Alderdi politiko guztiek basakeria politiko honen aurrean izan duten ardura handia da, beraz, langile klasearen gainean bortxaz eta presaka ezarri den salbuespen egoeran alderdi hauek bete duten ardura seinalatu behar dugu. Alderdien onespen bateratu honen eragin erreala honakoa da: normaltasun berria deritzon egoera faktikoak, Zuzenbide Estatuaren legaltasun printzipioaren eta honi berariazkoa zaion botere banaketa formalaren ezabapena ekarri du, inongo berme juridikorik gabe. Martxoaren 14tik hartu diren erabaki guztiak juridikoki baliogabeak dira beraz: baliogabeak debekuak, isunak, erabaki politikoak, osasun arlokoak, epaitegietakoak… Oligarkiaren botere zentralizatu bakar batek agintzen du Espainiako Estatuan. Hau gutxi balitz, administrazioaren maila ezberdinen baitan inongo mugarik gabe hedatu da arauak egiteko eskumena, inongo erreforma konstituzionalik eman gabe: arauak egin, kontrolatu eta zigorrak ezartzeko prozedurak Gobernuaren esku utzita, ez baitago instantzia judizialik gehiegikeria hau kontrola dezakeenik. Botere judizialaren etenaldi orokortuaren baitan, salbuespen egoera irregularrak ekarri dituen oinarrizko eskubideen bortxaketen salaketa auzitara eraman den kasuetan, irizpide ezberdinak aplikatu dira. Guztien artean aipatu beharrekoa da Auzitegi Konstituzionalak apirilaren 30ean manifestazio eskubidea ukatzeko erabilitako argudioak epaitegi honen funtzio legegile eta politikoa agerian jarri duela (berriro ere).
COVID-19aren emergentzia baliatuz eszenifikatutako estatu itunak botere instantzia formalen konfigurazio aldaketa ekarri du: burgesiaren zuzeneko diktadura bizi dugu.
COVID-19aren emergentzia baliatuz eszenifikatutako estatu itunak botere instantzia formalen konfigurazio aldaketa ekarri du: burgesiaren zuzeneko diktadura bizi dugu.
Egitate hauek frogatzera datorren ikerketa sakon baten sintesia da hemen aurkezten duguna. Karga juridiko-teknikoa astunegia ez izaten saiatu gara, baina egiten diren afirmazio guztiek dute euren helduleku juridikoa. Ordena kronologikoan egingo da edukien azalpena, alarma egoeran bortxatu diren nazioarteko zein estatu barneko araudiei erreferentzia eginez, gure ustez ekinbide irregular horiek bortxatu dituzten oinarrizko eskubideak ere jasoz eta botere instantzien konfigurazio aldaketa justifikatuz. Azkenik, ondorio politiko nabarmen bat plazaratuko dugu: botere burgesa borrokatu eta gaindituko duen langile antolakuntza independentearen beharra inoiz baino argiagoa da.
1. Osasun krisiaren kudeaketa: MOE-ren, ECDC-ren eta nazioarteko komunitate zientifikoaren gomendioen eta RSI-aren protokoloen aplikazio ahula Espainiako Estatuan, salbuespen egoeraren aurrekari bezala
SESBak eta programa komunistak mundua bi polotan banatu eta kapitalaren logikari arautze proletarioa kontrajartzeko baldintzak zituenean sortutako erakundea da Munduko Osasun Erakundea. Aurreko mendeko akordio interklasista programatikoen (Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala eta NBEren sorrera) baitan sortua, programa sozialistari berariazkoa zaion osasunaren eta bizitzaren arriskuen prebentzioaren printzipio unibertsalak definitzen du bere izatea. Bere konstituzioaren balio programatikoak isla zuzena dauka ongizate estatuaren paradigma ezarri duten estatuen konstituzioetan (Espainiako Konstituzioko 43. artikuluan, esaterako), nahiz eta estatuek ez duten inolako zigorrik jasotzen bere gomendioak ez jarraitzeagatik (soft law deritzon arautze mota da). Egun ere, eta bere historian zehar Kapitalaren agente internazionala izan dela ahaztu gabe, ezin uka dakioke bere jardunean irizpide zientifiko eta prebentiboek garrantzia berezia hartzen dutela.
Bada, MOEren baitan, 2005ean, RSI edo Nazioarteko Osasun Erregelamendua adostu zen hainbat eta hainbat estaturen artean. Erregelamendu honek, MOEren konstituzio agiriak duen balio programatikoa gainditzen du, estatuak gradu handiagoan lotzen baititu (hard law deritzon arautze mota finkatuz). RSIa estatu parteen ekintza gidatzen duen araudia litzateke beraz, osasuna pertsonen ongizate eta garapen gradu maximoa bezala ulertuz, berau bermatzeko helburua duena. Bere oinarrietan, osasun krisialdietan oinarrizko eskubideak babesteko neurriak aintzatesteko estatuei ezartzen dien betebeharra nabarmentzen da. Osasuna modu prebentiboan lantzearen emaitza logikoa da beraz, historia modernoan klase-borrokaren puntu gorenean sinatu ziren PIDCP eta PIDESC (eta Europar Batasunean CEDH) akordioetan jasotako oinarrizko eskubide guztien bermeak etekin ekonomikoaren aurretik jartzea. Hala, irizpide tekniko-zientifikoetan oinarrituko ziren eta estatu sinatzaileen eta MOEren arteko elkarlana eta jarraikortasuna bermatuko zuten batzordeak osatu ziren RSIa jarraituz. Eta osasun krisialdietarako ekintza protokoloak ere definitu ziren. Esan dugun moduan, formalki, estatuek ez dute zertan MOEk RSIaren aplikazioan emandako gomendioak jarraitu; materialki, ordea, hori ez egitearen ondorioak begi bistakoak dira. Izan ere, COVID-19aren harira nabarmen geratu da gomendioak ez jarraitzearen kostua: osasun eta bizitzaren esparruan (gaixotze eta heriotza kopuruak) bai, baina bereziki, nazioarteko araudi juridikoaren arabera bortxaezinak diren askatasun politikoen eremuan.
