AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / La Provincia
2023/06/22 09:27

Kanaria Handitik 160 kilometro ingurura, hegoalderantz, naufragio bat izan da astearte honetan. 60 pertsona baino gehiago zihoazen ontzi pneumatiko batean, eta Kanarietara iritsi nahian ari ziren, itsasoa gurutzatuz. Kostara heldu aurretik, baina, urperatze arriskua zela-eta, laguntza eskatu behar izan zuten. Astearte iluntzerako, 20:00ak baino lehen, Espainiako Estatuaren hegazkin batek identifikatuta zeukan galdutako ontzia zehazki non zegoen.

Marokok bidalitako patruilariak, ordea, ez ziren zodiac horrengana hurbildu hurrengo goizera arte. Asteazkeneko 06:20ak aldera bertaratu ziren pneumatikoa zegoen puntura, ia 12 ordu beranduago. Ordurako sarraskia gertatua zen jada: ontzian zihoazen 35 lagun desagertuta zeuden, eta hilda zeuden bi pertsona. 24 lagun baino ez zituzten erreskatatu patruilariek, ontziaren hondarretatik.

Hainbat hedabidek gerora jakinarazi dutenez, gainera, are ikaragarriagoa da gertatu zena errealitatean: ontzi pneumatikoa zegoen puntu zehatzetik ordubete ingurura, Espainiako Estatuaren Itsas Salbamenduko ontzi bat zegoen astearte iluntzean (galdutako beste zodiac bateko migratzaileak erreskatatzeko lanetatik bueltan, antza), baina ez zen laguntza eske ari ziren gainontzeko 60 pertsona horiek erreskatatzera hurbildu. Are gehiago: ondoan zegoen 260 metroko kontainer-ontzi bat ere, nahiz eta azaldu duten ontzi handiegia zela erreskate-lanetarako, eta halako kasuetan Itsas Salbamenduak ez esku hartzeko agindua ematen duen arren.

Azalpen ofizialen arabera, Marokoko autoritateek esan zutenez patruilariak bidaliko zituztela itsasoan zeuden 60 lagunei laguntza emateko, ez zuen esku hartu Espainiako Estatuko Itsas Salbamenduak. Gerora xehatu dutenez, baina, Marokoko patruilariak ia 12 ordu beranduago iritsi ziren ontzia galduta zegoen puntura; berriz ere, beranduegi.

500 pertsona baino gehiago desagertuta Grezian

Greziako uretan, aurreko astean izan zen sekulako sarraski bat: 700 lagun inguru zeramatzan arrantza-ontzi bat hondoratu zen itsasoan, eta desagertuta jarraitzen dute 500 pertsonak baino gehiagok. Aurten gertatu den eta argitara atera den naufragiorik handiena da.

EZ DAGO IRUZKINIK