AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/02 10:03

2023. urtean izandako emaitzen berri eman dute Sabadell, BBVA eta Santander banketxeek. Aurreko urtean irabazien marka guztiak hautsi zituzten Espainiako Estatuko sei banku nagusiek, tartean aipatutako hirurek, eta joera gorakor horri eusten jarraitzen dute, antza: marka historiko guztiak gainditzen segitzen dute, inoizko irabazirik handienak lortuta; besteak beste, interes-tasak eta abar igotzen jarraitzen duten bitartean.

Sabadellek 1.332 milioi euroko etekinekin itxi du 2023a, 2022an baino are gehiago: %55,1 egin dute gora bere irabaziek. Banketxe horrek 1.000 milioi euro baino gehiago lortzen dituen aurreneko aldia da, aurretik markatutako langa historikoa 2006koa baitzen: urte horretan, 908 milioi euro eskuratu zituen Sabadellek.

BBVAk ere historian izandako emaitzarik onenak lortu ditu 2023an, 8.019 milioi euro, hain zuzen ere. 2022an baino %26,1 gehiago da hori: 6.420 milioi euroko irabaziak izan zituen orduan, eta 2018ko marka historikoa hautsi zuen. Izan ere, 2022ra arte, 2018koa zen BBVAren errekorra: 5.324 milioi euro.

Santanderrek, bestalde, 11.076 milioi euro irabazi ditu 2023an. 2022ko datuekin alderatuta, beraz, errekor historiko berri bat markatu du banketxeak: %15 handiagoak dira 2023ko etekinak, aurreko urteko emaitza historikoak gaindituta. Historian lehen aldiz gainditu du 11.000 milioi euroko langa Santanderrek, 5.000 milioi eurotik beherako etekinetatik (horixe zen lortutako mozkina 2013an), 11.000 milioi baino gehiago irabaztera igaro baita 11 urteko epean.

EZ DAGO IRUZKINIK