Jessica Guzman (Santiago de Chile, 1962) ARGAZKIA / Arteka
2020/02/11

Etxeko langile egoiliarra izan da urte luzez, eta gogoan iltzatuta izango ditu beti lanaldi amaigabeak, eta alderantzizko norabidea hartu duten erabateko mendekotasunak. Lana, etxebizitza, denboraren nozioa, jabetza; ezerezaren muga lausoetan urtuta eta gaindituta ikusi ditu egunez egun.

Egoitza Zumaian (Gipuzkoa) duen Malen Etxea emakume immigranteen elkarteko kidea da Guzman, eta buru-belarri dihardu barneko langileek bizi duten parada lazgarriari argia igortzen, eta behargin horiei guztiei ahotsa jartzen. Argi itsugarria, eta ahots ozen eta mingarria.


Lehenik eta behin, hitz egiguzu Jessicari buruz. Nola barruratu zen soldatapeko lanaren dinamikan eta, zehazki, nola hasi zen etxeko langile egoiliar modura jarduten?

Duela 12 urte lur hartu nuen hemen. Nire seme-alabak hazita zeuden ordurako, haien hezkuntza eta bestelako beharrak ordaindu behar nituen, eta Txilen askotariko lanetan aritu arren, iritsi zen une bat non jada ez nuen lanik aurkitzen. Lehengusina bat nuen Euskal Herrian bizitzen, eta etortzeko esan zidan. Halaxe egin nuen. Nire fantasien arabera, bi urte baino ez nituen hemen egingo; diru pixka bat lortu, eta Txilera itzuliko nintzen. Etortzen diren emakume guztiak bezala etorri nintzen: ilusio askorekin.

Nire buruan, lan bat nuen nire zain Euskal Herrian, esan zidatenaren arabera, eskari handia baitzegoen adineko pertsonak zaintzeko lanetan eta etxeko lanetan. Hona datozenek, badakite zein lan mota egitera datozen. Iritsi nintzen, eta hiru egunera, lanean nengoen. Garai hartan bestelakoa zen legedia, eta ez zegoen hiru urtera arte itxaron beharrik paperak eskatu ahal izateko; nahikoa zen laneko kontratua izanda. Hasieran ez nintzen etxeko langile egoiliar modura hasi, baina une batetik aurrera, kontratua behar nuelako hasi nintzen horretan lanean. Aldaketa bortitza izan zen. Ordutik, etenaldiekin izan arren, barneko langilea izan naiz hainbat etxebizitzatan, urte luzez.


Zein izan zen sektorean barneratzean topatu zenuen errealitatea? Zein eragin du, zuen kasuan bezala, lana eta bizitokia eskutik joateak?

Urte luzez luzatzen den tranpa baten barruan aurkitzen zara bat-batean. Zure etxera dirua bidali behar duzu derrigorrez, eta lan miserableak baldin badira ere, onartu egiten dituzu azkenean. Egoiliar modura nuen lanpostu bat galdu nuen hemen duela urte batzuk; une batetik bestera, lanik gabe geratu nintzen, eta beraz, etxerik gabe. Ezer gabe.

Nire lagunen laguntzari esker biziraun nuen, jangela batean bizitzen. Hilean 500 euroren truke etxe batean berriro barneko langile hasteko aukera suertatu zitzaidanean, onartu egin behar izan nuen. Zirkulu batean harrapatuta ikusi nuen nire burua: diru oso gutxirengatik lanean, kontraturik gabe, une batzuetan paperik gabe -kontraturik gabe egotean galdu egiten nituen-, baina, hortik atera ezinik. Garratzak dira parez pare topatzen dituzun egoera asko, muturrekoak; inoiz biziko ez zenituela uste zenuen, baina gertatzen zaizkizu.

Hilabetez hilabete eta urtez urte bizitakoek hausnartzera eraman ninduten. Gogoratzen dut, egoiliar modura ari nintzen urte batean, familia enplegatzaileak nahi zuela nik Eguberri egunean zein Urte Berri egunean ere lan egitea. Nik erantzun nion langile bat nintzela, ordutegi bat nuela, egutegi bat, eta hori errespetatzeko eskatu nion. Kaleratu egin ninduten, Gabonetan. Nire egoerari erreparatu nion, eta pentsatu nuen: niri hau gertatzen bazait, zein izango da paperik edo lagunik ez duten emakume langileen kasua? Nolakoa izango da zorrez itota daudelako hemendik atera ezin dutenen egoera?


