AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Zarautzen, etxean geratzea erabaki du udan alde egitera behartu nahi duten familia batek
Iruzurrezko aldi baterako kontratu bat dauka familiak, eta ez dauka nora joan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin antolaturik, Orioko beste familia batek ere etxean gelditzea erabaki zuen iaz; bertan jarraitzen du urtebeteren ondoren. Eskualdean, ohikoak dira denboraldiko alokairu-kontratuak, udan jabeek erabilera turistikoa eman ahal izateko etxeei.
2026eko ekainaren 23 - 06:39
Zarautzen, etxean geratzea erabaki du udan alde egitera behartu nahi duten familia batek
Manifestazioa Zarautzen iazko udan, turismoaren negozioaren aurka.

Zarautzen (Gipuzkoa), aldi baterako iruzurrezko alokairu-kontratu bat daukan familia batek erabaki irmoa hartu du: uda hastean beren etxetik alde egitera behartu nahi ditu jabeak, pisuari erabilera turistikoa emateko eta hilabetean milaka euro gehiago irabazteko antza, baina bertan geratzea erabaki du gaur egun bertan bizi den familiak. "Gure kontratuak dio aldi baterakoa dela. Nahiz eta etxe hau gure ohiko bizitokia den, etxejabeak dio etxea behar duela arrazoi pertsonalengatik, eta, horregatik, alde egin behar dugula ekainaren 30ean. Etxearen iragarkia, ordea, Interneten jarria zuen udan alokatzeko, hilean 5.000 euroren truke". 

Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin harremanetan jarri zen familia, eta hainbat exijentzia egin dizkiote etxejabeari, tartean, ohiko etxebizitza bati dagokion alokairu-kontratua egitea; "guri dagokiguna", familiak zehaztu duenez. Momentuz, ordea, ezezko biribila eman du jabeak. "Guk ez dugu nora joan, eta horregatik erabaki dugu etxean geratuko garela", ohartarazi dute maizterrek.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/Kontseilua_UrKo/status/2069134407978405996

"Kasu hau herri-eredu kapitalistaren adierazpen bat gehiago da, irabaziak lehenesten dituen gizarte-ereduarena", seinalatu dute Urola Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik. Azaldu dute "langile-klasea kanporatua izaten ari dela Zarauztik", besteak beste, "alokairu ordainezinen, bizitzaren garestitzearen eta aldi baterako alokairuen" bidez. "Horren aurrean, antolatzea eta borrokatzea da geratzen zaigun bide bakarra". Zarautzen, hastear dira San Pelaio jaiak, eta ekainaren 25ean, San Pelaio Egunaren bezperan, elkartasun-argazki bat aterako dute aipatutako familiari babesa emateko.

Beste kasu bat Orion

Eskualde berean, Orion (Gipuzkoa) hain zuzen ere, antzeko beste kasu baten berri eman zuen sindikatuak duela urtebete: aldi baterako iruzurrezko kontratuak sinatzera behartzen zuten familia bat, eta uda iristean, euren etxea utzi behar zuten urtero-urtero. Iaz, baina, planto egin zuten maizterrek, eta etxean gelditzea erabaki zuten, sindikatuaren eskutik. Bertan jarraitzen dute oraindik.

Tweet / X Post

The post preview renders on the published page.

https://x.com/Kontseilua_UrKo/status/2054487500077297715

Urola Kosta bezalako eremu turistifikatuetan, ohikoa da etxejabeek maizterrak behartzea aldi baterako alokairu-kontratuak sinatzera. Modu horretan, uda garairako etxe horiek hustea eta erabilera turistikoa ematea lortzen dute jabeek, hilabete gutxi batzuen buruan milaka eta milaka euro gehiago irabazteko.