Hego Euskal Herriko oposizio antifrankistan izaera iraultzailea zuten hainbat alderdi komunista eratu ziren. Alderdi horiek, nazioarteko koiunturak eta espektatiba iraultzaileek lagunduta, oihartzun handia izan zuten eta eragin esparru zabalak lortu zituzten, batik bat langile mugimenduan. Alderdi horiek guztiek 60ko hamarkadaren bukaeraren bueltan izan zuten jatorria eta beraien gorengo unea trantsizioko urte giltzarrietan izan zen (1975-77). Mobilizazioen bidez gizartearen sektore ugarirekin bat egitea lortu zuten eta diktadura frankista higatzen lagundu zuten. 1980ko hamarkadaren hasierarako, aldiz, korronte iraultzaile hura gainbeheran sartu eta ahitu zen. Besteak beste, Euskadiko Mugimendu Komunista (EMK), Organización Revolucionaria de Trabajadores (ORT), Liga Komunista Iraultzailea (LKI, lehenago LCR-ETA VI), Komunisten Liga (LC), Partido del Trabajo de España (PTE, aurretik Partido Comunista de España -Internacional-) edo Ezker Komunista Erakundea (OIC-EKE) bezalako alderdiez ari gara[1]. Horiek izan ziren garrantzitsuenak, besteren bat ere izan bazen ere.

Frankismoaren hondar urteetan Hego Euskal Herriko oposizio antifrankistan izaera iraultzailea zuten hainbat alderdi komunista eratu ziren

Alderdi horiek guztiek 60ko hamarkadaren bukaeraren bueltan izan zuten jatorria eta beraien gorengo unea trantsizioko urte giltzarrietan izan zen (1975-77)

Langile mugimenduaren porrot orokorraren ondorioz, tradizio iraultzaile horien inguruko memorian etena gertatu zen. Belaunaldien arteko lotura hautsi zen eta gaurko komunistek ez dituzte orduko lengoaiak, leloak edo antolaketa ereduak ezagutzen ere. Baina azken urteetan klase izaera duten mugimendu politikoen loraldi garaia bizi dugu. Gar iraultzailearen berpizkundea gertatzen ari da eta iraganeko kultura errebeldeen ezagutza egungo mugimendu sozialistarentzako baliagarria izan daiteke. Baina ez nazazue gaizki uler: helburua ez da garai hartako langile kultura eta estetika akritikoki kopiatzea, hori folklore hutsa bailitzateke. Momentu hartako baliabideek, garaian garaiko beharrei erantzuten zieten eta gaur egungo gizarte mugimenduek bestelako baliabideak behar dituzte, garai honi dagozkionak. Baina baliabide propio berriak sortzeko, langile mugimenduaren eta mugimendu sozialen iragana berreskuratzea aberasgarria izan daiteke.

NOLA ETA NONDIK SORTU ZEN EZKER IRAULTZAILEA?

60ko hamarkadaren bukaera aldera, mundu guztiko mugimendu askatzaileek bultzada handia bizi izan zuten. Klase borrokaren intentsitatea zorrozten ari zen, Hirugarren Munduko herrialdeak altxatzen ari ziren eta bazirudien munduko edozein txokotan aldaketa sozial sakonak lor zitezkeela. Gerra Hotz betean, kapitalismoa eta sozialismoa lehia bizi-bizian zeuden, eta Sobietar Batasunaren izate hutsak –askorentzako kritikagarria zen arren– eraldaketa sozialerako aukerak irekitzen zituen. Hala bada, nazioarteko erradikalizazio prozesu orokor hori 68 Luzea edo Klase Gizartearen Aurkako Bigarren Oldarraldi Proletarioa izenez ezagutzen da egun.

Aldi berean, gerraondoko urte horietan, ekonomia kapitalista inoizko hazkunde ekonomiko handienean murgilduta zegoen. Hasiera batean, diktadura frankista zela eta, Espainia Europako gainerako herrialdeetako egoeratik bereizirik geratu zen: atzeraldi ekonomikoan eta isolamendu politikoan murgildurik. Baina egoera 1950eko hamarkadaren erdialdean aldatzen hasi zen, AEBekin egindako akordio komertzialen eta 1959ko Egonkortze Planaren ondorioz. Desarrollismoa izeneko bultzada industrializatzaileak Hego Euskal Herriaren egitura ekonomikoa irauli zuen; batik bat barnealdeko probintzietan, Arabak eta Nafarroak erabateko industria iraultza bat bizi izan zuten eta. Hazkunde ekonomiko hura eredu fordistako kapitalismoan oinarritu zen eta proletariotzaren izaera eta osaera erabat aldatu zituen.

