Mugimendu Sozialistaren jaiotza eta hazkundea erabat lotuta daude bizitzen ari garen Kapitalaren ekoizpen-krisi testuinguruarekin. Pobretzea, proletarizazioa, despolitizazioa (edo politikaren pobretzea), klase ertainaren krisia… izan ditugu ohikoan gure tesi eta praktika politikoaren erdigunean. Orrialdeotan ere izan dugu horietan sakontzeko aukera.
Oraingoan, arrazakeria eta arraza-zapalkuntza ditugu mintzagai, pobretze-tresna gisa, eta ez pobretze soil gisa. Izan ere, arrazakeria ez da krisi kapitalistaren ondorio pasibo soila, hau da, pobretze sozial eta politikoa bere horretan; indar aktibo bat ere bada pobretze-eragile gisa. Arrazakeria pobretze-iturria da, degradazio soziala eragiten duen beste edozein zapalkuntza bezala.
Arrazakeria ez da krisi kapitalistaren ondorio pasibo soila, hau da, pobretze sozial eta politikoa bere horretan; indar aktibo bat ere bada pobretze-eragile gisa
Jakina da krisi kapitalistak haustura soziala eragiten duela, eta haustura horrek taldekatze sozialaren areagotzea zein talde sozial desberdinen kanporaketa dakartzala. Krisi kapitalistarekin batera, lehen batasuna eta integrazioa zena, aniztasun ez-integratu bilakatzen da orain. Soberakin soziala sortzen da, eta horrekin batera subjektu menderatu eta zapaldu berriak artikulatzen dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, aurretik existitzen ez zirenik. Kontrara, hor zeuden, ekoizpen-modu kapitalistan bertan integratuta, funtzio jakin batzuekin, eta sozialki integratuta funtzio horien menpe; hau da, subjektu kapitalistaren parte integratzaile bat ziren. Krisiak, baina, elementu pobretuenak kanporatzen ditu, eta aurretiaz existitzen zen haustura azaleratu egiten da, gatazka politiko moduan: hor agertzen da arrazakeria, pobretze-tresna politiko gisa. Ez da, ordea, krisiarekin agortzen.
Arrazakeria estuki lotuta dago krisiarekin, baina bereziki klase ertainaren desintegrazioarekin. Klase ertaina, erdi-klase gisa, ez da klase antzu edo neutral bat sistema kapitalistarentzat; hau da, ez da bi poloen artean kokatzen den klase ez-funtzional bat. Hegemonia sortzaile eta zentzu komunaren eramaile da klase ertaina. Kultura-sortzaile den klase horrek sistema kapitalistaren kohesio funtzioak betetzen ditu; horregatik, hain justu, nahasten du kultura bere neurrira egindako ekoizpen ideologiko-merkantilarekin, eta kultura nazioarekin, izan ere, klase ertaina da nazioa. Klasearen desintegrazioarekin, funtzio horiek utzikerian erortzen dira eta integrazio sozialerako tresnak agortzen dira. Lehen integratzailea eta harmoniatsua zen klaseak, bere hondamendiaren arrazoia aurkitzen du bere pribilegioen ekoizle izan direnengan: besteak beste, pertsona migratzaileak eta emakumeak –biak ala biak proletarioak, eta soilik proletarioak diren heinean dira migratzaile eta emakume– bilakatzen dira jopuntu.
Lehen integratzailea eta harmoniatsua zen klaseak, bere hondamendiaren arrazoia aurkitzen du bere pribilegioen ekoizle izan direnengan: besteak beste, pertsona migratzaileak eta emakumeak –biak ala biak proletarioak, eta soilik proletarioak diren heinean dira migratzaile eta emakume– bilakatzen dira jopuntu
Desintegraziora bidean den klase ertainak bi aukera ditu: bere patua onartzea edo horri aurre egitea. Lehen bidea hartzen duenak, hau da, bere proletarizazioaren gertutasuna eta nahitaezkotasuna onartzen duen klase ertainak, etsaia bere egoera sozial berriaren arabera identifikatzen du. Ogibide proletarizatuetara kondenatuta dagoen klase ertain horrek konpetentzia berria du: lehenago bere pribilegioen ekoizle ziren, baina batik bat bere pribilegioak sozialki baliagarri egiten zituzten pertsona migratzaileak –pribilegioak pribilegio eza behar baitu sozialki baliagarria izateko– dira etsai konpetentzia kapitalistaren mundu honetan, migratzaile horiek klase ertainari bere lan berri proletarizatua kentzen ari zaizkiolakoan, nahiz eta benetan alderantziz izan; hau da, bera ari da migratzaileei lana kentzen saiatzen. Bigarrena hartzen duenak, hau da, kondizio sozialari eusteko tresnak dituen klase ertainak, ordea, krisian den Estatu kapitalistan bilatzen du sostengua. Klase ertainaren biziraupen artifiziala Estatuaren diru-laguntzen bidez bermatzen da. Krisi kapitalistak, ordea, Estatuaren gaitasunak murrizten ditu aipatutako zereginerako. Horrek murrizketak eskatzen ditu Estatuaren gastuetan, eta lehen kaltetua proletalgoa izan behar da, baina, bereziki, erraz identifikatu eta isolatu daitekeen proletalgoa: hasieratik bertatik funtzio subordinatua bete duen eta sozialki zokoratua izan den pertsona migratzailea.
