Zeren alde ari zarete borrokan?
Gure borrokak eta Teknikariok Sindikatuak ikuskizun eta ekitaldietako langileak ordezkatzen ditu, sektore hau etengabe prekarizatu baitute eta prekarizatzen jarraitzen baitute. Oinarrizko eskubideen urraketa etengabea jasaten dugu: lanaldien arteko atsedenik eza; aparteko orduak, gaueko lana edo asteburuetako lana ez ordaintzea; lan-egutegirik ez izatea; amaierarik gabeko lanaldiak inolako konpentsaziorik gabe, eta abar luze bat. Horrek guztiak bultzatu gintuen, pandemiaren ondoren, sektore gisa antolatzera eta Euskal Autonomia Erkidegorako hitzarmen propio bat lortzeko borrokara.
Zertan dago blokeatuta negoziazioa eta zein da gaur egun gatazkaren benetako korapiloa?
Duela urtebete blokeatu zen negoziazioa eta erabaki genuen negoziazio-mahaitik altxatzea eta salaketak eta grebak hastea. Urte eta erdiz ustez gatazka gutxien sortuko zuten puntuei buruzko negoziazio neketsuan aritu ondoren, sektorean langileoi gehien eragiten digun auzira iritsi ginen: txandak eta ordutegiak noiz ematen diren.
Gaur egun, enpresa gehienetan ordutegiak, eta kasu batzuetan baita lan-egunak edo atseden-egunak ere, aurreko astean jakinarazten dira. Baldintza horietan, kontziliazioa ia ezinezkoa da; are gutxiago eguneroko bizimodurako edo antolaketarako aurreikuspen-gaitasuna edukitzea. Egoera horrekin hasi ginen gai hau negoziatzen, eta patronalaren azken proposamena da txandak eta ordutegiak gehienez bost egun lehenago ematea. Ez digute beste aukerarik uzten kalera atera eta borrokatzea baino.
"Patronalaren azken proposamena da txandak eta ordutegiak gehienez bost egun lehenago ematea. Ez digute beste aukerarik uzten borrokatzea baino"
Patronalak dio sektorea ez dagoela prekarizatuta. Nola definituko zenukete prekaritatea?
Badirudi langileok eta patronalak prekaritatearen kontzeptu ezberdinak ditugula. Gustatuko litzaidake defini dezaten, ikus dezagun ea sektore honetan betetzen den ala ez. Baina langileen erdiak autonomoak diren sektore batek urrutitik usaintzen du prekaritatea: aldi baterako kontratazio handia dago, soldatak neurtuak dira, altueran lan egiten dugu, plus eta konpentsazio ugari falta dira, gauez eta asteburuetan lan egiten dugu, eta aurretik aipatutako aurreikuspen falta etengabea da.
"Langileen erdiak autonomoak diren sektore batek urrutitik usaintzen du prekaritatea: aldi baterako kontratazio handia dago, soldatak neurtuak dira, altueran lan egiten dugu..."
Gainera, egoerarik okerrena kargako eta deskargako langileek pairatzen dute. Aldi baterako lanetako enpresen moduan jarduten dute, bai lan-baldintzei dagokienez, baita lansariei dagokienez ere. Egia esan, ez dakit non ez duten ikusten prekaritatea. Adibide erreal bat jartzearren, udako jai bateko zuzeneko ikuskizunetako teknikari baten laneguna honelakoa izan daiteke: goizeko 11:00etan biltegi edo pabiloian elkartu, dagokion plazara joan, kamioia hustu eta material guztia muntatu; bazkaldu, eta 16:30ean soinu-probak hasi. Esaterako, bi talderen eta erromeriaren emanaldiak badira, gaueko 22:00etan hasten da ikuskizuna eta goizaldeko 03:00etan amaitzen da. Ondoren, guztia desmuntatu, kamioia berriro kargatu eta itzulera. Goizeko 06:00etan etxean.

Patronalak malgutasuna eskatzen du. Baina zer dago malgutasun horren atzean?
Lehen esan bezala, gaur egun patronala pribilegio batetik abiatzen da: langileekin nahi duena egiten du. Hitzarmen honetan arautu nahi den puntu bakoitza, ezer araututa ez dagoenez, EUKIk [EAEko ikuskizun eta ekitaldien patronalak] langileei egiten dien kontzesio gisa ulertzen du. Alderdi sozialak, Teknikariok, ESK, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuak osatzen duguna, CNT eta LASen babesarekin, badakigu sektore hau nolakoa den. Horregatik, Langileen Estatutuak ezartzen duen urte osoko egutegiari uko egin diogu, eta hilabeteko aurreabisua proposatu dugu. Patronalak proposatzen duenak, hau da, bost eguneko epea izatea, langileok une oro enpresaren aginduetara egotea esan nahi du.
Zein borroka-modu izan daiteke eraginkorra zuen kasuan?
Duela hilabete batzuk iragarri genuen bezala, lehenik Lan Ikuskaritzan salaketak jartzea, eta ondoren grebak antolatzea. Hori da jarraitzen ari garen bidea. Salaketei dagokienez, badakigu lehen zigorrak ezarri zaizkiela zenbait enpresari. Grebei dagokienez, sektore honetan inoiz egin ez den bezala, greba antolatu genuen; mugarri historikoa izan da, eta benetako arrakastatzat jo dugu. Laster iragarriko ditugu hurrengo hiru grebak, lurralde bakoitzeko Aste Nagusietan egingo direnak. Dagoeneko horiek antolatzen ari gara, eta parte-hartze handia izango dutela aurreikusten dugu.
"Sektore honetan inoiz egin ez den bezala, greba antolatu genuen; mugarri historikoa izan da"
Jaialdi handiak gero eta negozio handiagoa dira. Zergatik ez da hazkunde hori teknikarien lan-baldintzetan islatzen?
Guztiek dakite enpresak irabazi handiagoak izateak ez duela esan nahi langileen baldintzak hobetuko direnik. Hobekuntza oro borrokaren bidez lortzen da, eta are errazago elkartuta eta antolatuta bagaude. Horixe gertatzen da jaialdien kasuan ere. Batik bat ikusita ikuskizunen kontsumoak nolako hazkundea izan duen, musika-industria inoiz ez zen gaur egungo mailetara iritsi. Lan-baldintzetan hobekuntza batzuk izan dira. Gaur egun, zenbait jaialditan txandak egiten dira, nahiz eta ez den beti horrela. Ideia bat egiteko: txanda-aldaketa badago, hamar bat ordu egiten dira lan; txandarik ez badago, berriz, hamasei eta hemezortzi ordu arteko lanaldiak izaten dira lasai asko. Eta hori etengabe gertatzen da sektore honetan, patronalak prekarizatutzat jotzen ez duen sektore berean.
"Hobekuntza oro borrokaren bidez lortzen da, eta are errazago elkartuta eta antolatuta bagaude"