Aldaketa sozioekonomiko sakon horien ondorioz, landa exodoa eta nekazari ugariren proletarizazioa gertatu zen, langile-klase berri bat sor zedila eragin zuena. Langile-klase hura gehien bat pertsona gaztez osatua zegoen eta ez zeukan gerraurreko tradizio ezkertiarrekin lotura zuzenik. Laster, kapitalismoaren eredu berriarekin batera, enpresari eta langileen arteko harreman berriak eratu ziren eta ­lan-gatazken aldi berri bat ireki zen, batik bat 1958ko Hitzarmen Kolektiboen legea onartu zenetik. Testuinguru horretan, langileek elkarrekin jasandako eta partekatutako bizipenen bidez (esplotazio esperientziak, behar ekonomikoak, borrokak...) identitate berri bat (subjektibitate edo «gu» berri bat alegia) eratu zuten. Modu hartara, langile-klase hark kontzientzia hartu zuen eta subjektu historiko gisa eratu zen[2].

Laster langile-klaseak kontzientzia hartu zuen eta bere interesen defentsarako tresna eraginkorrak eratu zituen: klase elkartasuna eta Langile Batzordeak (gaztelaniazko CCOO, oinarriko langile-elkarte unitarioak ziren eta ez gaur egun ezagutzen dugun sindikatu burokratikoa)[3]. Ezker iraultzailearen korronte politikoa, beraz, klase borrokaren errealitate berri horri erantzuteko sortu zen, nazioarteko erradikalizazio testuinguru horretan.

Ezker iraultzailearen korronte politikoa, beraz, klase borrokaren errealitate berri horri erantzuteko sortu zen, nazioarteko erradikalizazio testuinguru horretan

Jakina den bezala, ezker iraultzaileak ez zuen korronte bateratu eta bakar bat osatu. Izan ere, erreferentzia ideologiko ezberdinetako (maoismoa, trotskismoa, leninismoa, hoxhaismoa, kontseilu-komunismoa...) hainbat talde elkarren artean lehian aritu ziren espazio politiko mehar batean. Oro har, elkarte horiek guztiek hainbat iturburutan izan zuten jatorria: ikasle mugimendu erradikalizatuan, PCEren ezkerretik gertatutako zatiketetan (batik bat, Espainian), ETAren korronte obreristetan eta mugimendu apostoliko kristau erradikalizatuetan. Euskal Herrian, alabaina, eragin gehien izan zutenak azken biak izan ziren.

Alde batetik, ezker erradikalaren iturburu kristauak jende zapalduengana hurbildutako sektore apostoliko erradikalizatuetan izan zuen jatorria, Elizaren doktrina sozialaren eta Vatikanoko II. Kontzilioaren (1962-1965) ondorioz. Hermandad Obrera de Acción Católica (HOAC), Juventud Obrera Catolica (JOC) edo Vanguardia Obrera Social (VOS) bezalako elkarteen hasierako helburua ebanjelioa gizartearen sektore baztertuenei eramatea zen. Elkarte horien zeregina langileen sozializazio esparru kristauak bultzatzea izan zen eta, hasiera batean, ez zuten zuzeneko aktibismo politikorik egiten: langileei lanbide heziketa, formakuntza izpirituala eta aisialdi merkea eskaintzen zizkieten. Jarduera horiek guztiak nolabaiteko sozializazio prepolitikorako esparru izan ziren[4]. Baina laster, mugimendu horietako kide ugari erradikalizatu zen, langileen behar gorriekin eta askatasun ezarekin talka egiterakoan, eta kontzientzia soziala piztu zitzaien. Katolizismo sozialaren parte ziren elkarte horiek ezker iraultzailearen sorrera ahalbidetu zuten, militanteen topagune eta formakuntza eskola izan zirelako. Gainera, Elizak erraztasun legalak zituenez, bere elkarguneak eta baliabideak ezker iraultzailearen lehendabiziko urratsetarako baliagarri izan ziren. Halaber, elkarte kristauetatik eta apaiztegitik pasatutako lagun askok alderdi iraultzaileak militantez eta koadroz hornitu zituzten. Etsenplu garbiena, ORT alderdi maoistarena izan zen, VOS elkarte jesuitako kideek sortutako AST (Acción Sindical de Trabajadores, Langileen Ekintza Sindikala) sindikatuan izan baitzuen jatorria. Baina gainerako alderdietan ere mugimendu kristau horietatik pasatutako kideak egon ziren.

