AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/18 08:45

Bere burua aurkeztu eta hiru hilabeteren ostean, bere lehen jardunaldi politikoa egin du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS). Egun osoko egitarau baten bidez, estatuen joera autoritarioaz jardun zuten Donostian (Gipuzkoa). Donostiako Zentro Sozialistan eta Loiolako udal pilotalekuan banatuta egin zituzten eguneko lau hitzaldiak, "gaur egungo koiuntura politikoan garrantzia duten hainbat auzi" lantzeko asmoz; batez ere, autoritarismoaren gorakadari lotuta.

Estatuen erreforma autoritarioa eta langileon eskubide politikoen aldeko borroka saioarekin hasi zuten egitaraua goizean. Krisi kapitalistak eragindako estatuen biraketa autoritarioa landu zuten bertan, "burgesia bere menderakuntza politikorako erremintak berrantolatzen" ari dela ikusita. Hala, "gobernu-ereduaren aldaketa" eta "botere-instantzien zentralizazioa" seinalatu zituzten, baita kanpo-mailan eta barne-mailan estatuak ematen ari diren urratsak ere; alegia, "makineria militarra" indartzea kanpo-segurtasunari dagokionez, eta "proletariotzaren aurkako errepresio-mekanismoak" sendotzea barne-politikari dagokionez.

Horren harira, langileon eskubide politikoen aldeko borrokak kontuan izan behar dituen auzi taktikoen inguruan ere hausnartu zuten hitzaldian, gaur egungoa "urgentzia-egoera bat" dela nabarmenduta; "autoritarismoaren eraginez, murrizten ari direlako politika iraultzailerako baldintzak".

Eguerdian, bi hitzaldi izan ziren aldi berean; batetik, Krisi kapitalista eta faxismoa klase ertain nazionalen gainbehera perspektiban. Faxismoari buruzko ulerkera argitzen aritu ziren bertan hizlariak: ez zuten kokatu faxismoa "salbuespen historiko" gisa, baizik eta "kapitalismoaren barruan etengabe" ager daitekeen erreakzio gisa, "zenbait unetan, krisi-egoerei lotuta", azaleratzen dena. Beraz, erdi-mailako klaseen eta faxismoaren arteko harremanaz mintzatu ziren, faxismoa, nagusiki, "proletarizazio-prozesua jasaten ari den erdi-mailako klaseetan" errotzen delakoan. Horretaz gain, gaur egungo adierazpen faxista nagusiak aztertu eta borroka antifaxistarako hainbat gako atera zituzten mahaira.

Bestetik, aldi berean, Inperialismoa, gerra eta genozidioa: joko-zelai kapitalistaren konfigurazio berria hitzaldia eskaini zuten. Inperialismoari buruzko ulerkera xehatzeaz gain, gaur egungo testuinguru belikoaz hitz egin zuten saioan, gaur egungo bloke geopolitikoak eta euren arteko talka nagusiak azalduta. Bestalde, "langileria antolatuak gerraren aurrean hartu beharreko posizio politikoaz" hausnartu zuten.

Bazkaltzeko tartearen ostean, mahai-inguru batekin itxi zuten hitzaldi-sorta: Parlamentarismoa, hauteskunde-zikloa eta estatuen erreforma. Datozen hilabeteetan EAEn eta Espainiako Estatu mailan izango diren bestelako hauteskunde-saioen atarian, alderdi parlamentario bakoitzak duen rola eta ordezkatzen dituen klase-interesak zehaztu zituzten bertan, eta gogoeta egin zuten politika burgesari buruz zein, zehazki, sistema parlamentarioari buruz.

Mobilizazioa arratsaldean

Hitzaldien ondoren, iluntzean, manifestazio bat egin zuen EHKSk Donostiako erdigunean, "azken asteotako jazarpen poliziala eta errepresioa" salatzeko. Gogoan izan zituen, hala, azken asteetan Euskal Herrian izan diren jazarpen eta errepresio kasuak: kargak Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietan, Bilbon (Bizkaia) eta Donostian zenbait futbol partidaren aurretik edota Gasteizen (Araba) Martxoaren 3ko manifestazioan; Indar Gorriren kontrako sarekada; Lapurdiko hainbat gazte militanteren atxiloketa; Gaizka Astorkizaga Fito-ren espetxeratzea, eta abar.

Mobilizazioaren amaieran, EHKSk dei egin zuen "Estatuaren eta injustiziaren aurkako antolakuntza legitimatzera", "militantzia komunista hedatzeko baldintza gisa"; bai eta "langileon eskubide politikoak hedatzera" eta "errepresio-modu guztiei antolaturik erantzutera" ere.

EZ DAGO IRUZKINIK