Zein dira, orokorrean, etxeko langile egoiliarrek jasan behar dituzten lan eta bizi baldintzak?

Arazo larrienetakoak erroldatzeari eta Immigrazio Legeari lotutakoak dira. Zailtasunak egon ohi dira erroldatzea lortzeko, eta horren mende gaude; errolda agiririk ez badugu, ez gara existitzen hemen. Emakume ikusezinak garela dirudi, baina hemen gaude. Immigrazio Legeak, paperak eskuratzeko, derrigortzen zaitu gutxienez hiru urtez bertan bizitzera. Horrek eragiten duen bakarra da, hiru urtez, emakume horiek are lan miserableagoak onartu behar izatea; lortzen duen bakarra da, ia dohainik jarduten duten hamaika esklabo sortzea, klandestinoak. Dena den, paperak behar bezala izanda ere, ez da askoz hobea egoera. Etengabe bilatzen dugu lana. Beti gaude trantsizioan, beti gaudelako lan bila.

Jende askok ez du ulertzen langile egoiliarrek egiten dutena soldatapeko lan bat dela. Langileak gara eta ezarritako ordutegi zein egutegiak izan behar ditugu, baita eskubideak ere. Barne langileek, esaterako, atsedenerako eskubiderik ez dute; gehienez, egunean bi ordu dituzte libre, eta askok, asteko zazpi egunetan egiten dute lan. Egunero, 22 orduz. Egunean zortzi ordu lan egitea gogorra bada, imajinatu 22 ordu etxe batean sartuta. Zaurgarritasuna ikaragarria da, egun osoa etxean bakartuta ematen baduzu; aisialdirik gabe, bizitza sozial edo afektiborik gabe. Ez dakit zein zentzu komun klase falta den, ulertzeko hori ezin duela jasan pertsona batek. Egiten da, baina oso gogorra da.

Egoiliarrek zaindutako pertsonen artean, askok dituzte askotariko gaitzak, dementziak kasu, eta esnatu egiten dira gauean zehar. Beraz, hala egin behar dute egoiliarrek ere. Eta hurrengo egunean berriro jaiki behar dute lanerako, berriro egun osoa lanean egiteko. Epe luzera, horrek eragina du langileen osasunean: nahasteak sortzen dira buruan, neurosiak, erotzen hasten zara inor ohartu gabe. Gainera, egoiliar batzuek logela propioa ere ez dute eta zaintzen dituzten pertsonekin edo sofan egin behar dute lo. Lo egiteko edota intimitaterako eskubiderik ere ez dute.

Bestalde, familia enplegatzaile askok, medikuarengana edota Atzerritartasun Bulegora joateko oztopo handiak jartzen dituzte, derrigorrezko hitzorduak izanik ere. Askotan, guk geuk ordaindu behar izan diogu ordezko bati, medikuarengana edota paperekin izapideak egitera joan ahal izateko. Ez gara jabetza bat, nahi duten denboran gehiegikeriaz erabili dezaketena. Zure etxean jarduten duen langile egoiliarra ez da zure altzari bat. Langile bat da.


Nora edo norengana jotzen duzue langile egoiliarrek halako egoera gogorren aurrean?

Bakartze handia bizi dugu sektorean. Emakume atzerritar asko eta asko datoz bakarrik hona eta bakarrik jarraitzen dute; ez daukate babestuko dituen familiarik, langabezian geratuz gero etxean hartuko dituen seniderik. Ez daukate nora jo. Bi maleta soinean zatoz hona, eta ez daukazu beste ezer. Beraz, babestuko zaituen lagun sare bat izatea lortzen ez baduzu, galduta zaude, bakarrik eta zaurgarri zaudelako. Eutsiko zaituen esku bat behar duzu, esku lagun bat.

Zoritxarrez, langile askok ez dute beren egoera salatzen. Bizitzen ari zarena onartzera iristen zara batzuetan; beharrezkotasun egoera batean zaudelako, familia bat duzulako, zorrak dituzulako. Onartu egiten duzu sakrifikatu egingo zarela, ez hainbeste zure buruagatik, zure  seme-alabengatik baino. Nik askotan pentsatu izan dut "sistema honetan jarraitu behar dut nire familiak nire beharra duen bitartean". Jasanezina dena jasaten duzu, eta horrek ez zaitu otzan egiten, baina egoera onartzen duzu.

