Arte sozialistaren kontzeptua mahaigaineratu izan dugu azkenaldian EKIDA kultur ekimen sozialistatik eta abarretatik, politika sozialistari artearen esparrutik ekarpenak egin diezazkiokeen arte-ekoizpena antolatzeari begira. Hemen, arte sozialistaren artikulaziorako kontuan hartu beharreko zenbait elementu errepasatu eta azaldu nahi dira, abiapuntu moduko batzuk ipintzeko, bestelako posizio batzuen kritikan eta teorizazio garrantzitsuetan barrena.
PORROTAREN KULTURA
Garai zailetan bizitzea egokitu zaigu: zerbait galdu izanaren sentipenak biltzen du gure garaia, munduratu ginenerako eginbehar handiak jada amaituta zeudenaren sentipenak, gure neurriko lekurik topatu ezinarenak. Krisi kapitalistaren sakontzeak testuingu objektiboa jarri du proletarizazio-prozesua azkartzeko, egitura soziopolitikoak deuseztatzeko eta ezegonkortasun soziala areagotzeko, baina zinezko larritasuna egoerari alternatiba erradikal bat eskain diezaiokeen subjektuaren gabeziak azaleratzen du. Historiaren amaiera deitu izan zaio, «errealismo kapitalista» ere bai.
Beñat Aldalurrek, aldizkari honen uztaileko zenbakian, zehatz deskribatzen zuen gure garaia «presente absolutu» gisa: «Objektiboki, ez baitago ezer kapitalismoaren mederakuntza totaletik haraindi. Subjektiboki, esperantzarik gabeko jendartea delako gurea, berehalakotasunetik harago begirada zabaltzeko gai ez dena» [1]. Gaurko egunari eta etorkizunari bestelako norabidea eman diezaiokeen subjektu politiko indartsu baten faltan, kosmobisio kapitalistaren hegemonia erabatekoak bizi gaitu. Dena determinatzen eta estandarizatzen du Kapitalak, etengabe eta zeharo. Orain, truke-harremanaren logikak dinamizatzen ditu gure bizi-ohiturak, gure bizi-perspektibak soldatapeko errejimenaren menera baino ez ditugu eraikitzen, eta krisiak gogor jotako garaiotan, ezegonkortasun ekonomikoaren eta pobretzearen itzulpen kulturala desesperantza eta etsipena dira. Areago, egoeraren okerragotzea norbere larruan sentitzen denean, inpotentziara eta frustraziora jo ohi da, modu erreakzionarioenean sarritan, egun langileon bizimoduetan biolentziak hartzen duen pisuak azaleratzen du hori. Inpotentziaren orokortzea ere, finean, ez da inpotentzia politikoa baino: egoera lazgarria modu positiboan ebatzi dezakeen subjektu historikoaren gabezia.
Porrotak izan behar du, ezinbestean, gure garaiaren kultur azterketaren abiapuntuetako bat: ortzi-muga askatzailearen porrotak, proiektu komunistarenak, finean. Aurreko klase-borroka iraultzailearen zikloaren amaierak proletalgo iraultzailearen armagabetze politiko, kultural eta ideologikoa izan zuen amaieratzat, eta horrexen ondorioak dira, besteak beste, bizi ditugunak; kosmobisio kapitalistaren gailentzearen ondorioak, eta kosmobisio komunistaren ezabapenarenak.
Euskal Herriko testuinguruan ere ez da desberdin. Politika iraultzailea ardazteko gaitasuna izan zuen nazio-askapen mugimenduak hemen eta haren porrota eta likidazioa ikusi ditugu parez pare, aipatutako nazioarteko klase-borrokaren ziklo historikoaren bide beretik, baina hamarkada batzuk beranduago. Horrek ahalbidetu du belaunaldi berrietaraino iristea erreferentzia iraultzailea eta kultura politiko baten hondarrak. Aldi berean, ordea, begien parean ikusi dugu erortzen eta porrotaren testuinguruak bildu du gure gaztaroko politizazio-aldia. Derrotismoa izan da nagusi –besteak beste, ezker abertzalearen korronte erreformistaren finkatzearekin eta bide iraultzaile oro oztopatzearekin, baina betiere klase-borrokaren nazioarteko egoerarekin loturan–, eta nago azken hamarketan Euskal Herrian egondako ekinbide gehientsuenek derrotismo hori dutela oinarrian: apolitikotasuna gailendu da modu azkar eta nabarmenean, etika iraultzailearen ukoa orokortu da, epe luzeko bizi-perspektiba iraultzaile oro desagertu.
