AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/15 10:09

Hainbat urtez indarkeria matxista lantzen eta salatzen jardun ostean, biolentzia modu horri aurre egiteko bide-orri bat aurkeztu du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, lanerako hainbat ardatz nagusirekin. Indarkeria matxista "emakume langileon zapalkuntzaren adierazpen gordina" dela seinalatu du berriz Itaiak, eta, gizartea "ustez gero eta aurrerakoiagoa" bada ere, "bere horretan jarraitzen" duela biolentzia mota horrek; alegia, "emakume langileok zapalduak mantentzeko mekanismo izaten" segitzen duela.

"Indarkeria matxistarekin amaitzea ezinbesteko premisa da emakume langileon askapena gauzatzeko", aldarrikatu dute berriz Itaiako kideek. Horretarako, baina, beharrezkotzat jo dute "inolako zapalkuntzarik onartuko ez duen gizarte sozialista eraikitzea" eta "norabide horretan ekarpena egitea". "Indarkeria matxistaren aurka erantzun sendoa eman behar dugu, matxismoak barne hartzen dituen zapalkuntza esparru guztiei irmotasunez erantzungo diena", gaineratu dute.

Lau ardatz

Indarkeria matxistari aurre egiteko proposamen politikoak lau puntu nagusi ditu. Biolentzia matxistari kontra egiteko bidean, jarri beharreko lau oinarri gisa aurkeztu ditu ardatz horiek Itaiak; indarkeria matxistari aurre egiteko bidean, sortu beharreko lau baldintza gisa, hain zuzen ere.

Hona hemen lau oinarri horiek eta horiei lotutako zeregin zehatzak, proposamen politikoan jasotako hitzekin:

1. Emakume langileon babesa antolatu behar dugu. Indarkeria matxista jasan duen emakumeak bere bizitzarekin aurrera egiteko kalitatezko baldintzak bermatuta izan behar ditu.

  • Baldintza materialak: etxebizitza, elikadura, osasuna edo diru-sarrerak lortzeko egon daitezkeen zailtasunen aurrean, kalitatezkoak eta doakoak izango diren bitartekoak eta zerbitzuak bermatuta izan behar ditu.
  • Baldintza pertsonalak eta sozialak: gizartearen babesa jaso eta garapen pertsonalerako bitartekoak bere eskura izan behar ditu. Horrela, biktimizazio prozesu orotik aldendu eta bere bizitzarekin aurrera egiteko baliabide pertsonalak eskura izan behar ditu, komunitatearen babesa eta erasoaren gaitzespen argia jasotzearekin
    batera.

2. Erasoen aurrean erantzun behar dugu, eraso ororen aurrean irmotasunez eta eraginkortasunez erantzungo duen indar politikoa eraikiz.

  • Erasotzaileen inpunitatearekin amaitu: eraso ororen aurrean gizartearen inplikazioa eta erantzun aktiboa bermatzea ezinbestekoa da. Ezikusiarena egiteari utzi eta erasotzaileen aurrean posizionamendu soziala eta jarrera aktiboa bermatu behar ditugu.
  • Indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia: jendarteak indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia izan behar du, eraso eta erasotzaile ororen aurka jarrera aktiboa izan dezan. Norma kultural matxista deseraikitzeko lan politikoa bultzatu behar da.

3. Indarkeria matxista normalizatzen duten industriak borrokatu behar ditugu.

  • Emakume langileon zapalkuntza indartu eta jarrera matxistak normalizatzen dituzten industria kulturalari eta instituzioei aurre egin behar diegu. Adierazpen askatasunaren edota ahalduntze feministaren izenean emakume langileon kontrako indarkeria zuritzen eta indartzen duten sexu- eta kultur-industriaren aurrean posizio argia mantendu behar dugu.
  • Emakumeon aurkako indarkeria espektakulurako eta dirua egiteko erabiltzen duten komunikabideei aurre egin behar diegu.

4. Indarkeria matxista amaitzeko antolakuntza politikoa garatu eta indartu behar dugu: instituzio kapitalistek auziari aterabidea emateko duten borondate ezaren aurrean, instituzio proletarioak indartzea lehentasunezko lana da. Indarkeria matxista amaitzeko aukera bakarra, instituzioetatik kanpo eraikiko den antolakuntza iraultzailea da, bere helburua zapalkuntza ororekin amaitzea izango delarik.

  • Emakume langileon interesak erdietsiko ditu, eta gizarte kapitalistaren baitan zapaldutako sektoreak aktibo politiko bilakatzeko tresna izango da.
  • Bere baitan ez du inolako zapalkuntzarik ez eta erasorik onartuko; eraiki nahi dugun gizarte askearen oinarriak jarri behar baititugu.
  • Proletalgoaren sektore zabalean etika komunista zabaldu behar du, guztion errespetuan eta babesean oinarrituko den norma sozialistaren baitan heziz gizartea.
  • Matxismoaren aurkako borrokarekin konprometitutako militante politikoz osatua egongo da, gaurdanik, aurretik aipaturiko lan-lerroak bere egingo dituen antolakuntza politikoa osatuz.

Emakumeon Antolakunde Sozialistaren esanetan, antolakuntza horren bidez, helburua da "burgesiaren eta instituzio kapitalisten manipulazioei muzin egitea" eta, horren aurka, "langileok gero eta gaitasun politiko handiagoak eskuratzea", "zapalkuntzei eta, zehazki, indarkeria matxistari erantzuteko, gure bizitzen kontrol handiagoa izan dezagun". Nabarmendu du aipatutako bide-orria "egikaritzea" beharrezkoa izango dela "emakume langileon bizi-baldintzak benetan hobetzeko". Hori guztia, gainera, "Estatu Sozialista eraikitzeko bidean kokatu" du; "zapalkuntza guztiekin eta, konkretuki, indarkeria matxistarekin amaitzeko bidean".

Irakurri proposamen politikoa, hemen


EZ DAGO IRUZKINIK