Hala ere, gu oso duinak garela uste dut; ezer eskatu gabe ere. Duintasuna dago tartean. Ez duzu inoiz emakume latino bat kalean lotan ikusiko, beti izango du laguntza emango dion kide bat. Gogoan dut kasu bat kale gorrian geratu zen emakume batena, baina gauak ohe batean pasatu zituena. Izan ere, etxeko langile egoiliar modura ari zen bere lagun bat, eta gauero-gauero, 23:00etan, berak lan egiten zuen etxean sartzen zuen, ezkutuan. 07:00etan egiten zuen alde gero. Laguna gauero arriskatzen zen lana galtzera, laguntzeagatik. Emakume ausartak dira hona datozenak; itsaso oso bat zeharkatzen dute, bakarrik sarri, eta aurrera egiten dute.


Zein lan egiten duzue Malen Etxean?

Duela 16 urte inguru jarri zuten martxan Malen Etxea, eta nagusiki, emakume immigratzaileen eskubideen defentsan aritzen da. Besteak beste, aterpetxe bat dugu Zestoan (Gipuzkoa), duela zazpi urte ireki genuena. Elkarte txikia gara, baina oso borrokalaria. Saiatzen gara, esaterako, gure ahalduntzea ehuntzen. Hona iristen dira erabat suntsituta eta txikituta dauden kideak; izan ere, pentsatzen dute eurei bakarrik gertatzen zaiela euren haragitan bizitzen ari direna. Arazo berberak bizi dituzten beste emakume batzuekin hitz egitea, norbaiti galdetu ahal izatea "normala al da gertatzen ari zaidana?", eta norbaitek "ez, ez da normala" erantzutea... Oso lagungarria da.

Kide batzuk beldurtuta iristen dira, beren egoeragatik izututa, eta oso lagungarria zaie ikustea beste emakume batzuek ere arazo berberak izan dituztela; ikustea ez dela banakako zerbait, indibiduala. Horrek indartsuago egiten ditu, ez dute soilik haien burua ikusten arazo horiekin. Elkarrizketa batean, norbaitek enplegatzailearekin hitz egitera anima ditzake, bidezkoak ez diren egoerak ez onartzera. Askotan, haien erantzuna da "baina kaleratu egingo naute"... Eta guk erantzun diezaiekegu: "Kaleratu zaitzatela, ez zara bakarrik egongo". Bakarrik egongo ez direla jakiteak egiten du haiek ausartzea, eta euren egoera aldatzeko indarra izatea. Eta askotan, arazo batzuk konpontzea lortzen dute. Beste batzuetan, ez. Kaleratu egiten dituzte. Niri gertatu zitzaidan bezala, Eguberri egunean eta Urteberri egunean lan egingo ez nuela esan nienean. Baina nik ez nuen hori onartuko, egun hoietan ez nuen lanik egingo, eta kitto.

Egia da badirela hainbat egoera, non oso zaila den kideak laguntzea. Esaterako, sexu-abusuak gertatzen dira gure lanetan; ezagutzen ditugu gau oso bat bahituta pasatu behar izan duten emakumeak. Sinestezinak diren egoerak. Salaketa aurkeztera lagundu behar izan diegu hainbat kideri.

Bestetik, handi geratzen ari zaigun auzi bat ere bada: sexu salerosketa izan den modura, lan salerosketa gertatzen ari da egun. Badira mafiak Nikaraguan esaterako, lan salerosketan jarduten dutenak. Hona mugitzeko bidaia-txartela erosten dizute, abala eskatzen dizute -etxebizitza bat izan ohi dena- eta gero, dirutza eskatzen dizute trukean. Hala, emakumeak hona etortzerako, zorretan daude mafia horiekin, eta irabazten duten diruaren zenbateko handi bat bideratu behar izaten dute lukurariei ordaintzeko. Gainontzeko dirua, senideei bidaltzen diete. Kide horiek ia edozein lan onartu behar izaten dute, derrigorrez. Baina ezkutuan daude kasu horiek ere.

Orokorrean, errealitate ugari dira itzalpean geratzen direnak. Gogorra da zortzi ordu lan egin behar izatea; are gehiago 22 ordu egin behar izatea. Gai batzuen inguruan ez da hitz egiten, esaterako, lanaldi murrizketen inguruan. Izan ere, liztorren panel baten modukoa da hau, eta ukituz gero eta liztorren bat ateraz gero, guztiak atera daitezke ziztu bizian liztor habitik.

EZ DAGO IRUZKINIK