Borrokan heziak, iraultza haziak

Ehunka militantek itxiera eman zioten Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren ikasle antolakundearen VIII. Kongresuari, Iruñerrian 2025eko azaroaren 29an. Bertan, Ikasle Abertzaleak antolakundeak iragarri zuen bere 37 urteko ibilbideari Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialistarekin emango diola jarraipena; estrategia komunista berretsi zuen, eta hezkuntza-sistema sozialista ardatz izango duela adierazi. Testu honen helburua da hamarkadetan zehar IAk izandako ibilbidearen analisi bat egitea. Euskal Herriko ikasle mugimenduan daukan eta izan duen paper zentrala aztertu, eta denbora igaro eta testuingurua eta izena aldatuta ere militantzia iraultzaile eta borrokalariaren gotorleku izan den antolakundearen historia izango dugu hizpide.

TRANTSIZIO GARAIA ETA IKASLE MUGIMENDUAREN HASTAPENAK EUSKAL HERRIAN

Frankismoaren amaierarekin, langile masei hezkuntzarako sarbidea ireki zitzaien Espainiako Estatuan, eta horrek ikasle mugimenduaren garapena ekarri zuen. Mugimendu horrek bizi-, lan- zein ikas-baldintzen defentsarako nahiz sistema kapitalistaren aurka borrokatzeko subjektu politiko gisa ezarri zuen ikasle langilea. Testuinguruari erreparatuta, Trantsizio garaia, haustura politiko iraultzaile batean sakontzeko garaia baino gehiago, frankismoari jarraipena emango zion erregimena ezartzeko garaia izan zen, zeinetan burgesiak bere boterea mantendu zuen langile klasearen bizi- eta lan-baldintzen kontura. Euskal Herrian, gainera, nazio zapalkuntzak eta hamarkada luzeetako euskararen aurkako jazarpen eta debekuak zeharkatutako garaiak ziren. Hori horrela, prozesu gatazkatsua izan zen 78ko erregimenaren inposaketa, hamaika mobilizazio, greba eta borrokak ezaugarritutako garaia, hain zuzen. Horrek guztiak bere isla izan zuen langile klasearen egunerokoaren esparru guztietan, eta hezkuntza sistema ez zen salbuespena izan.

Euskal Herrian, 70eko hamarkadan zehar, langile klasearen unibertsitaterako sarbidearen aldeko edota euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko zenbait borroka eta ekimen abiarazten hasi ziren. Horren adibide da Bilboko Errekalde langile-auzoan Herri Unibertsitatea sortu izana 1973an. Auzokideen ahaleginari eta antolakuntzari esker sortu zuten, langile klasearentzako unibertsitate bat eraikitzeko helburuz. Udal Euskal Unibertsitatea ere garrantzitsua izan zen zentzu horretan, eta ekarpena egin zion Euskal Herrian bestelako hezkuntza eredu baten aldeko kontzientzia zabaltzeari eta euskaraz ikasteko eskubidearen aldeko borrokari ekiteari.

Erregimena ezartzen joan ahala, Konstituzioaren onarpenaren eskutik etorri ziren1978-1979 ikasturtean bertan, Unibertsitate Autonomiaren Legearen (Ley de Autonomía Universitaria, LAU) aurkako borroka zein mobilizazioak izan ziren. LAU, UCDren gobernuak proposatutako zenbait erreforma biltzen zituen legeen multzoa zen, eta estatu kapitalistaren intereserako hezkuntza-ereduan sakontzera zetorren. Ikasturte hartan, milaka ikasle mobilizatu ziren Euskal Herrian erreforma haien aurka nahiz hezkuntza hartzen ari zen norabidearen aurka. Horren adibide dira Sestaoko itxialdiak, urrian Bilbon 3.000 ikasle kalera atera izana LAUren aurka, ikasturte hartako martxoan institutu eta Lanbide Heziketetako zentroetan antolatutako borroka-asteak edota selektibitatearen aurkako borroka-egunak.

Zehazki hezkuntzan gertatzen ari zenaz gain, gizartean orokorrean pil-pilean zeuden auzietan ere lehen lerroa hartu zuten ikasleek. Ikasturte hartan, Euskal Herriko ikasle mugimenduaren lehen mobilizazio-ziklo handia ireki zen, eta, harekin, baita Estatuaren erantzun errepresiboa ere. Horren adierazle izan ziren 1979 hartan Poliziak Iñaki Kijera eta Gladis del Estal ikasleak erail izana, bata Donostian, preso politikoen aldeko manifestazio batean, eta bestea Tuteran, nuklearren aurkako martxa batean. Horrek sortutako amorru eta ezinegonak antolakuntza, mobilizazioa eta borroka hauspotu besterik ez zuen egin.

Zehazki hezkuntzan gertatzen ari zenari erantzuteaz gain, gizartean orokorrean pil-pilean zeuden auzietan ere lehen lerroa hartu zuten ikasleek. Ikasturte hartan, Euskal Herriko ikasle mugimenduaren lehen mobilizazio-ziklo handia ireki zen, eta, harekin, baita Estatuaren erantzun errepresiboa ere

Mobilizazio-giroan eman zitzaion hasiera 80ko hamarkadari, eta heziguneetan ere protesta-giroa zen nagusi. LOECE hezkuntza-legea aurkeztu zuen UCDk, eta haren aurkako erantzun sozial handia izan zen Hego Euskal Herrian. Haien artean bereziki nabarmenak izan ziren 1980ko martxo amaierako mobilizazioak, UCDren legaren aurka eta euskal irakaskuntza publikoaren alde egiten zutenak: Iruñean 10.000, Donostian 5.000 eta Bilbon 7.000 lagunetik gora mobilizatu ziren. Haren bidetik, ikasle mugimenduarentzat zeregin zentrala izan zuten nuklearren aurkako borrokak, amnistiaren aldekoak edota borroka intsumisoak. Hamarkada hasiera hartan ere, Jarrai gazte antolakundeak hezkuntzaren inguruko lehen konferentzia eman zuen, eta, 1983an, bere II. Kongresuan, ondorioztatu zuen beharrezkoa zela ENAMen beharrei erantzungo zien ikasle antolakunde bat. Testuinguru horretan etorri zen Euskal Herriko ikasle mugimendutik borrokak bateratzeko beharra eta horretarako tresna: ikasle koordinadorak.

IKASLE KOORDINADORAK, BORROKARAKO TRESNA

Hamarkada hartan Espainiako Estatuan CEEU zen ikasle mugimendua norabidetzeko organo nagusia (Unibertsitate Ikasleen estatu mailako Koordinadora). Baina denbora pasa ahala, haustura gertatu zen sektore moderatu eta erradikalen artean, eta Euskal Herrira 1985ean iritsi zen. Sektore moderatuaren ordezkari nabarmenena SEN zen Hego Euskal Herrian (Sindicato de Estudiantes de Navarra), estatuko aldarrikapenak lurreratzen zituen eta NUPen zeukan indarra nagusiki.

Kontrara, hezigunez hezigune antolatuta zeuden talde autonomoak koordinatu nahian, Ikasle Koordinadorak (IK) hasi ziren eratzen, haustura horren hegal erradikalaren ordezkari gisa. Koordinadorek jardun propioari ekin zioten, hezkuntzako auziei nahiz Euskal Herriko errealitate sozialari aurre egiteko helburuarekin. Bide horretan, selektibitatearen aurkako edota ikasleentzako garraio-laguntzen aldeko borrokak jarri zituzten martxan; urte hartako urrian, zenbait ekimen antolatu zituzten Jarraiko 9 atxiloturekin elkartasunez; eta, abenduan, Mikel Zabalzaren erailketaren harira, greba-eguna eta mobilizazioa deitu zituzten Donostian, Jarrairekin elkarlanean.