Bestalde, Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakundean garatu ziren korronte obreristak izan ziren Euskal Herriko ezker iraultzailearen beste iturburu garrantzitsua. ETA 60ko eta 70eko hamarkadetan komunisten haztegi izan zen. Desarrollismoko industrializazio azkarrak sortutako aldaketa demografiko eta soziologikoek mugimendu abertzalean ere eragin zuten. Horrek guztiak ETAren baitan abertzaletasunaren inguruko hausnarketa piztu zuen, eta 1960ko hamarkadatik nazionalismoa eta ezkertiartasuna uztartzeko saiakera teorikoa egin zuen erakunde horrek. Alabaina, iraganeko doktrinen arrastoek (esentzialismoa, etorkinekiko mesfidantza eta abar) ETAren sektore batzuetan oraindik eragina izaten jarraitzen zuten; abertzaletasunaren eta korronte ezkertiarren arteko sintesia egitea prozesu konplexua eta kontraesankorra izan zen. Eztabaida horien ondorioz, ETAren V. (1966-67) eta VI. Biltzarretan (1970) zatiketak gertatu ziren. Korronte obrerista haietatik EMK eta LKI alderdien ernamuinak atera ziren, baina baita ORT, LC, OIC-EKE edo bestelako alderdietako militante iraultzaile ugari ere.

LILURA IRAULTZAILEA: KAPITALISMOARI AURREZ AURRE BEGIRATU ZIOTENEKOA

Hasiera batean, 60ko hamarkadaren bukaeran, borrokak sortzea zaila eta nekeza zen. Behar gorriak zeuden arren, ez zen erraza jendea mugiaraztea, beldurrak eta errepresioak pisu gehiegi baitzeukaten. Baina urte gutxiren buruan, ezker iraultzaileak Hego Euskal Herriko oposizio antifrankistan errotzea lortu zuen, batik bat langile mugimenduan. Bere militanteek lantoki ugaritan Langile Batzordeak (CCOO) antolatu eta sustatu zituzten, eta pixkanaka mobilizazioak ugaritzen eta zabaltzen joan ziren. Oso antzekoak izanagatik ere, haien artean zatiketa handia zegoen eta lurraldean zehar ezarpen zatitua izan zuten, eskualdez eskualde korronte bat nagusitzen zen eta. Iruñerrian, Tolosaldean eta Erriberako nekazarien artean ORT zen nagusi. EMKk indar handia zeukan Bilboko itsasadarreko Eskuinaldeko lantegietan (Ezkerraldean gutxixeago); Gipuzkoako CCOOen korronte nagusiena kontrolatzen zuen; eta Iruñean eta Tuteran presentzia nabarmena zeukan. OIC-EKEren kasuan, Gipuzkoa izan zen erakunde horren indargune estataletako bat (batik bat, Oarsoaldea inguruan), bertan Langile Komiteak (Comités Obreros) erakundearen bidez parte hartzen zuen langile mugimenduan. LCR-LKIk, LCk eta PTEk ere presentzia nabarmena (baina eskualdearen arabera aldakorra) izan zuten, eta baita bestelako alderdi eta elkarte erradikal minoritarioagoek ere. Gasteizen, aldiz, mugimendu erradikalen garapena berantiarra eta autonomoa izan zen, 1976 urtearen hasieran bat-batean lehertu zena[5]. Ipar Euskal Herriari dagokionez, bestalde, ezker erradikal frantziarrak Hegoaldean baino eragin gutxiago izan zuen: Ligue Communiste Révolutionnaire (LCR) trotskistaren eta Révolution! sasi-maoistaren presentzia izan zen.

Espainiako lurralde gehienetan ez bezala, ezker erradikaleko alderdiek langileen aldarrikapenekin bat egitea lortu zuten eta masa mobilizazio arrakastatsuak gidatu zituzten, PCE erreformistaren ahalmenaren gainetik. Esate baterako, 1974ko abenduaren 11an MCEk, ORTk, eta Gipuzkoa eta Nafarroako Langile Batzordeek (Eskuinaldeko CCOOen, ORTren, MCEren, LCR-ETA VI.ren eta LCren babesarekin batera) greba orokorrerako deialdia egin zuten, CCOOen Koordinadora Orokorraren eta PCEren iritziaren aurka. Arrakasta handiko mobilizazioa izan zen, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako 200.000 bat langile mobilizatu zituelako. Greba horrek Hego Euskal Herrian PCEren eta alderdi iraultzaileen artean zegoen indar korrelazio berezia agerian utzi zuen. PCEren ezkerrera kokatzen ziren alderdiek giharra erakutsi zuten eta Carrilloren alderdiaren gidaritzarik gabeko mobilizazio arrakastatsuak egin zitezkeela argi geratu zen[6]. Ezker abertzaleak, bien bitartean, langile mugimenduan eragiteko ahalmen mugatua zeukan. Adar militarraren gehiegizko pisuaren ondorioz, ezker abertzale zibila eratu gabe zegoen, eta horrek, sektore sozial zabalagoekin harremana lotzeko zailtasunak sortzen zizkion.