Hori gutxi balitz, Europar Batasuneko estatuen kasuan, ECDC izeneko organoak hartzen du MOEren antzeko funtzioak betetzeko ardura. Organo honek ere hainbat gomendio eman ditu koronabirusaren trataera egokirako. Bada, eta nahiz eta MOEren gomendioek aplikagarritasun zuzenik ez duten, Europar Kontseiluak otsailaren 20an Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean (DOUE) argitaratutako ebazpenean, estatuei MOEk RSIaren baitan emandako gomendioak eta ECDCk emandakoak jarraitzeko deia egin zien. Honek panorama juridikoa aldatzen du eta beraz, MOEren gomendioek RSIaren baitan indar juridikorik izan ez arren, Europar Batasuneko ebazpen honek aitzakia hori erabiltzea galarazten dio Espainiako Estatuari bere ardura politikoa estaltzeko, betebehar juridiko zuzen gisa agertzen baitzaio agindu hau.
Estatuek nazioarteko arauekiko dituzten lotura juridikoen inguruko zehaztapen hauek ezinbestekoak dira ardura politikoa norena den ulertu ahal izateko. Izan ere, Zuzenbidea edo Ordenamendu Juridikoa botere politikoaren jardun arbitrarioa ekiditeko arau multzo gisa definitzen da. Legalitatearen printzipioak, segurtasun juridikoak eta aginte organoek botere banaketa formalera azpiratzeko duten betebeharrak (Espainiako Konstituzioko 9. artikulua) zehazten dute botere politikoaren galga gisa zuzenbide estatuak duen funtzioa.
Estatuek nazioarteko arauekiko dituzten lotura juridikoen inguruko zehaztapen hauek ezinbestekoak dira ardura politikoa norena den ulertu ahal izateko. Izan ere, Zuzenbidea edo Ordenamendu Juridikoa botere politikoaren jardun arbitrarioa ekiditeko arau multzo gisa definitzen da
Sarrera honekin has gaitezke Espainiako Estatuko agintari politiko formalen (Gobernua, Kongresua eta botere judiziala) eta benetako agintari politikoen jarduna (alderdietan ordezkaturik agertzen diren burgesia txiki, ertain eta oligarkia enpresarial eta finantzarioarena) zein izan den behar den bezala ulertzen. Gainontzean, alarma egoeraz mozorrotu den salbuespen egoera honen oinarri erreala eta bertatik eratortzen den ardura politikoa norena den ez dago ulertzerik. Horretan tematu badira ere, ondorioa garbia da: errua ez da gurea.
1.1. Osasun neurrien aplikazio ahula alarma egoera deklarazio egunera arte: bortxatutako oinarrizko eskubideak
Urtarrilaren 30ean Munduko Osasun Erakundeak ESPII edo Garrantzia Internazionaleko Osasun Publikoaren Emergentzia egoera deklaratu zuen COVID-19ari dagokionean. Egoerari aurre egiteko MOEk eman zituen gomendioek, RSIko edukiei jarraiki (18. artikulua), pertsonen arteko distantzia fisikoa errespetatzea, gaixotasunaren diagnostikorako testetan sakontzea eta gaixoen isolamendua eta kontaktuen jarraipena jasotzen zituzten beste batzuen artean. Espainiako Estatuko osasun-batzordeek hurrengo egunean publiko egin zuten oharrean irizpide horiek agertzen ziren.
Ezin esan daiteke ezer egin ez zutenik Espainiako Estatuko agintariek RSIa aplikatzeko. Baina gobernuko osasun agintari publikoek martxoaren 13rarte emaniko prentsaurrekoak aztertuz gero, nabarmen geratzen da herritarren egiazko informazioa jasotzeko eskubidea ez zutela bete, egoeraren larritasunaren eta beronen aurka egin zitekeenaren inguruan ondo informaturiko iritzi publiko bat ez baita egon. Hau izan da beraz Gobernuaren partetik larriki bortxatu den lehen oinarrizko eskubidea.
Bide honetatik, egoeraren larritasuna azpimarratu eta MOEren eta ECDCren (zein nazioarteko komunitate zientifikoaren) gomendioak edota RSIko 43. artikuluak dion moduan, hauen baliokideak diren neurriak behar zen denborarekin aplikatzetik urrun, egoerari larritasuna kendu eta informazioa ezkutatuz, konstituzioak ezartzen dituen osasunerako (43. artikulua) eta bizitzarako (15. artikulua) eskubideak larriki bortxatuak izateko baldintzak jarri zituzten. Eta noski, ikusiko dugun moduan, besteren artean, inozentzia presuntziorako, biltzeko, elkartzeko edota manifestatzeko eskubideak modu masiboan bortxatzekoa.
Utzikeria honen oinarrietan sartzea lanketa espekulatiboa litzateke eta ez dugu denborarik galduko horretan: ekinbide hau baimendu duten agintari politikoen ardura zuzenean PSOE eta Unidas Podemosen gain dago. Zuzenbide internazionalaren aplikazio ezak sortu dituen ondorioen larritasunaren erantzule zuzenak dira, beraz. Ezin ahaztu zentzu berean EAJrena eta bere Jaurlaritzarena ere: galde diezaietela bestela Gasteizko edo Bilboko osasun arloko langileei, zenbaterainoko ziurtasunez egin zuten lana otsaila amaieratik apirila erdialdera arte: orduero aldatzen ziren osasun protokoloak, ospitaletako korridoreetan hiltzen ziren gaixoak, infektaturik egonda lanean jarraitzera derrigortu dituzten langileak, heriotzara kondenatuak izateraino, ezohiko ordu kopuru amaigabeak…prebentzioaren printzipioaren aplikazioak baimenduko ez lituzkeen egoeretan utzi dute osasun arloko langileria eta noski, gaixoak. Hildakoen odolaz zikindurik dituzte hauek ere eskuak.