Hezigunez hezigune antolatuta zeuden talde autonomoak koordinatu nahian, Ikasle Koordinadorak (IK) hasi ziren eratzen. Koordinadorek jardun propioari ekin zioten, hezkuntzako auziei nahiz Euskal Herriko errealitate sozialari aurre egiteko helburuarekin

Urte hartan, halaber, EHUko lehen errektoretza-hauteskundeen harira, greba eguna deitu zuten ikasleek “hauteskundeen inauterien” aurka, argudiatzen baitzuten errektore batek ala bestek irabazi, ez zituztela ikasleen interesak lehenetsiko. “Polizia bat, 10.000 arkatz” edo “Ertzaintzaren dirua Unibertsitatera” aldarriak entzuten ziren, besteak beste, eta IKen talde batek klaustroa okupatu zuen tasak izoztea, murrizketak etetea nahiz unibertsitate etxebizitzak zein jantoki herrikoiak eraikitzea aldarrikatzeko.

Nabarmentzekoa da 80ko hamarkadan nolako garrantzia izan zuen ikasle mugimenduarentzat NATOren aurkako borrokak eta borroka intsumisoak; horren isla da Ipar zein Hego Euskal Herrian hamaika lanuzte eta aste antimilitarista antolatu izana. 1985an, adibidez, Reagan AEBko presidentearen bisitaren aurka, lanuzte eta itxialdiak bultzatu zituen ikasle mugimenduak fakultate eta institutuetan, nagusiki IKek hauspoturik.

Ikasle Koordinadorez gain, beste zenbait taldek ere osatzen zuten Euskal Herriko 80ko hamarkadako panorama politikoa. Lapurdin eta Zuberoan, Kide, Kexa eta Pil-Pil izeneko tokiko ikasle taldeak eta zenbait ikasle aldizkari sortu ziren hezkuntza ertainean eta unibertsitatean. Hegoaldean, ES-IS (Ikasle Sozialistak) PSEren ikasle antolakundea eratu zuten, eta baita Lugorri ere, EGIk bultzatuta. Arkadia izeneko talde anarkista bat ere bazen EHUn, eta euskara-taldeak nahiz preso politikoen aldeko asanbladak hedatu ziren kanpusetara.

1986-1987 ikasturtea inflexio puntua izan zen Euskal Herriko ikasle mugimenduarentzat, ikasle mobilizazio masiboen garaia hain zuzen. Euskal Herriko testuinguru gatazkatsuak eta gazte mugimenduaren loraldiak (Jarrai gazte antolakundearen indartzea eta gaztetxe zein irrati libreen irekiera), eta, oro har, gazteriaren politizazioak, ikasle mugimenduaren gorakada hauspotu zuten. Gorakada horren adierazle nagusi izan ziren Lemoizko zentral nuklearraren aurkako borroka, NATOren aurkako hamaika dinamikak, Espainiako Estatuaren kolpe errepresiboen aurkakoak (ZEN planaren eta preso politikoen dispertsioaren aurkakoak, adibidez) nahiz Euskal Herrian gertatzen ari zen desindustrializazio prozesuaren baitako borroka guztiak, Euskalduna ontziolakoa kasu. Kaleko gatazka horiek guztiak fakultate eta ikastetxeetara ekartzen zituen ikasle mugimenduak, asteroko greba eta mobilizazioen bitartez.

1986-1987 ikasturtea inflexio puntua izan zen Euskal Herriko ikasle mugimenduarentzat. Euskal Herriko testuinguru gatazkatsuak eta gazte mugimenduaren loraldiak (Jarrai gazte antolakundearen indartzea eta gaztetxe zein irrati libreen irekiera), eta, oro har, gazteriaren politizazioak, ikasle mugimenduaren gorakada hauspotu zuten

Beste alde batetik, Frantziako Estatuan eta Ipar Euskal Herrian, Alain Devaquet Frantziako hezkuntza-ministroaren hezkuntza-erreformaren aurkako mobilizazioek oihartzun handia hartu zuten. Erreforma hori, hain zuzen, segregazioa eta elitismoa handitzera zetorren. Lizeoetako eta unibertsitateko 4.000 ikaslek hartu zituzten Baionako kaleak. Mobilizazioek sortutako olatua Hego Euskal Herrira eta Espainiako Estatura iritsi zen, bertan PSOEren gobernua hezkuntza-erreforma berria ezartzekotan baitzebilen, eta Sindicato de Estudiantesek (SE) grebara deitu zituen ikasleak 1986ko abenduaren 17rako, olatua kapitalizatu nahian. Euskal Herrian SEk ezin izan zuen olatua kapitalizatu, eta haren aurkako kritika nagusitu zen. Iruñeko mobilizazioan, adibidez, “PSOE-SE berdin da” eta antzeko aldarriak entzun ziren, eta SEren pankarta amaierara iristean manifestarien gehiengoak burua abandonatu eta haien ibilbide propioarekin eman zioten bukaera mobilizazioari.

SEren aurkako jarrera horrek Euskal Herrian hezkuntzaren eta errealitatearen gaineko irakurketa propio bat egiteko beharra azaleratu zuen, aldarri propio batzuekin, eta hortik eratu ziren modu antolatu batean Euskal Herriko Ikasle Koordinadorak (EHIK), lehenik hezkuntza ertainean eta gero unibertsitatean. Ikastetxe eta fakultate gehienetan, espontaneoki hedatu ziren mobilizazioak eta grebak antolatzeko koordinadorak, eta aspaldiko mobilizazio handienak izan ziren ikasle esparruan; Bilbon, adibidez, 6.500 ikasle inguru mobilizatu zituzten.

1988ko martxoaren 14an Egin egunkarian “La necesidad de la coordinación” artikulua argitaratu zen (“Koordinazioaren beharra”, Ikasle Koordinadoren lorpenak eta mugak azaleratzen zituena, eta Euskal Herrian nazionalki koordinatuta eta estrategia orokor baten baitan jardungo zuen ikasle antolakunde baten beharra azpimarratzen zuen. Azken ikasturteetako eztabaida eta buruhausteek nahiz borroka zein mobilizazioek utzitako irakaspenen ondorio gisa jaio zen Ikasle Abertzaleak antolakunde nazionala.

IKASLE ABERTZALEAK-EN SORRERA BEHAR ESTRATEGIKO GISA

1985. urtetik aurrera zenbait ikastetxe eta fakultatetan Ikasle Abertzaleak izeneko talde autonomoak sortu eta modu iraunkorrean funtzionatzen hasi ziren, momentuan momentuko borrokak hauspotuko zituztenak Ikasle Koordinadorekin elkarlanean arituz. Baina 1988an, talde horiek koordinatu eta antolakunde sendo batean biltzearen inguruko eztabaidari ekin zioten, ikasle koordinadoretan, euskara-taldeetan eta gazte mugimenduan jarduten zuten ikasleen parte-hartzearekin. Ponentzia prestatu eta eztabaidatu zuen batzar sortzaileak, antolakundearen oinarriak finkatu nahian, eta, urte hartako azaroaren 17an, ehunka ikaslek antolakundea eratzeko asanblada egin zuten Iruñerriko Txantrea auzoan, ikasleen nazioarteko egunean.

Antolakundeak naziogintza landuko zuen, izaera progresista batekin. Era berean, ikasle koordinadoren espontaneitatearen gaineko kritika egin zuen sorreratik, eta haren xede nagusienetako bat antolakuntza egonkorra lortzea zen; hain justu, momentuan momentuko mobilizazio zikloetatik haratagoko proposamen bat egitera zetorren IA. Abertzaletasunak, minimoen gainean jardungo zen masa-erakunde baten izaerak eta ikuspegi aurrerakoiak ezaugarritzen zuten antolakundearen proposamen politikoa.

