Amerikako Estatu Batuek atzo argitaratu zuten zuzenketa bat, eta, horren arabera, %125eraino igo dizkio muga-zergak Txinari. Apirilaren 2an Donald Trumpek gerra komertziala iragarri aurretik ere %20ko tasa indarrean zegoela kontuan hartuta, guztira, %145ekoak dira aurrerantzean AEBek Txinako inportazioei ezarriko dizkioten muga-zergak. Etxe Zuriak hala baieztatu dio berriki CNBC kateari.
Estatu Batuek, hala, politika komertzialean kaosa zabaltzen jarraitzen dute. Apirilaren hasieran sekulako gerra komertzial globala deklaratu ostean (inportazio guztiei %10eko muga-zerga unibertsala ezarriko ziela esan zuen Trumpek), atzo atzera egin zuen sorpresaz, eta 90 eguneko "su-eten" baten berri eman zuen, tasa berrien aplikazioari dagokionez. Dena den, salbuespen bat egin du gobernuak: etenaldi horretatik kanpo utzi du Txina, aitzakiatzat hartuta Pekinek AEBen neurriei erantzun izana. Izan ere, Washingtonen igoera arantzelario erraldoiari erantzunez, Txinak jakinarazi zuen %34tik %84raino igoko zizkiela muga-zergak AEBetako inportazioei.
Trumpen azken neurrien aurka, Txinako Gobernuak adierazi du "baliabide ugari" dituela AEBen politikei aurre egiteko eta, Washingtonek "bere neurri murriztaile ekonomiko eta komertzialak areagotzen" jarraitzen badu, "erabakitasunez" erantzuteko.