Dena dela, gogorarazi behar da osasun eta bizitza eskubideen planoan agintari politiko formalek arduragabe jokatu izana ez dela kontu berria Espainiako Estatuan. 2008ko krisialdiaren ondoriozko murrizketa politikek jada erakusten zuten langile klasearen estratu baxuenek, proletalgoak, ez zuela inongo aukerarik MOEk, eta Europar Batasuneko organoek, nazioarteko tratatuek edota Espainiako Konstituzioak berak definitzen duten osasun eskubidea (ongizate material egoera) materialki gauzatzeko. Osasun langileriaren lan baldintzez ere berdina esatea ez dago soberan. Gainkargatua zegoen hura, lehertu besterik ez da egin koronabirusaren krisialdiarekin.
2. Alarma egoeraren deklarazioa: salbuespen egoera eta Zuzenbide Estatuaren ETETEA
Kronologiara itzuliz, martxoaren 11an MOEk pandemia gisa izendatu zuen COVID-19a. Europar Batasunean, Italia eta Espainiako egoera oso larria zen une hartarako, baita Gasteizkoa ere. Egoera honetan, hilabete eta erdiko utzikeriaren ostean, iritsiko zen Espainiako Gobernuaren erantzuna: Zuzenbide Estatuaren etete materiala eta burgesiaren diktadura teknikoa ekarri duen martxoaren 13ko 463/2020 Errege Dekretua: nazioarteko aginduen aplikazio ezak eta aurreikuspen faltak dakarren arduragabekeria politikoaren ondorioz, presaz eta modu baldar eta autoritarioan hartutako erabakia. Kausa «natural» bat eta guztiz saihesgarria zen egoeraren «ezinbestekotasuna» aitzakiatzat hartuz, krisi ekonomikoari erantzuteko inoiz ikusi gabeko erreforma konstituzionala ekarri duen erabakia.
Hilabete eta erdiko utzikeriaren ostean, iritsiko zen Espainiako Gobernuaren erantzuna: Zuzenbide Estatuaren etete materiala eta burgesiaren diktadura teknikoa ekarri duen martxoaren 13ko 463/2020 Errege Dekretua
Ikuspuntu juridiko batetik, bizi dugun egoera faktikoa diktadura edo autoritarismo faxista gisa kalifikatzeko arrazoiak Konstituzioaren 9, 53.1, 55.1, 116.2 eta 116.6, 106, 117 artikuluetan eta 4/81 Lege Organikoko 11 eta 20. eta 28. artikuluetan topatu ditzakegu. EH Bildu bezalako alderdi autonomistek, bozka gosez beste gauza bat aldarrikatzen badute ere, alarma egoerak dakarrena ez da estalitako konpetentzien zentralizazio bat edo 155. artikuluaren aplikazio irregularra.
Izan ere, alarma, salbuespen eta setio egoerak arautzen dituen 4/81 Lege Organikoak, autoritate bakar bati esleitzen dio alarma egoerak kudeatzeko konpetentzia. Beraz, hor ez da egon inongo gehiegikeria edo desproportzio juridikorik, eta ikuspuntu juridiko batetik, 155az hitz egiteak ez dauka inongo fundamenturik.
Alarma egoerak Konstituzioak eta Estatuko zein nazioarteko legediak bortxatu dituela erakusteko, 463/2020 dekretuaren 7. artikulura eta hango bigarren xedapen gehigarrira jo behar da: zirkulazio eskubidearen debeku orokortura (konfinamendua) eta botere judizialaren zein Auzitegi Konstituzionalaren jardunaren suspentsio orokortura. Noski, salbuespen batzuk ezarri dira, baina salbuespenean oinarritzen diren bermeak salbuespen egoeran besterik ez daude justifikatuta.
Alarma egoerak Konstituzioak eta Estatuko zein nazioarteko legediak bortxatu dituela erakusteko, 463/2020 dekretuaren 7. artikulura eta hango bigarren xedapen gehigarrira jo behar da: zirkulazio eskubidearen debeku orokortura (konfinamendua) eta botere judizialaren zein Auzitegi Konstituzionalaren jardunaren suspentsio orokortura
2.1. Zirkulazio eskubidearen debeku irregularra: 4/81 LOko 20.1 artikuluaren aplikazioa 11.1 artikulua balioztatuta
463/2020 dekretuaren 7. artikuluak zirkulatzeko edo mugitzeko eskubideari jarritako mugak jasotzen ditu. Alarma egoera batean, 4/81 LOren 11.1 artikuluari jarraiki, pertsona eta merkantzien zirkulazioa toki eta ordu zehatzetan mugatu daiteke. Baina alarma egoerako 7. artikuluaren edukiari so eginda, edonor konturatuko da baimendutako egoerak hain direla murritzak, ezen errealki zirkulatzeko debeku orokortu bat ezarri den. Salbuespena arau bilakatu du artikulu honek, praktikan zirkulazioa (hau da, mugitzeko askatasuna) lan indarraren eta kapitalaren erreprodukziorako ezinbesteko minimora murriztuz: gainbalio ekoizpenaren eta soldataren erreprodukziorako eta kontsumorako soilik baimendu digute mugimendua. Merkantzien zirkulazioa pertsonen askatasunaren gainetik jarri da, ekonomia kapitalistaren funtzionamendu arauak eta agintari politikoen lehentasunak zein diren agerian utziz.