Laburbilduz, IAren sorrera azken bi hamarkadetako ikasle mugimenduaren jardunaren eta borrokaren sintesia izan zen, esperientzia horien guztien ondorioa izan baitzen beharrezkoa zela antolakuntza estrategikoa. Espontaneismoa gainditzeko helburuarekin, programa propio bat izango zuen, eta ikasle borroka erreforma batetik haratago eramateko gai izango zen ikasle antolakunde bat behar zen Euskal Herrian. Gizartearen eraldaketa orokor baten alde borrokatzeko, ikas baldintzen hobekuntzaren alde egiteko eta hezkuntza problematikatik harago ikasleria politizatzeko sortu zen Ikasle Abertzaleak.

IAren sorrera azken bi hamarkadetako ikasle mugimenduaren jardunaren eta borrokaren sintesia izan zen, esperientzia guzti horien ondorioa izan baitzen beharrezkoa zela antolakuntza estrategikoa

IA-ren LEHEN URTEAK

Hasiera batean antolakundeak ez zuen pisu handirik hartu panorama politikoan, eta Movimiento de Estudiantes Vascos hauspotu zuen erreformen aurkako mobilizazio ziklo batean, talde ugariren batasun bat sortu nahian. Gerora, ordea, mugimendu edo talde lokalen arteko batasuna bilatu ordez, antolakunde nazional gisa jarduteko erabakia hartu zuten. Jardun horri, ordea, ikasle militanteen aurkako eraso faxistek ezaugarritutako testuinguru batean ekin zion, Irantzu Mugetaren kasuarekin hain zuzen. Ikasle mugimendua lehen lerroan egon zen kasu haren gaitzespenean, eta adorez eta irmotasunez erantzun zion: Leioan, 2.000 ikasle baino gehiago mobilizatu ziren erasoen aurka eta Irantzurekin elkartasunez.

IAk, ikasle koordinadora espontaneoen lana bultzatzeaz gain, hiru lan nagusi markatu zituen bere jardunari ekiteko: ikasleen arazoak ikuspegi propio batekin jorratzea, ikastetxe bakoitza hobetzeko lanak egitea (euskara sustatzeko, azpiegitura hobetzeko, etab.) eta kaleko borroka sozialak heziguneetara eramatea. Zentzu horretan, Euskal Eskola Publikoaren ideiaren baitan hasi zen lanean, euskaraz ikasteko eskubidearen inguruko zenbait hausnarketarekin: ikastolen integrazio publikoari buruzko eztabaida, euskaraz ikasteko doako herri eskolen proposamena edota EHUn eta NUPen euskararen egoera hobetzeko negoziazioak. Era berean, urte horietan nabarmenak izan ziren selektibitatearen aurkako borroka eta, Nafarroan, Opus Deiren aurkakoa eta NUPeko tasa-igoeren aurkakoa.

1990ean, Hegoaldean LOGSE hezkuntza-legea proposatu zuen PSOEk, eta, Iparraldean, hezkuntzaren eta armadaren arteko harremana indartzeko neurriak aurkeztu zituen gobernuak. Ikasle mugimenduak greba-ziklo berri bati ekin zion aipatutako neurrien aurka. Espainiako Estatuan SE borroka kapitalizatzen saiatu zen berriz ere, baina Hego Euskal Herrian egun bat beranduago deitu zuen grebara greba-ziklo haren baitan sortu zen Ikasle Koordinadorak, aldarri propioekin, eta 4.000 ikasletik gora mobilizatu zituen Bilbon antolatutako manifestazio nazionalean. Baionan ere 4.000 ikasle mobilizatu ziren Frantziako Estatuaren neurri militaristen aurka.

1991n IAk bere I. Kongresua antolatu zuenerako, 200 talde eta 2.200 bat militante zituen. Kongresu haren helburu nagusia antolakundearen jardun praktikoan sakontzea zen, eta Euskal Eskola Nazionala definitu zuten proiektu estrategiko gisa, nahiz eta ez zuen izen hori hartu III. Kongresura arte. Halaber, ikuspegi politiko ezberdinetako ikasleak biltzeko helburuz, eztabaida politiko orokorrarekiko jarrera espliziturik ez hartzea erabaki zuten, eta nagusiki hezkuntza-eremura mugaturiko diskurtsoa eta praktika egin zituzten.

1991n IAk bere I. Kongresua antolatu zuenerako, 200 talde eta 2.200 bat militante zituen. Kongresu haren helburu nagusia antolakundearen jardun praktikoan sakontzea zen, eta Euskal Eskola Nazionala definitu zuten proiektu estrategiko gisa

90eko hamarkadan, protesta-giro nahasia zegoen EHUn, baldintza kaskarrak zirela eta: irakasle falta, irakasle asoziatuen lan-baldintza txarrak, beka urriak eta ratio izugarriak. Greba eta itxialdi ugari egin ziren hamarkada osoan zehar, eta nabarmenena 1994koa izan zen, non ikasleek itxialdia egin zuten Leioako Arte Ederren fakultatean irakasle euskaldunak eskatzeko, eta Ertzaintzak bortizki desalojatu zituen. Poliziaren erasoaren aurka mobilizazioak Hego Euskal Herriko lau hiriburuetara zabaldu ziren, eta, azkenean, EHUk 85 irakasle euskaldun kontratatu zituen. Ipar Euskal Herrian ere ikas baldintzen hobekuntzaren alde mobilizatu ziren ikasleak, eta 1998ko urrian ia 3.000 ikaslek hartu zituzten Baionako eta Mauleko kaleak.

IAtik haratago, presoen aldeko asanbladak eta euskara-taldeak izan ezik, ordurarte espontaneoki sortutako mugimendu eta antolakundeak jada desagertuta edo desagertzera bidean zeuden.
Atzean ez bazen antolakunde nazionalik, ez zegoen mugimendu asanbleario espontaneorik.

Garai hartan, gainera, errepresioak gora egin zuen eta despolitizazioa nagusitzen hasi zen gizartean. Horrek gizarteko esparru guztietan eragin zuen, eta hezkuntza-esparruan hartu zuen forma nagusia infantilizazioarena izan zen. LOGSE
onartu eta haren ondorioz DBH ezarri izanak, gainera, asko indartu zuen ikasleria eskubiderik gabeko subjektu infantil bihurtzeko joera. Protestetan parte hartzeagatik, Beasainen 200 eta Azpeitian 93 ikasle kanporatzen saiatu ziren zuzendaritzak; 1990ean, Ertzaintza lehen aldiz sartu zen EHUra, errektoretza okupatzera sartu ziren ikasleen aurka; 1994an, ikasleen eskubideak mugatzen eta murrizten zituen Ikasleen Eskubide eta Betebeharren Dekretu berria onartu zen Espainiako Estatuan; urte hartan, EHUk espedienteak ireki zizkien zenbait ikasleri lan politikoarengatik; eta, 1997an, Nafarroako Gobernuak greba-eskubidea deuseztatu zuen dekretu bidez, eta ezarri zuen batxilergoan hezkuntza-arrazoiengatik soilik baimenduko zela greba.

