Hirugarren urtez, Iruñerriko (Nafarroa) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jota aldarrikatzaile bat abestu du San Fermin eguneko prozesioan. Hain zuzen ere, iaz etxegabetzeen aurkako jota bat kantatzeagatik jasandako errepresioari egin dio erreferentzia aurtengo jotak. Honela zioen herenegun entzun ahal izan zen jotak:
Mientras sufran los de abajo
Y el rico sea más rico
Borrokak jarraituko du
Ez dugu ahoa itxiko
Jota herriarena da
Mantentzen bada kritiko
Karrika Nagusiko balkoi batetik bota zuten jota, Muebles Apesteguía zenaren ondoan. "Joan den urteko zentsura saiakera gorabehera, berdin-berdin kantatu dugu aurten", azaldu dute sindikatuko kideek. Jotariek bi ahotsetan abestu zuten, akordeoi eta gitarra baten laguntzaz, balkoitik pankarta bat zintzilik zegoelarik, ondoko mezuarekin: "Frente a la represión. Frente a la censura. Kritikoa den kultura zapalduon zerbitzura".
Aurtengo jotaren bidez, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak aldarrikatu nahi izan du "injustiziek dirauten bitartean" beti egongo direla "borrokarako eta kritika politikorako arrazoiak". Modu berean, "jotaren eta bestelako kultur-adierazpenen izaera herrikoia" nabarmendu dute, "historikoki bertsio ofizialaz bestelako mezuak zabaltzeko" tresna gisa duten balioa azpimarratuz.
Etxebizitza-eskubidearen aldeko kolektiboak gogora ekarri du iazko prozesioan kantatu zuten jotarengatik 1.800 euroko isunak jaso dituztela sindikatuko bi kidek eta GEDAR LANGILE KAZETAko kazetari batek. Isun horiek "eskubide politikoen eta kritika politikoa egiteko askatasunaren kontrako eraso larritzat" jo zituzten duela bi hilabete egindako salaketa publikoan, Iruñerriko hainbat artista kolektiborekin batera JOTA-KE elkartasun-jaialdia aurkeztu zutenean.
Beste alde batetik, Nafarroako hainbat artistarekin batera (Ainhoa Naxker, Ekain Alegre, I.ANAI, Kimikari, Marta Moreno, Kiliki Frexko, Raimundo el Canastero, Lawera) Segiko dugu kantatzenabestia eman zuten ezagutzera duela astebete, "zentsuraren aurkako mezua" zabaltzeko asmoz. "Artea kritikarako eta aldarrikapen politikorako bitarteko gisa defendatzea denoi dagokigu", azpimarratu dute.