Ezker abertzaleak, bien bitartean, langile mugimenduan eragiteko ahalmen mugatua zeukan. Adar militarraren gehiegizko pisuaren ondorioz, ezker abertzale zibila eratu gabe zegoen, eta horrek, sektore sozial zabalagoekin harremana lotzeko zailtasunak sortzen zizkion

1977ra arte, mobilizazioen joera orokorra gorakorra izan zen: gero eta jendetsuagoak eta arrakastatsuagoak. Gainera, mobilizazioetako aldarrikapenetan elementu gehiago txertatzen hasi ziren, mota askotariko deialdiak nahasten baitziren: borroka fronte bakoitzeko aldarrikapenetatik hasi (auzoko, ikastetxeko edota lantokiko aldarrikapen laboralak), beste lantoki batzuekiko elkartasun lanuzteetatik pasa, eta izaera erabat politiko edo antierrepresiboa zutenetara arte. Aldarrikapen guztiak —hurbilekoak eta konkretuak zirenak zein orokorragoak zirenak— batera egiten ziren, dena nahasi egiten baitzen. Ondorioz, lantegietan etengabeko aktibitatea zegoen eta orduko militante batzuek esaten duten bezala: «ez zen hilabete bat bera izan soldata oso-osorik kobratu genuenik».

Gainera, gizarte sektore zabalen onarpena eta errekonozimendua zeukaten eta militanteek babes hori sentitzen zuten. Baina ez bakarrik langile mugimenduan, beste gizarte mugimenduetan ere borroken dinamizatzaile eta antolatzaile papera jokatu zuten. Auzo mugimenduak, esaterako, langile auzoetako biztanleen beharren inguruko borrokak antolatu zituen, azpiegitura eta bizi-baldintza egokiagoak eskatzeko. Mugimendu feministan, halaber, ezker iraultzaileko militanteek ere oso paper garrantzitsua jokatu zuten, lehendabiziko elkarte feministen sorreran parte aktibo izan baitziren.

Alabaina, mugimendu horietan parte hartzen zuen elementu antolatu aktiboena zen arren, ezker iraultzaileak mobilizazioen gainean zeukan gidaritza eta kontrola eztabaidagarria zen. Izan ere, mobilizazioetako asko oso modu espontaneo eta kontrolatu-gabean gertatzen ziren, masa mugimenduak autonomia handia zeukan eta. Batik bat, eraso errepresiboei eman beharreko erantzunetan, horietan mobilizazioak bat-batekoak eta masiboak izaten baitziren, Gasteizko sarraskiari (1976) edo Amnistiaren Aldeko Astean (1977ko maiatza) gertatutako heriotzei emandako erantzunak bezala. Ezker iraultzaileko alderdiek masa-mugimendu hura antolatzen zuten, baina ez zuten erabat kontrolatzen.

Edonola ere, 1970eko hamarkada erdialderako borrokak borborka zeuden, garai hartan giro soziopolitikoa irakiten ari zela baitzirudien. Langile mugimendua oso aktibo zegoen eta klase erakundeek protesta eta mobilizazioak egiteko baliabide eraginkorrak zituzten (klase elkartasuna eta Langile Batzordeak). Horren ondorioz, errepresioa oso gogorra izanagatik ere, aldarrikapenak lortzeko ahalmen handia zeukaten. Urte horietan, gainera, mobilizazio arrakastatsuei esker, lanaren errenta kapitalarenaren gainetik hazi zen; hau da, langileen presioaren ondorioz kapitalisten mozkin tasa jaisten hasi zen[7]. Hainbestekoa zen langile mugimenduaren ahalmena ezen lantoki batzuetan errebeldia eta insubordinazio keinuak (kasik kontrabotere txikiak) egiteko ahalmena zutela, eta horien ondorioz, askotan zuzendaritzak langile mugimenduaren eskakizunei men egitea besterik ezin zuen egin. Garai hartan, ohikoa zen lanaldia etetea biltzar handiak egiteko, eta horietan ehunka langile elkartzen ziren. Behin baino gehiagotan, halaber, poliziak militanteren bat atxilotuz gero, bere lankide guztiak greban jartzen ziren eta enpresariek agintariei atxiloa aske uzteko erregutu behar izaten zieten ekoizpenari berrekiteko. Horren guztiaren ondorioz, momentu batzuetan enpresarien autoritatea kolokan egon zen eta ordena soziala mehatxupean jarri zen. Ezker iraultzaileko militanteen artean, egoera aurre-iraultzaile baten aurrean zeudelako sentsazioa zabaldu zen.