1990eko hamarkadan, errepresioak gora egin zuen eta despolitizazioa nagusitzen hasi zen gizartean. Horrek gizarteko esparru guztietan eragin zuen, eta hezkuntza-esparruan hartu zuen forma nagusia infantilizazioarena izan zen. LOGSE onartu eta haren ondorioz DBH ezarri izanak, gainera, asko indartu zuen ikasleria eskubiderik gabeko subjektu infantil bihurtzeko joera

Testuinguru horretan eta II. Kongresuaren bueltan, IAk Autoritarismoari kaña! kanpaina aurkeztu zuen, aipatutako gertakarien eta hezkuntzan bizi zen autoritarismoaren aurka. 1996ko azaroaren 17an, aldarrikapen horren baitan mobilizatzera deitu zuen, eta 10.000 ikasle atera ziren kalera azken urteetako mobilizazio jendetsuenetarikoetan. Unibertsitatean, kanpainak hiru borroka nagusi izan zituen: Protecsa segurtasun enpresaren aurkakoa, intsumisioaren aldeko kanpaldi bat desalojatu ostean; EHUk hiru ikasleri irekitako espedienteak bertan behera uztearen aldekoa; eta ikasleen iritzia kontuan izan gabe NUPek ezarritako egutegiaren aurkakoa. Azken horrekin, 1996ko maiatzean 1.500 ikasle mobilizatu ziren NUPen, eta egutegia atzera botatzea lortu zuten. Hezkuntza ertainean, Aldarrikapen Taula bat sortu zuten, eta ekimen ugari eraman zituzten aurrera: 1996an, Portugaleten 1.500 ikasle mobilizatu ziren Ezkerraldeko zenbait ikastetxetan pairatzen zuten egoera salatzeko; 1997an, Iruñean 3.500 ikasle atera ziren kalera, adierazpenerako eta grebarako eskubideak murrizten zituen Nafarroako Gobernuaren dekretuaren aurka; eta 1998 eta 1999 urteetan, DBHko infantilizazioaren aurkako kanpaina eraman zuten aurrera.

Laburbilduz, 90eko hamarkadak IAk bere jardunari ekiteko eta Euskal Herriko ikasle mugimenduaren antolakunde erreferentzial bilakatzeko balio izan zuen. Urteak igaro ahala, antolakundea bere oinarri eta lan lerroak definitzen joan zen, eta errepresioak eta infantilizazioak markatutako garaia izan zen. Alde batetik, ikasle mugimendua antolakunde batean eta estrategia baten baitan batzeak zekarrenagatik, eta, bestetik, testuinguru errepresibo eta despolitizatuaren ondorioz, ikasleen mobilizazio ziklo espontaneo eta masiboak apaldu zirelako hamarkada hartan. Hala ere, autoritarismoaren aurkako borrokatik indarberrituta atera zen IA, eta bestelako borroka batzuetan sakontzeko anbizioarekin heldu zion bere III. Kongresuari.

1990eko hamarkada honela laburbildu daiteke: alde batetik, ikasle mugimendua antolakunde batean eta estrategia baten baitan batzeak zekarrenagatik, eta, bestetik, testuinguru errepresibo eta despolitizatuaren ondorioz, ikasleen mobilizazio ziklo espontaneo eta masiboak apaldu ziren hamarkada hartan. Hala ere, autoritarismoaren aurkako borrokatik indarberrituta atera zen IA, eta bestelako borroka batzuetan sakontzeko anbizioarekin heldu zion bere III. Kongresuari

2000: MOBILIZAZIO MASIBOEN ETA ERREPRESIO BORTITZAREN HAMARKADA

Ikasle mugimenduaren indarberritzearen eskutik, gogotsu ekin zioten ikasleek 2000ko hamarkadari. 1998tik aurrera euskararen aldeko borroka ugari egin zituen IAk eskualdez eskualde eta kanpusez kanpus, eta, 2000. urtean, Ekin euskalduntzeari! kanpaina aurkeztu zuten. Honekin zenbait aldarri mahaigaineratu zituzten (Lanbide Heziketa euskalduntzeko plana, euskal adarren garapena unibertsitatean, euskal curriculuma…) eta, apirilaren 6an, ikasle greba masiboa antolatu zuten: 115.000 ikaslek hartu zuten parte greban.

2001ean, Espainiako Gobernuak LOU (Unibertsitateen Lege Organikoa) unibertsitate legea ezarri zuen, eta haren aurka hamaika mobilizazio eta ekimen antolatu zituen IAk 2003ra bitarte. Leioan eta NUPen atxiloketa ugari egon ziren horren harira ikasturte horietan zehar. Hezkuntza ertainean ere, LOCE hezkuntza-legearen aurkako mobilizazioak antolatu zituzten 2002an, eta 15.000 ikaslek parte hartu zuten manifestazioetan. Gainera, IA Ipar Euskal Herrian antolatzen hasi zen, eta horren adierazle izan zen Ezpeletan egin zen Antolakunde Nazionalaren ekitaldia. Azken urteetako ondorio eta irakaspen teoriko zein praktikoak bildu nahian aurkeztu zuen IAk Euskal Ikasleen Eskubideen Karta 2003an, bere IV. Kongresuaren harira. Horrek euskaraz ikasteko eskubidearen eta ikasleen eskubide politikoen aldeko bide-orri bat eman zion ikasleriari.

Erreforma baten eta besteren bitartez, unibertsitateak pribatizaziorako bidea hartu zuen hamarkada hasieratik, eta Bologna prozesuarekin goia jo zuen prozesu horrek. Bologna prozesuak Europa mailako unibertsitateen homogeneizazioa bilatzen zuen, Europako oligarkiaren mesedeetara egongo zen unibertsitate ereduan sakontzeko. 2005-2006 ikasturtean hasi ziren prozesuaren aurkako mobilizazioak Euskal Herrian, eta, erreformari nola erantzun erabakitzeko, Europako Ikasle Foroa osatu zuen; Bakaikun izan zen haren lehen edizioa, 2006an. Urte haietan, mobilizazio eta ekimen ugari antolatu ziren auzi horren bueltan, eta, bide horretan, esanguratsua izan zen IAk 2007ko martxoaren 29an antolatutako ikasle greba, non Euskal Herriko ikasleen %95ak hartu zuten parte. 2011ra bitarte, etengabekoak izan ziren grebak, sinadura-bilketa masiboak, itxialdiak, borroka-egunak… eta lan militante izugarrizkoa egin zen. Hala ere, urteak pasa ahala Europatik zetozen neurriak ezartzen joan ziren, eta ikasleriak ez zuen Bologna gelditzea lortu. Kolpe gogorra izan zen ikasle mugimenduarentzat, eta etsipena nagusitu zen heziguneetan.

Era berean, estatu kapitalistaren errepresio bortitzeko hamarkada izan zen Euskal Herrian 2000ko hamarkada. 1998an, 18/98 makrosumarioa jarri zuen martxan Espainiako Auzitegi Gorenak Baltasar Garzón epailearen gidaritzapean, eta “dena ETA da” esanez, legez kanpo utzi zituen antolakunde eta egunkari ugari, eta eguneroko ogia bilakatu ziren jarraipenak, sarekadak, atxiloketak nahiz torturak, besteak beste. Unibertsitatean presoen aldeko propaganda debekatu zuten, eta ohikoak bilakatu ziren seguraten jipoiak eta ekimenen debekuak. 2003an, Egunkariaren itxiera salatzeko itxialdi bat egin zuten Leioan, eta EHUk 39 ikasle kaleratu zituen. Bide beretik, LOUren aurka mobilizatu ziren 103 ikasle Auzitegi Nazionalera eraman zituzten ETArekin lotura izatea leporatuta. 2007. urtetik aurrera, Segirekin lotura zeukatelako aitzakiapean, 200 gazte baino gehiago epaitu zituzten, eta haietako askok espetxean amaitu zuten. Testuinguru horrek errepresioaren salaketa hutsera kondenatu zuen militantzia eta lan politikoa.

Errepresio gogorrak kolpatuta eta Bolognaren aurkako borroka galduak ahulduta, ikasle mugimendua eta IA apaltze bidean zeuden. Gazteria politizatua erreferenterik gabe gelditu zen, eta ez zegoen batere argi zer zetorren. Testuinguru horretan eta ikasle antolakundearen 25. urteurrenaren harira, 2013an Azken Ikasle Dantza jaialdia antolatu zuen IAk. Hala ere, indarrik gabe geratzen ari zen ikasle antolakunde hark bizi zuen egoera latzak bere isla izan zuen jaialdian ere, ez baitzituzten sarrera nahikoa saldu, eta jaialdia bertan behera geratu zen. Idazkaritza zaharrak antolakundea utzi zuen zor ekonomikoekin eta egoera atsekabetsu horretan. Orduan, idazkaritza eta ikasle belaunaldi berri bat iritsi ziren antolakundera, IAren izpiritu iraultzaile eta borrokalariaren oinordeko, eta borrokarako eta eztabaidarako gogoz eutsi zioten lekukoari.

