AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Alokabidek Galdakaon egin nahi zuen etxegabetzea atzeratzea lortu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak
Egoera zaurgarrian dagoen familia batek bere etxea galdu behar zuen gaur, baina desalojoaren aurka mobilizatu da Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Salatu du Alokabidek pertsona zaurgarrienak kaleratzen dituela, baita alokairu sozialetatik ere; ekainaren 9an bertan etxegabetu nahi zuen beste familia bat Elorrion.
2026eko ekainaren 22 - 07:30
Alokabidek Galdakaon egin nahi zuen etxegabetzea atzeratzea lortu du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak jendaurrean salatu zuten Alokabidek, Eusko Jaurlaritzako enpresa publikoak, gaur bertan etxegabetu nahi zuela familia bat Galdakaon (Bizkaia). Etxe-kaleratzeari aurre egitera deitu zuten bi antolakundeek, eta goizeko 09:00etarako elkarretaratu da jendea Gernika kaleko 1. zenbakian. Ertzaintza bultzaka oldartu da manifestarien aurka, eta hainbat bota ditu lurrera. Handik ordu eta erdi ingurura jakinarazi dute etxegabetzea atzeratzea lortu dutela, emandako erantzunari esker.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/GedarLangileKZ/status/2068970041098318269

Kaltetutako familia zaurgarritasun-egoera ekonomikoan dago eta adin txikiko bi pertsona ditu bere kargu. Alokairu sozialeko etxebizitza batean bizi dira 2015etik, Bizigune programaren bidez. Pandemiaren krisiaren ondorioz, ordea, familia arazoekin hasi zen hileroko kuotei aurre egiteko, eta horrek zor bat pilatzea ekarri dio. Zor hori kitatzeko ordainketa-plan bat negoziatu zuten Alokabiderekin, baina zailtasun ekonomiko iraunkorrek plana betetzeko ezintasunera eraman zuen familia. Horren aurrean, Alokabideren jarrera izan da berriro negoziatzeari uko egitea: Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik salatu dutenez, erakunde publikoak uko egin dio erantzuteari eta esku hartzeari, Galdakaoko Udalak eta gizarte-zerbitzuek bideratutako bitartekaritza-ahaleginak alde batera utzita. Gaur-gaurkoz, dena den, ez Alokabidek ez gizarte-zerbitzuek ez diote inolako etxebizitza-alternatibarik eskaini familiari.

Alokabidek kaleratzen du

Kasu honek berriro jartzen du zalantzan diskurtso instituzionala, aipatutako bi antolakundeek seinalatu dutenez. "Hainbat elkarrizketa publikotan, Etxebizitza sailburuak [Denis Itxaso] adierazi du Alokabidek ez duela etxegabetzerik egiten. Alabaina, gertakariek oso bestelako errealitatea erakusten dute", azaldu dute: "Azken asteetan, enpresa publiko honek berak Gasteizen (Araba) eta Elorrion (Bizkaia) [orduan ere desalojoa gelditzea lortu zuen sindikatuak] bultzatutako beste hainbat etxegabetze salatu dira, eta horiei gaurko Galdakaoko kasua gehitu zaie. Guztiak adierazten du, etxegabetzeen moratoria amaitu ostean, Alokabideren parke publikoko kaleratzeak areagotzen ari direla".

Alokabidek berak argitaratutako datu ofizialek hazkunde kezkagarri hori islatzen dute, gainera: azken bi urteetan, etxegabetze-demandak bikoiztu baino gehiago egin dira; gauzatutako etxegabetzeak, berriz, %40 baino gehiago hazi dira aurreko urtearekin alderatuta.