Juridikoki, pertsonen zirkulazioaren debekua salbuespen egoerari dagokion gaitasuna da, 4/81 LOren 20.1 artikuluan ikus dezakegun bezala. Debeku hori ezartzeko, beraz, Konstituzioko 55.1 artikuluak xedatzen duen prozedurara jo behar da, oinarrizko eskubideen suspentsiorako prozedurara. Labur esateko eta prozeduran ez galtzearren, Kongresuari baimena eskatu behar dio Gobernuak, etengo dituen eskubideen zerrenda xehe bat emanaz, erabakiaren gauzatzea Kongresuaren onarpenak baldintzatzen duelarik. Bistakoa denez, hori ez da egin. Egin dena alarma egoeraren prozedura aplikatzea izan da, zeinak soilik a posteriori eskatzen duen Kongresuaren balioztapena, alarma egoeraren luzamendurako bozketaren unean. Hala, salbuespen neurri hau (zirkulazioaren debekua), modu irregularrean ezarri da.
Prozedura konstituzionalaren hauste hau larria bada, are larriagoa da hau baliatuz sortu den egoera faktikoa. Izan ere, 463/2020 dekretuaren segidan Gobernuak 465/2020 Errege Dekretua onartu zuen, baimendutako zirkulazio jarduerei oraindik ere muga estuago bat jarriz: zirkulaziorako aukera mugatuen barruan, banaka ibiltzeko derrigortasuna zehazten baitzuen. Mugitzeko debekua modu irregularrean eta mugaraino eramanik jarri zen elkartzea oinarri duten oinarrizko eskubide guztien eteterako oinarri materiala: kalean biltzea, elkartzea edota manifestatzea debekatu digute. Ez da beharrezkoa izan inongo prozedura gehigarririk beraz, askatasun politikoak erabat deuseztatzeko. Bi dekretu nahikoak izan dira horretarako.
Beraz, oinarrizko eskubideen ikuspuntutik, Konstituzioko 116.6 eta 9.3 artikuluek eta 4/81 Lege Organikoak ezarritako proportzionaltasun, segurtasun juridiko eta ardura politikoaren printzipioak deuseztatu zituen goizetik gauera alarma egoera dekretuak. Osasuna zaintzearen aitzakian, berau bermatzeko momentua zenean beharrezko neurriak eta betebehar juridikoak hartu eta bete ez ziren bitartean. Irregulartasun hauen funtsa noski, salbuespen egoera deklarazioa egiteak, PSOE eta Unidas Podemoseko agintariak urtarriletik martxora arte eginiko kudeaketa negargarriaren erantzule zuzen gisa uzten zituela da. Hau da, arduragabe moduan geratzen zirelako diktadura neurriak osasun larrialdi bati erantzuteko esplizituki aldarrikatuko balituzte. Honela, zientziaren izenean langileriaren sektore zabalen aurrean euren burua zuritu nahi izan dute, kontrol sozialeko neurri zorrotzen aplikazioa justifikatuz. Hau ez litzateke posible izango informazioa eta egia (botere publikoen jardunaren gardentasun printzipioa) bete izan balute.
2.2. Errugabetasun presuntzioaren bortxaketa eskala sozialean
Ezin aipatu gabe utzi une hartan (urtarrila eta martxoa artean) MOEren, ECDCren eta nazioarteko komunitate zientifikoaren gomendioen aplikatze ahulak, errugabetasun presuntzioaren oinarrizko eskubidea eskala sozialean bortxatzea ekarri duela (eta berarekin, defentsa eskubidea). Gaixoen eta kontaktuen jarraipena egitea ahalbidetzen zuten testak elite ekonomikoaren mesedetan jarri dira (politikari eta kirolari profesionalak!), herritarren gehiengoari sistematikoki ukatuz gaixo dagoen edo ez dagoen jakiteko aukera. Modu honetan, gaixoak nortzuk ziren ezagutzeko aukera ukatuta, karguko frogarik gabeko gartzelaratze baten biktima izan gara.
Zuzenbide penal burgesaren aitapontekoa izan zen Cesare Beccariak hau gertatuko zela jakingo balu, ez zukeen «dei deliti e delle penne» sekulan idatziko. Izugarrizko inplikazio politikoak ditu defentsa eskubidea modu horretan bortxatu izanak, zuzenbide penalean oinarrizkoa den tipifikazio printzipioa desagerrarazten baitu kolpe bakarrean: arau hauste bat egotzi digute, inongo legek jasotzen ez duena, modu guztiz arbitrarioan eta gaixo zein osasuntsuei trataera berdina emanaz. Zuzenbide penalak berariazkoak dituen zigorraren pertsonalitatearen eta konkrezioaren printzipioak deuseztatu dira eta baita berme guztiak jasotzen dituen prozesu baterako eskubidea eta epaitegien tutela eraginkorrekoa ere.
Astakeria honen onarpen soziala bermatzeko, jazarpen polizial eta informatibo basatia abiarazi da; administrazio publikoaren jardunaren jardun arbitrario larri hau kontrolatzeko gai diren epaitegi eta instantzia administratiboak eten diren bitartean. Salbuespen egoera eta Zuzenbide Estatuaren aplikazio eza nabarmena da beraz hemen ere.
3. Gobernuaren arauen kontrolaren desagerpena
Zuzenbide Estatuaren botere banaketa formala Konstituzioak arautzen duela esan behar dugu lehenik. Zehazki, Gobernuaren arautze eskumenak 97. artikuluan jasotzen dira, guri axola zaigunerako, erregelamendu bidezko arautzea gauzatzeko eskumena ematen duena. Honek esan nahi du legalitatearen printzipiora subordinatuta ageri dela Gobernuaren jarduna, botere legegilea parlamentuari baitagokio.