Errepresio gogorrak kolpatuta eta Bolognaren aurkako borroka galduak ahulduta, ikasle mugimendua eta IA apaltze bidean zeuden. Gazteria politizatua erreferenterik gabe gelditu zen, eta ez zegoen batere argi zer zetorren

ANTOLAKUNTZARI EUTSI ZION IKASLE BELAUNALDIA

2008an eztanda egin zuen krisi komertzialak kolokan jarri zituen Mendebaldeko ongizate estatuak. Hamaika bankuk porrot egin eta gora egin zuen estatuen Nazioarteko Diru Funtsarekiko zorpetze mailak, eta, ondorioz, langile klasearen aurkako austeritate politika gogorrak jarri ziren: horren adibide izan ziren PPren lan erreforma, zeinak lan kaleratzeak merketzen baitzituen, edota pentsioetan, gizarte prestazioetan nahiz zerbitzu publikoetan egin ziren murrizketak. Hala ere, krisiak erantzun sozial izugarria eragin zuen, gora egin zuen kale mailako testuinguru gatazkatsuak, eta hamaika mobilizazio, greba orokor nahiz borroka izan ziren. Gazte belaunaldiak zalantzati gelditu ziren errealitate berri horren aurrean, etorkizun ziurgabe batekin egin baitzuten topo. Baina hortik abiatuta eta klase kontzientzia tarteko, grina borrokalaria hedatzen hasi zen belaunaldi berrietan.

Euskal Herrian, aldiz, arestian azaldutako garai errepresibo latza bizi zen, eta apaltzen ari ziren kaleko mobilizazioak eta konfliktibitatea. Horren eskutik, Ezker Abertzaleak (EA) borroka armatua alboratu eta norabide aldaketa bati ekin zion: 60ko hamarkadan abiarazitako ziklo politikoa ixteko, bake prozesua eta estrategia-aldaketa jarri zituen martxan. Zutik Euskal Herria izeneko dinamikak abiatuz, EAk ortzi-muga sozialista eta iraultzailea abandonatu zuen, eta, haren ordez, bide interklasista, erreformista eta insitituzionalean sakondu. Horren emaitza izan zen 2011n EH Bildu alderdi instituzionala eta 2013an Ernai gazte antolakundea sortu izana.

Krisi testuinguru hartan eta estatuak Euskal Herriko gazte antolakunde nagusiak desartikulatuta zituela, gazte belaunaldiak erreferenterik gabe gelditu ziren, eta antolakuntzarako espazio baten faltan, gazte ugari beren heziguneetan militatzen hasi ziren. Ikasle Abertzaleak, Bologna prozesuaren aurkako borroka galduaren ondorioz eta kaleko borrokaren babes falta zela eta, bere minimoetan zegoen. Baina nagusiki Iruñerrian eta Gasteizen kontzentratzen ziren bi nukleo indartsuk antolakundearen biziraupenari eutsi zioten; horren adierazle da Iruñerriko Martxo Gorria ekimena. Idazkaritzan zegoen belaunaldi zaharrak lekukoa eman zion belaunaldi berriari, eta hark, klase ikuspegiak eta jakin-min iraultzaileak hauspotutako auziak erein zituen, eta alboratzen hasi ziren ordura arteko hausnarketa nagusiki erreformistak.

Bide horretan, gogoz ekin zioten VI. Kongresua antolatzeari 2011. urtean. Horren ondorio nagusiak izan ziren antolakundeak analisi nahiz planteamendu propioak egiteko gaitasuna irabazi behar zuela eta borrokak estrategia baten baitan norabidetu behar zirela, eta, horretarako, ezinbestekoa zela militantziaren formakuntza maila igotzea. Horren bidetik, halaber, azpimarratzekoa da IA zer zen definitzeari begira izan zen eztabaida: antolakundea ezkertiar iraultzailea zela erabaki zen arren, erabaki zen hori zer zen definituko zuen prozesu ideologiko bat eramango zela aurrera. Prozesu ideologiko hartan, hausnarketa teoriko ugari izan ziren, eta marxismoaren azterketan sakondu zuten, azkenean antolakundea sozialista gisa definitzeko helburuz. Hori izan zen gerora sortuko ziren eta hausnarketa prozesu estrategikora eramango zuten eskola kolektiboen hastapena.

IAko militanteek gogoz ekin zioten VI. Kongresua antolatzeari 2011. urtean. Horren ondorio nagusiak izan ziren antolakundeak analisi nahiz planteamendu propioak egiteko gaitasuna irabazi behar zuela eta borrokak estrategia baten baitan norabidetu behar zirela, eta, horretarako, ezinbestekoa zela militantziaren formakuntza maila igotzea

Behin Kongresua amaituta, 2012an, Espainiako Estatuko beste hainbat ikasle eta gazte antolakunderekin koordinatu, eta 11x12 kanpaina jarri zuten martxan PPren hezkuntza erreformen aurka, urte hartako urriaren 11n greba-eguna deitzeko xedez. Ikasle greba hartan, 14.000 ikasle baino gehiago mobilizatu ziren Euskal Herrian, eta IA antolakunde nazional indartsu gisa ezarri zen geldotze urte batzuen ostean. Zentzu berean, 2013-2014 ikasturtean, “hezkuntza kapitalistaren” aurkako ikasle-mobilizazioak eraman zituzten aurrera azaroan, eta Ikasle Eztanda dinamika sortu zuten Bizkaian; harekin, ikasle greba jendetsua antolatu zuten martxoaren 27an, “Ekin geroa marrazteari, ekin euskal eskola nazionalari!” lelopean eta LOMCEren zein Heziberri2020 planaren aurka. Haren eskutik antolatu zen ikasturte hartako otsailean lehen Herri Unibertsitatea Leioako kanpusean, ikasleen artean hausnarketarako eta formakuntzarako espazio bat sortzeko, eta, hurrengo ikasturtean, Euskal Herriko gainontzeko kanpusetara hedatu zen. Hurrengo ikasturtearen hasieran, IAk EU2015 unibertsitate erreformaren aurkako mobilizazio nazional bat antolatu zuen Leioan, euskararen aldeko borrokarekin (Leioako medikuntza fakultatekoa kasu) nahiz Presoen Aldeko Taldeen sorrerarekin batera. Bide beretik, 2015eko otsailean, “Erreformei planto, eraikuntzara salto!” lelopean erreformen aurkako ikasle greba jendetsua antolatu zuen, Stop 3+2 dinamikaren baitan.

2015-2016 ikasturtean, eztabaidarako garai bat hasi zen Euskal Herriko ikasle zein herri mugimenduaren baitan. Ezker Abertzalearen Abian Prozesuak eta IAren eskutik garatutako Bilgune Prozesuak ezaugarritu zuten posizio ezberdinen arteko talka Euskal Herriko panorama politikoan.

HAUSTURA ALA ERREFORMA

Esan bezala, eztabaida eta hausnarketa politiko nahiz estrategikoen garaiari hasiera eman zion 2015-2016 ikasturteak. Arestian azaltzen zen prozesu ideologikoaren jarraipen bezala jarri zen martxan Bilgune Prozesua IAn. Bertan, antolakundearen militantziak marxismoaren bidean sakondu zuen, eta prozesuaren ondorio nagusia IA ofizialki antolakunde sozialista iraultzaile gisa definitzea izan zen. Ezker Abertzaleak, bere aldetik, Zutik Euskal Herrian zehaztutako bide instituzionalistan berretsiz, Abian prozesua jarri zuen martxan. Bertan, “Euskal Bidea” deiturikoa zehaztu zuten: estatu kapitalistarekin negoziatzeko abagunea irekitzen zuen aldebikotasunaren bideari ekin zioten, eta ordura arteko marko nazionalarekin hautsi zuten, eta Espainiako eta Frantziako Estatuen banaketa administratiboaren baitan funtzionatzen hasi ziren. Erabaki horiek eztabaidarako abagunea ireki zuten gazte sektoreetan eta herri mugimenduan, eta Laugarren hanka dokumentua garatu zuten bide instituzionalista horrekin desados edo guztiz ados ez zeuden horiek; hartan, ENAMen tesi historikoak berreskuratu zituzten, bai eta erreferente nazionalista iraultzaile baten beharra mahai gainean jarri ere.

