Tren batek harrapatuta hil dira hiru pertsona migratzaile Ziburun

Antza, bost lagun ari ziren Baionara heldu nahian, eta Espainiako Estatuaren kanporatze agindu bat zuten haietako hiruk. Aurten gutxienez sei lagun hil dira Espainiako eta Frantziako estatuen arteko muga-bidean.
Argazki Nagusia
2021eko urriaren 13a

Hendaiatik (Lapurdi) Bordelera (Okzitania) zihoan trenak gutxienez lau pertsona harrapatu zituen atzo, goizaldeko 05:00ak aldera, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) geltokitik gertu. Horietako hiru hil ziren hala, eta larri zauritu zen laugarrena; Baionako (Lapurdo) ospitalean dago oraindik, baina arriskutik kanpo. Istripua gertatu zen tokian, ordea, bosgarren pertsona baten dokumentazioa ere topatu dute. Ez dute informazio gehiago eman oraindik.

Aljeriakoak ziren guztiak, Berria-ren esanetan. Aurkitutako dokumentazioetako hiruk erakusten dute Espainiako Estatuaren kanporatze agindu bat; beste baten kasuan, herenegun atera zen Mont-de-Marsango (Okzitania) kartzelatik, eta jarraian Espainiaratu zuten Frantziako Estatuak aginduta. Dirudienez, Baionara iritsi nahian ari ziren atzo, eta atseden hartzeko geratu ziren trenbidean. Orduan eraman zituen aurretik trenak.

Baiona eta Hendaia arteko trenbideetan sarri ibiltzen dira pertsona migratzaileak, Espainiako eta Frantziako estatuen arteko mugatik eta polizien kontroletatik ihesi. Urtea hasi zenetik, gutxienez sei pertsona hil dira muga-bidean, El Diario Vasco-ren arabera. Horietako bi Bidasoa ibaian ito dira.


Iruzkinak

Ez dago iruzkinik