Beraz, Gobernuak ezin ditu lege edo arau konstituzionalak egin. Zuzenbide Estatuaren botere banaketari jarraiki, hori kontrolatzeko iragazki bikoitz bat dauka: Kongresuarena eta botere judizialarena. Konstituzioak berak jartzen dizkio galgak Gobernuari, nahiz eta Konstituzionalak 2016an alarma egoeran Gobernuak hartutako erabakiek lege balioa dutela defendatu. Lehendik ere ezaguna dugu organo honen izaera arau egilea edo izaera politikoa. Interpretazio honen modukoek argi erakusten dute organo honek konstituzioaren interprete gisa duen izaera gainditzen duela. Carl Schmittek 1919ko Weimarko errepublikako konstituzioa aztertu zuenean, ederki argitu zuen auzi hau.
Konstituzioak berak jartzen dizkio galgak Gobernuari, nahiz eta Konstituzionalak 2016an alarma egoeran Gobernuak hartutako erabakiek lege balioa dutela defendatu
3.1. Jurisdikziora jotzeko aukeraren eta Gobernuaren arauen kontrol judizialaren ezabapena
Egoera faktikora itzuliz, 463/2020 Errege Dekretuak egiten duen beste gehiegikeria juridiko nabarmena corpus juridiko honetako 2. xedapen gehigarrian dago, dinamika soziala mugitzen duten erabaki politiko ezberdinen kontrol juridikoko iragazkietan, hain zuzen. Bertan, Gobernuak bertan behera uzten ditu ia osotasunean jurisdikzio guztiak, bereziki deigarria delarik bere dekretuen gainbegiratzea egiteko ardura duen Administrazioarekiko auzien jurisdikzioarena. Hau da, alarma egoerako dekretuan bertan ezabatzen da Gobernuak inposatu dituen gehiegikerien gainbegiratzea, eta horretan oinarrituta, Autoritate Zentralak eta Ministerio ezberdinek hartu dituzten neurrien kontrola ezin da gauzatu.
Alarma egoerako dekretuan bertan ezabatzen da Gobernuak inposatu dituen gehiegikerien gainbegiratzea, eta horretan oinarrituta, Autoritate Zentralak eta Ministerio ezberdinek hartu dituzten neurrien kontrola ezin da gauzatu
Erabaki horrek hankaz gora jartzen du konstituzioko 9.3 artikuluaren eduki guztia, baita 106 eta 117. artikuluetakoa ere. Segurtasun juridikoa, legalitatea, botere exekutiboaren kontrol judiziala, justizia formalaren funtzioa… Zuzenbide Estatu liberalaren botere banaketa formala desagerrarazi du alarma egoerako dekretuak. Burgesiaren organoen arteko oreka, neutraltasuna eta proportzionaltasuna desagertzen dira kapitalaren aginte modalitate erreala diktadura dela agerian utziz.
3.2. Jurisprudentzia kontraesankorra eta Auzitegi Konstituzionalaren epai politikoa oinarrizko eskubideen defentsa prozeduran
Aipatu beharra dago arlo administratiboan (gai honetara mugatuko gara) epaitegi eta tribunalek gobernuen erabakien gaineko kontrol judiziala egiteko aukera baliogabetu bada ere, oinarrizko eskubideen defentsarako prozedura irekita utzi dela. Norbaitek pentsa dezake horrekin oinarrizko eskubideen defentsa egin daitekeela eta norbanakook (are, komunistok ere) ez dugula borondaterik erakutsi geure burua defendatzeko, baina aukera izan bagenuela. Ordea, izan da bide hau askatasun politikoen defentsa egiteko erabili duenik (komunistak izan ez arren). Hauen emaitza baloratzeak argituko digu bidea: norbanako bati bide prozesalaren kostuak ordainarazi dizkio Auzitegi Gorenak, «etxean gartzelaratuta» zegoela aldarrikatzeagatik. Curro Nicolau abokatuaren helegitea (errurik gabe zirkulatzeko eta biltzeko eskubideak kendu dizkiotela aldarrikatu duena) ez da ebatzi, 50 katedradunek sinatutako agiri bat aurkeztu badu ere. Norbanakoek ez dute inongo aukerarik izan defendatzeko, ez oinarrizko eskubideen prozeduraren bidetik, ezta bide administratibotik ere. Praktikan, honek gehiegikeria mota guztien inpunitatea bermatu du, Grande-Marlaskaren gidaritzapean Estatuko polizia indar guztien partetik zigortu diren pertsonen kopuru eskandalagarriek erakusten duten bezala.
Antolakundeen kasuan, biltzeko eta manifestatzeko eskubidearen ezabapenaren harira, deseskalatze fasea hasi aurretik sindikatu ugarik eskatu dute eskubide hauen erabilpena egitea, administrazio ezberdinen betoaren aurrean, oinarrizko eskubideen defentsako bide prozesalean babesa eskatuta. Zentzu horretan, autonomia erkidegoetako Auzitegi Nagusietan (Nafarroan, Aragoin, Madrilen eta Galizan) egin den interpretazioa eta ebazpena kontraesankorra izan da. Manifestazio batzuk baimendu dituzte eta beste batzuk atzera bota.
