Eusko Legebiltzarrera bidalitako dokumentuetan, eAtlantic fundazioak azaldu du lau euskal enpresa handik 600.000 euro ordaindu dituztela hura finantzatzeko: Petronorrek, Kutxabankek, Iberdrolak eta BBVAk, hain zuzen ere. Hasierako ekarpen modura, 7.500 euro jarri ditu bakoitzak eAtlantic bultzatzeko, eta 142.500 euroko ekarpen gehigarri bat ere egin dute. Zifra ofizialen arabera, Urkulluk berak ere jarri du diru-kantitate bat eAtlanticen hasierako finantziazioa osatzeko, baina nahiko baxua aurrekoen aldean: 2.000 eurokoa.
Lehendakari ohiak sortu du lobby berria, eta ondoan izango du Marian Elorza ere, Eusko Jaurlaritzan bere kide izandakoa. Izan ere, biek sektore pribatura jauzi egitea baimendu du Jaurlaritzak, iritzita bateragarriak direla haiek izandako kargu publikoak eta sektore pribatuan hasitako ibilbidea. Dena den, eAtlanticek Eusko Legebiltzarrera helarazitako agirietan ez da zehazten zenbateko soldata izango duen fundazioko buru Urkulluk, ezta Elorzaren ordainsaria zenbatekoa izango den ere.
"Presidente exekutiboak ez du fundazioaren edo fundatzaileen interesekin talka egin lezakeen interes pertsonalik (ez bada fundazioak Euskadirentzat eta Europar Batasun osoarentzat eta, bereziki, ardatz atlantikoarentzat duen interes orokorraren uste pertsonala), eta ez du inolako onurarik lortuko (ekonomikoa edo parekagarria) fundazioaren fundatzaileengandik, patronatukideengandik edo onuradunengandik".
Hala ere, aurkeztutako idatzietako batean zehazten da "posible" dela eAtlantic finantzatu duten enpresek "fundazioaren eraketa ez babestu izana, [Urkullu ez den] beste edozein pertsonak sustatu izan ez balu". Hori dela eta, aitortzen da lehendakari ohiaren "prestigioak eta garrantzia publikoak", zehazki, "modu erabakigarrian lagundu" dutela aipatutako enpresek fundazioa bultza dezaten.