Gagozkion gai zehatzera etorrita, aipatu izan da esparru artistikoan ere izan duela eraginik derrotismo egoera horrek. Garai bakoitzeko arte-ekoizpena ezin bereizi daiteke garai horretako bertako prozesu sozial orokorretik eta egoera politiko-kulturaletik, nago testuinguru horretan bilatu behar dela azken buruan artelanen eta artisten izateko arrazoia. Zentzu horretan, porrotarekin eta presente absolutuarekin lotu behar da arte-ekoizpenaren egungo egoera orokorra: merkantzia-ekoizpenari proiektu gisa kontrajarri dakiokeen ezer gabe, merkantilizazioaren logika gailendua da inoiz baino areago, artelanak gero eta gehiago estandarizatuz, homogeneizatuz eta banalizatuz. Asko hitz egin izan da arte garaikideak berrikuntzarako, hausturarako eta autentizitaterako duen ezintasunaz [2]; nire iritziz ezin liteke egoera hori kosmobisio kapitalistaren egungo hegemonia totaletik aparte ulertu.
Euskal Herriko kasuan ere, arteak bete izan duen funtzio politiko ukaezinari begiratuta, gehiegitxo luzatu da Euskal Rock Erradikala deitu izan zaionaren formula, gure garairaino desfasatuta iritsi dena, errealitate derrotista eta apolitikoarekin bat ez zetozen mezuekin eta forma estetikoekin. Bestalde, azkenaldian ugaritu egin dira egoera artistikoari eredu horrez bestelako aterabidea eman nahi dietenak: «arte panfletarioa»ren aurka ahotsa altxatzen dutenak, artisten autonomiaren alde hitz egiten dutenak eta artearen politikotasuna, inon egotekotan, errealitatea islatzean dagoela diotenak [3]. Posizio horiek derrotismoaren erreakzio gisa ulertu behar direla uste dut: ulertzekoa da borondate kolektiboa eta jardun artistikoa motiba ditzakeen kultura politiko sendo baten gabezian –eta oinordetzan jasotako eredu artistiko ahul batekiko kontrakotasunean–, artistek apolitikotasunera jotzea, ezegonkortasunetik sortutako sinesgabekeriara.
Derrotismoak definitzen du, besteak beste, gure garaia, baita artearen esparruan ere, eta posizio estetiko-politiko garaikide hainbat derrotismo horri eman nahi zaion aterabidearen araberakoak dira. Baina erreakzio bezainbat dira derrotismoaren espresio: posizio politiko iraultzaile batek aterabidea ez du inoiz sinesgabekerian eta apolitikotasunean topatuko, prozesu iraultzailearen berraktibazioan baizik, nahitaez.
Derrotismoak definitzen du, besteak beste, gure garaia, baita artearen esparruan ere, eta posizio estetiko-politiko garaikide hainbat derrotismo horri eman nahi zaion aterabidearen araberakoak dira
ARTEAREN LEKUA KLASE-BORROKA KULTURALEAN
Dekadentzia eta derrotismo kulturalari eman dakiokeen baliozko aterabide bakarra aterabide erradikala da: kosmobisio komunistaren berreraikuntza abiatzea, alderdi komunista historikoaren eraikuntza-prozesuaren adar gisa. Gaurtik irakurrita, ia 1964ko Harri eta herri hartan baino are indar gehiago har dezake Arestiren esaldiak: «hau ez da zortziko txikiaren ordua» dioen hark, gaurkoa ez dela txikikerietarako garaia, alegia, erabateko porrotari posiziorik eta sendoenez erantzun beharra dagoela, nahitaez. Baita eremu artistikoari dagokionez ere.