Kasu honetan, honakoa izan da gai honetan azken hitza duen Auzitegi Konstituzionalak emaniko erantzuna: ebatzi du biltzeko eta bizitzeko eskubidearen arteko ponderazioan, osasun krisialdi batean, bizitzeko eskubidea aintzatetsi behar dela, arazoaren muinera jo eta oinarrizko eskubideak eteteko alarma egoerak ez duela balio ebatzi beharrean. Konparaketa moduan jar dezakegu hemendik 2.000 kilometro ingurura dagoen Alemaniako Konstituzio Auzitegiak manifestazioak baimendu izana, manifestazioa bermatu behar den oinarrizko eskubide bat delako. Lisboan, Maiatzaren 1ean manifestazio jendetsua egin zen distantzia sozialeko neurriak aplikatuta… Auzitegi Konstituzionalak, beraz, nazioarteko eta europar araudi lotesleen (goian aipatu ditugunak eta beste zenbait, Nizako deklarazioa bezalakoak) edukia baztertzen du, baita Konstituzioko 9. artikulua ere. Arau hauek, alde batetik, osasun krisialdi batean hartutako edozein neurri oinarrizko eskubideek modulatzen dutela inposatzen dute (eta inoiz ez alderantziz) eta bestetik, forma auzien bidez oinarrizko eskubideen edukia ezabatzea Zuzenbidearen eta Zuzenbide Estatuaren bortxaketa nabarmena dela. Auzitegi Konstituzionalak alarma egoeraren deklarazioaren aurretiko kontaketa historikoa baztertuz egitateei aplikatzen dien tabula rasak, kasua ebazteko erabili beharreko argudio juridikoak baldintzatzen ditu. Honek organo honek betetzen duen funtzio errealaren beste ebidentzia bat eskaintzen digu: burgesiaren indarrei une bakoitzean interesatzen zaien justifikazio politikoa ixteko mekanismoa izatea.
Auzitegi Konstituzionalak alarma egoeraren deklarazioaren aurretiko kontaketa historikoa baztertuz egitateei aplikatzen dien tabula rasak, kasua ebazteko erabili beharreko argudio juridikoak baldintzatzen ditu
Zentzu honetan, askoz ere zehatzagoa izan da Aragoiko Auzitegi Nagusiaren ebazpena, zeinak baimendu egin zuen auto karabana bat egin ahal izatea, ponderazioaren funtsa segurtasun protokoloen egokitasunean jarrita. Are adierazgarriagoa izan zen magistratuetariko batek emandako boto partikularra: adierazi zuen alarma egoera ezkutuko salbuespen egoera dela eta oinarrizko eskubideek gainontzeko eskubideak modulatzen dituztela (eta ez alderantziz). Noski, ebazpen honen sona ez da lehenengoarena bezainbestekoa izan. Egiazko informazioa jasotzeko eskubidea bermatua daukagulako izango da…
Laburbilduz, bide judizialak itxita, Espainiako oligarkiak Espainiako Gobernua baliatu du bere mandatuen kontrol jurisdikzionala ezabatzeko. Prozedura Administratiboko legediak, 47. artikuluan, Gobernuak bere erregelamendu bidezko arautze gaitasuna gainditzen duten eginbideak baliogabe gisa kalifikatzen ditu. Baina noski, ekinbide honen legalitatea kontrolatzeko organorik ez badago, Zuzenbide Estatua materialki desintegratu duen erabaki batek ez du kontrol formalik ezta materialik ere.
4. Kongresuaren luzamenduak: botere burgesaren alderdi bakarra agerian
Esan dugun moduan, Parlamentua da prozedurazko eta edukizko arau-hauste hauek Gobernuak egiten ez dituela bermatu behar duen beste organoa. Kasu honetan, Konstituzioko 116.2 artikuluak zehazten du bere betebeharra. Bere zilegitasun formala herritarren borondatearen isla izatean dago, hauteskundeetan hautatutako hautagaiek duten herritarren babesean. Hala, bai normaltasun egoeran baita salbuespen egoeretan ere, kontrol politikorako organoa da. Labur esanda, Gobernuak ezin du alarma, salbuespen edo setio egoera bat mantendu/deklaratu (kasuaren arabera), Kongresuaren baimenik ez badu.
Alarma egoeraren deklarazioaren ostean, martxoaren 25ean batu zen Kongresua osoko bilkuran, lehen aldiz alarma egoeraren luzapena baimendu edo ez erabakitzeko. Bozketaren emaitza honakoa izan zen: 321 aldeko boto, 28 abstentzio eta 0 aurkako boto. Ez ditugu berriro errepikatuko 463/2020 eta 465/2020 Errege Dekretuek eragin dituzten irregulartasunak. Ez diegu helduko ondoren etorri diren luzapenei (nahiz eta ezbaian dagoen ea posible den edo ez luzapen bat baino gehiago egitea). Nahikoa da ebidentzia hau mahaigaineratzea: krisi egoeretan agerian gelditzen da burgesiak alderdi politiko bakarra duela.
Alderdien pluraltasuna, burgesiaren baitako fakzio ezberdinek beren interesen arabera antolatzeko duten eskubidearen adierazgarri erreala besterik ez da (joko honetatik kanpo dago, noski, proletalgoaren antolakuntza politiko independentea, Patxi Ruizen kasuan modu argian ikusi den bezala). Kasu honetan, klase gisa partekatzen duten interes nagusiaren ondorioz, alderdi politiko guztiek babestu dute modu bateratuan eta inongo aurkakotasunik gabe Zuzenbide Estatuaren berme guztien deuseztapena eta langileriaren askatasun politikoen desagerpena. Bost berrespen izan ditu alarma egoerak, artikulu hau idazten amaitu den egunera arte.
Oportunismo politikoa muturreraino eraman dute Espainiako agintariek. Espainiako sozialdemokraziak, osasunaren eta bizitzaren inguruan prebentzioa eta ardura erakustetik urrun, ustelkeria eta arduragabekeria ankerrena bistarazi ditu, eta agerian utzi du berriro ere faxismoaren eta sozialdemokraziaren artean dagoen lerro fina. Duintasun politiko handiena izan zuen garaietan, erreformismoaren paradigma zen zuzenbide burgesaren berdintasun formala berdintasun material bilakatzeko neurri progresiboen aplikazioa bilatzea. Edo nahi bada, berdintasun materiala kapitalaren arauen baitan topatzearen aldeko borroka. Bada, egungo erreformismoak bere lorpen gisa saltzen duen ongizate estatuaren zuzenbidea bera inongo eskrupulurik gabe ezabatzen duela ikus dezakegu hemen, bere esentzia nabarmen gelditzen delarik: langile klasearen aurrean oligarkia finantzario eta enpresarialaren ordena soziala mantentzeko indar errepresiboa izatea.
