AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Soinu-teknikariek berriz joko dute grebara uda honetan
BBK Liven egingo dute hurrengo greba, eta hiriburuetako jai nagusietan ere lanuzteak izango dira. "EUKI ez da mugitzen, borrokak jarraitzen du", ohartarazi du Teknikariok Sindikatuak.
2026eko ekainaren 19 - 05:00
Soinu-teknikariek berriz joko dute grebara uda honetan
Maiatzaren 15ean egin zuten lehenengo lanuztea teknikariek. — ARGAZKIA Teknikariok

Beste lau greba-egun iragarri dituzte EAEko soinu-teknikariek, salatu baitute EUKI patronalak ez duela erakutsi hitzarmena negoziatzeko asmorik. Atzo goizean egin zuten agerraldi bat Bilboko (Bizkaia) Euskaldunaren aurrean, Teknikariok Sindikatuak, ESK-k, LABek, UGTk, ELAk eta CCOOk deituta. Hor jakinarazi zuten Bilbon izango dela hurrengo lanuztea, BBK Live jaialdiaren lehenengo egunean hain zuzen ere, eta Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietan, Donostiako Aste Nagusian eta Bilbokoan ere greba egingo dute teknikariek, euren lan-baldintzen defentsan.

Greba historikoa egin zuten sektorean joan den maiatzaren 15ean, eta sindikatu deitzaileek jakinarazi dute "arrakastatsua" izan zela deialdia. Orduan azaldu zuten, ordea, negoziazioak blokeaturik segitzen bazuen, mobilizazioei ekingo zietela berriz, eta horixe da egoera. "Negoziazio hutsaletan aritu gara bi urtetik gora, eta prekaritateak zein oinarrizko lan-eskubideen urraketek bere horretan diraute; baita Langileen Estatutuko gutxieneko eskubideen urraketak ere", seinalatu zuten beharginek maiatzean, aurreneko lanuzte horretarako deialdia aurkeztean. Itxura denez, lan-egutegiaren berri emateko epeen auziak eta ordutegien malgutasunari buruzkoak sortu dituzte orain langileen eta patronalaren arteko desadostasunik nabarmenenak, eta geldirik daude elkarrizketak. "EUKI ez da mugitzen, borrokak jarraitzen du", zioen Teknikariok Sindikatuak herenegun.

Sindikatuek uste dute sektoreko langileen arteko "batasuna" eta euren "indarra" erakutsi zituela maiatzeko greba-egunak, baina ohartarazi dute enpresa ugarik urratu zutela teknikarien greba-eskubidea egun horretan. Salaketak aurkeztu dituzte Lan Ikuskaritzan arrazoi horregatik, eta uztailetik aurrera izango diren lanuzteei begira ere jarri dira jada.