2015-2016 ikasturteak eztabaida eta hausnarketa politiko nahiz estrategikoen garaiari hasiera eman zion. Arestian azaltzen zen prozesu ideologikoaren jarraipen bezala jarri zen martxan Bilgune Prozesua IAn. Bertan, antolakundearen militantziak marxismoaren bidean sakondu zuen, eta prozesuaren ondorio nagusia IA ofizialki antolakunde sozialista iraultzaile gisa definitzea izan zen

Azken urteetako eztabaidak aurrekaritzat hartuta, hausnarketa estrategiko eta teorikoa edukitzen hasi ziren gazte belaunaldi berriak. Borroka garaia da! bloga izan zen proposamen estrategikoen arteko eztabaidarako espazioa, eta militantziak adi jarraitzen zituen bertan eztabaidatzen zirenak. Hauek ziren hiru proposamen nagusiak: EAk ordezkatzen zuen proposamen erreformista; Laugarren hankak mahai gainean jarri zuen estrategia nazionalista iraultzailea; eta IAn nahiz hainbat gazte asanbladatan eman ziren eztabaidetatik ondorioztatu zen estrategia sozialista iraultzailea. Azken horrentzat, garrantzitsuak izan ziren aipatutako blogean argitaratutako Kolitzaren “Colectivismo y lucha de clases” edota “De la cuestión nacional a la nación cuestionada” artikuluak.

Abian prozesutik ateratako ondorioak bere egiteko xedez iritsi ziren, gerora, Sorturen, LABen eta Ernairen Kongresuak. Azken horretan, aldiz, zuzendaritzak proposatutako Zirtaka ponentzia ofizialaz gain, antolakundeko sektore batek Kantauri ponentzia aurkeztu zuen, proposamen estarategiko berri batekin. Kantauri ponentzia alternatiboa proposamen estrategiko komunistak ezaugarritutako ponentzia bat izan zen, eta bertan Ildo Sozialistaren lehen oinarri teorikoak ezarri ziren: borrokarako subjektua langile klasea eta proletalgoa izatera igaro zen; etapismoa gainditzeko helburuarekin, euskal estatu sozialista aldarrikatu, eta euskal estatu burgesa helburu estrategikoetatik alboratu zen; eta klase independentzia ideologiko, politiko nahiz organizatiboaren beharra azpimarratu ziren.

Eztabaida-testuinguru hartan, ikasle mugimenduaren lan politikoak ez zuen etenik izan. 2016ko otsailean Forum to Fight nazioarteko foroa egin zen Laudion, Europan izaten ari ziren erreformen aurkako borroka bateratu nahian, eta, martxoaren 17an, Euskal Herriko heziguneak paralizatu zituen ikasle greba jendetsu batek, “Apurtu eta eraiki!” lelopean. Hilabete hartan ere, poliziak San Mameseko Herri Unibertsitate lokala desalojatu zuen, eta ikasturte amaierara arte luzatu ziren indar polizialen aurkako eta askatasun politikoen aldeko zenbait mobilizazio antolatu ziren unibertsitateetan.

Unibertsitatean gertatzen ari zen askatasun politikoen aurkako oldarraldiaren eta maila orokorrago batean gertatzen ari ziren eztabaida estrategikoen artean iritsi ziren 2016ko azaroan errektoretzarako hauteskundeak EHUn. Ikasle mugimenduak abstentziorako deia zabaldu zuen agerraldi masibo baten bitartez, EHU instituzio gisa gaitzesteko helburuarekin. “Ikasle borrokaz gurea eraiki!” lelopean, ikasleek Leioan egingo zen manifestazio nazionalera deitu zuten azaroaren 24rako, hauteskundeen egunerako alegia. Honako hau aldarrikatu zuten: “Arazoa ez da errektore bat edo bestea, unibertsitate eredua zein dominazio sistema baizik”.

Ezker Abertzaleak ezin izan zuen hautagairik aurkeztu, baina unibertsitatea haren helburu estrategikoaren zutabeetako bat izanik, deserosoa egin zitzaion berez haren mugimenduaren parte zen ikasle antolakundeak halako aldarrikapenak bultzatzea. Zenbait bitartekoren bidez, mobilizazioa atzera botatzen saiatu zen, baina IAk eta proposamen erreformistarekin bat egiten ez zuten sektoreek aurrera jarraitu zuten, eta, azkenean, egun bat lehenago Ernaik ere mobilizatzeko deia egin zuen, gazte antolakundearen militantziaren oinarriak bultzatuta.

Azaroaren 24an mobilizazio jendetsu batek hartu zuen Leioako kanpusa, eta poliziaren kargekin eman zitzaion amaiera. Egun hura inflexio puntu bat izan zen IAren eta EAren arteko harremanean; izan ere, ordutik aurrera, ikasle antolakundea nabarmen aldendu zen Ezker Abertzaletik, aurretik zetorren proposamen estrategiko iraultzailearen ondorio bezala. Zentzu horretan, abenduan gazte mugimenduak Barañainen antolatutako Gazteraiki jardunaldietan, IAk Euskal Unibertsitate Komunista aurkeztu zuen proiektu estrategiko gisa.

2016ko azaroaren 24a inflexio puntu bat izan zen IAren eta EAren arteko harremanean; izan ere, ordutik aurrera, ikasle antolakundea nabarmen aldendu zen Ezker Abertzaletik, aurretik zetorren proposamen estrategiko iraultzailearen ondorio bezala

Azaroko gertakariek utzitako aurrekaria ikusita, Ezker Abertzalea IAn interbenitzen saiatzen hasi zen, ikasle antolakundea haren norabidera hurbildu zedin. Bide horretan, Ernaik “hezkuntza arduraduna” figura sortu, eta IAren idazkaritzan sartu zuen, koordinazioaren aitzakiapean baina informazioa eskuratzeko helburuarekin. Era berean, Ernairen izenean B markoak sortzen hasi ziren unibertsitatean, gazte antolakundeko militanteek osatutako marko paraleloak, hezkuntzan Ezker Abertzalearen beharrei erantzungo zion agente baten beharra asetu nahian, IAk egiten ez zuelakoan. Hezkuntza ertainean ere, egun batetik bestera eta ezer esan gabe, Ikasleok Zorrotz dinamika paraleloa aurkeztu zuten Bizkaiko talde lokal guztiek, gaur egun Ikama (Ikasleria Martxan) ikasle antolakundearen aurrekaria izango zena –EAren estrategia erreformistaren baitan jarduten den antolakundea–. Ikasle Abertzaleak antolakundeak bere autonomiari eutsi zion, eta Ezker Abertzalearen proiektua elikatzeari utzi zion guztiz. Europako hauteskundeen harira, adibidez, IAk EH Bilduren propaganda jartzeari uko egin zion. 2017. urtearekin batera iritsi zen Ernairen II. Kongresua, Zirtaka ponentzia ofizialarekin eta arestian azaldutako Kantauri ponentzia alternatiboarekin, baina gazte antolakundearen zuzendaritzak bigarren hori debekatu zuen. IArekiko izan beharreko jarrerari dagokionez, Kantaurik hezkuntza-mugimenduko erreferentzia estrategikoa aitortzen zion IAri, eta ikasle antolakundearekin elkarlanerako ildoak sortu behar zirela zioen; Zirtakak, kontrara, EAren estrategiari eta funtzioei erantzuteko oztopoak jartzen zituela esaten zuen eta, beraz, beharrezkoa zela “egokitzapenak” egitea.