Askotan zuzendaritzak langile mugimenduaren eskakizunei men egitea besterik ezin zuen egin. [...] momentu batzuetan enpresarien autoritatea kolokan egon zen eta ordena soziala mehatxupean jarri zen. Ezker iraultzaileko militanteen artean, egoera aurre-iraultzaile baten aurrean zeudelako sentsazioa zabaldu zen

ESPAINOLISMOA DELA ETA

Ezkerreko alderdi gehienen artean alderdikeria eta sektarismoa ohikoa zen eta oso maiz elkarri mokoka aritzen ziren. Eztabaidagai garrantzitsuenetako bat nazio auziaren ingurukoa izaten zen. Esparru estataleko alderdi ezkertiarrak ezker abertzalearen kritiken jomuga izaten ziren, espainolista, sukurtsalista eta estatalista izatea leporatuta; ezker abertzalekoei, aldiz, nazionalista burges txiki, chauvinista edo etnizista izatea leporatzen zitzaien. Zatiketak zatiketa, hala ere, egoerak eskatzen zuenean, ekintza batasuna nagusitzen zen eta mobilizazio garrantzitsuetarako mugimendu iraultzaile gehienak elkar hartuta aritzen ziren.

Frankismoaren azken urteetan, nazio auziak garrantzi handia izan zuen eta aldarrikapen nazionalek diktaduraren eraispenean paper azpimarragarria bete zuten. Frankismoaren errelato nazionalak eta lurralde antolaketaren ereduak, Espainiako nazio periferikoen sentimendu eta aldarrikapenekin talka egiten zuten. Ondorioz, frankismoaren aurkako borrokan euskal sinboloek (euskarak, ikurrinak, aldarrikapen nazionalek...) konnotazio positibo, demokratiko eta aurrerakoia hartu zuten. Antifrankismoa eta ezkertiartasuna euskaltzaletasunarekin identifikatu ziren eta oposizioko mugimendu guztiek bereganatu zuten. Identifikazio prozesu horrek, gainera, Euskal Berpizkunde Kulturalarekin bat egin zuen (ikastolen sorrera, euskara batua, literatura, Kantagintza Berria...).

Nazio kontzientziaren zabaltze hori, ziur aski, ez zen modu berean gertatuko V. eta VI. Biltzarretako eztabaidarik gabe edo ETAren jardunarengatik izan ez balitz. ETAk oposizioaren diskurtso orokorra erradikalizatzen eta gogortzen lagundu zuen eta kontzientzia antifrankista eta nazionala zabalduarazi zuen. Independentista izatera pasa ez baziren ere, ezkerreko gainerako erakundeek autodeterminazioaren aldeko aldarria onartu zuten, auzi erretoriko hutsa baino gehiago izan zedin.

Aitzitik, arestian esan bezala, ezker abertzalea ez zen masa mobilizazioetan eragiteko gauza, eta esparru estataleko ezker iraultzaileko alderdiak izan ziren kontzientzia nazionala langile mugimenduan eta oposizio antifrankistan txertatzeko meritua izan zutenak. Gainera, ekarpen garrantzitsua egin zuten, euskal sinbolo horien konnotazio positibo eta aurrerakoi hori lurralde erdaldunetan eta langile etorkinen artean barneratzen lagundu zuten eta.

Alabaina, ezker abertzaleak eta ezker iraultzaile estatalak nazio auziaren inguruko ezberdintasunak zituzten, batik bat lau auzitan: 1) Estatalistek autodeterminazioa defendatu zuten, abertzaleek independentziaren leloa lehenesten zuten bitartean; 2) Antolaketa ereduari dagokionez, estatalistak Espainiako alderdien euskal adarrak ziren, abertzaleek jarrera «sukurtsalistatzat» zeukatena; 3) Estatalistek Nafarroaren euskalduntasuna erreferendum bidez argitu nahi zuten. Abertzaleentzako, aldiz, Nafarroa Garaia Euskal Herriaren parte banaezina zen, galdeketa bidez zehaztu ezin zitekeena; 4) Azkenik, borroka armatuaren inguruko ezberdintasunak zituzten. Ezker iraultzaile estatalak ETAren indarkeriaren eraginkortasun iraultzailea zalantzan jartzen zuen, masa altxamendu iraultzaile baten aldekoak zirelako eta ez ETAren «terrorismo burges-txiki eta indibidualistaren» aldekoak.