Artearen merkantilizazio eta estandarizazio basatiko garaiotan –zeinetan funtzio soziopolitiko emantzipatzailea betetzeak ez ezik, arte-egituren garapen tekniko-formal aurrerakoi batek ere ezinezkoa baitirudi–, askoren tentazioa da prozesu horien erroak ukitu gabe artistaren izaera sortzailea aldarrikatzea eta artearen berrikuntza besterik gabe sustatzea. Artista indibidualen borondateak, ordea, indartsua izanda ere, ahalmen urria du historia gidatzen duten prozesu sozial indartsuen aurka: kapitalismoari antagonikoki kontrajartzen zaion posiziotik eginak ez badira, berrikuntza eta haustura artistikoek ez diote osotasunari kritika egiten, kultura kapitalista bera berritu –eta, beraz, betikotu– baizik [4]. Komeni da Gramsciren pasarte gogoangarri bat hona ekartzea:
Arte berri baten alde borrokatzeak artista indibidual berriak sortzeko borrokatzea esan nahiko luke, eta hori absurdua da, ez baita posible artistak artifizialki sortzea. Kultura berri baten aldeko borrokaz hitz egin behar da, hau da, bizitza moral berri baten aldeko borrokaz, derrigorrez egongo dena estuki lotua bizitzari buruzko intuizio berri bati, errealitatea sentitzeko eta ikusteko modu berri bat bihurtzeraino, eta, beraz, mundu bat «artista posibleak» eta «artelan posibleak» beregan daramatzana [5].
Pasarteak ezin egokiago kokatzen du auzia, nik uste, arte-ekoizpenak garaian garaiko kultur egiturekin –gizataldeek dituzten ulermen- eta jokabide-egiturekin– duen berezko lotura azaleratzen baitu. EKIDAtik, definizio bat ematekotan, ekoizpen sozialaren adar gisa definitu izan dugu artea, zeina halaber baita kultura baten espresio estetikoa. Horrekin esan nahi izan dugu arterik ez dagoela kulturarik gabe: ezin da, esaterako, artista baten ekoizpen-prozesua bere esperientzia sozialetik aparte ulertu, ezta artelan bat interpretatzeko moduak historikoki determinatutako ulerkera eta jokabideetatik deslotu ere. Horrek ipintzen ditu politika artistiko-kultural komunistaren oinarriak: ez dago eraldaketa artistiko erradikalik eraldaketa politiko eta kultural erradikalik gabe. Edo, Gramsciren hitzetan esateko, «kultura berri baten aldeko borrokaz hitz egin behar da», arte berri baten aldekoaz bainoago.
Horrek ipintzen ditu politika artistiko-kultural komunistaren oinarriak: ez dago eraldaketa artistiko erradikalik eraldaketa politiko eta kultural erradikalik gabe
Horri deitzen diogu, hain justu, klase-borroka kulturala: eraldaketa politiko-kultural erradikalari, burgesiari gizataldeon eguneroko ulermen- eta jokabide-egiturak dinamizatzeko boterea erauzteari. Kosmobisio kapitalistak klaseei lotutako kultur blokeak hegemonizatzen dituen artean, klase-dominazioa kulturalki ere betikotzen du, Kapitalaren kategorien araberako mundu-ulerkera alienatua inposatuta. Posizio komunistak, gizarte kapitalista gainditu dezakeen subjektu politiko gisa, gizarte horri osoki kontrajartzen zaion antolakuntza garatu beharra dauka, baita kulturalki ere. Kosmobisio komunistaren eraikuntza da hori, bere zapalkuntza-egoera egoki ulertzen lagunduko dion mundu-ikuskera bat, mundu askearen ernamuina izango dena gaurdanik. XIX. mende amaieran eta aurreko mende hasieran, antolakuntza komunista gai izan zen langile-masa zabalen ulerkerak eta jokabideak iraultza sozialaren norabidean gidatzeko, burgesia bera izan zena baino indartsuago. Orain, berriro heldu beharra dago eginbehar horri.