Harritzekoa izan daiteke pertsona migratzaileen integrazio ezaz jardutea, beren kanporatzea klase ertain proletarizatuaren biziraupenerako beharrezko bilakatzen denean. Errealki, hamaika sasi-trikimailu kultural eta ideologiko erabili arren –telebistan ohikoak dira auzo-zurrumurru penagarriak–, integrazio sozialerako gaitasunen agortzeak honakoa esan nahi du: proletalgoak, eta kasu honetan zehazki proletalgo migratzaileak, jada ez du funtziorik betetzen burgesiaren boterearen ekoizpenean eta, ondorioz, jada ez da baliagarria klase ertainaren pribilegio-sistema eraikitzeko. Hau da, proletalgoa ez da integratzen, ekoizpen prozesu kapitalistatik kanporatua izan delako, berehalakoan.
Integrazio sozialerako gaitasunen agortzeak honakoa esan nahi du: proletalgoak, eta kasu honetan zehazki proletalgo migratzaileak, jada ez du funtziorik betetzen burgesiaren boterearen ekoizpenean eta, ondorioz, jada ez da baliagarria klase ertainaren pribilegio-sistema eraikitzeko
Egiazki, ordea, pertsona migratua ez da inoiz guztiz integratua izan. Hala izan behar da gizarte kapitalistan. Integrazioa bera tresna ideologiko eta kultural bat da komunitate jakin bat indartzeko, beti komunitate horretan onartzen ez direnen aurka, noski. Nazio baten eskubideen aitortzaren atzean, giza eskubideen mugaketa aurkitzen da, eta beste guztiei eskubide horiek ez onartzea. Berdin dio zein zentzutan definitzen den komunitate horrekiko partaide izatea: beti utziko du norbait kanpoan. Kontua da nor uzten den kanpoan eta zein baldintzatan. Arrazismoaren auzia argigarria de zentzu horretan. Baita nazionalismoarena ere. Biek, modu batera edo bestera, langile klasearen parte handi bat uzten dute kanpoan, eta beti proletarizatuena. Nazionalismoa, esaterako, nahiz eta naziotasunaren definizio aurreratuena eskaini, beti datza zehaztean nor ez den bere taldekoa eta nori ez zaizkion onartu behar talde horrek bermatzen dituen eskubideak. Eskubide horiek, noski, klase ertain nazional bati onartzen zaizkion eskubideekin bat egiten dute.
Kanporatze prozesu horren jarraikortasun eta errepikakortasunak ezaugarritzen du arrazakeriaren funtzio politikoa eta bere ondorio oinarrizkoena: arrazakeriak proletalgoaren pobretze orokorra dakar. Arrazakeriak pertsona migratzaileen marjinazioan eta debaluazioan laguntzen du. Pertsona horiek lan indar berdin gisa –eskubide berdinekin, alegia– sozialki integratzea ezinezko egiten du. Horregatik, arrazakeriaren emaitza langile klasearen debaluazio orokorra da.
Debaluazio hori, lehenik eta behin, ekonomikoa da. Langile-estratu baten debaluazioak haren balio ekonomikoaren galera esan nahi du, eta horrek ekoizpen-adar jakin bateko langile guztien debaluazioa dakar. Era berean, debaluazio horrek burgesiaren boterearen handitzea dakar berekin, eta horrek langile klasearen debaluazio orokorra esan nahi du. Hori ez da, askotan esaten den bezala, auzi kultural bat: inork ez du lan egin nahi gutxiagoren truke eta ez da miseria, zapalkuntza eta pobrezia osoa justifikatzeko gai den kulturarik. Halakorik iradokitzea, hori bada arrazakeria. Arrazakeria eta debaluazioa zerbait gehiago ere badelako: pobretzea da, pobretze soziala eta kulturala, gizatasunaren pobretzea, eta komunismoaren potentzia askatzaileen mutilazio politikoa.
Lehenago esan dugu desintegraziora bidean den klase ertainak bi aukera dituela. Bada, ordea, azpiaukera bat, bigarren aukerari lotua. Izan ere, desintegrazio egoera horretan integrazio nahiari eusten dion klase ertainaren estratu bat dago, ezkerreko politikekin identifikatzen dena. Estatua marjinazio tresna bezala erabili nahi duen eskuineko klase ertainak bezala, ezkerreko hegalak Estatuan aurkitzen du marjinazio hori saihesteko aukera. Biek ala biek, ordea, helburu berdina dute. Lehenak klase ertainaren integrazioa –eta batasuna– bilatzen du migratzaileak integraziotik kanpo utziz, edo migratzaileen integrazioaren aurka. Bigarrenak, ordea, migratzaileei integrazio estatusa eman nahi die, klase ertainaren pribilegioak ekoizten jarrai dezaten.
Azken batean, moralismoz eta ideologia antzuz beteta agertu ohi den integrazioak gizarte kapitalistan integratzea esan nahi du, eta gizarte kapitalistan integratzeak, berriz, klase ertainen eraketarako baliagarria izatea. Bide hori hartzen ez duena ez-integratua da eta espazio guztietatik kanporatu behar da, gainera, eskubiderik gabeko soberakin bilakatzeko. Eta, ezkerreko politikak baliatuta bere integrazioa simulatu nahi bada, hori ez da bitarteko lagunkoi bat baino izango, migratzailea migratzaile gisa kokatzeko, hau da, «ongi etorri» bat baino ez.
Moralismoz eta ideologia antzuz beteta agertu ohi den integrazioak gizarte kapitalistan integratzea esan nahi du, eta gizarte kapitalistan integratzeak, berriz, klase ertainen eraketarako baliagarria izatea
HEMEN ARGITARATUA