AKTUALITATEA / Etxebizitza

Porrot egin dute etxebizitzari buruzko dekretuek

Juntsek ezetz bozkatu ostean, hauteskundeetara deitzea planteatzen ari omen da Sanchezen gobernua.
2026eko urriaren 2 - 14:17
Porrot egin dute etxebizitzari buruzko dekretuek
— ARGAZKIA La Moncloa

Espainiako Ministroen Kontseiluak irailaren 29an onartu zituen bi lege-dekretu, etxebizitzaren ingurukoak, eta gaur egin nahi zien bide Diputatuen Kongresuan. Proposamenek ez dute aurrera egin, ordea, ez batak ez besteak: berriki baieztatu da porrot aurreikusgarria. Lehenengo dekretuak, berez onartzeko probabilitate handiagoa zuenak, aldeko 172 boto eta kontrako 178 jaso ditu; bigarrenak, berriz, aldeko 166 eta aurkako 184.

Voxek, PPk eta Juntsek bi dekretuen kontra bozkatu dute. EAJk eta Coalición Canariak baiezkoa eman diote aurreneko dekretuari, baina ezetz esan diote bigarrenari. Boto horiekin, atzera bota dituzte bi proposamenak.

Hainbat neurri jasotzen zituen lehen dekretuak: etxegabetzeen aurkako babesa 2030eko abenduaren 31ra arte luzatzen zuen, denboraldiko eta logeletako alokairuak arautzen zituen, putre-funtsen bidez etxebizitza erostea debekatzen zuen 2028ra arte, 2028ko abenduaren 31 baino lehen amaitzen diren kontratu jakin batzuk bi urtez luzatzen zituen, eta abar. Bigarren dekretuak etxebizitza-eskubidearen aldeko mugimenduak aldarrikatzen dituen zenbait neurri ezartzen zituen, "estrukturaltzat" jotakoak, nagusiki, alokairu-kontratuak automatikoki berritzea.

Gaurko bozketaren aurretik, Juntsek gobernuari exijitu zion atzera bota zitzala bi dekretuok. Gatazka honek kolokan jarri du Pedro Sanchezen agintaritza, gobernu-kideetako bat baita Junts. Hainbat iturrik diote azaroaren amaieran hauteskunde orokorretara deitzea planteatzen ari dela presidentea.

[Albistea osatzen ari gara]