69 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikorako (IAT) zentroetako langileek, euren lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen kolektibo baten alde. Izan ere, Gipuzkoako gainerako zentroetan baino gutxiago kobratzen dute (8.000 euroraino), lan-ordu askoz ere gehiago izan arren (133 inguru). ITASUA enpresarenak dira Zarauzko eta Bergarako lantegiak, eta bietako plantillek jo zuten grebara uztailean. Dena den, langileen eskaerak aintzat hartzeko borondaterik erakutsi gabe jarraitzen du zuzendaritzak, eta, beraz, greban segitzen dute, ELA eta LAB sindikatuek deituta.
Bi zentroak ia erabat blokeatzea lortu dute beharginek, nahiz eta enpresak grebalariak ordezkatzeko langile bat kontratatu zuen lanuztea hastean, euren greba-eskubidea urratuz. Negoziatzeko borondate faltari eusteaz gain, langileak mehatxatzen ari da ITASUA, ELAk jakinarazi duenez. Enpresak esandakoak ere jaso ditu Diario Vasco-k, eta badirudi zenbait behargin salatu dituela, lantokien aurrean egindako protestak direla-eta.
Bihar bilduko dira ordezkari sindikalak eta enpresa, uztailaren 23ko bilerak huts egin ondoren. Eusko Jaurlaritzak eta gainerako instituzioek esku har dezatela exijitu izan dute sindikatuek, baina oraingoz, ez da aurrerapausorik negoziazioan, eta mobilizazioekin segituko dute plantillek. Bihar goizean elkarretaratze bat egingo dute Gasteizen, Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren parean, eta, hilaren 23rako, auto-karabana bat antolatu dute Bergaran. Horren ostean, Bergarako eta Zarauzko kaleetara eramango dituzte euren aldarriak: manifestazio bat egingo dute Bergaran irailaren 24an, eta Zarautzen urriaren 1ean.