Kosmobisio komunistaren hegemonizazio-prozesua antolatzea da komuniston eginbehar garaikideetako bat: kultur bloke proletarioa eraldatzea subjektu iraultzaile gisa, bestelako ulermen-marko eta jokabide-etika batzuen arabera. Horretarako funtsezkoa da komunikazio-organoen auziari serio heltzea, kosmobisio komunistaren transmisio- eta sozializazio-bideak modu imajinatiboan pentsatzea. Finean, esanahien ekoizpen-bitartekoak izango diren organo politikoak sortzea eta antolatzeaz ari naiz, gero eta masa zabalagoengana iristeko gaitasuna izango dutenak [6]. Hedabideek funtsezko papera betetzen dute hor –ikus-entzunezkoek, egun, gero eta gehiago–, aktualitateari eta bizi gaituen munduari begiratzeko modu erradikalki desberdin bat hedatzeko, baita aurrez aurreko saioek, hitzaldiek eta antzekoek ere. Arte sozialistaren funtziorik behinena ere hor kokatu behar delakoan nago.
Arte sozialistaren kontzeptuak definizio zabala bezain zehatza behar du, oroz gain kontzeptu politiko bat izan dadin. Bertolt Brechten definizio batek oinarri egokia eman diezaguke; errealismo sozialistari egindako bere kritikan honela dio: «Irizpideak ez luke izan beharko obra edo deskribapen batek errealismo sozialistaren barruan sartzen diren beste obra eta deskribapen batzuen antza daukan ala ez, baizik eta errealista eta sozialista den ala ez» [7]. Interesgarria zaigu Brechten ikuspegia, hain justu arte sozialistaren auzia haren funtzio politikoan kokatzen duelako: arte sozialista da antolakuntza komunistari ekarpen politikoak egiten dizkioten arte-espresioen multzoa, eta, beraz, irizpide politikoek gidatzen dute irizpide estetiko-formalek bainoago. Klase-borroka kulturalean daukan lekuak ematen dio izateko arrazoia arte sozialistari, mundu-ulerkera komunistaren espresio eta zabalkunde-bidea delako, aldi berean.
Arte sozialistak genero eta diziplina artistikoak zeharkatzen ditu eta funtzio politiko antolatu bat izateak ematen dio kohesio kontzeptuala. Artearen esparruan ere organo politikoak antolatu behar dira, gero eta artista gehiagok gero eta diziplina gehiagotatik lan egin dezan, indar bateratu gisa, politika sozialistaren eginbehar kulturalekin koherentzian eta haiei diziplinatuta. Hor itzultzen gara Gramscirengana, arte sozialista –«arte berri bat»– kultura berri batekin loturan baino ez baita posible izango; kosmobisio komunistatik abiatuta eta hura hedatzeko funtzioarekin, alegia.
Artearen esparruan ere organo politikoak antolatu behar dira, gero eta artista gehiagok gero eta diziplina gehiagotatik lan egin dezan, indar bateratu gisa, politika sozialistaren eginbehar kulturalekin koherentzian eta haiei diziplinatuta
Horrek nahitaez garamatza arte sozialista antolatzera bideko beste abiapuntuetako batera: artista ereduaren auzira. Kultur politika komunistari egokitutako arte baten beharraz hitz egiten badugu, derrigorrez hitz egin behar dugu arte-praktika horiek diseinatzeaz, sortzeaz eta exekutatzeaz arduratuko diren ekoizleez ere, bete beharko dituzten funtzioez eta ereduaz.