4.1. VOXen egia eta sozialdemokraziaren oparia
Marka da, gero, VOX alderdia izatea zentzu juridiko batean egia plazaratzen ari den fakzio bakarra. Esan dugu lehen ere, ordea: sozialdemokrazia eta faxismoa, klase arteko aliantzaren forma ezberdinen manifestazio gisara, hari oso mehar batek banatzen ditu. Alarma egoera honetan, egia esatea ezkerraren tasun izan beharrean eskuinaren ezaugarri bilakatu da; eskuinak ezkerra ezkerretik aurreratu duela esan dezakegu. Espainiar eta euskal sozialdemokraziak baimendu du langileriaren sektore baxu, ertain eta altuen erreferentzia VOX alderdiak hartzeko baldintzak sortzea. Faxistek oinarrizko eskubideen urraketa aldarrikatzen dute, baina euren izaera antikomunista indartzeko. Funtsean, VOXena propaganda besterik ez da, langileriaren interes unibertsalak biltzen dituen programa komunista agertoki politikotik desagerrarazteko. Mezu hau erraz ulertzen da eta arrisku larria dakar. Baina zentzu komunak hain erraz ulertzen ez duena eta are larriagoa dena honakoa da ordea: ezkerrak diktadura oparitu dio eskuinari. Ezkerrak burgesiaren diktadura teknikoa ezarri badu botere erregimen gisa, VOXek jada berdina egiteko zilegitasun osoa du baina ezkerrak ez du izango berak sortu duen munstroa borrokatzeko zilegitasunik.
Ezkerrak diktadura oparitu dio eskuinari. Ezkerrak burgesiaren diktadura teknikoa ezarri badu botere erregimen gisa, VOXek jada berdina egiteko zilegitasun osoa du baina ezkerrak ez du izango berak sortu duen munstroa borrokatzeko zilegitasunik
4.2. Diktaduraren hedapena EAEn EAJren eskutik
Gezurrezko eta fikziozko klase politika egitearen ondorioak ederki aprobetxatzen ditu burgesiak. Diktadura teknikoaren garapen organizatiboak jada isla zuzena izan du osotasun sozialaren esfera ezberdinetan. Bereziki adierazgarria suertatzen zaigu hemen kudeaketa partekatuaren edo ko-gobernantzaren afera, zeinaren bidez EAJk eta PSOEk inongo euskarri juridikorik ez duen konstituzioaren erreforma bat ere gauzatu duten: autonomia estatutuen eta estatu organoen arteko eskumen banaketa hankaz gora jarri da deseskalatze fasean.
Eta hori gutxi balitz, EAJk Ertzaintzari esleitu dio arauak interpretatu eta euren edukia zehazteko eskumena. EAEn, biltzeko eskubidea indar polizialen irizpideak jarraituz ukatu da, eta horrekin autoritarismoaren muga gorenera iritsi gara. Erabaki horiek dituzten dimentsio politiko sakonak eta izan duten onarpen sozialak kezkatu beharko gintuzke. Basakeria honen aurrean EH Bilduk zuhurtziara egin dituen deiek enegarrenez azaleratu dute lehendik ere agerikoa zen EH Bilduren kolaborazionismoa eta aldaketa politikorako indar gisa duen operantzia eza.
5. Alderdi politikoak salbuespen egoeraren arduradun nagusi
Osasun krisialdiarekin egin den kudeaketa negargarriaren kostu sanitario eta politikoetan erantzule zuzenak izan dira burgesiaren alderdi politiko guztiak, salbuespenik gabe. Euren betebehar politikoa perfekzioz bete dute: burgesiaren ordena soziala bermatzeko beharrezkoa den eta inongo berme juridikorik ez duen «normaltasun berria» ezartzea. Langileriaren obedientzia eta menperakuntza bermatzea. Laborategi soziala normalizatzea. Itun sozial berria behin bermatu denean soilik hasi dira euren bozka kopuruak nola gizendu pentsatzen, gezurraren lepotik euren besaulkiak ugaritzeko eta sabelak gizentzeko joko elektoralista penagarrira itzuliz.
Osasun krisialdiarekin egin den kudeaketa negargarriaren kostu sanitario eta politikoetan erantzule zuzenak izan dira burgesiaren alderdi politiko guztiak, salbuespenik gabe
Egia, osasuna eta askatasun politikoak defendatzeko ez dute zirkinik ere egin; are gehiago, euren #etxeangelditu kanpainekin, alarma egoeraren eta normaltasun berriaren garaian gertaturiko odol-jario, gehiegikeria eta bortxakeria guztien aurrean masen desmobilizazioa, txibateo kolaborazionista eta obedientzia sustatu dituzte. Euskal sozialdemokrazia ez da espainiarra baino gehiago izan kudeaketa horretan; are, ezta euskal oligarkiarena baino gehiago ere.
Izan ere, EAJk hauteskundeetan nolabaiteko aukera eskainiko du herritarrek alarma egoerari eta deseskalatzeari buruz egin den kudeaketa hautestontzietan epaitu dezaten, nahiz ariketa sasi-demokratiko honen helburua bere burua indartzea besterik ez izan. Ikusteke dago, ordea, deseskalatze prozesuan hartutako erabaki kaxkarrek eraginik izango ote duten jeltzaleengan.
