Euskal Herriko Kontseilu Sozialistaren (EHKS) aurkezpen-ekitaldia izan zen Eibarren, eta lekuan lekuko aurkezpenak horren ostean. Mugimendu Sozialistak Euskal Herrian duen erreferente eta antolakunde nagusia da EHKS, komunismoa langileon artean hegemoniko bilakatzea bilatzen duena.
EHKSren ikerketa aurreratuen erakundea aurkeztu zuten: Ikerketa Sozialisten Institutua (ISI). "Estrategia Sozialista Berriaren funtsatze teorikoan aurrera egitea" eta "EHKSren ildo politikoa taktikoki zehazteko euskarri zientifikoa izatea" ditu helburutzat ISIk.
Indarkeria matxistari aurre egiteko proposamen politikoa aurkeztu zuen Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, lau ardatzekin: "emakume langileon babesa antolatzea", "erasoen aurrean erantzutea", "indarkeria matxista normalizatzen duen industria kulturala borrokatzea" eta "antolakuntza politikoa garatzea eta indartzea".
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Berri Otxoak taldeak eta Argilan-ESK-k antolatuta, prestazio sozialetan izaten ari diren murrizketen kontrako manifestazio bat izan zen Bilbon.
Ikasle-mugimenduak EHUren Gasteizko campusean antolatu zuen 2024ko Herri Unibertsitatea, urtero bezala, hausnarketa eta formakuntza politikoa oinarritzat hartuta. Lehenengo egunaren amaieran, baina, Ertzaintzak indarrez hustu zuen Herri Unibertsitatea, EHUren aginduz.
Emakume Langilearen Egunaren harira, Itaiak hamaika hiritan eta herritan egin zituen mobilizazioak, Emakume langileok borrokara! Sozialismoa eraiki aldarritzat hartuta.
EHKSren lehenengo jardunaldi politikoa Donostian, estatu-autoritarismoari buruz. Jardunaldia amaitzean, manifestazio bat egin zuten aurreko asteetako jazarpen poliziala eta errepresioa salatzeko.
Negozioen eta inposizioen hezkuntzaren aurka, milaka ikaslek egin zuten greba Hego Euskal Herriko hezkuntza ertainean eta unibertsitatean, Ikasle Abertzaleak antolakundeak deituta.
Pobrezia eta askatasun eza borrokatzera deitu zuen Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) urtarrilean, eta, horri lotuta, manifestazio bat antolatu zuen martxoaren 30erako, gazte langileen emantzipatzeko eskubidearen alde. Egun horretan Gasteizko kaleak hartu zituen GKSk, eta mobilizazioaren bukaeran, etxe bat okupatu zuten hainbat gaztek, emantzipatzeko ezintasuna salatzeko.
ISIren lehenengo kongresua izan zen Bilboko Euskaldunan, Leninen heriotzaren 100. urteurrenaren harira. Leninen lorpen politikoak aitortzea, bere teoria iraultzailearen gaurkotasuna aldarrikatzea eta mugimendu komunistaren egungo zereginei buruzko eztabaidari heltzea zen asmoa.
Gerraren eta austeritatearen aurka, manifestazio nazional bat egin zuen Bilbon EHKSk, Badago alternatiba. Langile boterea eraiki lelopean. Langile mugimenduaren tradizio iraultzailea omendu eta, instituzioen fartsatik kanpo, langile boterea eraikitzeko beharra nabarmendu zuen.
IAk kanpaldiak egin zituen hainbat campusetan, Palestinaren askatasuna aldarrikatzeko eta mundu osoan zehar Palestinaren alde mobilizatzen ari ziren ikasleei elkartasuna adierazteko.
GKSren ekimenez, hiru eguneko kanpaldi bat izan zen Donostian, Palestinaren askatasunaren alde eta Israelgo Estatu terroristaren kontra. Kanpaldia amaitzean, ekainaren 7an, Europar Batasunaren eta NATOren kontrako mobilizazio bat egin zuten Donostian bertan, EHKSk deituta.
Itaiak urteko jardunaldi nazionala egin zuen Legution, beste edizio batez, emakume langileen askapen-prozesuaren inguruan hausnartzeko.
Abortatzeko eskubidearen alde, Itaia eta Osakidetzako hainbat langile mobilizatu ziren Gurutzetako Ospitalean, eskubide hori urratzen ari direla salatzeko.
Batxilergoko ehunka ikasle atera ziren kalera, jasaten ari diren ezegonkortasun izugarriaren eta Selektibitatearen kontra. IAk protestak egin zituen hainbat hiritan eta herritan.
Milaka gazte elkartu ziren Altsasun (Nafarroa), Gazte Topagune Sozialistan. "Krisiak, gerrak eta oldarraldi erreakzionarioak ezaugarritutako testuinguru honetan, gazte langileok lehen lerroan egongo gara", jakinarazi zuten GKSk eta IAk.
Agerraldi baten bidez jakinarazi zuen UIBk 10.000 sinadura baino gehiago bildu dituela EHUko ikasleen artean, doako unibertsitatearen alde.
Indarkeria matxistaren kontra mobilizatu ziren milaka pertsona: Itaiak 23 hiriburutan eta herritan egin zituen mobilizazioak, eta UIBk eta emakume taldeek hainbat campusetan. IAk, gainera, 60 ikastetxetan baino gehiagotan antolatu zituen hitzaldiak eta protestak.
EHKSk mitin politiko bat egin zuen Donostiako Egia auzoan, faxismoari eta erreakzioari aurre egitera deitzeko. GKSk mobilizazio deialdi bat egin du urtarrilaren 25erako, faxismoaren zabalpenaren eta gerraren mehatxuaren kontra.
Besteak beste Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, milaka pertsona atera ziren kalera Bilbon, etxebizitzaren negozioaren kontra eta etxebizitza eskubidearen alde.