Artearen merkantilizazioaren finkatzeak eta gorago deskribatu dugun kapitalismoaren hegemonia kulturalak artista indibidual eta merkantilizatuaren logikan sakontzea ekarri du. Artista indibidualaren eredua gizarte burgesaren sorrerarekin finkatzen da bereziki, arte-ekoizpena sekularizatu eta aurrez betetzen zituen funtzio sozialetatik aske gelditzearekin bat. Historian lehenbizikoz dago artista indibiduala bakarrik; baina funtzio sozialetatik deslotzeak ezinbestean esan nahi zuen ekoizpen-modu kapitalistan integratzea eta, ondorioz, merkatuarentzat sortzea, norbaitentzat sortuko bazuen. Horregatik, artista indibidualaren eredua beti dago, oinarrizko zentzuan, eredu merkantilari lotua, baina eredu hori gainditzeko proiektuaren konpromisoak zeharkatu izan du, halaber, historikoki. Oraindik baliagarria zaigu Leninek eredu horri egindako kritika, azaleratzen zuenean artistaren askatasuna ez dela klase-dependentzia ekonomikoaren ifrentzua baino [8]. Demonizatu egin izan da Leninen «artista partidista»ren eredua, segur aski Sobietar Batasuneko politika artistiko-kulturalek gerora ekarriko zuten zurruntasunagatik, baina oinarrian ezin uka daiteke ikuspuntu marxista batetik: estrategia sozialistari atxikitzen ez zaion artista, berak nahi edo nahi ez, gizarte kapitalistaren erreprodukzioa betikotzeko ariko da lanean. Benjaminek ere bide paretsutik jotzen du: «[Bere klaseari egindako] traizio horrek sortzen du idazlearengan jarrera bat, zeinak ahalbidetzen baitio ekoizpen-aparatu bat elikatzeari uztea, aparatu hori iraultza proletarioaren helburuetara egokitzeko eginbeharra duen ingeniari bihurtzeko» [9].
Finean auzia hori da: artisten eta arte-ekoizpenaren garapen askearen alde egiteko, hura berma dezakeen gizarte komunistaren eraikuntzari atxikitzea eta diziplinatzea beste biderik ez dago.
Beharrezkoa izango dugu, beraz, arte sozialistaren garapena eta antolakuntza ahalbidetzeko organo politikoekin batera, haietan parte hartuko duten artistak biltzea eta lan-banaketan txertatzea. Artista sozialistaren eredua merkantilizatuarenaren justu kontrakoa da, borondate kolektiboak gidatzen duelako diruak edo interes indibidualek beharrean, bere gaitasun teknikoak eta artistikoak jartzen dituelako proletalgo iraultzailearen mesedetan. Horrela, literatura, antzerkia, musika, arte plastikoak, arte-diziplina eta genero guztiak eraldatu ahal izango dira beren funtzio garaikideari kontrajarritako bestelako funtzio bat betetzeko, arma politiko bihurtzeko berriro: mundu berri baten ulerkera hedatuko duten komunikazio bitarteko.
OHARRAK
1 Beñat Aldalur, «Faxismoa XXI. mendean. Konparaketa historiko bat», Arteka, 2021eko uztaila, 12. or.
2 Gureaz bestelako posizio bat defendatzen dute Kepa Matxainek eta Jon Urzelaik Sakoneta podcasteko aurreneko saioan («Moderno»). Kritikan eta eztabaidan sakontzeko, besteak beste: Walter Benjamin, «La obra de arte en la era de su reproductibilidad técnica», Iluminaciones, 2018, Madril: Taurus; eta Boris Groys, On the New, 2014, Londres: Verso.
3 Adibide gisa, Chill Mafia taldeko Kiliki Frexkoren hitzak: «2000ko hamarkadan, 2008ko krisiaren aurretik, letra esplizituki politikoak egitea apurtzailea zen. Baina gaur egun askoz politikoagoa da zure errealitateaz hitz egitea», El Salto, 2021eko apirila.