Bere aldetik, Otegiren talka plan famatuak ariketa interklasista eta antidemokratiko gorena suposatzen du: bulego itxi batean estatu agenteen arteko beste paktu burokrata bat eskaintzen digu gure bizitzak salbatzeko. Langileriaren eta herri sektoreen gainean sozialdemokraziak duen ulerkera instrumentalista igarri daiteke Otegiren hitzetan: zuek lasai, guk konponduko ditugu zuen arazoak, zuek ez zarete eta ezer egiteko gai. Bizi dugun egoeran posizio hau defendatzen duena ez da ez proletarizazio prozesuan ez eta alderdi komunistaren eraikuntzan pentsatzen ari. Ez da errealitate sozialaren aldaketek dakartzaten ondorio errealak ulertzeko gai. Utopiaz hitz egiten dugula esango digute gero.
6. Langile antolakuntza independentea berme bakar gisa
Langileria burgesiaren menpeko jostailua da ez badu bere burua programa komunistaren baitan antolatzen. Dinamika instituzional burgesa erabat zanpatzailea dela ikusi dugu, sektore kolpatuen osasuna, bizitza eta askatasun politikoa etekin ekonomikoaren dinamikari zirkinik ere egin gabe azpiratzeko aparatu sorta besterik ez baita. Normaltasun berriak kontrol sozial eta politiko zuzenerako oinarriak jarri ditu, autoritarismoaren mugak etxeko leiho eta sukaldeetaraino sartuz. Osasunaren babesaren aitzakiapean, estatu polizial eta militarizatu baten oinarriak jarri dira, boterearen erabilerak inongo kontrolik ez duen arau ordenamendu berri batekoak. Salbuespena da orain araua. Exekutatzailea da epailea.
Hala, osasun baldintzek eta ekonomikoek okerrera egingo dutela ulertuz, osasunaren eta bizitzaren prebentzioa modu integralean bermatzea ezinezkoa izango da interes hori lehen lerroan jarriko duen indar iraultzailerik gabe. Zentzu horretan, arduradun politikoak seinalatzeko nahikoa elementu eskaintzen dituen arren, ez dago irtenbiderik zuzenbide burgesaren, botere burgesaren aparatu internazional zein nazionaletan edota etengabe kanporatzen gaituen berdintasun formalaren esparruan: ezin dira kapital metaketaren prozesutik bereizi. Hain agerikoa da Zuzenbideak sistema autonomo gisa duen funtzionaltasun eza, ezen agintariek ere euren legedien bortxaketa sistematikoa gauzatzeko inongo lotsarik ere ez duten. Horren adibide garbia da alarma egoeraren deklarazioarekin gertatu dena: Zuzenbide Estatuaren desintegrazio materiala eman da Espainiako Estatuan, baliogabetasun juridiko egoera batean aurkitzen garelarik alarma egoera deklaratu zen egunetik bertatik. Burgesiaren diktadura teknikoa egitate bat da.
Aurreko mendeko akordio programatiko interklasista handienek eta ongizate estatuaren eraikuntzan murgildu ziren estatu kapitalistek ez zuten horretarako inongo borondate subjektiborik. Nazioarteko oligarkiak gizarte kapitalistaren zimenduak kolokan zeuden unean besterik ez zituen bere egin eta mimetizatu Estatu Komunisten aldarriak, eta hauen bizi baldintzak. Une hauetan, zuzenbide burgesa tinta hutsa da eta antolakuntza komunista indartsurik ez da. Horregatik, ezinbestekoa da berdintasun materiala eta errealitate sozial hau bermatuko duen arautze modua posible egingo duen agente politikoaren berrantolaketa: masa alderdi komunistarena.
Prozesu honetan, Euskal Herrian, Gazte Koordinadora Sozialistak lehen egunetik agertu duen determinazioa eta inteligentzia politikoa aipagarriak dira. Kokiltzetik urrun, beren baliabide eta muga guztien jakitun, proletalgoaren interesei erantzuteko hainbat lan lerro plazaratu dituzte, inongo lotsarik gabe. Izan ere, iniziatiba politikoa eta erreferentzialitatea ez da dirua bildu eta banatzeko gaitasunaren arabera neurtzen, antolakuntzaren kualitatean eta gaitasun militantearen terminoetan baizik; bada garaia norabiderik gabe dauden sozialdemokratek krisialdi ekonomiko-politiko-sanitario honetan ere hanka sartu dutela aitortzeko eta gidaritza politikoa programa komunistaren defendatzaileei aitortzeko. Bide beretik jarraitzen badute, euskal langileria faxismoaren oldarraldira eta amildegi politikora eramango dute.
Krisialdi ekonomikoaz dihardute inongo lotsarik gabe gure politikariek. Batasunera dei egiten digute, konfiantzara, konpromisora eta zuhurtziara. Baina herri sektoreen gehiengo zabalak jada igartzen du krisialdi ekonomikoa eta berak dakarren berrantolaketa politikoaren kontzientzia eta honek modu nabarmenean du isla bat-bateko elkartasun keinuetan eta are antolatuetan. Errefusa ditzagun burgesiaren patriketara saltzen gaituztenak; antolatu gaitezen eta har ditzagun kaleak. Babestu ditzagun gureak. Ilegalak ez gara gu, beraiek baizik: alarma egoera onartu den unetik aurrera hartu diren neurri guztiak legez kanpokoak dira. Neurri hauen izaera estrukturala (erreforma izaera) identifikatzeak soilik lagundu gaitzake gizarte eredu honen logika zapaltzaileari aurka egiteko geure interesen defentsa antolatua beste biderik ez dugula ohartzen. Datozen hilabeteak berebizikoak izango dira zentzu honetan, edozein unetan giltzaperatu ahalko gaituztelako. Langile politika independentea antola dezagun eta osasuna, egia eta askatasun politikoak borroka ditzagun.
Alarma egoera onartu den unetik aurrera hartu diren neurri guztiak legez kanpokoak dira. Neurri hauen izaera estrukturala (erreforma izaera) identifikatzeak soilik lagundu gaitzake gizarte eredu honen logika zapaltzaileari aurka egiteko geure interesen defentsa antolatua beste biderik ez dugula ohartzen
HEMEN ARGITARATUA