Tentsio garai horrek markatuta iritsi zen otsailean lehen Herri Unibertsitate nazionala, San Mameseko kanpusekoa. Bertan, azken urteetan IAko eskola kolektiboetan, zenbait gazte asanbladatan edota Kantauri ponentziaren bitartez garatutako estrategia sozialista iraultzailearen oinarriak azaldu ziren. Hala ere, EHUren aginduz Ertzaintzak Herri Unibertsitatea desalojatu zuen, teilatura igo ziren 203 ikasle identifikatu zituen, eta ezin izan zen ekimena burutu. Azken hilabeteetako errepresioari erantzuteko helburuarekin, “Errepresioari Autodefentsa” manifestazio nazionala antolatu zuten Iruñean, eta hark ere erantzun errepresiboa izan zuen.

2018ko urtarrilean aipatutako Ikasleok Zorrotz dinamika abiatu zuen EAk hezkuntza ertainean, eta, otsailean, IAren kontrako gutuna idatzi zuten Ezker Abertzaleko zenbait kidek, “Gora ikasle-mugimendua” izenburupean. Horren aurrean, IAko hainbat militante ohik agerraldi bat egin zuten antolakundearen jardun, helburu eta printzipioen zilegitasuna berresteko. Testuinguru erasokor hartan, inflexio puntu nabarmena izan zen Bilboko IAren egoitzaren lapurreta: EAk, azpijokoen bitartez, historikoki ikasle antolakundearena izan zen egoitzaren estatutuak aldatu, eta sarraila berria jarri zion ateari. Gainera, IAk auzia salatzeko egindako “Egoitza ikasleona da” zioten pankartak erreta agertu ziren Euskal Herri osoan zehar. Erasoen gainetik, IAk egoitza berreskuratu zuen hurrengo urteko azaroan. Testuinguru hartan, 2018ko urrian Ernaik ofizialki IArekin harremanak hautsiko zituela adierazi zuen Ibaetan egindako agerraldi batean, eta, “adostasunak hautsita”, unibertsitatean antolatzen hasiko zela adierazi zuen.

Oztopoak oztopo eta eztabaidak eztabaida, Ikasle Abertzaleak antolakundeak VII. Kongresua aurkeztu zuen 2019ko apirilean. Azken kongresuarekin abiarazi zen prozesu ideologikotik aurrera, antolakundeko militantziak formakuntzarako, hausnarketarako eta eztabaidarako konpromiso eta borondatea izan zuen hamarkada luzean zehar. Bilgune prozesua, eskola kolektiboak, Herri Unibertsitateak nahiz herri mugimendua eztabaida estrategikorako espazioak izan ziren, eta horren guztiaren emaitza izan zen Errainu ponentzia. Ikasle antolakundearen VII. ponentzia horrek Euskal Estatu Sozialista ezarri zuen helburu estrategiko gisa; hala, Ezker Abertzalearen estrategia zein proiektuarekin ofizialki hautsi zuen, eta hasiera eman zion Mugimendu Sozialistaren bideari. Helburu estrategikoak ezarrita, bere jardunaren hiru ardatz nagusiak definitu zituen IAk: Hezkuntza-instituzio burgesen neutralizazioa, Prozesu sozialista elikatzea eta Ekin Euskal Eskola Nazionalari. Kongresu haren bitartez, 31 urteko ibilbidea zeukan antolakundeak ikasle esparrutik harago zihoan bide-orri estrategiko berri bati heldu zion, eta forma gaurkotu bat eman zion jaiotzatik berezkoa zuen izaera iraultzaileari, estrategia sozialista iraultzaileari hain zuzen.

VII. Kongresuaren bitartez, 31 urteko ibilbidea zeukan antolakundeak ikasle esparrutik harago zihoan bide-orri estrategiko berri bati heldu zion, eta forma gaurkotu bat eman zion jaiotzatik berezkoa zuen izaera iraultzaileari, estrategia sozialista iraultzaileari hain zuzen

BORROKAN HEZIAK

Errainu ponentziak zehaztutako bide-orri estrategiko berri horren eskutik jaio zen 2019ko otsailean Gazte Koordinadora Sozialista (GKS), eta, ekainean, komunitate politikoa indartzeko nahiz proiektu komunista elikatzeko asmoz, ehundaka gazte elkartu zituzten IAk eta GKSk Azpeitian, Euskal Herriko Gazte Sozialiston Topagunean. Gertakari horiek bidea ireki zioten Mugimendu Sozialista izango zenari.

Ikasle mugimenduari dagokionez, 2019an zehar IAk eta Ikasle Autodefentsa Sareek ehunka ikasle mobilizatu zituzten tokian toki, Baterajotze Nazionalen bitartez, Iruñerriko Eunate ikastetxean jarri nahi zituzten kameren aurka edo Tolosaldeko Orixen ebaluazio irizpideak aldatzearen alde, besteak beste. Bide beretik, Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) jaio zen martxoan, unibertsitatean langile klasearen interesak defendatzeko helburuarekin, eta, bide horretan, manifestazio nazionala antolatu zuten azaroaren 11n, “12.2 aldatu!” lelopean, Gasteizen. Hala ere, konfrontazio politikoak eta hezkuntza ertaineko zuzendaritzen jazarpen gogorrak (Iruñerrian adibidez, zuzendaritzak koordinatu egin ziren Ikasle Autodefentsa Sareen kontrako jazarpenerako) nolabaiteko beherakada ekarri zuten ikasle mugimenduan. Konfinamendua ere kolpe gogorra izan zen zentzu horretan, eta 2020ko martxoan deitutako ikasle greba bertan behera gelditu behar izan zen horregatik.

Kontrara, urte hartako irailean, ikasturtea hasi eta bi astera, IAk milaka ikasle mobilizatu zituen Euskal Herrian, “Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu!” aldarriarekin. Urrian, IKAS Ikasle Autodefentsa Sareen plataforma nazionala sortu zen, ikasle langileek ikastetxeetako eguneroko errealitate gordinari aurre egiteko tresna. Horren eskutik, Mugimendu Sozialistak ere hazkunde azkarra izan zuen hilabete gutxian: GKSk bere lehen mobilizazioak antolatu zituen; ITAIA emakume sozialisten antolakunde gisa jarduten hasi zen, eta, lehen aldiz mobilizatu zen azaroaren 25aren harira; eta lehen Kontseilu Sozialista lokala aurkeztu zen Iruñerrian.

Pandemia-garaiak indartutako krisi kapitalista testuinguruan onetsi ziren 2020-2021 ikasturtean LOSU (unibertsitatean), LOMLOE (bigarren hezkuntzan) eta Lanbide Heziketako plana. IAk aldarrikatu zuenez, hezkuntza-erreforma horiek, Espainiako gobernu aurrerakoiak onetsi eta aurrerapauso gisa aurkeztu zituen arren, hezkuntza-ziklo ekonomiko berrira egokitzeko erreformak ziren. Horren harira, milaka ikasle mobilizatu zituen 2022ko martxoaren 24an eta urriaren 27an, eta hezkuntza-erreformen aurrean hezkuntza-sistema sozialistaren beharra mahaigaineratu zuen.