4 Benjaminek, iraultza sozialistari politikoki baliagarria izango zitzaion arteari buruz teorizatzean, artelanaren tendentzia politiko egokiak derrigorrez teknikaren aurrerapen egokia eskatzen zuela esan zuen. Irakurketa erreformista interesatuek tendentzia politikoaren aurkako testu gisa aldarrikatzen badute ere, Benjaminentzat harremana alde bikoa da: garapen tekniko-formal egokirik ere ez dago posizio politiko egokirik gabe, hots, soilik posizio komunistatik da posible. (Ikus: Walter Benjamin, «El autor como productor», Iluminaciones, 2018, Madril: Taurus).
5 Antonio Gramsci, «Arte y lucha por una nueva civilización», Escritos. Antología, 2017, Madril: Alianza.
6 Gai honi gagozkiola, ikus: Raymond Williams, «Means of Communication as Means of Production», Culture and Materialism, 2005, Londres: Verso.
7 Bertolt Brecht, «Sobre el realismo socialista», Manifiestos por la revolución, 2002, 61. or., Madril: Debate.
8 Lenin, «La organización del Partido y la literatura de partido», Escritos sobre la literatura y el arte, 1975, Bartzelona: Península.
9 Walter Benjamin, «El autor como productor», Iluminaciones, 2018, Madril: Taurus.
BIBLIOGRAFIA
Adorno, T. et al. (2007). Aesthetics and Politics. Londres: Verso.
Benjamin, W. (2018). Iluminaciones. Madril: Taurus.
Brecht, B. (2002). Manifiestos por la revolución. Madril: Debate.
Gramsci, A. (2017). Escritos (Antología). Madril: Alianza.
Groys, B. (2014). On the New. Londres: Verso.
Lenin, V. I. (1975). Escritos sobre la literatura y el arte. Bartzelona: Península.
Williams, R. (2005). Culture and Materialism. Londres: Verso.
"Se ha solido demonizar el modelo de «artista partidista» de Lenin, probablemente por la rigidez que las políticas artístico-culturales de la Unión Soviética acarrearían posteriormente, pero en la base no se puede negar desde una perspectiva marxista: el artista que no se adscriba a una estrategia socialista, quiera o no, estará trabajando para perpetuar la reproducción del sistema capitalista"
La base es mantener en la nómina del partido a una serie de artistas sobre los que el comité central establece las directrices de su producción artística y reprime al resto que se haya fuera? Y si el Partido y su C.C no son otra cosa que un órgano exterior al desarrollo de la lucha de clases e interviene como agente externo sobre una base ideológica producida por un grupo elitista que marca el camino según su propia dinámica y no sobre la realidad social en la que se haya?
"La posición comunista, como sujeto político que puede superar la sociedad capitalista, debe desa
...
Gehiago Irakurri
"Se ha solido demonizar el modelo de «artista partidista» de Lenin, probablemente por la rigidez que las políticas artístico-culturales de la Unión Soviética acarrearían posteriormente, pero en la base no se puede negar desde una perspectiva marxista: el artista que no se adscriba a una estrategia socialista, quiera o no, estará trabajando para perpetuar la reproducción del sistema capitalista"
La base es mantener en la nómina del partido a una serie de artistas sobre los que el comité central establece las directrices de su producción artística y reprime al resto que se haya fuera? Y si el Partido y su C.C no son otra cosa que un órgano exterior al desarrollo de la lucha de clases e interviene como agente externo sobre una base ideológica producida por un grupo elitista que marca el camino según su propia dinámica y no sobre la realidad social en la que se haya?
"La posición comunista, como sujeto político que puede superar la sociedad capitalista, debe desarrollar una organización que se le contraponga globalmente a esa sociedad, también culturalmente."
La "posición comunista" se transforma ahora en sujeto político? La idea es la que produce el sujeto? No es al revés? No es el supuesto sujeto el que lleva a cabo su posición política? Quién es el sujeto pues? Un proletariado como forma idealista sin lazos materiales con el devenir real de la lucha de clases y sobre el que se construye su órgano dirigente?
HEMEN ARGITARATUA