AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/22 08:42

Hitzordu garrantzitsu bat izan da joan den asteburuan Bilboko (Bizkaia) Euskalduna Jauregian: Ikerketa Sozialisten Institutuak (ISI) antolatutako aurreneko kongresua, Lenin 1924-2024: teoria iraultzailearen gaurkotasuna. Bi egunez, apirilaren 19tik 20ra bitartean, ehunka lagun bertaratu dira Euskaldunara, Vladimir Ilich Ulianov Lenin militante komunistaren heriotzaren 100. urteurrenaren harira egindako kongresura.

"Leninen pentsamendu iraultzailearen gaurkotasuna" aldarrikatzeko kongresu bat izan da. "Bere borondate eta proiektu politikoaren gaurkotasuna" erreibindikatzeko asmoz, "pentsamendu hori guztia eguneratzen" saiatu dira bi egunetan zehar, "eztabaidaren bidez" eta "aktualitateko hainbat auzi" landuta.

Eztabaidari nazioartean heltzea

Institutu marxistako kideek azaldu izan dutenez, "kongresuan landu diren auzi teoriko ugarik daukate harreman zuzena gaur egungo mugimendu komunistaren eginbehar iraultzaileekin eta erronkekin". Izan ere, ISIk ezinbestekotzat jotzen du, eztabaidaren bidez, "gaur egungo arazoen inguruan pentsatzea".

Zentzu horretan azpimarratu du "nazioartean harremanak ehuntzearen" garrantzia, baita nazioartean "eztabaida bat irekitzeko" beharra ere; "elkarrizketari, nazioarteko harreman politikoei eta ildo politiko komunistaren hedapenari" lotuta.

Hitzaldiak, bideoan jasota

Lenin 1924-2024 kongresuan parte hartu dute nazioartean ezagunak diren hainbat adituk; hala nola, Lars Lih, Jodi Dean, Susan Weissman, Kevin B. Anderson, Robert Brenner, Marcel van der Linden, Danel Gaido, Beverly Silver, Alex Calinicos, Fabio Frosini eta Wolfgang Fritz Haug.

Sei eztabaida-mahairen bidez, "boltxebismoaren gaurkotasunaz", "Lenin eta Hegelen Logikaren Zientziaz", "Kapitalaren metaketa-zikloez eta klase-borrokaz", "inperialismoaren teoriaz" eta "ekoizpen-indarren eta ekoizpen-erlazioen arteko dialektika historikoaz" jardun dute nazioarteko gonbidatuek, ISIko kideen eskutik.

Kongresua ixteko, larunbat eguerdian, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistako (EHKS) zenbait militantek hartu zuten hitza, azken hitzaldi bat egiteko. "Alderdi marxista iraultzailearen kontzeptua" aletu zuen EHKSk, entzuleek egindako galderei eta ekarpenei ere helduta.

GEDAR LANGILE KAZETAren Youtubeko kanalean ikusgai daude kongresuko lehen bost hitzaldiak. EHKSk eskainitakoa, azkena, laster egongo da ikusgai.

EZ DAGO IRUZKINIK