AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/26 08:28

Bilbon (Bizkaia) manifestazio jendetsu bat izan zen joan den larunbatean, etxebizitza-prestazioak eskuratzeko orduan izaten ari diren murrizketa berrien aurka, bai eta horiei loturiko "kriminalizazioaren eta pobretzearen" aurka ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako dozenaka auzo-elkartek, kolektibo sozialek eta etxebizitza sindikatuk egin zuten mobilizazio-deialdia, urtarrilean Argilan-ESK, Berri Otxoak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak egindako deialdira batuta.

Manifestazioan berriz ohartarazi zuten, "isilean, hainbat erreforma onartzen ari direla, etxebizitza eskuratzeko prestazioak murrizten dituztenak eta prestazio horiek pertsona eta bizikidetza-unitate prekarizatuenentzat, pobretuenentzat eta kalteberenentzat kentzen dituztenak".

"Hainbat erreforma onartzen ari dira, etxebizitza eskuratzeko prestazioak murrizten dituztenak eta prestazio horiek pertsona eta bizikidetza-unitate prekarizatuenentzat, pobretuenentzat eta kalteberenentzat kentzen dituztenak"

Bi aldaketa nagusi nabarmendu zituzten: Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE) erreforma ("bizilekua" kontzeptua birdefinituta, pertsona ugari baztertuko ditu prestazioak) eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko (EPE) berria. Apirilean sartuko da indarrean EPE berria, eta horrekin batera desagerraraziko dituzte lehen DBErekin batera eska zitekeen Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (EPO) eta alokairurako Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL).

"Aldaketa horiek aplikatzen badira, ehunka bizikidetza-unitateri eragingo diete, eta milaka pertsona etxebizitza-prestazioetarako sarbiderik gabe geratuko dira", azaldu zuten larunbateko mobilizazioaren antolatzaileek. Salatu zuten, hain zuzen ere, "sektore prekarizatuenak eta pobretuenak" izango direla "kaltetuenak": alegia, "Etxebide-Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan hiru urtez izena emanda ez duten pertsonak, azpierrentamenduetan bizi eta logelako erabilera propiorik ez dutenak, alokairu erregularreko kontraturik ez dutenak edo etxebizitza hutsak okupatzen bizi direnak".

"Instituzioek gastu publikoa murriztea bilatzen dute, prestazio-sistema sektore prekarizatuenei murriztuz"

Bestalde, esan zuten "pobretzearen orokortzearen testuinguruan ulertu behar" direla aipaturiko erreformak: "Instituzioek gastu publikoa murriztea bilatzen dute, prestazio-sistema sektore prekarizatuenei murriztuz". Seinalatu zuten, gainera, alderdi parlamentario guztiek erabaki dutela "murrizketa sozial horiek onartzea".

Horren erakusletzat jo zuten erreforma horiek EAJren, PSEren eta Elkarrekin-Podemosen aldeko botoekin eta EH Bilduren "abstentzio konplizearekin" onartu izana, edota PSEk eta EH Bilduk Espainiako Estatuko "Etxebizitza Legeak aurreikusitako murrizketak" onetsi izana. "Bien bitartean, kanpaina egiten dute etxebizitza-arloan hobekuntzak sustatu dituztela esanez; ordea, hobekuntza horiek ez dute aurrekontu publikoa handitzea ekartzen, eta sektore pobretuenei egindako murrizketen kontura egiten dira", erantsi zuten mobilizazioaren deitzaileek.

"Aderdi politiko guztiek erabaki dute murrizketa sozial horiek onartzea [...] bitartean, kanpaina egiten dute etxebizitza-arloan hobekuntzak sustatu dituztela esanez"

Hortaz, "DBEren erreformaren eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko berriaren bidez ezarritako murrizketak" salatu zituzten larunbateko manifestazioan, berez "miseriazkoa" den "prestazio-sisteman sakontzen" dutela azpimarratuta. "Murrizketen aurka, kriminalizazioaren eta pobretzearen aurka eta pertsona guztientzako bizi-baldintza duinen alde" borroka egitera deitu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK