Bilboko Txurdinaga Behekoa ikastetxea itxi nahi dute

Bilboko (Bizkaia) Txurdinaga Behekoa ikastetxea itxi nahi du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, batxilergoa eta hainbat modalitate kentzeko. Txurdinaga auzoko eraikina hustu eta obrak egin nahi dituzte bertan, hurrengo ikasturtetik aurrera, lanbide heziketara bideratuta egon dadin soilik. Bilboko Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) duela urtebete ere salatu zuen egoera, hasiera batean, ikastetxea iazko ekainaren 30erako hustea baitzen asmoa. Ikasleek, ordea, irmotasunez esan zioten ezetz itxierari, eta berdin egiten ari dira orain.

"3. eta 4. barrutietan, Bilboko biztanle gehien dituzten barrutietan, batxilergoa duen institutu publiko bakarra geratuko da, eta bertan ez gara guztiok sartzen", azaldu du ikasleriak: "Horrez gain, Txurdinaga Behekoa da arteen modalitatea gaztelaniaz eskaintzen duen Bizkaiko zentro publiko bakarra. Dekorazio Obren Proiektuak eta Zuzendaritza izeneko goi-mailako zikloak ere ez du 1. mailako eskaintzarekin jarraituko ikastetxean, eta ez dago jakiterik beste ikastetxeren batean egin ahal izango den". 

Txurdinaga Behekoaren itxieraren kontra, mobilizatzen ari dira bertako ikasleak: aurreko asteazken arratsaldean egin zuten mobilizazio jendetsu bat Hezkuntza Sailaren egoitzaraino, eta eserialdi bat egin zuten bertan. "Gure ikastetxea itxiko dute, inolako alternatiba eta soluziorik eskaini gabe", zioten. Hezkuntza Sailaren jarrera gaitzetsi zuten, "erabaki baztertzaile eta segregatzaile horren aurka borroka egin" behar dela aldarrikatuz; eta exijitu zuten ez dadila Txurdinaga Behekoa itxi.

Hezkuntzaren desegitea eta segregazioa

"Lotsagarria da. Gure etorkizunarekin jolasten dute eta, beste behin, agerian gelditu da hezkuntza-sistema kapitalistan ikasle langileon hitzak ez duela ezer balio", salatu du ikasleriak. Uste dute Txurdinagan gertatzen ari dena "hezkuntzaren desegitearen enegarren adibidea" dela, krisi-garaietan, "kapitalisten irabaziak mantentzeko, gure bizi- eta ikas-baldintzak okertzen" direlako: "Zerbitzu publikoak kaskartzen eta murrizten ari dira, eta beste behin, ikasle-kapa txiroenak dira kaltetuenak". Ohartarazi dute, gainera, "auzoak eta institutuak jasaten duten segregazioa sakontzen" duela neurriak.