Pandemia-garaiak indartutako krisi kapitalista testuinguruan onetsi ziren 2020-2021 ikasturtean LOSU (unibertsitatean), LOMLOE (bigarren hezkuntzan) eta Lanbide Heziketako plana. Horren harira, IAk milaka ikasle mobilizatu zituen 2022ko martxoaren 24an eta urriaren 27an, eta hezkuntza-erreformen aurrean hezkuntza-sistema sozialistaren beharra mahaigaineratu zuen

Pandemia osteko ikasturte haiek, aldiz, esan daiteke errepresioz jositako urteak izan zirela ikasle mugimenduarentzat. Alde batetik, urteotan agerian gelditu da EHUren izaera poliziala: 2021eko azaroan, UIBk salatu zuen osotara 20.000 €-ko isunak jaso zituela Ibaetako kanpusean gela bat okupatu eta poliziak aurrera eramandako desalojoaren ostean; 2022ko martxoaren 24ko grebaren harira, 34 ikasle atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteizko kanpusean, eta, ostean, EHUk espedienteak irekitzearekin mehatxatu zituen ikasle horiek; eta, 2024ko otsailean, errektoretzak polizia bidali zuen Gasteizko kanpusera Herri Unibertsitate nazionala desalojatzera. Hezkuntza ertainean ere, zuzendaritzek kriminalizazio eta infantilizazio kanpainak jarri dituzte martxan ikasleria antolatuaren aurka, eta hamaika izan dira ezarri dituzten parte zein kanporaketak edota poliziari egindako deiak, Iruñerrian edo Bilbon kasu. Ikasleek, aldiz, irmotasunez eta determinazioz erantzun diote errepresioari, eta borroka, mobilizazio nahiz ekimen ugari jarri dituzte martxan ikasleria langilearen askatasun politikoen defentsan.

Ordutik, IAk gizarte mailan garrantzi politiko handia hartu duten auzi sozial ugari ekarri ditu heziguneetara. Esate baterako, Palestinako erresistentziaren aldeko nahiz Israelgo estatu terroristaren aurkako borrokak lehen lerroa hartu dute azken bi ikasturteetan: elkarretaratze eta manifestazio ugari egin dira dozenaka ikastetxe eta kanpusetan; 2024ko maiatzean kanpaldiak egin ziren unibertsitateetan, eta itxialdiak Iruñerrian; eta gaia lantzeko asanblada, hitzaldi nahiz tailerrak antolatu dira hamaika hezigunetan. Zentzu berean, bereziki nabarmena izan zen 2025eko urriaren 2an antolatutako ikasle greba, non IAk 7.500 ikasletik gora mobilizatu zituen azken ikasturteetan Euskal Herrian egon diren ikasle mobilizazio jendetsuenetan. Bestalde, gizartean orokorrean gertatzen ari den gorakada erreakzionarioaren aurkako borrokan ere lehen lerroa hartu dute ikasleek azken ikasturteetan. 2024-2025 ikasturtea da horren adibide: ikasleek Leioako eta Gasteizko kanpusetan bi irakasle faxista kanporatu zituzten; Iruñerrian hiru irakasle erasotzaile kanporatu zituzten beren ikastetxeetatik; eta milaka ikasle mobilizatu zituen IAk faxismoaren aurka 2025eko urtarrilaren 25eko GKSren mobilizazio nazionaletan eta martxoaren 13ko ikasle greban.

Era berean, ezin dira aipatu gabe utzi ikasle mugimenduak ikasle langileen interesen defentsan aurrera eramandako eta aurrera daramatzan borroka eta ekimen guztiak: doako unibertsitatearen aldekoak, Lanbide Heziketako lege berriaren aurkakoak, Herri Unibertsitateak edota ikastetxeetan ikasleek beren eguneroko arazoei aurre egiteko sortu diren ikasle asanbladak. Azken finean, azken ikasturteetan ere, IA ehundaka ikasle politizatzeko eta belaunaldi berriak estrategia sozialistaren bidean antolatzeko espazioa izan da, eta, eguneroko jardunarekin, aurreko hamarkadako eztabaida guztien ondorio den proiektu komunistaren aldeko hautuaren gaurkotasuna frogatu du.

Azken finean, azken ikasturteetan ere, IA ehundaka ikasle politizatzeko eta belaunaldi berriak estrategia sozialistaren bidean antolatzeko espazioa izan da, eta, eguneroko jardunarekin, aurreko hamarkadako eztabaida guztien ondorio den proiektu komunistaren aldeko hautuaren gaurkotasuna frogatu du

IRAULTZA HAZIAK GARA: EUSKAL HERRIKO IKASLE ANTOLAKUNDE SOZIALISTA

Orain, aurreko belaunaldien lekukoa hartu eta haien ibilbideak utzitako irakaspenetatik, proposamen estrategiko eta organizatiboa gaurkotu eta garatu dugu. 2025eko azaroaren 29an, hilabeteetako eztabaida eta hausnarketen ostean, 500 militante eta 200 militante ohi batu ginen Iruñerrian, Ikasle Abertzaleak antolakunde historikoaren VIII. Kongresuari amaiera emateko. Hartan, Errainu ponentziarekin VII. Kongresuan hartutako estrategia sozialistaren bidea berretsi, eta, bide horretan, antolakundeari izena aldatzea erabaki dugu, erabateko adostasunez. 37 urteko ibilbideari Euskal Herriko Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS) izenarekin emango diogu jarraipena.

IASek ikasle langileon interesak defendatuko dituen antolakundea izan nahi du. Alde batetik, ikasle langileon mesedetako dinamikak eta borrokak jarri nahi ditu martxan: kapitalismoaren dinamikak erreproduzitzen dituen hezkuntza-ereduarekin apurtuz, eta harekiko modu independentean antolatuz, ikastetxez ikastetxe eta kanpusez kanpus ikas baldintzen hobekuntzaren alde nahiz eskubide politikoen defentsan borrokatzeko. Bestetik, ikasle langileak testuinguru politikotik urrundu nahi dituen hezkuntza-sistema honen aurrean, heziguneak borrokarako eta politizaziorako espazio bilakatu behar ditugu. Hamarkada luzez Euskal Herriko ikasle mugimenduak egin bezala, orain guri dagokigu auzi sozialak hezkuntzara ekarri eta haietan lehen lerroa hartzea. Zentzu horretan, azken urteetan Europako oligarkiak bultzatuta eta agintari politikoek baimenduta hedatzen ari den faxismo berriaren aurka, heziguneak lubaki antifaxista bilakatu behar ditugu. Gazteen artean balio antifaxistak hedatu eta gizartean ematen ari den gorakada erreakzionarioaren aurkako agente indartsu bilakatu behar gara. Era berean, Euskal Herriko langileriaren borroka historikoa berresten dugu, eta autodeterminazioaren eta Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzaren bidean borrokan jarraituko dugu.

Euskal Herriko ikasle mugimenduaren historia darama bizkarretan IAk, eta orain, izena aldatuta, aurreko belaunaldien borrokaren lekukoa hartzera dator Ikasle Antolakunde Sozialista. Gure sorreratik egin bezala, hezkuntzatik iraultzari ekarpena egiten jarraituko dugu. Hezkuntza Sistema Sozialista ardatz, ikasle langileon errealitateari erantzuteko gai izango den ikasle mugimendu iraultzaile eta indartsu bat eraikitzera bidean antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, umiltasunez, zintzotasunez eta determinazio osoz

Ibilbide luzea da ikasle antolakundearena, borrokak, eztabaidak eta antolakuntzak ezaugarritutako bidea, hain zuzen. Euskal Herriko ikasle mugimenduaren historia darama bizkarretan IAk, eta orain, izena aldatuta, aurreko belaunaldien borrokaren lekukoa hartzera dator Ikasle Antolakunde Sozialista. Gure sorreratik egin bezala, hezkuntzatik iraultzari ekarpena egiten jarraituko dugu. Hezkuntza Sistema Sozialista ardatz, ikasle langileon errealitateari erantzuteko gai izango den ikasle mugimendu iraultzaile eta indartsu bat eraikitzera bidean antolatzen eta borrokatzen jarraituko dugu, umiltasunez, zintzotasunez eta determinazio osoz.