AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/08 16:23

Emakume Langilearen Egunean, Itaiak manifestazioak eta elkarretaratzeak egin ditu Bilbon (Bizkaia), Portugaleten (Bizkaia), Basaurin (Bizkaia), Gernikan (Bizkaia), Durangon (Bizkaia), Mutrikun (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa), Zestoan (Gipuzkoa), Bergaran (Gipuzkoa), Mendaron (Gipuzkoa), Irunen (Gipuzkoa), Zarautzen (Gipuzkoa), Tolosan (Gipuzkoa), Hernanin (Gipuzkoa), Urnietan (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa), Baionan (Lapurdi), Gasteizen (Araba), Lizarran (Nafarroa), Garesen (Nafarroa), Altsasun (Nafarroa), Lakuntzan (Nafarroa) eta Iruñean (Nafarroa).

Aurtengo Martxoaren 8an, Itaiak gogorarazi du "emakume langileon borroka indartzeko eta babesteko eguna" dela gaurkoa: "Eguna bera ospakizunetarako edota aurpegia zuritzeko erabili nahi dutenen aurrean, beharrezko ikusten dugu Martxoaren 8aren zentzu iraultzailea berrartzea". Izan ere, ohartarazi du "mahai gainean jarraitzen" dutela "emakume langileon emantzipazioaren alde borroka egiteko arrazoiek", nabarmenduta "gizarte kapitalistaren barruan emakume langileok bigarren mailako subjektuak garela".

Itaiako kideek seinalatu dute, hortaz, emakume langileak "ekonomikoki debaluatuta" daudela eta "kulturalki zapalduta" egoten segitzen dutela: "Ideologia matxistak indar handia du gizartean eta, beraz, sozialki, bere horretan jarraitzen dute emakumeon aurkako bazterketak eta indarkeriak".

Berdintasun politiken atzean

"Egoera tamalgarri" horri ustez aurre egiteko, "instituzioetatik eta alderdi profesionaletatik itxuraz aurrerakoiak diren legeak eta politikak proposatzen ari dira", Itaiak azaldu duenez. Salatu du "instituzio kapitalisten funtzioa" dela "gizartean egon daitekeen egonezina baretzea", eta horren adibide modura aipatu ditu askotariko gobernuek adosturiko legeak; indarkeria matxistari, abortuari, familiari, etxeko langileei, trans pertsonen auziari edota zaintzari lotuta.

Hausnartu du emakumeen auziak "presentzia handia" izan duela, nolabait, azken legealdietan; baina oroitarazi du "politikari profesionalen hitzontzikeriek eta lege aldaketa formalek" ez diotela "emakume langileen problematikari heldu". "Berdintasun politika horiek, batez ere, erdi-mailako klaseko emakumeei egiten diete mesede, hain zuzen ere, ahalmen ekonomiko eta legalak dituzten emakumeek gero eta bizi-baldintza hobeak izatea baitute helburu", gaineratu dute Itaiako kideek: "Hori guztia, ordea, emakume langileon bizkarretik izango da, besteak beste, erdi-mailako klaseko emakumeek egin nahi ez dituzten lanak egin ditzagun".

Hauteskundeen ataria: instituzioak eraldaketa sozialerako tresna?

"EAEko hauteskundeen atarian egonik, alderdi instituzionalak beren aurpegirik aurrerakoiena erakutsi nahian ari dira, arazo sozialei erantzuteko aukerarik onena direla adieraziz", kritikatu dute. Eta horren guztiaren islatzat jo dute, esaterako, zaintzaren auziari ezkerreko zein eskuineko alderdiek emandako garrantzia. Itaiak argitu du, dena den, "proposamen bertsua" daukatela alderdi guztiek: "zaintza-sistema komunitarioa". Horrekin guztiarekin mahaigaineratu den eztabaida oso mugatuta dagoela iritzi dio: "Eztabaidan dagoena da administrazioaren eta zerbitzu publikoen kudeaketak noren eskuetan egon beharko lukeen; hau da, eztabaida alderdikoia ari da izaten".

"Mugimendu feministatik, oro har, proposamen politikoak instituzioetara norabidetuta daude, alderdien borondate ezean jartzen dute fokua eta instituzioak eraldaketa sozialerako tresna gisa kokatzen dituzte", azaldu du Emakumeon Antolakunde Sozialistak. "Programa sozialdemokrata eta ezker-alderdien hauteskunde-interesak dira horren atzean ezkutatzen direnak", erantsi du: "Azken urteetako politikek agerian utzi dute emakume langileok gure interes propioen alde antolatu eta borrokatu behar dugula".

Ideia erreakzionarioen eta matxisten gorakada

"Krisialdi ekonomiko betean, emakume langileon bizi-baldintzak gero eta okerragoak dira eta, horren aurrean, politika instituzionaletik eta, zehazki, sozialdemokraziatik ogi-apurrak besterik ez ditugu jasotzen", azpimarratu du Itaiak gaurkoan. Salatu du "ideia erreakzionarioen eta matxisten gorakada eta gogortzea" ari dela izaten, eta horren erakusle dela "diskurtso faxisten zabalpena", erakundeetan zein kalean bertan.

"Gero eta gazte gehiago ari dira emakumeok bizi dugun zapalkuntza bera ukatzen, eta horrek guztiak emakume langileon aurkako indarkeria normalizatu eta indartu egiten du", esan du: "Horri guztiari ikuspegi sozialistatik aurre egitea lehentasunezko auzia da".

Emakume langileon antolaketa independentea

Itaiak jakinarazi du "emakume langileon interesak lehen lerroan ipiniko dituen eta enpresarien eta instituzio kapitalisten fartsatik kanpo antolatuko den antolakuntza sozialistaren aldekoa" dela bere hautua. "Emakume langileon antolakuntza independenteak jardun argia du", xehatu duenez.

Batetik, "emakume langileok aktibo politiko bilakatzea" egongo litzateke lehentasun modura, "sozialismoaren eraikuntzan ezinbestekoa" delako "emakume langileok lehen lerroan kokatzea". Bestetik, "guztiok bizi-baldintza berak izateko borrokatzea" nabarmendu du zeregin gisa Itaiak, "langileon arteko zatiketekin hautsiz eta inolako esplotaziorik nahiz zapalkuntzarik onartuko ez duen gizartea eraikiz". Eta, azkenik, hirugarren eginkizun modura nabarmendu du "gizartean etika komunista zabaltzea"; oinarritzat izango dituena "dominazio kapitalistaren balio klasistak baztertzea, langileon borrokarako eskubidea eta guztion errespetua eta ongizatea". "Emakume langileon indarrak batu behar ditugu Estatu Sozialistaren eraikuntzara bidean", aldarrikatu du Itaiak oraingoan ere.

EZ DAGO IRUZKINIK