Hala ere, esan bezala, ezker iraultzaile estatalak modu aktiboan parte hartu zuen aldarrikapen nazionalen eta euskaltzaletasunaren aldeko mobilizazioetan. ETAren korronte obreristetatik sortu ziren alderdietan nazio auziak beti izan zuen garrantzi handia eta gaiarekiko sentsibilitate berezia izan zuten (ETA VI.etik zetorren LKIn, batik bat). Gainerako alderdietan, mugimendu abertzaleekin harreman zuzenik izan gabe ere, antzera gertatu zen. ORT izan zen, ziur aski, nazio auziarekiko jarrera uzkurrena izan zuen alderdia; baina bere oinarri soziala –zuzendaritza ez bezala– euskal aldarrikapen nazionalekin oso identifikatuta sentitzen zen. Iparraldean ere, LCRk Frantziako Alderdi Komunista (PCF) jakobinoak baino jarrera positiboagoa izan zuen nazio auziarekiko: autodeterminazioaren aldeko jarrera izan zuen, nazio zapalduen borrokak babestu zituen eta ezker abertzalearekin harreman adeitsua izan zuen[8].

Beraz, esparru estataleko alderdiak espainolista anatemarekin gutxietsi bazituzten ere, aitortu behar zaie aldarrikapen euskaltzaleak eta nazio kontzientzia zabaltzen lagundu zutela. Gainera, alderdietako batzuek euskal jatorria zuten eta Estatu guztia kontuan hartuta, beraien indargunea (hots, militanteen zati mardulenetako bat) Hego Euskal Herrian zegoen. Ezker abertzaleak iraultza soziala eragiteko marko egokiena Euskal Herrikoa zela uste zuen, ezker iraultzaile estatalak, aldiz, Espainia osokoa. Baina auzi taktikoen inguruko eztabaidaz aparte, bi kultura politikoen arteko harremana estua izan zen eta elkarri elikatu zioten.

Esparru estataleko alderdiak espainolista anatemarekin gutxietsi bazituzten ere, aitortu behar zaie aldarrikapen euskaltzaleak eta nazio kontzientzia zabaltzen lagundu zutela

GAINBEHERA ETA LEKUKO ALDAKETA

Arestian esan dugun bezala, 1960ko hamarkadaren bukaeran eta 1970eko hasieran mugimendu askatzaileek aurrerapauso handia eman zuten eta zenbaitetan burgesiaren eta inperialismoaren agintea kolokan jartzea lortu zuten. Mehatxu horren aurrean burgesiak erreakzio prebentiboa jarri zuen martxan eta, horretarako, 1973ko Petrolioaren Krisiak eragindako beheraldia baliatu zuen. Ondoko urteetan metaketa eredu fordista-keynesianista atzean utzi eta eredu neoliberala ezarri zen, enpresarien mozkin tasaren berreskurapena eta langile mugimenduaren gainbehera ekarri zuena. Krisiaren kostua langileen gain erori zen eta harreman sozial berriek langile mugimenduaren porrota ekarri zuten.

Klase borrokaren joera orokorraren aldaketa horrek Euskal Herria trantsizio garai betean harrapatu zuen. Sarri ahazten den arren, gogoan hartu behar da frankismoa klase izaeradun erregimena zela. Diktaduraren sortzetiko arrazoiak langile mugimenduaren bultzada gelditzea eta burgesiaren mozkina ziurtatzea izan ziren. Baina 70eko hamarkada erdialdean, diktadurak burgesiari erabilgarri izateari utzi zion; langileen presioaren, krisi ekonomikoaren eta erakunde frankisten deslegitimazioaren ondorioz. Orduan, Gobernuak diktaduraren amaiera kontrolatu bat inprobisatu zuen, hitzarmen sozialaren bidez, sistema kapitalistaren onarpena ziurtatuko zuten babes sozial berriak bilatzeko. Enpresarien mozkinak ziurtatuko zituen hazkunde eredu berria behar zen, eta hori ezartzearen truke oposizioari errekonozimendu legala eta parte hartze publikoa eskaini zitzaizkion. Oposizio moderatuak (PSOEk, PCEk, EAJk...) monarkia konstituzionalaren marko berria ontzat eman zuen.

Horrekin guztiarekin batera klase borrokaren aldi berri bat ireki zen. 68 Luzearen txinparta iraultzailea orduan itzali zen, espektatiba iraultzaileen atea itxi zelako. Halaber, langile-klasearen gainbehera hasi zen eta sindikatuek jarrera erasokorra baino, defentsiboa hartu behar izan zuten. Gainera, orduantxe azaleratu ziren gizarte mugimendu berriak (feminismoa, ekologismoa, sexu askapena, bakezaletasuna...) bestelako hizkuntza, helburu eta borroka-ereduekin. Ondorioz, obrerismoak ordura arte gizarte mugimenduetan izan zuen zentraltasuna desitxuratu zen.

Testuinguru berri horretan, esparru estataleko ezker iraultzaileak eraginkor izateari utzi zion eta krisi larria bizi izan zuen. Oso zatituta zegoen kultura politikoa zen eta trantsizioan ez zuen asmatu programa bateratu eta koherente bat aurkezten. Gainera, zenbait momentutan haustura iraultzaile bat gerta zitekeela zirudien arren, gizartearen gehiengoak aukera moderatuen alde egin zuen. Urte gutxitan, babes sozial handia galdu zuten eta emaitza elektoral apalak lortu zituzten. Bere militante eta jarraitzaile ugarik «desengainu» handi bat bezala bizi izan zuten egoera[9]. Joera hori Europako alderdi iraultzaile gehienetan nabaritu zen, eta errebeldia hotsen oihartzunak 80ko hamarkadan barrena entzun baziren ere, mugimendua pixkanaka apaldu zen.

Baina, indar errebelde hura ez zen erabat eta kolpetik desagertu. Hainbat tokitan erresistentzia fokuak geratu ziren, batik bat aldarrikapen nazionalei lotutakoak: Euskal Herrian eta Irlandan izan ziren azpimarragarrienak. Trantsizioan zehar, eta konfrontazio eredu berriaren aurrean, ezker abertzaleak mugimendu erradikal eta hausturazalearen erreferente bilakatzea lortu zuen, monarkia konstituzional berriaren aurka modu eraginkorrenean eta gogorrenean borrokatzen zen mugimendu modura agertu baitzen. Ordura arte, ezker iraultzaile estataleko jarraitzaile izandako asko eta asko bereganatzea lortu zuen eta Herri Batasunaren bozkatzaile izatera pasa ziren. Abertzaletasunak iraultzaile askoren aterpe modura funtzionatu zuen.

Trantsizioan zehar, eta konfrontazio eredu berriaren aurrean, ezker abertzaleak mugimendu erradikal eta hausturazalearen erreferente bilakatzea lortu zuen, monarkia konstituzional berriaren aurka modu eraginkorrenean eta gogorrenean borrokatzen zen mugimendu modura agertu baitzen

Indar berri horren sorrerak ezker iraultzaile estataleko alderdiak ezustean harrapatu zituen eta zenbait momentutan noraezean aritu ziren. Gainera, zenbait akats taktikok kalte larria egin zieten alderdi horietako batzuei. ORTk, esate baterako, emaitza elektoral kaxkarren aurrean itxura moderatua irudikatzeko saiakera egin zuen, hautesleak erakartzeko asmoz, eta horrek 1978ko Espainiako Konstituzioaren aldeko baiezko botoa eskatzera eraman zuen. Baina zuzendaritza estatalaren erabaki hori alderdiaren galbidea izan zen, batik bat Euskal Herrian. Bere oinarri sozialak nazio auziarekin eta aldarrikapen antierrepresiboekin oso identifikatuta zeuden eta ez zuten erabakia begi onez ikusi.

Gainerako alderdi erradikalek ezin izan zuten HBren eta ezker abertzalearen erakarpen ahalmenaren aurrean erresistitu. PTEren Euskal Herriko adarrak, bere I. eta II. Konferentzia Nazionaletan (1978 eta 1979), independentziaren eta klase borrokaren marko autonomoaren aldarriak bereganatu zituen. PTEk eta ORTk, gainbeherari aurre egiteko, batasun prozesu bat egiteko saiakera egin zuten 1979-1980 inguruan. Baina berehalako porrota izan zen eta bi alderdiak denbora gutxian desagertu ziren. Beren militanteak norabide ezberdinetan barreiatu ziren: zati mardul bat ezker abertzalerantz edo gizarte mugimendu berrietarantz, beste batzuk (ORTko zuzendaritzakoak, esaterako) PSOEra eta beste askok politika utzi zuen. EMKk eta LKIk, aldiz, gehiago iraun zuten. 1980ko hamarkadan zehar HBren inguruan orbitatu zuten eta gizarte mugimendu berriei esker biziraun ahal izan zuten. Feminismoaren, intsumisioaren edo ekologismoaren sustapenean trebaturiko plataforma bilakatu ziren, baina boterea indarrez hartzeko prest zeuden alderdi leninistak izatetik urruti.

ONDORIOAK

Ezker iraultzailea klase borrokak frankismoaren hondar urteetan gurean hartu zuen formetako bat izan zen, eta aldi berean, 68 Luzea izenez ezagutzen den olatu iraultzailearen aldaera lokala. Akatsak akats eta kontraesanak kontraesan, mugimendu ezkertiar zabal eta aberatsa eratu zuten, langile mugimenduan ongi errotutakoa. Mugimendu hura ez zen antifrankismo hutsa, haientzako demokrazia parlamentarioa ez zen helburu bat. Sozialismoa helburu eta klase borroka ardatz zituzten estrategia iraultzaileak diseinatu zituzten eraldaketa sozial sakonak lortzeko asmoz. Mobilizazioen bidez, frankismoa higatzen ekarpen ordainezina egin zuten eta hainbat borroka sektorialetan garaipen partzial ugari lortu zituzten. 2008ko krisira arte eskubide ezinbestekotzat genituen asko («Ongizate Estatua»), esaterako, orduko borroken emaitza ziren.

