2024. urtea 10.000 milioitik gorako irabazi historikoekin bukatu zuen BBVAk, eta KEM-MOC Talde Antimilitaristak seinalatu du, "hein handi batean, gerraren industria finantzatzetik datozela" banketxearen etekinak. "BBVAk 1.639,60 milioi euro baino gehiago erabili ditu armagintza sustatzeko, eta, besteak beste, arma nuklearrak egiteko inbertsioak egin ditu", azaldu du: "Zenbat eta gerra handiagoa, orduan eta irabazi handiagoa".
BBVAk gerraren bidez negozioa egiten duela salatzeko asmoz, protesta-ekintza bat egin zuen aurreko astean KEM-MOCek: "BBVAren irabaziak odolez zikinduta eta gorpu kopuru handi baten gainean" daudela irudikatu zuen, BBVAko kargudun bat "hildako gorpuen mendi baten gainean" erakutsiz, "gerraren kulturak eta haren finantzaketak dakartzaten ondorioen sinbolo" modura.
BBVAk General Dymamics, Leonardo, Indra, Airbus, Aecom, Honeywel, Navantia edo Maxam enpresak finantzatu ditu, esate baterako. Konpainia horiek hegazkin militarrak, tankeak, urpekoak, misilak, munizioak eta arma nuklearrak ekoizten dituzte. Horri lotuta, Talde Antimilitaristak gogora ekarri du "Espainiako finantza-sistemak Palestinako herriaren genozidioan duen inplikazioa", baita "Ukraina, Yemen edo Sudangoa bezalako gerra krudelak" sostengatzen dituela ere. "Banku ugarik parte hartzen dute armagintza-industriaren finantzaketan, egungo berrarmatzea aprobetxatuz", gaineratu du.