Atzo goizean, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakin zuen desokupazio-enpresa bat pertsona bati mehatxu egiten ibili dela Irurtzunen (Nafarroa). Azken egunotan bere etxe ondoan jazartzen aritu ondoren, herenegun mehatxu zuzen bat egin zioten desokupek: esan zioten "bere kabuz" etxetik alde egiten ez bazuen, gaur itzuliko direla, atea botako dutela eta pisua hondatuko dutela.
Pisu honen jabea Adania da, Nafarroako etxejaberik handienarena: 2026ko maiatzeko datuen arabera, soilik Nafarroan 632 etxe ditu jabetzan. Eta maizterra, berriz, bakarrik bizi den Irurtzungo gizon bat, sindikatuaren esanetan. Bi aldeek alokairu-kontratua sinatu zuten 2018ko irailean, eta gizonak alokairu-kuota guztiak ordainduta dituen arren, Adaniak ahoz komunikatu zion ez zuela kontratua berritzeko asmorik.
Nafarroan dirutza publikoa jasotzen duen enpresa bat
"Edozein kasutan, ez dute etxegabetze-prozesurik abiatu maizterraren aurka. Beraz, Adaniari galdetu beharko genioke: desokupazio-enpresa faxistak kontratatzen ari dira haien maizterrak etxeetatik botatzeko? Diru publiko kantitate izugarriak jasotzen dituen enpresa batek bide alegaletara jotzen du pertsonak beren bizitokietatik kanporatzeko?", galdegin du Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
"Ez dezagun ahaztu Adania dela Nafarroan Babes Ofizialeko Etxebizitzak sustatzeko esleipen gehien jasotzen dituen enpresa, eta horretarako milioiak eta milioiak jasotzen dituela", ekarri du gogora sindikatuak: "Ekainean bertan ia 4 milioi euroko dirulaguntza eman zion Nafarroako Gobernuak Adaniari, Berriobeitin alokairu babestuko 72 etxe eraikitzeko".
Desokupazio-enpresen izaera faxista
Sindikatuak ohartarazi du "ezin dela onartu desokupazio-enpresen jarduna normalizatzea". "Ezin dugu onartu, langile-klaseko sektorerik pobretuenek etxebizitzaren arloan duten babes eskasa guztiz desagerraraztea ekarriko lukeelako, eta haien eskutik ideia arrazista eta klasisten hedapena datorrelako. Ezin dugu onartu, eskuadrismo faxistari ez zaiolako lekurik utzi behar gure kaleetan, horrek gure eskubide sozial eta politikoen desagerpenerako baldintzak jarriko lituzkeelako. Eta ezin dugu onartu, azkenik, ahoa etxebizitza eskuragarriarekin betetzen duten enpresak, instituzio publikoen partetik milioika euro jasotzen dituztenak, pertsona zaurgarriak etxegabetzen aritzea, are gutxiago mehatxu eta hertsapen mekanismoen bitartez", seinalatu du.
Horiek horrela, sindikatuko kideek jakinarazi dute lanean ari direla Irurtzungo etxegabetze hau ere gelditzeko, "eta balizko edozein saiakerari aurre egingo diogula".