Proiektu horrek, ordea, porrot egin zuen. Gaur eguneko ikuspegitik ameskeria dirudien arren, 60ko eta 70eko hamarkaden bueltan gertatu zen hori izan zen iraultza soziala eragiteko azken saiakera serioa, oraingoz behinik behin. Gizartearen zenbait sektoreren begietara aukera hurbil egon zen. Zentzu horretan, egia da elite burgesaren eta «euskal masa mugimendu erradikalaren» artean hegemonia soziala eskuratzeko lehia bizia izan zela, eta horrek monarkia konstituzionalaren ezarpena zaildu zuela. 1980ko hamarkadan zehar oraindik Estatuak legitimazio arazo larriak izan zituen Euskal Herrian. Baina egoera ez zen aurre-iraultzaile izatera iritsi, ez behintzat ezker iraultzaileak uste zuen bezala.

Porrota bizi bazuten ere eta belaunaldien arteko etena izan bazen ere, borroka horien guztien eragina gaur egunera arte ailegatu zaigu, gaurko mugimendu sozialetako izaera errebeldea markatu zuena. Orduko militante asko oraindik gure artean daude, eta azken urteetako pentsionisten mugimenduaren antolatzaile modura orduko hainbat eta hainbat maoista ohi edo trotskista ohi aurki ditzakegu. Hasieran esan bezala, kultura politiko hura oso gogorki kritikatu izan da, nire uste apalean, modu zorrotzegian eta bidegabean. Esperientzia laburra izanagatik ere, gure iragan hurbileko tradizio iraultzaile aberatsa osatu zuen.

ERREFERENTZIAK

[1] Espainiako Estaturako erreferentziazko obra: WHILHELMI CASANOVA, Gonzalo: Romper el consenso. La izquierda radical en la Transición (1975-1982), Siglo XXI, Madril, 2016.

[2] Langile-klasearen eraketa prozesua: PEREZ IBARROLA, Nerea, Langileria Berri Baten Eraketa. Iruñerria 1956-1976, Nafarroako Gobernua, Iruñea, 2017.

[3] Garaiko langile mugimenduari buruz: IRIARTE ARESO, Jose Vicente, Movimiento obrero en Navarra (1967-1977), Departamento de Educación, Cultura, Deporte y Juventud, Iruñea, 1995. IBARRA GÜELL, Pedro Ibarra, El movimiento obrero en Vizcaya (1967-1977). Ideología, organización y conflictividad, EHU, 1987.

[4] PEREZ IBARROLA, Nerea, Langileria Berri Baten Eraketa... 264-267.

[5] CARNICERO HERREROS, Carlos, La ciudad donde nunca pasa nada. Vitoria, 3 de marzo de 1976, Eusko Jaurlaritza, Gasteiz, 2007. ABASOLO, Jose Antonio, Vitoria, 3 de marzo: metamorfosis de una ciudad, Arabako Foru Diputazioa, Gasteiz, 1987.

[6] ESCRIBANO RIERA, Daniel: «Las Jornadas De Lucha De Diciembre De 1974 En El País Vasco», Fundación Salvador Seguí-Madrid (Koord.): Las otras protagonistas de la Transicion. Izquierda radical y movilizaciones sociales, Editorial Descontrol, 595-608. IRIARTE ARESO, Jose Vicente: «Otoño caliente en Navarra. La huelga general del 11 de diciembre de 1974», Geronimo de Uztariz, 14-15 zbk. (1999), 105-121.

[7] RODRÍGUEZ LÓPEZ, Emmanuel: Por qué fracasó la democracia en España. La Transición y el régimen del ‘78, Traficantes de Sueños, Madril, 2015. ETXEZARRETA ZUBIZARRETA, Miren (Koord.): La Reestructuracion del Capitalismo Español, 1970-1990, Icaria, Bartzelona, 1991.

[8] SALLES, Jean-Paul, La Ligue communiste révolutionnaire (1968-1981), Instrument du Grand Soir ou lieu d’apprentissage, Presses universitaires de Rennes, Rennes, 2015.

[9] BEORLEGUI ZARRANZ, David, Transición y melancolía. La experiencia del desencanto en el País vasco (1976-1986), Postmetropolis Editorial, Madril, 2017.

EZ DAGO IRUZKINIK