Sektorean autonomo asko daude. Zein eginkizun betetzen dute? Benetako autonomoak dira kasu gehienetan, ala lan-harreman ezegonkorrak ezkutatzeko formula ere bada?
Egia da batzuek beren ekipamendua dutela, planoak edo diseinuak egiten dituztela eta benetako jarduera autonomoa garatzen dutela, baina gremio honetako autonomo gehienak autonomo faltsuak dira. Ordutegia ezartzen zaie, materiala, egin beharreko lanak, eta askotan baita prezioak ere. Hau da, egiaz, lan-harreman arrunta dute, eta, beraz, lan-eskubideak izan beharko lituzkete, eta ez gaur egun bezala eskubide horiek gabe lan egin.
Enpresentzat, figura hori abantaila hutsa da. Ez dute alta edo baja emateaz arduratu behar; ekitaldiren bat bertan behera uzten bada, ez diote inori ordaindu behar; urte luzez harremana izan arren, langile baten zerbitzuak nahi ez badituzte, deitzeari uzten diote eta kitto, ez dago kalte-ordainik, ezta agurtzeko beharrik ere. Horrek langilea bere "bezeroen" menpe lotuago egotea eragiten du, eta, jakina, lan-baldintza hobeak eskatzea askoz zailagoa bihurtzen du. Autonomoen poltsa handi bat edukitzeak, prezioak eta zerbitzuak negoziatzeko prest eta inolako lehentasun-irizpiderik gabe deien zain daudenak, langileen arteko lehia moduko bat sortzen du, patronalaren mesederako.
"Autonomoen poltsa handi bat edukitzeak [...] langileen arteko lehia moduko bat sortzen du, patronalaren mesederako"
Autonomoen egoerak zaildu egiten al du sektorea antolatzea eta grebak egitea?
Jakina, zailagoa egiten du. Hala ere, maiatzaren 15eko grebak autonomoen babesa ere izan zuen neurri batean, ulertu baitzuten negoziazio honek zuzenean eragiten diela. Alde batetik, etorkizunean autonomo izateari utz diezaioketelako, eta hitzarmena izango delako haien lan-baldintzak arautuko dituen tresna. Bestetik, autonomo izaten jarraitzen badute ere, sektorea hobetzeak eskubideak aldarrikatzeko aukera gehiago emango dielako. Edozein hobekuntza ongi etorria da.

Hasieran iragarri zenuten BBK Liven mobilizatuko zinetela, azkenean, hiriburuetako jaietan batuko dituzue indarrak.
BBK Livekin lotutako eztabaida konplexua izan da. Eztabaida askoren ondoren, erabaki dugu hiriburuetako jaietako hiru greba-egunak ondo antolatzera bideratzea indarrak. Beste sektore batzuetan prekaritateagatik hain kritikatua izan den jaialdi honetan argi ikusten da lehen aipatutako autonomoen arazoa, barruan lanean ari diren enpresa tekniko handiek ia ez dute plantillako langilerik; autonomoekin funtzionatzen dute nagusiki. Hori ere prekaritatea, ezegonkortasuna eta behin-behinekotasuna da. Laguntzaile teknikoei dagokienez [karga eta deskargako langileak] antzeko zerbait gertatzen zaie: aldi baterako laneko enpresa baten moduko funtzionamendua, behin-behinekotasun handia eta plantilla txikia.
Horregatik jarri dugu arreta beste hiru mobilizazioetan, nahiz eta etorkizunean ez dugun ezer baztertzen, jaialdian lan egiten duten enpresa guztiak EUKI patronalaren parte baitira. Eta Last Tourreko zuzendaria den Yurdana Burgoari esango nioke, elkarrizketa batean esan baitzuen bere hornitzaileetako enpresaren batek lan-eskubideak urratzen dituela antzemanez gero ez zuela berriz harekin lan egingo: has dadila jaialdiko larrialdi-irteerak irekitzen, bere hitza betetzen badu irteera kolapsatu egingo da eta.
