AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / ABC Sevilla
2023/02/07 10:32

Irabaziei dagokienez orain arte ondutako marka guztiak gainditu dituzte Espainiako Estatuko banku nagusiek; alegia, Santander, BBVA, CaixaBank, Sabadell, Bankinter eta Unicaja banketxeek. 20.850 milioi euro irabazi zituzten 2022. urtean, aurrekoan baino %28 gehiago batez beste. Adituen arabera, Europako interes tasek gora egin izanak lagundu die bankuei etekin handiagoak izaten, urteko bigarren erdian batez ere.

Santander da 2022an emaitzarik onenak lortu zituena: 9.605 milioi euro irabazi zituen, 2021ean baino %18 gehiago. 2007tik lortutako daturik onenak dira. BBVAk jarraitu zion atzetik, inoiz izan dituen daturik onenekin: 6.420 milioi euroko irabaziak izan zituen 2022an, 2021ean baino %38 gehiago. CMM-ren arabera, Espainiako Estatuan, zehazki, 1.560 milioi euro eskuratu zituen aurrenekoak, eta 1.678 milioi euro bigarrenak.

Caixabanken irabazi netoak 3.145 eurokoak izan ziren iaz, aurreko urtean baino %29,7 gehiago. Bankiarekin izandako fusioaren eraginak emaitzatik kanpo utzi dituzte. Caixabanken parte hartzen du Espainiako Estatuak.

Sabadellek, berriz, 859 milioi euroko etekina lortu zuen 2022an. 2021ean baino %61,9 gehiago da hori, eta banketxeak 2006tik erregistratutako emaitzarik onena da. Bestalde, 560 milioi euro eskuratu zituen Bankinterrek, aurreko urtean baino %28 gehiago. Unicaja Bancok 260 milioi euro irabazi zituen, %88,9 gehiago. Datu hori lortzeko, ez dira kontuan hartu Liberbank banketxearekin batu izanaren eraginak.

Emaitza horiek eskuetan, akziodunen ordainsaria hobetu nahi dute banketxeek, dibidenduen ordainketak handituz nahiz tituluak berrerosteko programen bidez, akzioen balioa handitzeko.

Gobernuak sektoreari ezarritako zerga berria dela-eta, banketxe horiek 1.100 milioi euro ordainduko dituzte orain mozkinengatik. Zerga horren bidez, gobernuak %4,8ko zergapatzea aplikatzen die interes marjinengatik eta komisio garbiengatik. Zerga horren kontra agertu dira banketxeak.

EZ DAGO IRUZKINIK